Edukira joan

Velociraptor

Wikipedia, Entziklopedia askea
Velociraptor
Sailkapen zientifikoa
KlaseaReptilia
OrdenaSaurischia
FamiliaDromaeosauridae
SubfamiliaVelociraptorinae
Generoa Velociraptor
Osborn, 1924
Azpibanaketa
V. mongoliensis Osborn, 1924 (tipoa)

V. osmolskae Godefroit et al., 1960

Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiaharagijalea
Luzera2,07 m eta 1,8 m
Altuera0,5 m
Masa15 kg

Velociraptor (latinez: "lapur azkarra") Dromaeosauridae familiako dinosauroen genero bat da. Kretazeoaren amaieran bizi izan ziren, duela 75 bat milioi urte gaur egun Gobi basamortua den lurraldean[1].

Hasieran, espezie bakarra onartu zen, V. mongoliensis, Mongolian aurkitutako fosil batzuen ondorioz. 2008an bigarren espezie bat identifikatu zen, V. osmolskae, Txinako Errepublikako Barne Mongolian aurkituriko fosil batean oinarriturik. Velociraptor-ek lumaz estalia zuen gorputza. Gaur egungo hegaztiek dituztenen antzeko hegoak zituen arren ez zen hegan egiteko gai.

Jurassic Park filmean agertu zenetik dinosauro-generorik ezagunenetariko bat da[2]. Filmean agertzen diren velociraptorrak baino txikiagoak ziren errealitatean, indioilar baten tamainakoak gehienez ere[3].

Aurkikuntzen historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreneko aurkikuntza eta izendapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1923. urtean aurkituriko Velociraptor fosilaren garezurra eta erpea.

1923ko abuztuaren 11n Peter Kaisenek zanpaturiko Velociraptor garezur bat aurkitu zuen Mongolia hegoaldeko Gobi basamortuan[4]. Garezurra osorik zegoen eta atzapar bat ere bazuen alboan. 1924an Henry Fairfield Osborn Amerikako Natur Historia Museoko presidenteak genero berria izendatu zuen aztarna hauentzako, Velociraptor. Latinezko velocis ("azkarra") eta raptor ("lapurra") elkartu zituen, horrela beraz, "lapur azkarra" esan nahi du. Mongolian aurkitu zenez Velociraptor mongoliensis izena eman zion espezieari[4]. Garai hartan dinosauroak geldoak eta adimen txikikoak zirela pentsatzen zen, eta espezie honek uste horiek hautsi zituen.

Bi urte beranduago Ovoraptor djadochtari izena erabili zuen, "arrautzen lapurra" esan nahi du eta Djadochta Formazioan aurkitu izana adierazten du, baina dagoeneko Velociraptor izenarekin deskribatua zegoenez izen zaharra mantendu zen[5].

Hurrengo espedizioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1924tik aurrera Mongolia komunista bihurtu zenez amerikarrek ezin izan zuten bertara joan eta sobietarrak eta poloniarrak izan ziren hurrengo hamarkadetan aurkikuntza berriak egin zituztenak. 1971n "Dinosauroak borrokan" izeneko aurkikuntza egin zen. Bertan Velociraptor bat eta Protoceratops bat agertzen dira borroka betean[6]. Gaur egun Mongoliako altxor nazional gisa hartzen da. 1988 eta 1990 artean txinatar-kanadar espedizio batek Txina iparraldeko Gobi basamortuan velociraptor fosil berriak aurkitu zituen[7]. 1990ean zientzialari amerikarrak Mongoliara itzuli ziren eta egoera onean zeuden hainbat hezurdura aurkitu zituzten[8][9].

Espezie berria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1999. urtean baraila eta malko-hezur bat aurkitu zuen belgikar-txinatar talde batek, eta Velociraptor bat zela argi ikusi zen arren, V. mongoliensis-en aldean desberdina zen. malko-hezurraren fenestra luzeagoa da eta hortzen egitura sendoagoa[10]. 2008an Pascal Godefroit belgikar paleontologoak espezie berria izendatu zuen, V. osmolskae, Mongoliako dinosauroak aztertzen ibilia zen Halszka Osmólska paleontologo poloniarraren omenez[1].

V. mongolensis baten tamaina gizakiarekin alderatuta.

Gainerako dromeosauridoak baino txikiagoa zen, helduek 1,8 metrotako luzera eta 0,5 metrotako garaiera hartzen zuten. 15 kilogramo inguruko pisua zuten, gehienez ere 19,7 kg estimatu da[11].

Velociraptor baten hezurdura.

Garezurra luzea da, 25 cm baino luzeagoa, eta muturra goraka begira du. Barailek 26-28 hortz dituzte alde bakoitzean, eta atzeko haginak zerratuak dira[12].

Beso luzeak zituen, gaur egungo hegaztien hezurren egitura eta malgutasuna zutenak[13], eta hiru erpe, haietako bat luzea eta gakotua, eta hartaz baliatzen zen harrapakinak hiltzeko. Atzeko hankak oso luzeak ziren eta gainerako teropodoek ez bezala hirugarren eta laugarren behatzak baino ez zituzten lurrean ezartzen. Bigarren behatza uzkurkorra zen eta erpe luzea zuen, 6'5 cm ingurukoa. Harrapakinarekin borrokatzeko erabiltzen zuen[8].

Isatsa luzea zuen eta ornoak hezurtutako lotailuez babestuak zeuden. Horrek asko zurruntzen zuen isatsa, baina ornoen arteko mugimendu bertikalak gerta zitezkeen eta aurkituriko fosil batek mugimendu horizontalak ere egin zitzakeela iradokitzen du[8].

Velociraptor baten balizko itxura.

2007an paleontologoek lumak txertatzeko egiturak antzeman zituzten aurreko besoetan eta horregatik pentsatzen da hegoak zituela[14]. Ez zen ordea hegan egiteko gai, besoak motzegiak baitziren eta lepoaren eta bularraren artean dagoen hezurrak, hegaztiei hegan egitea ahalbidetzen dienak, forma desegokia baitzuen. Ikerlari batzuen ustez hegan egiteko gai ziren animalien ondorengoak ziren, eboluzioan gaitasun hori galdu zutenak[15].

Ondorioz, lumak bikotea erakartzeko, habiak estaltzeko eta maldetan korrika zihoala abiadura gehigarria eta egonkortasuna hartzeko erabiliko zituela uste da[16]. Besoez gain gainerako gorputza ere lumaz estalita zuela pentsatzen da[15].

Djadochta Formazioko Flaming Cliffs eremua.

Velociraptor mongoliensis fosil guztiak Djadochta Formazioan (Mongolia) aurkitu dira, bertako Barun Goyot edo Flaming Cliffs eremuetan. V. osmolskae aldiz Bayan Mandahu Formazioan (Txina) aurkitu da. Bakoitzaren inguruan aurkitu diren dinosauro harrapakinak ere desberdinak dira, Mongolian Protoceratops andrewsi eta Pinacosaurus grangeri eta Txinan Protoceratops hellenikorhinus eta Pinacosaurus mephistocephalus. Dinosauro talde bakoitzeko espezie desberdinak agertu izana deigarria da eremu biak elkarrengandik gertu daudela ikusita. Nolabaiteko hesi geografiko bat egongo zela pentsatu izan da historikoki[1], baina halakorik aurkitu ez denez garaikideak ez zirela uste da gaur egun[17].

Kretazeo Berantiarrean (Campaniar estaian) kokaturik daude denak[18]. Eremu lehorrak ziren, duna ugariz osatuak eta aldizkako ibaiak zituztenak. Fosil ugari hareatan murgilduta aurkitu dira eta hareazko ekaitzen ondorioz hil zirela pentsatzen da[1].

Duela 70 milioi urte desagertu zen, arrazoi zehatzik ez da plazaratu, izan ere Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboa baino 5 milioi urte lehenago gertatu baitzen[15].

Velociraptor-a Dromaeosauridae familiako Eudromaeosauria taldean kokaturiko dinosauroa da. Honen barnean Velociraptorinae taldea sortu zen velociraptorra kokatu ahal izateko, baina ondoren aurkituriko genero berriak ere barruan sartu dira, Deinonychus adibidez.

Eudromaeosauria taldearen sailkapenak hainbat aldaketa izan ditu azken urteotan. Azpian duzuena 2019an Currie eta Evansek egindakoa da[19].

Eudromaeosauria

Atrociraptor

Saurornitholestes

Dromaeosaurinae

Dakotaraptor

IGM 100/22 eta IGM 100/23

Boreonykus

Dromaeosaurus

Velociraptorinae

Deinonychus

Adasaurus

Achillobator

Utahraptor

Acheroraptor

Velociraptor mongoliensis

Velociraptor osmolskae

Linheraptor

Tsaagan

Velociraptor espezieak behatuz gero, V. mongolensis-ek eboluzionatu eta V. osmolskae agertu zela ikusten da eta honen ondorengoak lirateke Linheraptor[20] eta Tsaagan[21].

Paleobiologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Protoceratops eta Velociraptor-en arteko borroka agertzen duen fosila (1971)

1971ean aurkituriko "Dinosauroak borrokan" fosilak argi erakusten du velociraptorra harraparia zela. Animalia biak hareatan aurkitu zirenez, duna batean borrokan ari zirela barruan sartu zirela pentsa liteke, edo hareazko jausi bat izan zela, eta lurperatzea oso azkarra izan beharko zuen, borroka posturak mantendu dituztelako[22].

Velociraptor-aren begietako eraztun esklerotiko handiek erakusten dute animalia gautarra zela, eta Protoceratops-a egutiarra izanik borroka ilunabarrean gertatuko zen[23]. Hankako bigarren behatzeko erpea harrapakinaren lepoan sarturik dauka eta pentsatzekoa da helburua zain jugularra, karotida arteria edo trakea zulatzea izango zela eta ez aurretik pentsatzen zen bezala tripa zartatzea[24].

Ehiztari trebeek bezala, velociraptorrek usaimen bikaina zeukaten, garezurretan usaimen bulboetarako zulo handiak agertzen baitira. Hanka luze gihartsu horiekin 24 km/h-ko abiadura har zezaketela estimatu da[15].

Jurassic Park filmean taldeka erasotzen zutela ikusten bada ere, ez dago hori baieztatzen duen frogarik[25]. Dromeosauroen artean oso genero gutxi dira horrela jokatzen zutenak. 2011n Denver Fowlerren taldeak gaur egungo hegazti akzipitridoen antzera erasotzen zutela proposatu zuten; harrapakinaren gainera salto egin, beren buruaren pisua eta erpeak erabiliz ongi eutsi, bizirik zela jaten hasi eta odolustuz hil. Dena dela ez da ohikoa haragijaleek beraiek baino handiagoak diren harrapakinak erasotzea, harrapakina zaharra edo gaixoa ez bada behintzat. Aipaturiko fosilaren kasuan biek luzera bera zuten baina Protoceratops-a sendoagoa zen[10].

Sarraskijalea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Velociraptor-a harraparia bazen ere, lehorte edo gosete aldietan sarraskijalea izango zela ere pentsatzen da[26]. 2010. urtean David Hone eta bere taldeak 2008an aurkituriko Protoceratops fosil batean Velociraptor-aren hortz markak zeudela plazaratu zuten. Protoceratops-a beste harrapari batek hilko zuela pentsatu zuten eta hark utzitako hondar apurrak jango zituela velociraptorrak, horregatik honen hortz markak hezurretan[27]. 2012an talde berak Velociraptor baten urdailean pterosauro baten hezurrak aurkitu zituen[28].

Velociraptor-ak energia kopuru handia behar zuen ehizatzeko eta nolabaiteko odol-beroko animalia izan beharko zuela pentsatzen da. Gorputza lumaz estalita izateak kanpoko airetik isolatzen lagunduko zion. Hala ere, metabolismo tasa aipagarri bat izan beharko zuela uste da, gaur egungo kiwi hegaztien antzera.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 Godefroit, Pascal; Currie, Philip J.; Hong, Li; Yong, Shang Chang; Zhi-Ming, Dong. (2008-06-12). [432:ANSOVD2.0.CO;2 «A new species of Velociraptor (Dinosauria: Dromaeosauridae) from the Upper Cretaceous of northern China»] Journal of Vertebrate Paleontology 28 (2): 432–438.  doi:10.1671/0272-4634(2008)28[432:ANSOVD]2.0.CO;2. ISSN 0272-4634. (kontsulta data: 2020-12-29).
  2. (Ingelesez) «Velociraptor» Jurassic Park wiki (kontsulta data: 2020-12-29).
  3. (Ingelesez) «Vicious Velociraptor: tales of a turkey-sized dinosaur» www.nhm.ac.uk (kontsulta data: 2020-12-30).
  4. 1 2 (Ingelesez) Osborn, Henry Fairfield; Kaisen, Peter C.; Olsen, George; Expeditions (1921-1930), Central Asiatic. (1924). Three new Theropoda, Protoceratops zone, central Mongolia. American Museum novitates ; no. 144. (kontsulta data: 2020-12-29).
  5. Osborn, H.F.. (1924). The discovery of an unknown continent.. Natural History 24:, 133-14 or..
  6. Barsbold, Rinchen. (1983). Carnivorous dinosaurs from the Cretaceous of Mongolia. Transactions of the Joint Soviet-Mongolian Paleontological Expedition. 19:, 5–119 or..
  7. (Ingelesez) Jerzykiewicz, T.; Currie, P. J.; Eberth, D. A.; Johnston, P. A.; Koster, E. H.; Zheng, Jia-Jian. (2011-02-08). «Djadokhta Formation correlative strata in Chinese Inner Mongolia: an overview of the stratigraphy, sedimentary geology, and paleontology and comparisons with the type locality in the pre-Altai Gobi» Canadian Journal of Earth Sciences  doi:10.1139/e93-190. (kontsulta data: 2020-12-29).
  8. 1 2 3 (Ingelesez) Norell, Mark; Makovicky, Peter J.; Project, Mongolian-American Museum Paleontological; Akademi, Mongolyn Shinzhlėkh Ukhaany. (1999). Important features of the dromaeosaurid skeleton. 2, Information from newly collected specimens of Velociraptor mongoliensis. American Museum novitates ; no. 3282. (kontsulta data: 2020-12-29).
  9. (Ingelesez) Norell, Mark; Makovicky, Peter J.; Project, Mongolian-American Museum Paleontological; Akademi, Mongolyn Shinzhlėkh Ukhaany. (1997). Important features of the dromaeosaur skeleton : information from a new specimen. American Museum novitates ; no. 3215. (kontsulta data: 2020-12-29).
  10. 1 2 (Ingelesez) «Vicious Velociraptor: tales of a turkey-sized dinosaur» www.nhm.ac.uk (kontsulta data: 2020-12-30).
  11. (Ingelesez) Campione, Nicolás E.; Evans, David C.; Brown, Caleb M.; Carrano, Matthew T.. (2014). «Body mass estimation in non-avian bipeds using a theoretical conversion to quadruped stylopodial proportions» Methods in Ecology and Evolution 5 (9): 913–923.  doi:10.1111/2041-210X.12226. ISSN 2041-210X. (kontsulta data: 2020-12-29).
  12. «The skull of Velociraptor (Theropoda) from the Late Cretaceous of Mongolia - Acta Palaeontologica Polonica» app.pan.pl (kontsulta data: 2020-12-29).
  13. Paul, Gregory S.. (2002). Dinosaurs of the air : the evolution and loss of flight in dinosaurs and birds. Baltimore : Johns Hopkins University Press ISBN 978-0-8018-6763-7. (kontsulta data: 2020-12-29).
  14. (Ingelesez) Xu, Xing; Zhou, Zhonghe; Wang, Xiaolin; Kuang, Xuewen; Zhang, Fucheng; Du, Xiangke. (2003-01). «Four-winged dinosaurs from China» Nature 421 (6921): 335–340.  doi:10.1038/nature01342. ISSN 1476-4687. (kontsulta data: 2020-12-29).
  15. 1 2 3 4 (Ingelesez) «Why Velociraptors are among the most misunderstood dinosaurs» Science 2020-11-18 (kontsulta data: 2020-12-29).
  16. (Ingelesez) Turner, Alan H.; Makovicky, Peter J.; Norell, Mark A.. (2007-09-21). «Feather Quill Knobs in the Dinosaur Velociraptor» Science 317 (5845): 1721–1721.  doi:10.1126/science.1145076. ISSN 0036-8075. PMID 17885130. (kontsulta data: 2020-12-29).
  17. (Ingelesez) Longrich, Nicholas R.; Currie, Philip J.; Zhi‐Ming, Dong. (2010). «A new oviraptorid (Dinosauria: Theropoda) from the Upper Cretaceous of Bayan Mandahu, Inner Mongolia» Palaeontology 53 (5): 945–960.  doi:10.1111/j.1475-4983.2010.00968.x. ISSN 1475-4983. (kontsulta data: 2020-12-29).
  18. Gradstein, Felix M.; Ogg, James G.; Smith, Alan G. (2005). A Geologic Time Scale 2004. Cambridge: Cambridge University Press. ISBN 978-0-521-78142-8..
  19. (Ingelesez) Currie, Philip J.; Evans, David C.. (2020). «Cranial Anatomy of New Specimens of Saurornitholestes langstoni (Dinosauria, Theropoda, Dromaeosauridae) from the Dinosaur Park Formation (Campanian) of Alberta» The Anatomical Record 303 (4): 691–715.  doi:10.1002/ar.24241. ISSN 1932-8494. (kontsulta data: 2020-12-30).
  20. «Linheraptor Exquisitus - New Raptor Species Discovered In Mongolia» archive.is 2012-09-13 (kontsulta data: 2020-12-30).
  21. (Ingelesez) Senter, P.. (2011). «Using creation science to demonstrate evolution 2: morphological continuity within Dinosauria» Journal of Evolutionary Biology 24 (10): 2197–2216.  doi:10.1111/j.1420-9101.2011.02349.x. ISSN 1420-9101. (kontsulta data: 2020-12-30).
  22. Barsbold, Rinchen. (1974). Saurornithoididae, a new family of theropod dinosaurs from Central Asia and North America. Paleontologica Polonica. 30:, 5–22 or..
  23. (Ingelesez) Schmitz, Lars; Motani, Ryosuke. (2011-05-06). «Nocturnality in Dinosaurs Inferred from Scleral Ring and Orbit Morphology» Science 332 (6030): 705–708.  doi:10.1126/science.1200043. ISSN 0036-8075. PMID 21493820. (kontsulta data: 2020-12-29).
  24. Carpenter, Kenneth. (1998). Evidence of predatory behavior by theropod dinosaurs. Gaia. 15:, 135–144 or..
  25. (Ingelesez) «Dinosaurs behaving badly: Did velociraptors hunt in packs? | Brian Switek» the Guardian 2011-03-29 (kontsulta data: 2020-12-29).
  26. (Ingelesez) King, J. Logan; Sipla, Justin S.; Georgi, Justin A.; Balanoff, Amy M.; Neenan, James M.. (2020). «The endocranium and trophic ecology of Velociraptor mongoliensis» Journal of Anatomy 237 (5): 861–869.  doi:10.1111/joa.13253. ISSN 1469-7580. PMID 32648601. PMC PMC7542195. (kontsulta data: 2020-12-29).
  27. (Ingelesez) Hone, David; Choiniere, Jonah; Sullivan, Corwin; Xu, Xing; Pittman, Michael; Tan, Qingwei. (2010-05-15). «New evidence for a trophic relationship between the dinosaurs Velociraptor and Protoceratops» Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 291 (3): 488–492.  doi:10.1016/j.palaeo.2010.03.028. ISSN 0031-0182. (kontsulta data: 2020-12-29).
  28. (Ingelesez) Hone, David; Tsuihiji, Takanobu; Watabe, Mahito; Tsogtbaatr, Khishigjaw. (2012-05-01). «Pterosaurs as a food source for small dromaeosaurs» Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology 331-332: 27–30.  doi:10.1016/j.palaeo.2012.02.021. ISSN 0031-0182. (kontsulta data: 2020-12-29).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]