Wikipedia, Entziklopedia askea

Erromatar Errepublika

Erromako senatua

Erromatar errepublika antzinako Erromaren historiako bigarren garaia da; K.a. 509. urtean hasi zen, Tarkino izeneko azken erregea tronutik bota zutenean, eta K.a. 36. urtera arte iraun zuen, Oktavio zesarra enperadore bihurtu zen arte, Augusto izenarekin.

Garai honetako ia bost mendeetan, Erroma hiria antzinako munduko lehen potentzia bihurtu zen, kolonia ugarirekin Europan, Asian eta Afrikan. Horretarako, erakunde politiko oso garatuak zituen, bai eta armada oso boteretsua, disziplinatua eta oso ondo antolatua ere.

Errepublikako erakundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Errepublikako erakunderik garrantzitsuenak honako hauek ziren:

  • Senatua: erromatarrik aberatsenak eta boteretsuenak (patrizioak edo aristokratak) biltzen ziren bertan, gai garrantzitsuak eztabaidatzeko. Adibidez, gerra aldarrikatzen zuen, aurrekontuak kontrolatzen zituen, kanpo-politika erabakitzen zuen eta beste herrialde edo erreinuetako ordezkariei egiten zien harrera.
  • Herri-batzarrak: bertan, magistratuak hautatu eta Senatuak proposatutako legeak bozkatzen ziren. Gizon libreek parte har zezaketen herri-batzarretan, pobreak izan nahiz aberatsak izan, 16 eta 60 urte bitartekoak izanez gero.
  • Magistratuak: gaur egungo ministroen antzekoak, urtebetez karguan egoten zirenak. Zeregin politikoak, judizialak eta fiskalak izaten zituzten; magistratu garrantzitsuenak hauek ziren:
    • Kontsulek: Senatua eta armada zuzentzen zituzten eta herri-batzarretarako deialdiak egiten zituzten, bai eta bilerak zuzendu ere.
    • Pretoreak: justizia-auzitegien buru ziren eta probintziak eta hiriak gobernatzen zituzten.
    • Edileak: hiriko administrazioaz (janari-horniketa, merkatuak, kaleen garbiketa...) arduratzen ziren.
    • Kuestoreak: zergak bildu eta altxor publikoaz arduratzen ziren.
    • Zentsoreak: herritarren erroldak eta senatarien zerrendak osatzen zituzten eta ohiturak zaintzen zituzten.
    • Plebearen tribunoak: plebekoen eskubideak zaintzen zituzten.

Gizarte-taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizarte erromatarreko mailarik baxuenean esklaboak zeuden (inolako eskubiderik gabe); gero herritar askeak zeuden. Herritarrak bi taldetan banatzen ziren: batetik, plebeioak edo jende arrunta, gehienak, eta, bestetik, patrizioak edo aristokratak. Patrizioak aberatsak eta latifundio edo lur-jabetza handiak izaten zituzten, eta gainera Errepublikako botere politikoa kontrolatzen zuten. Patrizioak arbaso komun bat zuten familia handietan banatzen ziren; Erromako lehen biztanleen ondorengotzat hartzen ziren. Patrizioak izan ziren kargu politikoak betetzen zituzten bakarrak. Plebeioak, berriz, nekazariak, artisauak, merkatariak edo patrizioen zerbitzariak ziren. Denboraren poderioz, zaldunak deitu zitzaien plebeio boteretsu edo aberatsenei.

Erroman, patrizioak eta plebeioak bizi ziren arren, oso etxe desberdinetan bizi ziren:

  • Domus izeneko etxeak: patrizio aberatsen familia bakarreko etxebizitzak, non euren esklaboekin bizi ziren. Gela asko zituzten atrium edo atrio izeneko erdiko patio baten inguruan. Domus batzuk zabaldu eta jauregi bihurtu ziren.
  • Insulae izeneko etxeak: altuera ezberdineko solairu-blokeak, plebeioak bizitzeko.

Landetan, patrizioek villa izeneko etxaldeak eraikitzen zituzten, eta euren latifundioak kontrolatzen zituzten bertatik.

Errepublikaren hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublikak izan zuen hedapen handienaren mapa

Erromarar errepublikak armada oso boteretsua zeukan, oso ondo antolatua. Armada horrekin, erromatarrek Italiar penintsulako herri guztiak menderatu zituzten K.a. IV eta III. mendeen artean. Gero, K.a. 264tik aurrera, Mediterraneoaz nagusituta zegoen kartagotarren inperioarekin borrokatzen hasi ziren. Hiru gerra punikoen ondoren (K.a. 264 eta 146 urteen bitartean), Erromak kartagotarren inperioa suntsitu eta mendebaldeko Mediterraneo osoaz jabetu zen. Garai hartan jabetu zen Erroma Iberiar penintsulaz ere.

Handik aurrera, Erromak ekialderantz jarraitu zuen bere boterea hedatzen. Europan, Mazedonia, Epiro eta Grezia menderatu zituzten; Asian, Pergamo, Siria eta Palestina; eta Afrikako ipar-ekialdean, Egipto ere konkistatu zuten. Ondorioz, Mediterraneo itsasoaren inguruko lurralde guztiak erromatarren esku zeuden.

Hedapenaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konkista haien guztien ondorioz, Erroma antzinako munduko lehen potentzia bihurtu zen, aberastasun handiko lurralde zabalen jabe. Konkistatutako lurraldeak probintzia erromatar bihurtu ziren; horietako bakoitza gobernatzeko, prokontsul bana jarri zuten, hainbat funtzionariorekin. Askotan, ordea, prokontsulek ihes egiten zioten Erromaren kontrolari eta botere-borrokak hasten ziren; horren eraginez, hainbat gerra zibil gertatu ziren.

Erromako eta bere probintzietako bizitza erabat aldatu zen; erromatarrak jabetu egin ziren menderatu zituzten herrien aberastasunez, baina baita haien kulturaz ere, batez ere Greziako kulturaz.

Ondorio sozialen artean, desberdintasun handiak zituen gizarte bat sortu zen; patrizioak asko aberastu ziren Erromaren hedapenarekin, herrialde horietako lurrez jabetu zirelako eta hango biztanleek esklabotzan lan egiten zutelako haientzat. Herri xehearentzat, aldiz, horrek denak pobrezia ekarri zuen: patrizioen lurretako produkzioa asko ugaldu zen (inportatutako garia, batez ere) eta prezioak asko jaitsi ere, esklaboei esker; horrek nekazaritzan ziharduten erromatarren pobretzea eragin zuen. Horren eraginez, hainbat errebolta eta matxinada egon ziren K.a. II. mendetik aurrera.

Grako anaiak saiatu ziren nekazaritza-erreformarako lege bat egiten, lurren jabetzan patrizioek zuten nagusitasuna mugatzeko eta herritar pobreei lurrak ziurtatzeko; baina patrizioek aurka egin zieten eta izandako borroketan bi anaiak hil zituzten.

Hurrengo mendean, K.a. I. mendean, krisi sozial, politiko eta ekonomiko ugari egon ziren Errepublikan. Grako anaien porrotaren ondoren, armadako buruzagi konkistatzaileek botereaz jabetu nahi izan zuten, eta 80 urtez hainbat gerra zibil egon ziren Italia osoan eta haren mendeko lurretan. Gatazka horietan, Mario eta Silaren arteko liskarrak izan ziren garrantzitsuenak. Silak irabazi zuen eta diktadore bihurtu zen, botere guztiak beretzat hartuz.

Errepublikaren bukaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julio Zesarren heriotza

Sila hil ondoren, Ponpeiok, Julio Zesarrek eta Krasok lehen Triunbiratua (hiru lagunez osatutako gobernua) delakoa eratu zen, gerra zibilak eragozteko asmoz. Baina gerra horiek amaitu ordez, areagotu egin zituzten.

Bitartean, Erromak hainbat lurralde konkistatzen jarraitu zuen. Julio Zesarrek, adibidez, Galia osoa (gaur egungo Frantzia, gutxi gorabehera) konkistatu zuen, bai eta gaur egun Belgika, Suitza eta Holanda eta alemaniako zati batzuk ere. Julio Zesarrek gero eta botere handiagoa lortu zuen, eta diktadore bihurtu zen, baina K.a. 44. urtean beste senatari batzuek hil egin zuten.

Julio Zesarren heriotzaren ondoren, hiru urteko borrokak egon ziren Zesarren alde zeudenen eta Errepublika defenditu nahi zutenen artean; Zesarren aldekoak Oktavio, Marko Antonio eta Lepido ziren; eta Errepublikaren defendatzaileak, berriz, Bruto eta Kasio. Gerra horietan, Julio Zesarren jarraitzaileek irabazi eta Bigarren Triunbiratua eratu zuten, boterea hiruren artean banatuz.

Lepidori Afrikaren gobernua egokitu zitzaion, baina bizitza pribatura erretiratu zen. Marko Antoniori Ekialdeko eta Egiptoko gobernaria izatea egokitu zitzaion; bertan ezagutu zuen Kleopatra, Egiptoko erregina, eta berarekin ezkondu zen. Oktaviok, Julio Zesarren iloba eta oinordekoak, Mendebaldearen agintea hartu zuen, Espainia eta Afrika iparraldea barne.

Erroma baketu ondoren, Oktaviok Erroman diktadura ezarri nahi izan zuen; Marko Antonio traidore bezala salatu zuen, Egiptoko errege bihurtu eta Erromatar Estatuaz jabetu nahi omen zuelako, eta Kleopatraren eta Marko Antonioren armadei eraso zien. Kleopatra eta Marko Antonio hil eta Oktavio nagusitu zen K.a. 31. urtean. Handik aurrera, Oktaviok Estatuko botere guztiak bereganatu zituen Imperator izenarekin. Honela, Erromatar Errepublika amaitu eta Inperioa ezarri zen.