Edukira joan

Zahra Kazemi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zahra Kazemi
Bizitza
JaiotzaXiraz, 1949
Herrialdea Iran
 Kanada  (1990(e)ko hamarkada -
HeriotzaBaqiyatallah Hospital (en) Itzuli2003ko uztailaren 11 (53/54 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: traumatismo fisikoa
Hezkuntza
HeziketaParisko Unibertsitatea
Hizkuntzakpersiera
Jarduerak
Jarduerakargazkilaria, kazetaria, erreportaria eta fotokazetaria

Ziba Kazemi, edo Zahra Kazemi (Xiraz, Iran, 1948Teheran, Iran, 2003ko uztailaren 11) kazetari eta argazkilari irandar-kanadiarra zen, atxiloaldian eraila, Iranen.

Ziba Kazemi Frantziara joan zen 1974an, eta literatura eta zinema ikasi zituen Parisko Unibertsitatean. 1993an, bere semearekin batera Quebecera migratu zuen. Kanadako herritartasuna lortu zuen. Fotokazetari independente izaki, Afrika, Latinoamerika eta Ekialde Hurbila zeharkatu zituen, eta bere lana hainbat komunikabidetan argitaratu zuen.[1]

2003ko ekainaren 23an, Teheranen, Evingo kartzelaren aurrean manifestazioan ziren atxilotuen familiei argazkiak ateratzen ari zela, atxilotu eta Evingo kartzela hartan bertan sartu zuten, non torturatu egin baitzuten. Haren heriotza 2003ko uztailaren 12an jakinarazi zen.[2][3][1]

Shahram Azam Defentsa Ministerioko mediku irandarraren arabera, hura ere Kanadan errefuxiatu politikoa 2004az geroztik, Zahra Kazemi torturaren eta jasotako tratu txarren ondorioz hil zen. Izan ere, haren gorpua ikusi ei zuen ehortzi baino lehen. Mohammed Ali Abtahik, Irango lehendakariordeak, uztailaren 30ean esan zuen Kazemi hil egin zutela: “Ziurrena da kolpe batek (buruan) eragindako odoljario batek eragin zuela haren heriotza”.[1]

Zahra Kazemi arrapaladan ehortzi zuten Xirazen, 2003ko uztailaren 22an, bere seme Stéphan Hachemiren borondatearen kontra, zeinak nazionalitate franko-kanadiarra baitu eta Kanadan bizi izan baita beti. Kazemiren amak publikoki adierazi zuen Iranen ehorztea baimentzeko presioa jasan zuela.[1] Mugarik Gabeko Kazetariaren arabera, gorpua hobitik atera eta Kanadan aberriratzeko eskaerak alferrikakoak izan dira.[4]

Mugarik Gabeko Kazetariak GKEak bat egin zuen biktimaren familiaren abokatuen eskariarekin, Teherango Said Mortazavi prokuradorearen (botere judizialaren burua bera) zerbitzuetako epaile independente bat izenda zezan ayatollah Shahroudik, espediente osoa berrikusi eta gertakariak berriz eratzeko helburuarekin.

Jarduketa judizialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2003ko abuztuan, Irango inteligentzia-zerbitzuetako bi kideri Kazemi kazetariaren “hilketa ia intentzionalean konplize izatea” leporatu zieten.[3] 2003ko urrian eta 2004ko uztailaren 17an eta 18an, bi agenteetako baten aurkako epaiketa egin zen, hilketaz akusatuta. Biktimaren familiaren arabera, akusatua turko-burua zen. Shirin Ebadi izan zen biktimaren amaren ordezkari epaiketan (2003ko Nobel sariduna). Behatzaile atzerritarrek (Kanadako enbaxadoreak, Herbeheretako enbaxadoreak eta diplomatiko britainiar batek) epaiketaren hasieran parte hartzeko baimena jaso zuten, baina, ondoren, epaiketa jarraitzeko baimena kendu zitzaien. Kanadako gobernuak bere Irango enbaxadorea deitu zuen, protesta gisa. 2004ko uztailaren 25ean, akusatua absolbitu egin zuten.[5] Irango bulegokoek esan zuten ez zela ezagutzen hiltzaileen nortasuna.

2005eko azaroan, apelazio-epaimahai batek ikerketa berriz irekitzeko agindu zuen.[6]

2007ko azaroaren 27an, Irango Auzitegi Gorenak kasua ikertzeko agindu zuen.[7]

2005eko ekainaren 15ean, Kanadako Kanpo Arazoetako ministroak gertaeren kronologia argitaratu zuen, eta gogorarazi zuen Kazemiren heriotza “kasu kontsularra baino askoz gehiago zela. Estatu batek giza eskubideen arloko nazioarteko arauak eta legeak urratzen dituen kasu argia da. Atxiloketaren eta hilketaren inguruko inguruabar larriek nazioarteko arreta pizten eta laguntza eta elkartasun adierazpenak eragiten jarraitzen dute oraindik, justizia egin dadin.»[5]

2006ko ekainaren 23an, Kanadako lehen ministro Stephen Harperrek nazioarteko komunitateari eskatu zion Said Mortazavi Teheraneko prokuradorea “atxilotzeko eta epaitzeko legezko baliabide guztiak erabil zitzala”, fotokazetariaren heriotzaren arduraduntzat joa.[8][9]

2006ko ekainaren 29an, Ziba Kazemiren ondorengotzak eta haren seme Stéphan Hachemik, eginbide zibila hasi zuen Kanadan Irango Gobernuaren eta beste akusatu batzuen aurka; besteak beste, Said Mortazavi eta Mohammad Bakhshi, Evingo espetxeko inteligentzia-buruaren alboko ohia. Amnistia Internazionalak esku-hartzaile estatusa lortu zuen. Defendatzaileek atariko eragozpen-eskaera aurkeztu zuten, eginbidea baztertzeko. 2011ko urtarrilean, atariko eragozpenari buruzko epai batean, Auzitegi Nagusiak erabaki zuen ondorengotzak ezin diela ordaina eskatu defendatzaileei Kanadako auzitegi batean, baina semeak baietz, egin dezakeela.[10][11]. Ondorengotzak, lehen ondorioa inpugnatzeko, errekurtsoa aurkeztu zuen epaiaren aurka, eta Irango Gobernuak, aldiz, bigarren ondorioa inpugnatzeko. Apelazio Epaimahaiak 2012ko ekainaren 13an entzun zuen apelazioa.

2014ko urriaren 10ean, Auzitegi Gorenak estatuen immunitatea berretsi zuen; beraz, Iran bera ezin zen prozesatu Kanadako auzitegi batean.[12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d «Mystères autour de la mort de la photojournaliste Zahra Kazemi» Le Monde.
  2. «La journaliste irano-canadienne Zahra Kazemi aurait été assassinée» Le Monde.
  3. a b «Le renseignement iranien mis en cause dans l'affaire Zahra Kazemi» Le Monde.
  4. Un an après la mort de Zahra Kazemi, Reporters sans frontières redoute le triomphe de l’impunité, Reporters sans frontières, 8 juillet 2004
  5. a b « Le ministre Pettigrew rend publique la chronologie des événements entourant l'affaire Kazemi[Betiko hautsitako esteka] », ministère des Affaires étrangères du Canada, 15 juin 2005
  6. «La justice demande une nouvelle enquête dans l'affaire Kazemi» Le Monde.
  7. «Nouveau procès dans l'affaire de la mort de Zahra Kazemi» Le Monde.
  8. « Le ton monte entre Ottawa et Téhéran », Radio-Canada, 23 juin 2006
  9. Darya Kianpour, « Droits de l’homme : Le «Boucher de la presse» au Conseil des droits de l’homme », RFI, 23 juin 2006
  10. (Ingelesez) Robert Mongeon, Estate of the late Zahra (Ziba) Kazemi et al. v. The Islamic Republic of Iran et al. (La succession de feue Zahra (Ziba) Kazemi et autre c. La République islamique d'Iran et autres), jugement, Cour supérieure du Québec, Montréal, 25 janvier 2011, texte intégral du jugement publié sur le site de la Société québécoise d'information juridique
  11. Anabelle Nicoud, « Le fils de Zahra Kazemi peut poursuivre l'Iran », La Presse, 27 janvier 2011
  12. «La famille Kazemi ne pourra pas poursuivre l'Iran» La Presse 10-10-2014..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]