Valeri Kharlamov

Wikipedia, Entziklopedia askea
Valeri Kharlamov

Bizitza
JaiotzaMosku1948ko urtarrilaren 14a
Herrialdea Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
BizilekuaMosku
Bilbo
HeriotzaSolnechnogorsky District (en) Itzuli1981eko abuztuaren 27a (33 urte)
Hobiratze lekuaKuntsevoko hilerria
Heriotza moduaistripuzko heriotza: trafiko-istripua
Familia
Seme-alabak
Hezkuntza
HeziketaRussian State University of Physical Education, Sport, Youth and Tourism (en) Itzuli
Hizkuntzakerrusiera
Jarduerak
Jarduerakizotz-hockeyko jokalaria
Posizio edo espezialitateawinger (en) Itzuli
Pisua74 kilogramo
Altuera176 zentimetro
Lantokia(k)Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista

Find a Grave: 9476045 Edit the value on Wikidata

Valeri Borisovitx Kharlamov Oribe (errusieraz: Валерий Борисович Харламов; Mosku, 1948ko urtarrilaren 14a - Solnetxnogorsketik hurbil, 1981eko abuztuaren 27a) euskal jatorriko izotz hockey jokalari sobietarra zen. Mundu osoko izotz hockeyaren historiako jokalari onenetakotzat hartua zen. Bere seme bakarra Aleksandr ere hockey jokalaria izan zen.[1]

Valeriren ama, Carmen Oribe Abad "Begoñita" Espainiako Gerra Zibiletik ihes egin eta Sobietar Batasunean errefuxiatu zen euskal herritarretako bat zen, 1937an Francoren tropetatik ihesi Santurtziko portutik bidalitako “gerrako haurra” izan zen.[2][3] Bere aita, Boris Kharlamov, ordea, errusiarra zen.

1981eko abuztuan izandako auto istripuaren ondorioz, bere emaztea Irina eta biak hil ziren.

Bizialdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enrique Zafra historialariak argitaratutako zerrenden arabera, 1937ko ekainaren 13an Habana itsasontzian Euskal Herritik atera ziren haur errefuxiatuen artean Bilboko Oribe Abad anai-arrebak zeuden. Carmen, Diego eta Francisco, beste milaka bezala, Errepublikaren porrotak ekarriko zien etorkizun ilunetik aldentzeko gurasoen altzotik urrun bidali zituzten. Aita frontean hildako errepublikarra zen eta ama, militante komunista ezaguna, espetxean denbora emango zuena. Pauillacen (Okzitania) eskala egin ondoren Leningradon lehorreratu ziren ume gehienak eta hortik, hainbat hiritan banatu. Oribe Abad anai arrebak Moskura joan ziren.[1]

Hamar urte pasata, Carmen Oribe, Begoñita ezizenez ezagutzen zutena, Sobietar Batasuneko gazte langilea zen eta igandero dantzalekura joaten zen Aeroflot hegazkin enpresako lankideekin. Bertan ezagutu zuen Boris Kharlamov, Kommunar lantegiko mekanikaria; uste baino lehen ezkonduta zeuden eta Begoñita haurdun. 1948ko urtarrilaren 14an izugarrizko elurtearen erdian, taxiak ezin aurrera eginik ibilgailuan bertan jaio zen haurra.[1]

Ama eta jaioberria ospitalean zirela, oinez etxera zihoan Boris atxilotu zuten, lapurra zelakoan. Komisaldegian, egoera argituta, poliziekin edaten eta erretzen, haurraren izena erabaki zuen gizon hark: Valeri izango zen, Valeri Chkalov hegazkin pilotu sobietar ezagunaren omenez.[1]

Bigarren Mundu Gerraren ostea, estalinismoa une gorenean, gogorra izan zen. Begoñita, Boris eta Valeri panelezko hormek zatitutako gela baten laurdenean bizi ziren. Valeri ume ahula eta gaixobera zen. Errazionamendu bidez banatzen zituzten elikagaiak eskasak ziren eta hotzak ez zuen osasun egoera hobetzen laguntzen. Laster arreba heldu zitzaion, Tatiana.[1]



Stalinen heriotzak Gerra Hotza epeldu zuen eta “gerrako haurrei” Burdinazko Hesia zeharkatzeko aukera eman zitzaien. 1956an Bilbora itzuli ziren eta Valeri eskola frankistan hasi zen. Ikaskideek Rusito deitzen zioten; hain beldurgarria omen zen komunismoaren ordezkaria zen, eta gainera, hizkuntzarekin arazoak zituen. Geroko elkarrizketetan, ordea, gehien markatu zuena otoitz egiteko beharra izan zela zihoen Valerik. Sobietar Batasunetik heldu berrientzat, giro frankista ez zen erosoa eta zortzi hilabete pasata, behin betiko Moskura itzultzea erabaki zuten. Begoñitak bigarrenez utzi zuen bere sorterria.[1]

Valeri hockey patinak janzten hasi zen orduan, hasieran aitarenak bere zapaten gainetik jarrita, geroago bereak. Beheko kategorietan ibiltzen zenean, 13 urterekin, bihotzeko gaitza antzeman eta kirola uzteko agindu zioten medikuek. Aitak entrenamenduetara eramaten segitu zuen ordea, ezkutuan, Begoñitak jakin gabe. Bikotekideen arteko desadostasun hori ez zen arazo bakarra: Valeriren biografoek aitaren alkoholismoa aipatzen dute behin baino gehiagotan. Ama euskalduna harro zegoen semeak lortutakoarekin, ez ordea senarraren jokabidearekin.[1]

Gazteen mailan hasita, 1967ko urrian CSKArekin, Ejertzito Gorriaren taldearekin egin zuen debuta Kharlamovek. Gazteegia zela iritzi zuten eta hura utzita joan zen Zvezda taldera, Uraletara. Bertan jokalari bikaina zela frogatu zuen eta hurrengo denboraldian bere bizitza osoko taldea izango zenera itzuli zen. Laster Sobietar Batasuneko selekziorako hautatu zuten eta hortik aurrerakoa hockeyaren historia bizia da, 17 dortsalarekin asko izan baitziren lortutako balentriak.[1]

Neguko Olinpiar Jokoetan bi urrezko domina (Sapporo’72 eta Innsbruck’76) eta zilarrezko bat (Lake Placid’80). Munduko txapelketetan zortzi urrezko, bi zilarrezko eta brontzezko bat. Hamaika aldiz Sobietar Ligako txapeldun eta 1979ko Challenge Cupeko irabazlea. Lehenengoa izan zen, AEBetako NHL ligan jokatu gabe, “Hall of Fame” jokalari ezagunen museoan sartzen eta Kanadako profesionalen kontrako partiduan nahita lesionatu zuten irabazi ahal izateko. Estatubatuarrek 1.200.000 dolar eskaini zioten, baina Gerra Hotzaren garaian etsaiaren aldera pasatzea pentsaezina zen.[1]

1975ean Valerik dei bat jaso zuen etxean, Irina lagun zaharrarena zen. Haurra izan zuela eta aita bera zela jakinarazi zion. Alexander jaioberriaren aitatasuna onartu eta ezkontzea erabaki zuten. Laster alaba izan zuten, Begoñita, amama bezala. 1976an kotxe istripu larria izan zuen baina 1980ko Neguko Olinpiar Jokoetarako berriro hockeyra itzultzea lortu zuen. Hor, zilarra baino ez zuten lortu eta errudunak bilatu behar zirenez, Kharlamov izan zen seinalatua; ez zuten gehiago selekziorako hautatu.[1]

1981eko Munduko Txapelketa Kanadan jokatu behar zen eta Kharlamov ez zegoen deituta. Oporretan zela, egun-pasatik Moskura bikotekidearekin bueltan kotxez zihoala, istripua izan zuten eta biak hil ziren. Auto batean jaiotako jokalaria, autoan bizia galduta bihurtu zen kondaira.[1]

Hil osteko omenaldiak ikaragarriak izan ziren. CSKAk eta sobietar selekzioak 17 dortsala erretiratu zuten, urtero NHLko errusiar jokalari hoberenari ematen zaion saria Kharlamov Trophy da eta Errusiako gazteen mailako txapelketak ere bere izena darama. 2014an Valeriren bizitzaren inguruko pelikula egin zuten, 17 zenbakidun kondaira. Duela gutxi, bere aldeko monumentua aurkeztu dute Moskuko estadio olinpikoan, eta garrantzitsuena, milioika errusiar zaletuen oroimenean geratu da.[1]

Semearen heriotza kolpe latza izan zen Begoñitarentzat. Biloben zaintzaz arduratzen saiatu zen baina hauek aitaren aldeko amonarekin bidali zituzten. Egoerak erabat tristatu zuen eta hilabete batzuen buruan hil zen txapeldunaren ama bilbotarra. Begoñitaren biloba, Alexander maila ertaineko hockey jokalaria izan zen. Haren semeak Valeri du izena, aitonak bezala. Valeri Kharlamov berriari hockeya ez zaio gustatzen ordea, nahiago du futbola.[1]

Jokatzeko modua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikia altueran (1,68 m eta 70 kilogramo neurriak hartui zizkioten Summit Seriean) Kharlamov erasoan oso jokalari trebea izan zen.[4] Sobietar hockeyko jokalari nagusietako bat izan zen, eta berdin aritu zen nazioarteko txapelketetan. Kharlamovi izugarri gustatzen zitzaizkion hockeiy kirolak eskaintzen dituen sormen-aukerak: "Gol ikusgarriak markatzea gustatzen zait".[5] Batzuek Kharlamov-en jokoa Wayne Gretzkyrenarekin konparatu zuten, joko orokorrean dena konbinatzerakoan banakako trebetasunetan baino askoz handiagoa zelako, hala nola patinajea edo tiroa.[6] Oso ezaguna izan zen bere jarraitzaile eta taldekideekin.[6]

Palmaresa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Valeri Kharlamov-en omenezko monumentua Moskun.
    11 aldiz SESBeko Txapelketaren irabazlea.
  • 8 aldiz Munduko Izotz Hockey Txapelketaren irabazlea.
  • 2 urrezko domina Neguko Olinpiar Jokoetan.

Nazioarteko selekzio txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neguko Olinpiar Jokoak
Urrea Sapporo 1972 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Urrea Innsbruck 1976 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Zilarra Lake Placid 1980 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
NHL Challenge Cup
Urrea 1979ko Challenge Cup Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Munduko Izotz Hockey Txapelketa
Urrea Suedia 1969 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Urrea Suedia 1970 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Urrea Suitza 1971 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Zilarra Txekoslovakia 1972 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Urrea Sobietar Batasuna 1973 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Urrea Finlandia 1974 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Urrea Mendebaldeko Alemania 1975 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Zilarra Polonia 1976 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Brontzea Austria 1977 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Urrea Txekoslovakia 1978 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna
Urrea Sobietar Batasuna 1979 Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna

Estatistikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denboraldi erregularra
Denboraldia Taldea Liga Jokatutako Partiduak G A Punt. Pen.
1967–68 CSKA Mosku Sobietarra 15 2 3 5 6
1968–69 CSKA Mosku Sobietarra 42 37 12 49 24
1969–70 CSKA Mosku Sobietarra 33 33 10 43 16
1970–71 CSKA Mosku Sobietarra 34 40 12 52 18
1971–72 CSKA Mosku Sobietarra 31 24 16 40 22
1972–73 CSKA Mosku Sobietarra 27 19 13 32 22
1973–74 CSKA Mosku Sobietarra 26 20 10 30 28
1974–75 CSKA Mosku Sobietarra 31 15 24 39 35
1975–76 CSKA Mosku Sobietarra 34 18 18 36 6
1976–77 CSKA Mosku Sobietarra 21 18 8 26 16
1977–78 CSKA Mosku Sobietarra 29 18 24 42 35
1978–79 CSKA Mosku Sobietarra 41 22 26 48 36
1979–80 CSKA Mosku Sobietarra 41 16 22 38 40
1980–81 CSKA Mosku Sobietarra 30 9 16 25 14
Guztira 438 293 214 507 318

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikuluaren zati handiena Argia aldizkaritik (CC-BY-SA) hartua da ia osotasunean.

  1. a b c d e f g h i j k l m Leon, Ander. (2018-12-08). «Valeri Kharlamov. Begoñitaren semea» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-07-24).
  2. (Gaztelaniaz) Arrechea, Fernando. (2012-12-08). «VALERI KHARLAMOV. DE BILBAO TENÍA QUE SER.» Blog Olimpismo (Noiz kontsultatua: 2022-07-24).
  3. (Gaztelaniaz) Casado, Edu. (2013-09-13). «valeri» ¿Qué fue de? (Noiz kontsultatua: 2022-07-24).
  4. (Ingelesez) Valeri Kharlamov. 2022-06-09 (Noiz kontsultatua: 2022-07-24).
  5. (Ingelesez) Valery Kharlamov – One of the Greatest Players of All Time. The Voice of Russia.
  6. a b (Ingelesez) «Burnside: Why Kharlamov is Hall worthy» ESPN.com 2005-11-04 (Noiz kontsultatua: 2022-07-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]