Toponimia

Toponimia (grezieratik topos, «leku» + nomos «izen») leku-izenak (toponimoak) aztertzen dituen onomastikaren atala da. Toponomastika izena ere erabiltzen da, auzoko hizkuntza batzuetan erruz, euskaraz, aldiz. oso gutxi.
Toponimiak, leku-izenen jatorriak, toponimoen jatorriak, esanahiak, erabilerak eta motak aztertzen ditu. Geografia lekuak —hala nola orube, soro, herri, auzo, ibai edo mendiak— adierazteko, izendatzeko edo ezagutzeko erabiltzen den hitza edo hitzak dira toponimoak.
Toponimiaren ikergaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi dira toponimiaren sail nagusiak: biztanleak dituzten lekuen izenaz (herri, hiri, auzo eta abarren izenak) arduratzen dena bata, eta izadiko elementuen izenak (ibai, mendi, haitzulo, ibar eta abarren izenak) biltzen eta aztertzen dituena bestea.
Toponimiak hitzen jatorria eta garapena aztertzen duen jakintzarekin (etimologia) harremanak ditu, eta leku izenaren historiaz eta geografiaz ere arduratzen da. Izan ere, azken alor hori alde batera utzi da askotan, eta garrantzi handiagoa eman zaie etimologia azterketei. Bestalde, leku izenak hizkuntza batean baino gehiagotan izan duen erabilera aztertu ohi du toponimiak, eta horretarako hizkuntza batetik bestera egin diren fonetika aldaketak eta idatzizko aztarnak ikertu ditu. Hizkuntza bateko hiztunak leku izena entzun bezala bereganatu eta egokitu ohi du bere hizkuntzaren fonetikara, eta bide horretatik ere aldaketak sortu dira hitzetan. Itzulpena ere erabili izan da leku izenak hizkuntza batetik bestera aldatzeko (adibidez, Ategorrieta, Donostiako auzo baten egungo euskal izena, antzinako Puertos Colorados erdal izenaren itzulpena da).
Toponimiak informazio garrantzitsua eskaintzen du lekuen historiaz, biztanleen antzinako hizkuntzaz, biztanleen banaketaz, lekuaren erlijioaz, folkloreaz, jendearen bizimoduaz, eta abar.
Ikerlariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal herriko toponimia ikertu duten ikerlari esanguratsuenak dira, Koldo Mitxelena, Joan Coromines (katalana, Pirinioetako toponimia ikertu zuena), Julio Caro Baroja, Alfonso Irigoien (En torno a la toponimia vasca y circumpirenaica)[1], Elena Martínez de Madina Salazar (Arabarako toponimia) Patxi Salaberri Zaratiegi (Nafarroako toponimia), José María Jimeno Jurío (Nafarroako toponimia ere bai), Mikel Belasko Ortega eta Luis Mari Zaldua (Antzinako euskararekin lotutako leku izenak ikertu dituena)
Zenbait toponimo mota
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Endonimoa tokiko bertako hizkuntzan ematen den toponimoa da. Beste hizkuntza batean egiten den moldaketa edo itzulpena exonimoa da. Adibidez, Roma latinez eta italieraz endonimoa da, eta Erroma, euskarazko exonimoa.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) (Frantsesez) EODA, Euskal Onomastikaren Datutegia (Euskaltzaindia)
- (Gaztelaniaz) (Frantsesez) Exonimiaren Datutegia (Euskaltzaindia)
- EAEko toponimia ofiziala euskadi.net webgunean
- Nafarroakoko toponimia ofiziala.
- Toponimia - b5m - Gipuzkoako Foru Aldundia
- Goikoetxea Araluze, Néstor (1984) «Toponimia euskara (1),» Kobie. Etnografía, 0214-7920, 1. zk. 79-142 or.
- Erdozia Mauleon, Jose Luis (2017) «Euskal toponimo zenbaiten ingurumarian», Euskera, ISSN 0210-1564, 62, 2. 249-288. Bilbo.
- Ricardo Cierbide Martinena (1980) «Toponimia navarrahistoria y lengua», Fontes Linguae Vasconum: Studia et documenta, 0046-435X, 12. urtea, 34, 87-106 or.
- Fernando F. Garayoa (2012-09-07) «'Toponimia navarra', nuevo volumen de las 'Obras Completas' de Jimeno Jurío», Noticias de Navarra
| Artikulu hau geografiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Martinena, Ricardo. (1997-12-31). «Alfonso Irigoyen y la toponimia vasca y circumpirenaica» Fontes Linguae Vasconum: 507–512. doi:. (kontsulta data: 2026-10-25).