👨👨👦👦 Biztanleak 2.172.944 |
🔎 Azalera 7.447 km² |
🏙️ Hiriburua Santa Cruz Tenerifekoa |
📷 Argazkiak ikusi |
🗺️ |
Kanariak edo Kanaria uharteak Ozeano Atlantikoko uhartedi (uharte-multzo) bat da, Afrikako ipar-mendebaldean kokatuta dagoena, Maroko hegoaldeko kostaldetik gertu, hain zuzen ere. Kanariak Espainiaren parte dira eta beraz, Espainiako hamazazpi autonomia erkidegoetako bat eta Europar Batasuneko eskualde ultraperiferikoetako bat osatzen dute, hau da, kontinenteko lurraldeetatik urrundua.
Uhartedia zortzi uharte nagusik eta biztanlerik gabeko beste uhartetxo batzuek osatzen dute. Uharte nagusiak honako hauek dira:
- Santa Cruz Tenerifekoa probintzia osatzen dutenak: Hierro, Gomera, La Palma eta Tenerife.
- Las palmasko probintzia osatzen dutenak: Fuerteventura, Kanaria Handia, Lanzarote eta Graciosa.
Autonomia erkidegoak bi hiriburu ditu; Las Palmas Kanaria Handikoa eta Santa Cruz Tenerifekoa. Hiririk handiena, ordea, Las Palmas da.
Kanaria uharteak jatorri bolkanikokoak dira. Norbaitek uharte horietan pentsatu eta burura etortzen zaion lehen irudia Teide da, Tenerifen dagoen 3.700 metroko sumendia, partzialki itzalita dagoena.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanarietan klima subtropikala dago, baina aldatu egiten da altitudearen eta iparraldeko edo hegoaldeko isurialdearen arabera. Klimaren aldakortasun horren ondorioz, dibertsitate biologiko handia dago. Klima epelengatik eta paisaia ederrengandik Kanaria Uharteak oso gune turistiko eta ospetsu bat bihurtu dira.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekonomia hirugarren sektorean (% 74) oinarriturik dago, batez ere turismoan, eta horrek eraikuntza garatzen lagundu du. Azaleraren % 10 baino ez da erabiltzen nekazaritzarako. Lehorreko nekazaritza da nagusi (garagarra, garia, mahatsondoa eta patatak), eta ureztatzea (bananak eta tomateak), berriz, gutxi erabiltzen da. Nekazaritza mota horiek Espainiako gainerako lurraldeekin eta Europar Batasunarekin merkataritzan aritzeko zuzenduta daude.
Eskala txikiko industrien barruan petrolioa fintzen dutenak eta elikagaiak prozesatzen dutenak dira gehienak.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inauteriak dira uhartediko festarik ospetsuenak eta nazioartean ezagunenak. Uharte eta udalerri guztietan ospatzen dituzte, baina jendetsuenak beharbada hiriburu bietakoak dira, hau da, Las Palmasekoak eta Santa Cruzekoak. Baina uhartediko gainerako uharteek ere ospatzen dituzte inauteri tradizionalak.
Historia pixka bat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako erromatar kontakizunetan Fortunatae Insulae (Zorioneko Uharteak edo Zoriontsuen Uharteak) deitzen zieten Kanariei. Erromatarrek errege afrikar baten bidez izan omen zuten uhartedi honen berri, baina europarrek, gutxi gorabehera, XIII. mendean ikusi zituzten lehenengo aldiz. Horiek iristean, uharteetan guantxeak bizi ziren. 1402an, Jean de Béthencourt esploratzaile frantsesak, errege espainiar baten laguntzaz, zenbait uharte konkistatu zituen. Mendearen bukaeran, espainiarrek kontrolatzen zuten uhartedi guztia.
2020ko datuen arabera, Kanariek 2.175.952 biztanle dituzte.
Argazki batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Las Palmas Kanaria Handikoa
-
Santa Cruz Tenerifekoa
-
Arrecife, Lanzarote