Wikipedia, Entziklopedia askea

Escherichia coli

Escherichia coli edo E. coli ugaztunen barnean bizi den bakterioa da; hain zuzen ere, gure hesteetan bizi ohi da. Bakterioa denez, izaki bizidun zelulabakar prokarioto, eta oso, oso txikia da, begi bistan ikusteko ezinezkoa, edo beste era batean esanda, mikroskopikoa. Bazilo itxura du; hau da, barra forma dauka.

Escherichia coli ezinbestekoa da guretzat K bitamina eta B bitamina ekoizten dituelako. Gainera, biologia molekularraren, genetikaren, biokimikaren eta bioteknologiaren arloetan asko erabiltzen da.

T. von Escherich bakteriologo alemaniarrak 1885ean aurkitu zuen bakterio hau. Hark Bacterium Coli izena eman zion, baina, urte batzuk eta gero, bere ohorez Escherichia coli izena jarri zioten bakterioari.

Gizaki eta E. coli bakterioaren arteko harremana ona al da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizu   
E. Coli-k produzitzen duen K bitamina ezin dugu beste modu batetik lortu.

E. coli, gure gorputzean dugun beste hainbat bakterio bezala, onuragarria da guretzat. Hau da, sinbiosi harremana egiten du gurekin: guk "etxe bat" eskaintzen diogu; eta hark, K eta B bitaminak ematen dizkigu, behar-beharrezkoak direnak guretzat. Gainera, beharrezkoa da digestio egokia izateko. Gizakiak ehun mila milioi eta bilioi bat arteko E. coli kanporatzen ditu egunero gorotzen bidez. Hesteetatik kanpo denbora tarte mugatu batean bizirik irauteko gai denez, bakterio hau gorotzez kutsaturiko uretan zein hondakin-uretan egon daiteke.

E. coli bakterioaren ugalketaren animazioa

Nola elikatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterioa materia organikoz elikatzen da:

  • Azukrea
  • Almidoia (irina, patatak, arroza...)
  • Zelulosa (barazki batzuetan)
  • Proteinak
  • Koipeak (olioa, gurina...)
  • Hidrokarburoak
  • Eta beste batzuk ere bai

Elikagaiak lortzeko entzima batzuk ekoizten ditu, entzima hauekin makromolekulak (molekula handiak) suntsitzen ditu eta molekula sinple bihurtzen ditu. Ondoren, lortutako molekula sinple horiej¡k metabolizatzen ditu, hau da, materia eta energia lortzen ditu.

Nola egokitu da bere ingurumenera?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakteria honek ingurumeneko kanpo-estimuluei erantzuten die. Haiek bizitzeko baldintzarik onenak 37o Cko tenperatura eta pH neutroa (7 ingurukoa) dira, hau da gure gorputzeko baldintzak. Alabaina, bere ingurua etengabe aldatzen ari da eta estrategia anitzak erabiltzen ditu habitat ezberdinetan egokitzeko. E. coli-k tenperatura eta pH aldaketak atzeman ditzake, baita molekula batzuen presentzia. Horretaz gain, bere habitatean bizi diren beste hainbeste bakterioekin lehiatu behar du. E. coli ingurunetik mugitzeko egitura berezia du, flageloa, hain zuzen ere, hauek bakterioari itsatsita dauden luzakin mugikorrak dira. Bere ingurumenean aldaketa kimikoak gertatzen direnean, molekula hauengandik aldendu edo hurbildu daiteke flageloei esker. Prozesu hau kimiotaxi izenez ezagutzen da.

Nola ugaltzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

E. coli, beste edozein bakterio bezala, ugalketa asexualaren bidez ugaltzen da. Hau da, bakterio batek bere informazio genetikoa bikoizten du eta zelula bitan zatitzen du. Modu honetan, informazio genetiko berdina daukaten berdin-berdinak diren beste bi bakterio sortzen ditu.

25 ºC-ko gela batean, bakterioak 20 minututik behin zatitzen dira, gutxi gorabehera.

Gaixotasunak sor ditzake?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean ez du kalte egiten baina E. coli bakteria batzuk gaixotasunak sor ditzakete: gastroenteritis-a eta beherakoa eragin dezake bainugelara joan eta gero eskuak garbitzea ahaztu egiten badugu.

E. coliz kutsatutako uretatik edo janaritik gaixotu gaitezke: landare edo haragi gordinetik, besteak beste. Helduak astebetean sendatzen dira orokorki, baina ume txikiak gaixorik jartzen badira, oso arriskutsua izan daiteke.