AK-47

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
AK-47

AK-47 fusila (errusieraz Автомат Калашникова образца 1947 года, Avtomat Kalashnikova obraztsa 1947 goda, "Kalaxnikov fusil automatikoa 1947 modeloa") gas bidezko funtzionamendua duen eraso fusila da, Varsoviako ituneko herrialdeetan erabili zena Gerra Hotzean. Sarri, izendatzeko Kalaxnikov edo AK erabiltzen da.

1947an hautatua eta estandarizatua, Mikhail Kalaxnikov errusiarrak diseinatu zuen. Bigarren Mundu Gerrako fusil erdiautomatikoekin konparatuz gero, Ak-47a txikia, tiramen antzekokoa, indar txikiagokoa eta su automatiko egiteko aukera zuen. Lehenengotako eraso fusil erabilgarrienetako bat izan zen eta bere iraunkortasun eta erabilerraztasuna dela-eta oraindik ere munduko eraso fusilik erabiliena da. Munduan dagoen AK familiako fusilen kopurua bere kategoriako edozein armarena baina askoz handiagoa da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren Mundu Gerrako StG 44 eraso fusil alemaniarra

Bigarren Mundu Gerran, Alemaniak gerran soldadu arteko borrokak 300 metro azpitik gertatzen zirela ikusi ondoren, fusilaren indarra eta subfusilaren su potentzia konbinatuko zituen su arma baten beharra ikusi zuen. Garaiko fusil kartutxoak distantzi horietarako idar gehiegi zuten, eta hau dela eta 7,92 Kurz kartutxoa diseinatu zen aldi berean StG 44 eraso fusila gauzatu zen. Fusil hau Ekialdeko Frontean erabili izan zen Sobietarren aurka. 1942 amaierarako Sobietarrek eraso fusil berriaren ale batzuk lortu zituzten, berarentzako kartutxoekin batera. 1943 erdialderako StG 44 eraso fusilaren eta M1 Carbine karabina erdi-automatiko Estatubatuarra aztertu ondoren, Sobiet goi mailako arma adituek beraien tropentzako antzeko armak, kartutxo eratinak erabiltzen zituztenak, egitea erabaki zuten.

1943ko azaroan bidali ziren kartutxo berriaren ezaugarriak Sobiet Batasuneko arma diseinu bulego guztietara arma berriak diseinatu zitzaten. Kartutxoak 7,62x41mm ko neurria zuen, koskarik gabea zen, 8 gramoko bala zerabilen eta botila forma zuen. Kartutxo berriarentzat lau arma mota egiteko asmoa zegoen, morroilozko karabina bat, karabina erdi-automatiko bat, eraso fusil bat eta metrailadorea arin bat. Eraso fusilen kategorian 1944ko udararako era automatikoan su egiteko gai ziren 10 prototipo aurkeztu ziren, lehiaketa baten ondoren Sudadev AS-44 eraso fusila garaile irten zelarik. Serie txiki bat fabrikatu zen tropen proba zezaten, baina hobekuntzak behar zituela-eta, besteak beste gehiegi pisatzen zuen (5 Kg baino gehiago), ez zen produkziorako aukeratu eta arma lehiaketa berri bat egin zen.

Mikhail Kalashnikov arma diseinatzaile bezala Bigarren Mundu Gerran hasi zen, gidatzen zihoan tankean zaurituta suertatu ondoren ospitale batean zegoelarik. Bere lehen diseinua subfusil bat izan zen, bere ondoan zauriturik zeuden soldaduen zituzten armei buruzko kexak zirela-eta. Diseinu honek ez zuen etorkizunik izan bere konplexutasun mekanikoa zela eta, baina Armada Gorriko Arma Labur eta Mortero Ikerketa eta Probaketa zentrora (NIPSMVO) bidali zuten armak diseinatzera. Zentro honetan Kalashnikovek M1 Garand fusil estatubatuarrean oinarrituta karabina erdi-automatiko bat diseinatu zuen. Nahiz eta karabina hau ez izan interesgarria, AK No.1 eta AK-46 eraso fusilen oinarri bezala erabiliak izango zen.

Bigarren arma lehiaketa saioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1946 haserarako Sudadev AS-44 baino hobea izango zen eraso fusil bat topatzeko arma lehiaketa berri bat jarri zen martxan. Kalashnikoven AK-46 prototipoa aukeratua izan probetarako beste 5 prototiporekin batera lehiaketarako. Orduan Kalashnikov Kovroveko arma faktoriara bidalia izan zen bertan aurreprodukzioko eraso fusil batzuk egin zitzan. AK-46 eraso fusilak ixtailu birakaria zerabilen, ibilera motzeko gas sistema bidez eragina eta bi zatiko hargailua zuen, asegurua eta su-selektorea aparte zituelarik.

1946ko abenduan eraso fusil berriak NIPSMVO proba zentroan aztertuak izan ziren, AS-44 eraso fusila erabili zelarik ebaluaziorako oinarri bezala. Lehenengo proben ondoren, AK-46 fusila aukeratua izan zen zen Dementieven eta Bulkinen diseinuekin batera hobekuntzak egiteko aukera baten ondoren beste proba batzuetara pasatzeko. Bigarren fasean (non AK-46a, AB-46a eta AD fusilak lehiatu ziren) Kalashnikoven diseinua alde batera utzia izan zen, besteak baino diseinu eskasagoa zuelako. Hala ere Kalashnikovek, partiduko ezagun batzuen bitartez eta zentroko lagunen bitartez komisioko buruak bere diseinuari aurrera jarraitzen uztea lortu zuen.

AK-46aren problemak konpontzeko, Kalashnikovek bere laguntzaile zen Zaitsevekin batera, arma guztiz berdiseinatzea erabaki zuten, beste arma batzuetako ideaiak erabiliz. Era honetan ixtailu gidari lotutako ibilera luzeko gas sistema Bulkinen AB-46 fusiletik hartua izan zen, ixtailu gidaren eta hargailuaren arteko tolerantzia handiak Sudaeven AS-44 fusiletik, aseguru palankaren forma Remintong 8 ehiza rifletik, eta beste hainbat gauza. Era honetan sortu zen AK-47 fusila, zeinak irabazi zituen azkenengo lehiaketa saioak Bulkinen eta Dementieven fusilen aurka. Ofiazialki 1949an hartu zen zarbitzurako fusil estandar bezala.

Diseinua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko miliziano bat bere AK-47 fusila garbitzen Jordanian, 1969

AK-47 diseinatzerakoan, atal gutxi izatea eta azkar desmuntatzea kontutan hartu ziren, izan ere 10 segundotan fusila bere pieza nagusietan aska daiteke: hargailua (kanoia eta disparadorea bertan gelditzen direlarik), gas hodia, ixtailua, ixtailu gida, kargagailua eta gaineko tapa.

Hargailua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo hargailuak altzairuzko txapari estanpazio bidez forma emanaz egin ziren. Problema asko suertatzen ziren hargailuaren gidak txapari soldatzean, hau dela eta hargailu asko alde batera utzi beharra ekarriz. Hau konpontzeko txapa hargailua estanpazioz egin beharrean, mekanizazio bidez egitea erabaki zen. Sistema honek denbora gehiago eskatzen zuen, kostuak igotzen ziren aldi berean, baina hargailuak sendoagoak zire. Problema hauengatik Sobiet Batasunak ezin izan zien bere soldaduei fusil berria banatu 1956 arte. Denbora tarte honetan, SKS karabinaren produkzioak jarraitu zuen fusil berria banatzeko problemengatik.

1959 urtean fusilaren bertsio berri bat diseinatu zen, produkzio modu berrietara egokitua, AKM (errusieraz Автомат Калашникова Модернизированный, Avtomat Kalashnikova Modernizirovanniy, "Kalaxnikov fusil automatiko berritua"). Hargailu berri bat zerabilen bertsio honek, beste aldaketa batzuen artean. Hargailua altzairuzko txapa estanpatu bidez produzitzen hasi zen berriro ere, hargailuaren gidak puntu-soldadura bidez itsatsita zeuden eta beste zatiak pasadore bidez lotzen ziren hargailura. Hargailu mota hau arinagoa zen eta masan produzitzeko errazagoa. Produkzio erraztasunagatik Sobiet Batasunetik kanpo fabrikatu diren AK familiako fusil ia guztien hargailuak AKM familiako motakoak dira.


Hargailu mota Ezaugarriak
1A/B Lehenengo hargailuak, txapa estanpazioz eginak. 1B bertsioak kulata tolesgarria darabil.
2A/B Forjatu eta mekanizaturiko hargailua.
3A/B Altzairu bloke oso batetik hasita, mekanizazioz eginiko hargailua. Mekanizazio bidez eginiko hargailu baten adibide onena.
4A/B Estanpazio bidez eginiko AKM fusilaren hargailua. Hargailu motarik erabiliena.


Kargagailua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AK-47 fusilentzako kargagailu baten ezpainak

AK-47 fusilek altzairuzko txapa estampatuz eginiko 30 kartutxoko kargagailu kurbatuak darabiltzate. Karagagailu mota guztiak hargailu mota guztietan sar daitezke, RPK ametrailadora arinarekin ere aldagarriak direlarik.

1949 urtean banatzen hasi ziren fusilek, 1 motako hargailuak zituztenak, milimetro 1eko txapazko kargagailuekin zetozen, alboko paretetan errefortzurako marrarik gabe zetozelarik. Kargagailu hauek kontsideratzen dira gogorrenak eta bilduma pieza preziatuak dira. Mendebaldean topatzeko zailak dira, baina errepublika Sobietar ohietan oraindik ere erabiltzen dira. Borrokarako ere preziatuak dira, beste kargagailuak baino txapa lodiagoz eginak baitaude, eta beraz balen aurkako babes gehiago ematen dute. 1951.en urtean utzi zitzaien fabrikatzeari, 1 motako hargailuekin batera.

1951.urtean, 2 motako hargailu mekanizatuen produkzioaren hasierarekin batera, kargagailuen diseinua aldatu zen, 0,75 milimetroko txapaz egiten hasi ziren kargagailuak, txapa finagoaren erabiltzeak alboak marraz indartzearen beharra ekarri zuelarik. Kargagailu hauek dira AK familiako kargagailu ezagunenak. Sobiet Batasunetik kanpo produzituriko kargagailu ia guztiak mota honetakoak dira.

Katu sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AK-47 fusilaren katu sistema era automatikoan edo erdi-automatikoan su egiteko aukera ematen du, hargailuaren eskuineko aldean kokakuta dagoen palanka baten bitartez. Palanka honek katua blokeatzen duen asegurua ere badu. Hiru posizio ditu su-modu hautagailuak, goiko posizioan katua blokeaturik gelditzen da, ixtailua erabiltzea gelarazten duen aldi berean, erdikoan su automatikoa egitea ahalbidetzen du eta behekoan su erdi-automatikoa.

Mailuaren funtzionamendua Garand M1 fusilarena oinarri bezala harturik diseinatu zen, bost zati nagusis osaturik dagoelarik: Mailua, katua, su erdi-automatikorako katutxoa, malguki nagusia eta hautagailua.

Ixtailua eta ixtailu gida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

AK fusil baten ixtailua, ondoan su-ziria duelarik. Ixtailuan azkala ikusten da (zati grisa).
Ixtailu gida, ixtailua eta gas pistoiarekin

Ixtailu birakari baten bidez lortzen da kartutxoa ez mugitzea errekamaratik kainoiko presioa neurri jasangarrietaraino jaitsi arte. Ixtailuak bi koska ditu kartutxoa kokatzen den aldean, koska hauek hargailua kanoiarekin lotzen duen piezan sar daitezke. Ixtailua biratzean loturik geratzen da. Ixtailua, kanoitik begiratuz gero, goi ezkerraldean kartutxoa ixtailuari lotzeko azkazala du, malguki baten bitartez bere lekuan mantentzen dena. Azkazal honi esker kartutxoa errekamaran sartzerakoan, hau ixtailuari helduta gelditzen da, ixtailua atzeraka doanean kartutxoa ateratzea ahalbidetzen duelarik. Ixtailuak kanoitik begiratuta ordulari batean 4ak egongo liratekeen lekuan eiekzio hortzarentzako koska bat du, eiekzio hortz hau hargailuan kokaturik dago, ixtailua atzeraka doanean hortzak kartutxoa jo eta kanporatze leihotik bota dezan.

Ixtailuak luzetaka zulo bat du, bertan su-ziria zilindrikoa kokaturik dagoelarik. Ixtailuak aldenik alde zulo bat du altzairuzko ziri bat sartzeko eta era honetan su-ziria bere lekutik ez irteteko. Su-ziria bere erdi aldean ez da guztiz zilindriko baizik eta koska bat du, koska honetatik pasatzen da aipatu den altzairuzko ziria. Su-ziria ixtailutik ateratzeko, altzairuzko ziri hau bere lekutik atera beharra dago.

Ixtailu gidak ixtailua heltzen du eta mugimendu lineal baten bitartez, lehenik ixtailua biratu (askatuz) eta ondoren azteraka tiratzen du kartutxoa errekamaratik ateratzeko. Ixtailua hargailuan bi railen gainean dabil eta hagailuaren atzealdean hasten den malguki baten bitartez zikloa amaitu ondoren bere lekura bueltatzen da. Ixtailu gidak gas pistoia roskaturik darama, gas pistoia ixtailu gidarekin batera mugitzen delarik ziklo osoan zehar, ibilera luzeko gas bidezko errekarga sistema erabiliz, Vz. 58 fusilean ez bezala, non gas pistoia ez dagoen ixtailuari loturik.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diseinu sinplea eta masa produkziorako erraztasuna dira AK-47aren abantaila nagusiak. Merkea eta erabilera eta mantentze errazekoa izateak mundu osoan zabaltzea ekarri du. Eskularruekin erabili eta askatzeko pentsatua izan zen. Gas pistoi luzean, garaiko mendebaldeko fusilek baino piezen arteko tarte eta tolerantzia handiagoek eta kartutxoaren formak (7,62 NATO baino konikoagoa) zikinduta eta mantentze gutxirekin funtzionatzea ahalbidetzen dio. Hala ere tolerantzia handiagoek mendebaldeko fusilek baino prezisio gutxiago izatea dakar, nahiz eta hau ez izan oso garrantzitsua sobietar doktrina militarraren arabera. AK-47 baten bizitza 25-50 urtekoa izan daiteke emandako tratuaren arabera.

Atzeko tangente erako begi-puntukoa erregulagarria da ehunka metrotan. Aurreko mira puntua erabiltzaileak altueran alda dezake, baina fabrikan edo armategi baten bakarrik alda daiteke. Borrokako konfigurazioan 250 metrora erregulatzen da, hau eginik gertuago su eginez gero ere errore gutxi izaten delako, urrutiagorako konfigurazioa supresio sua egin behar denerako bakarrik erabiltzen direlarik.

AK-47aren azkenetariko prototipoak, AK-46ak, asegurua eta su-selektorea (automatikoan edo erdi-automatikoan su egin aukeratzeko palanka) aparte zituen baina produkzio modelorako bateratu egin ziren palanka berdinean. Palankak hiru posizio ditu, goitik behera: asegurua, automatikoa eta erdi-automatikoa. Aseguru posizioan dagoenean, era berean, kargatzeko palankarentzako hargailuak duen erretena tapatzeko balio du, hautsa eta zikinkeria sartzea eragozteko fusila erabileran ez dagoenean.

Izamshen fabrikaturiko AK familiako arma guztiek kanoietan, kartutxoaren kameran, gas hodian eta gas pistoian elektrolisi bidez itsatsitako kromo kapa bat izaten dute. Kromo kapa honek piezen azaleko gogortasuna handitzeaz gain korrosioa eragozten dute. Azken hau garrantzitsua da kartutxo militar gehienek sutautsean potasio kloratoa izaten duten heinean, azken hau higroskopikoa baita eta urarekin nahastean potasio kloruro bihurtzen da altzairua oso erraz herdoiltzeko. Potasio kloruroak kromoari ez dio eraginik egiten eta beraz kromo kaparik ez duten fusiletan baino gutxiago garbitu behar da.

Bertsioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sobiet Batasunean eginiko berstioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • AK-47 1948–51, 7.62x39mm—Haserako bertsioa, 1 motako hargailua dutenak. Gaur egun oso gutxi geratzen dira.
  • AK-47 1952, 7.62x39mm—2 eda 3 motako hargailua mekanizatua darabilte, egurrezko pistolete eta kulatarekin. Kanoi kromatua daramate.
  • AKS-47—Azpikaldean tolesten den kulatadun bertsioa. Paratxutariek eta unitate blindatuetan erabilia.
  • RPK, 7.62x39mm—Kanoi luzeagoa eta pisuagoa eta hargailu indatua duen bertsioa. Bipode bat du kanoian lotua.
  • AKM, 7.62x39mm—AK-47 fusilaren bertsio sinpletu eta arindua. 4 motako hargailuak darabilzte, txapa estanpatuz eginak. Era automatikoan kainoiaren igoera eragozteko pieza bat daramate kanoiaren amaieran. Fusilaren pisua 3,1 Kg-koa da hasgailu arinagoari esker. AK-47 fusilaren bertsio ezagunena da.
  • AKMS, 7.62x39mm—Kulata tolesgarridun AKM fusilaren bertsioa.
  • AK-74 familia, 5,45 x 39 mm kalibrean
  • AK-101/AK-102 familia
  • AK-103/AK-104 familia
  • AK-107/AK-108 familia
  • AK-200 familia

Sobiet Batasunetik kanpora eginiko berstioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezaugarri teknikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
AK-47