Bosniako gerra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bosniako gerra
Jugoslaviako Gerrak
Bosnian war header.no.png
Erlojuen orratzen norantzan ezkerretik hasita: Bosniako parlamentua sutan Sarajevoko setioan; Ratko Mladić Republika Srpskako soldaduekin; Norvegiako NBEko soldadua Sarajevon
Data 1992ko apirilak 1 – 1995ko abenduak 14
Lekua Bosnia eta Herzegovina
Emaitza Daytongo akordioak
  • Dayton Akordioen araberako Bosnia eta Herzegovinaren barne-zatiketa
  • NATOren agindupeko IFOR indarren hedaketa bake akordioa betearazteko.
  • Galera zibil handiak Bosniarren artean.
  • Gutxienez 100.000 hildako eta bi milioi desplazatu baino gehiago.
Gudulariak
1992–94:

Flag of Bosnia and Herzegovina (1992-1998).svg Bosnia-Herzegovina

1992-94:

Flag of the Croatian Republic of Herzeg-Bosnia.svg Herceg Bosna
Kroazia Kroazia

1992-94;

Flag of Republika Srpska.svg Republika Srpska
Flag of Serbia and Montenegro.svg Yugoslaviako EF
Flag of AP Western Bosnia (1993-1995).svg Bosnia Mendebaldea 1993tik aurrera

1994-95:

Kroazia Kroazia
Flag of Bosnia and Herzegovina (1992-1998).svg Bosnia-Herzegovina
Flag of NATO.svg NATO Bonbardaketa operazioak 1995ean

1994-95:

Flag of Republika Srpska.svg Republika Srpska
Flag of AP Western Bosnia (1993-1995).svg Bosnia Mendebaldea

Buruzagiak
Flag of Bosnia and Herzegovina (1992-1998).svg Alija Izetbegović
Flag of Bosnia and Herzegovina (1992-1998).svg Sefer Halilović
Flag of Bosnia and Herzegovina (1992-1998).svg Rasim Delić

Flag of NATO.svg Leighton W. Smith

Kroazia Franjo Tuđman
Kroazia Janko Bobetko

Flag of the Croatian Republic of Herzeg-Bosnia.svg Mate Boban
Flag of the Croatian Republic of Herzeg-Bosnia.svg Milivoj Petković
Flag of the Croatian Republic of Herzeg-Bosnia.svg Dario Kordić

Flag of Serbia and Montenegro.svg Slobodan Milošević
Flag of Serbia and Montenegro.svg Vojislav Šešelj

Flag of Republika Srpska.svg Radovan Karadžić
Flag of Republika Srpska.svg Ratko Mladić
Flag of Republika Srpska.svg Momčilo Krajišnik


Flag of AP Western Bosnia (1993-1995).svg Fikret Abdić

Indarrak
~100 tanke
~200.000 infanteria
~300 tanke
~70.000 infanteria
~650 tanke
~120.000 infanteria
Galerak
31.270 soldadu
33.071 zibil
5.439 soldadu
2.163 zibil
20.649 soldadu
4.075 zibil

Bosniako gerra gaur egun Bosnia eta Herzegovina den lurraldeetan 1992ko apirila eta 1995eko abenduaren artean jazotako nazioarteko gatazka armatua izan zen. Gerran zenbait alde egon ziren, baina nagusiak Bosnia-Herzegovinako errepublikako indarrak eta euren buruak aldarrikaturiko serbiar eta kroaziar entitateak izan ziren, Bosniako Serbiar Errepublika (Republika Srpska) eta Herzeg-Bosnia. Bi entitate hauei, babes politiko eta militar handia eman zieten Serbia eta Kroaziak, hurrenez hurren.[1][2]

Gerra Jugoslaviaren desegitearen ondorio izan zen, Eslovenia eta Kroaziako sezesioei jarraiki, Bosnia eta Herzegovinako Errepublika Sozialistak, zeina nagusiki bosniar musulman (%44), serbiar ortodoxo (%31) eta kroaziar katolikoz (%17) osaturik zegoen, independentziarako erreferenduma irabazi zuenean 1992ko otsailaren 29an. Bosniako serbiarren ordezkari politikoek ez zuten erreferendumeko emaitza onartu, boikota egin baitzioten eta errepublika propioa ezarri zuten. Independentzia deklarazioaren ondoren, Bosniako indar serbiarrak, Serbiako gobernua (Slobodan Milošević buru zuela) eta Jugoslaviako Herri Armadaren laguntzarekin, Bosnia eta Herzegovinako errepublika erasotu zuten lur serbiarrak eskuratzeko asmoarekin. Laster gerra Bosnia osora zabaldu zen, bosniar musulmanek bereziki herrialdearen ekialdean pairaturiko garbiketa etnikoarekin batera.[3]

Nagusiki lurraldeari loturiko gatazka izan zen, Bosnia-Herzegovinako Errepublikako Armada (ARBiH), gehien bat bosniakoz osaturik zegoena eta Defentsa Kontseilu Kroaziarra (HVO) osatzen zuten kroaziar bosniarrak alde batetik eta Republika Srpskako indar serbiar bosniarrak (VRS, Bosniako Serbiar Errepublikako Armada) bestetik. Era berean, kroaziarrak saiatu ziren Bosnia-Herzegovinako zatiak kroaziar bezala eskuratzen[4]. Lidergo politiko kroaziar eta serbiarrek adostua zuten Bosnia zatitzea Karađorđevoko eta Grazeko itunetan gorpuztu zelarik adostasuna; honek, kroaziarrek Bosnia eta Herzegovinako armadari eraso egin eta Gerra bosniako-kroaziarra ekarri zuen.[5] Gerraren ezaugarri nagusiak borroka latzak, hiri eta herrien bonbardaketa bereizi gabekoak, bortxaketa sistematikoak eta genozidioa izan ziren. Sarajevoko setioa, Omarska kontzentrazio-esparrua eta Srebrenicako sarraskia bihurtuko ziren gerrako ikur nagusiak.

Serbiarrak, nahiz eta hasieran nagusiagoak izan arma eta baliabide kopuru handiagatik, indarra galtzen joan ziren 1994ean bosniako eta kroaziarrak elkarrekin aliatu eta Bosniako Serbiar Errepublikaren aurka egin zutenean, Bosnia-Herzegovinako Federazioa sortuz, Washingtongo itunari jarraiki. Srbrenica eta Markaleko sarraskien ondoren, NATOk 1995ean Bosniako Errepublika Serbiarraren posizioen aurka egin zuen, gerra amaitzeko giltza izan zen operazioan.[6][7] Gerra bukatu zen, Bosnia-Herzegovinako Bakerako Egituraren Ituna sinatu zenean 1995eko abenduaren 14ean. Bake negoziazioak Daytonen (Ohio, Amerikako Estatu Batuak) egin ziren eta 1995eko abenduaren 21ean amaitu. Akordio haiek Daytongo akordioak moduan dira ezagunak.[8] CIAk 1995ean eginiko txosten batean, indar serbiarrei egozten zien gerrako gerra krimenen %90-aren egile izatea.[9] 2008 hasierarako 45 serbiar, 12 kroaziar eta 4 bosniako kondenatu zituen Jugoslavia Ohierako Nazioarteko Epaitegi Kriminalak Bosniako gerran jazotako gerra krimenekin lotuta.[10] Azken ikerketek 100.000-110.000 inguruan zenbakitzen du hildakoen kopurua[11][12][13] eta 2,2 milioi pertsonan kokatzen du desplazatu-kopurua,[14] Europan Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik ondorio larrienak izan dituen gatazka armatua bihurtuz.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jugoslaviaren desegitea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Jugoslaviaren desegitea»

Bosnia eta Herzegovinako gerra Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistaren desegitearen ondorietariko bat izan zen. Jugoslavian krisia Gerra Hotzaren amaieran sistema komunistak izandako ahultzearekin batera hasi zen. Bertako alderdi komunistak, ofizialki Jugoslaviako Komunisten Liga izena zuena, bere potentzia ideologikoa galtzen zebilen, ideologia nazionalista eta independentistak gora zihoazen bitartean 1980. hamarkada amaieran. Gorakada hau bereziki garrantzitsua izan zen Serbia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina eta maila apalago batean Eslovenia eta Mazedoniako Errepublikan

1989ko martxoan, Jugoslaviako krisia sakondu egin zen, Serbiako konstituzioan aldaketak egin zirenean Serbiako gobernuak bere boterea inposatu ahal izateko Kosovo eta Vojvodinako probintzia autonomoetan. Ordura arte, euren erabakitzeko ahalmena independentea izan zen. Gainera, bakoitzak, bozka bana zuen Jugoslaviako maila federalean. Serbiak beraz, Slobodan Milošević presidentearen agindupean, Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialistako presidentetzarako zortzi bozketatik hiru kontrolatzeko ahalmena zuen. Montenegroko bozkekin batera, Serbia gai bihurtu zen gobernu federaleko erabakietan eragiteko. Egoera honek gainontzeko errepubliken kexak eta Federazioaren barruan aldaketak egiteko aldarrikapena sortu zituen.

Jugoslaviako Komunisten Ligaren ezohiko 14. kongresuan, 1990eko urtarrilaren 20an, errepublika desberdinetako ordezkariak ez ziren gai Jugoslaviako federazioaren afera garrantzitsuenetan akordioetara heltzeko. Honen ondorioz, Eslovenia eta Kroaziako ordezkariek kongresua utzi zuten. Esloveniako ordezkaritzak, Milan Kučan buru zuela, aldaketa demokratikoak eta federazio solteagoa aldarrikatzen zuen, Serbiako ordezkaritzak, Milošević buru zuela, aurre egiten ziolarik.

Gutxi ez balitz, alderdi nazionalistek boterea lortu zuten beste errepubliketan. Haien artean, Franjo Tuđman kroaziarraren Kroaziako Batasun Demokratikoa zen garrantzitsuena. 1990eko abenduaren 22an, Kroaziako parlamentuak konstituzio berria onartu zuen, aurreko konstituzio sozialistak Kroazian bizi ziren serbiarrei aitorturiko eskubide eta pribilejio batzuk kenduz. Honek, Kroazian bizi ziren serbiarrei ekintzarako bidea zabaldu zien. Konstituzio berria onartu eta gutxira, Eslovenia eta Kroaziak independentziarako prozesua hasi zuten. 1991ko ekainaren 25ean, Eslovenia eta Kroaziak independentzia aldarrikatu zuten, Hamar egunetako gerra izeneko gatazka armatu laburra eraginez Eslovenian eta Kroaziako independentzia gerra gogorra Kroazian. Kroaziako independentzia gerrak, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 743 erresoluziora eraman zuen, 1992ko otsailaren 21ean onartu zena, Nazio Batuen Babeserako Indarra (UNPROFOR, indarraren ingelesezko izenetik hartua) sortuz.


Bosnia-Herzegovina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosnia-Herzegovina historikoki etnia anitzeko estatua izan da. 1991ko zentsuaren arabera, biztanleriaren %44-ak bere burua musulman (bosniako) kontsideratzen zuen, %31-k serbiar eta %17ak kroaziar, %6ak bere burua jugoslaviar modura deskribatzen zuelarik.[15]

1990eko azaroan ospaturiko estatuko lehen hauteskunde alderdi anitzekoetan, herrialdeko hiru alderdi nazionalista nagusiek irabazi zuten: Ekintza Demokratikoko Alderdia, Alderdi Demokratiko Serbiarra eta Kroaziako Batasun Demokratikoak.[16]

Alderdiek boterea etnia desberdinen artean banatu zuten, Bosnia-Herzegovinako Errepublika Sozialistako presidentea bosniakoa zen, parlamentuko presidentea, serbiarra eta lehen ministroa, kroaziarra.

Karađorđevoko ituna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Franjo Tuđman eta Slobodan Miloševićen arteko 1991ko martxoko elkarrizketek, Karađorđevoko itun modura ezagutu zirenak, "Bosnia eta Herzegovinaren zatiketa Kroazia eta Serbia artean" aipatzen zuten.[17]

Bosnia-Herzegovina errepublikaren independentzia aldarrikapenari erantzunez, serbiarrek, Serbiaren laguntzarekin, herrialdeko zenbait puntu erasotu zituzten. Bosnia-Herzegovinako estatu administrazioak de facto funtzionatzeari utzi zion, lurralde osoaren kontrola galduz. Serbiarrek euren etniak nagusigoa zuen lurraldeak nahi zituzten, Bosnia ekialde eta mendebaldean. Kroaziarrek eta bere agintari Franjo Tuđmanek ere helburu zuten Bosnia-Herzegovinako zatiak Kroaziarentzat berenganatzea. Kroaziako errepublika eta bere presidentearen politika Bosnia eta Herzegovinari zegokionez, ez zen inoiz guztiz gardena, baina, Kroaziaren mugak zabaltzeko (Franjo Tuđmanen ametsa) helburuaren araberakoak ziren. [18] Bosniakoak arerio erraza ziren, gobernu bosniarrak ez zuelako ekipamendu onik gerrarako.[19]

Bosniako Serbiar Errepublikaren ezartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Bosniako Serbiar Errepublika»
Serbiarrek kontrolaturiko hedadura maximoa, urdinez.

Parlamentuko kide serbioak, gehien bat Alderdi Demokratiko Serbiarreko kideak, baina beste alderdi batzuetako ordezkariekin batera, Sarajevoko parlamentua utzi eta Bosnia eta Herzegovinako Jende Serbiarraren Batzarra eratu zuten 1991ko urriaren 24ean, 1990eko hauteskundeen ostean herrialdea gobernatu zuen koalizio etniko hirukoitzari amaiera emanez.[20] Batzar honek Bosniako Serbiar Errepublika aldarrikatu zuen 1992ko urtarrilaren 9an, urte bereko abuztuan Republika Srpska izena hartuz.[21]

Herzeg-Bosnia Kroaziar Errepublikaren ezartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Herzeg-Bosniako Kroaziar Errepublika»
Kroaziarrek kontrolaturiko hedadura maximoa, gorriz.

Kroaziako nazionalisten helburuak bat egiten zuten Bosnia eta Herzegovinan bizi ziren kroaziar nazionalistenekin.[22] Kroaziako errepublikan agintean zegoen Kroaziako Batasun Demokratikoak (HDZ), Bosnia-Herzegovinako alderdiaren adarra antolatu eta kontrolatzen zuen. 1991 bukaera aldean, alderdiko elementu muturrenekoek, Mate Boban, Dario Kordić, Jadranko Prlić eta Ignac Koštromanen gidaritzapean, Anto Valenta moduko agintari lokalen laguntzarekin[22] eta Franjo Tuđman eta Gojko Šušaken sostenguarekin, alderdiaren kontrola lortu zuten. Honek, Kroaziako independentzia gerrako puntu gorenarekin egiten zuen bat. 1991ko azaroaren 18an, Bosnia-Herzegovinan zegoen alderdiaren adarrak, Herzeg-Bosniako Kroaziar Errepublikaren existentzia aldarrikatu zuten Bosnia-Herzegovinako lurraldearen barruan, "osotasun politiko, kultural, ekonomiko eta territorial" desberdindu modura.[23]

Carrington-Cutileiro plana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lisboako akordioak, Carringon-Cutileiro plana izenarekin ere ezaguna, Lord Peter Carrington eta José Cutileiro enbaxadore portugaldarretik izena hartuta, Europako Ekonomia Erkidegoak antolaturiko jardunaldietatik atera zen, 1991ko irailean, Bosnia-Herzegovinan gerrarantz joatea ekiditeko. Maila administratibo guztietan botere banaketa etnikoa eta gobernu zentralaren behebeharrak tokiko komunitate etnikoen esku jartzea proposatzen zuen. Dena den, Bosnia-Herzegovinako barruti guztiak bosniako, kroaziar edo serbiar modura antolatuko ziren, baita nagusitasun etnikoa argi ez zegoen lekuetan ere.

1992ko martxoaren 18an, hiru aldeek akordioak sinatu zituzten: Alija Izetbegovićek bosniakoen izenean, Radovan Karadžićek serbiarrenean eta Mate Bobanek kroaziarren izenean.

Baina, hamar egun beranduago, 1992ko martxoaren 28an, Izetbegovićek, Jugoslaviarako Amerikako Estatu Batuetako enbaxadorea zen Warren Zimmermannekin batu ondoren, bere sinadura atzera bota eta bere aurkakotasuna adierazi zuen Bosnia barruan egingo zitekeen edozein banaketa etnikorik.

« Zer esan zen eta nork esan zuen ez dago argi. Zimmermanek ukatu egin du Izetbegovići esan ziola bere sinadura atzera botaz gero Estatu Batuek Bosnia estatu independente modura onartuko zuela. Ukaezina dena da Izetbegovićek, egun horretan bertan, bere sinadura atzera bota eta akordioari uko egin ziola.  »
Damjan de Krnjevic-Miskovic: Alija Izetbegovic, 1925–2003 lanean[24]

Armen salerosketaren debekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991ko irailaren 25ean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 713 erresoluzioa onartu zuen, armen bahitura onartuz Jugoslavia ohi osoan. Enbargo honek bereziki kalte egin zion Bosnia eta Herzegovinako armadari, Serbiak lehengo armada jugoslaviarraren artsenala zuelako eskura eta armada kroaziarrak kostatik kontrabandoan sartu zitzakeelako armak. Yugoslavia ohieko barrakoi eta armategien %55-a Bosnian zeuden kokaturik bere izaera menditsua dela medio, gerrila gerra posible bati aurre egiteko, dena den, fabrika hauetatik asko serbiarren kontrolpean zeuden (Vogošćako UNIS PRETIS fabrika, esaterako) eta beste batzuk ez zeuden erabilgarri, zegoen elektrizitate eta lehengai falta dela-eta. Gobernu bosniarrak debekua altxatzeko presioa egin zuen, baina Erresuma Batua, Frantzia eta Errusiak ez zuten onartu. Amerikako Estatu Batuetako kongresuak bi adierazpen onartu zituen debekua bertan behera geratzeko, baina biak betatu zituen orduan presidentea zen Bill Clintonek, tentsiorik ez sortzeko Estatu Batuak eta Jugoslavia ohieko herrialdeen artean. Baina, kontrara, Estatu Batuek C-130 garraio beltzak eta talde islamistak moduko beste bide alternatibo batzuk erabili zituen Bosniara armak kontrabandoan sartzeko, Kroaziako kostaldetik.[25]

Gerraren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alija Izetbegović Estatu Batuetara eginiko 1997ko bisitan.

Jugoslaviako Herri Armadak (JNA) ofizialki Bosnia eta Herzegovina 1992ko maiatzaren 12an utzi zuen, 1992ko apirilean honek independentzia aldarrikatu ondoren. Dena dela, aginte-katea, arma eta maila altuko militarrak, Ratko Mladić jenerala barne, Bosnia-Herzegovinan geratu ziren, Bosniako Serbiar Errepublikako armadan (VRS, Vojska Republike Srpske), Bosniako Serbiar Errepublikako indar armatu modura. Kroaziarrek egitura militar propioa antolatu zuten, Defentsa Kontseilu Kroaziarra izenekoa (HVO, Hrvatsko Vijeće Obrane). Bosniako gehienak Bosnia-Herzegovinako Errepublikako Armadan (ARBiH, Armija Republike Bosne i Hercegovine) antolatu ziren, errepublikako indar armatu modura. Hasieran ARBiH barruan zenbait ez-bosniako zeuden (tropen %25a inguru), bereziki Sarajevoko Lehen gorputzean. Armija Republike Bosne i Hercegovine Bosniako lurralde-defentsarako batzordearen buruak adierazi zuen 1992ko ekainean bere indarrak %70ean musulmanez osaturik zeudela, %18a kroaziarrez eta %12 serbiarrez. [26] Serbiar eta kroaziarren soldaduen ehunekoa nahiko altua zen Sarajevo, Mostar eta Tuzla moduko hirietan.[27] Armada bosniarraren kuartel nagusiaren zuzendariordea Jovan Divjak jenerala zen, graduazio militar handiena zuen serbiar etniaduna Bosniako armadan. Stjepan Šiber kroaziarra zen bigarren komandanteordea. Izetbegović presidenteak ere Blaž Kraljević koronela, Herzegovinan zegoen Defentsarako Indar Kroaziarren burua, aukeratu zuen armada bosniarreko kuartel nagusiko kide izateko, Kraljević erahila izan baino zazpi egun arinago, Bosniaren aldeko defentsa fronte etnia-anitza eratze aldera.[28] Dena dela, etnia aniztasun hau gutxituz joango zen gerra aurrera joan ahala.[26][29]

Era berean, gerran zenbait talde paramilitarrek ere hartu zuten parte: "Arrano zuriak" (Beli Orlovi), "Boluntarioen Goardia Serbiarra" (Srpska Dobrovoljačka Garda) talde serbiarrak; "Aberriaren Liga" (Patriotska Liga) eta "Txapel berdeak" (Zelene Beretke) bosniarrak eta "Defentsarako Indar Kroaziarrak" (Hrvatske Obrambene Snage) kroaziarren aldetik, nagusiki. Serbiar eta kroaziar antolakunde paramilitarretan Serbia eta Kroaziatik etorritako boluntarioek hartu zuten parte eta herrialde horietako alderdi nazionalisten sostengua zuten. Bosnia-Herzegovinako Errepublikako indarrak bost gorputzetan zeuden banaturik. Lehen gorputzak Sarajevo eta Gorazde zonaldean eragiten zuen, indartsuagoa zen 5. gorputza mendebaldeko Bosanska Krajinan eragiten zuen bitartean, azken honek HVOko tropekin elkarlanean.

Serbiarrek zenbait herri eslaviar kristauetako borrokalariren laguntza jaso zuen, tartean Errusia.[30][31] Greziako Greziako Boluntarioen Goardiako kide ziren zenbait boluntariok, Srbenicako sarraskian parte hartu zutela dokumentatu da, Greziako bandera jaso zelarik Srbenican herria serbiarrek hartu zutenean.[32]

Mendebaldeko borrokalari erradikalek, mendebaldeko kristautasunaren zonalde kulturaleko nobrbanako askorekin batera, boluntario moduan borrokatu zuten kroaziarrekin, Alemania eta Austriako hainbat neonazirekin batera. Jackie Arklöv neonazi suediarrari hainbat gerra krimen egotzi zizkioten Suediara bueltatzean. Ondoren, berak onartu zuen gerra krimenak egin zituela Heliodrometa Dretelj esparru kroaziarretan zeuden Bosniako hiritar musulman presoekin.[33]

Bosniarrei talde musulmanek eman zieten laguntza. Amerikako Estatu Batuetako gobernuz kanpoko erakunde batzuen txostenen arabera, Irango Iraultzaren Goardiako ehunaka kide egon ziren Bosniako gobernuari laguntza ematen gerran zehar.[34]

Bosniako gerraren hasieran, tropa serbiarrek Bosnia ekialdeko biztanleria bosniako musulmanari egin zioten eraso. Behin herri eta herrixkak euren eskuetan zeudela, indar serbiarrek -serbiar militarrak, polizia, paramilitarrak eta batzuetan, baita tokiko biztanle serbiarrak ere- era berean jokatzen zuten: etxebizitzak arpilatu edo erre egiten zituzten eta herritarrak hartu egiten zituzten, prozesu horretan, zenbaitetan herritarrak erasotuak ziren, baita erailak ere. Gizon eta emakumeak banatu egiten zituzten, gizonezko asko hil edo kontzentrazio-esparruetan sartzen zituzten. Emakumezkoak hainbat kartzeletara eramaten zituzten, bertan baldintza higieniko oso txarretan bizitzera beharturik zeudelarik, jasotzen zituzten tratu txarrekin batera, baita behin eta berriz bortxatua izatea ere. Soldadu edo polizia serbiarrak bertara joan, emakume bat edo gehiago aukeratu eta eraman egiten zituzten, ondoren bortxatzeko.[35][36] Hasieran, serbiarrek zuten nagusitasuna, Jugoslaviako Herri Armadak emandako armei esker eta kontrola irabazi zuen serbiarrak erlatiboki nagusigoa osatzen zuten guneetan, baita, serbiarrak gutxiengo garrantzitsua osatzen zuten hiri eta landa-lurraldeetan, Mostar eta Sarajevo hiri handiak alde batera utzita. Serbiar buruzagi militar eta politikoek jaso zituzten gerra krimenen akusazio gehienak, horietatik asko geroago Jugoslavia ohierako epaitegiak (bere ingelesezko izenagatik, ICTY, ezagunagoa) zigortu zituelarik gerra krimen horiengatik.

Sarajevo hiriburuaren gehiengoa bosniarrek kontrolpean zuten. Hiriak jasan zuen 44 hilabeteko setioan zehar, hiriko biztanleen kontra erabilitako ikara, indarrez aldatzen zioan, baina helburua bera zen: herritar zibilei sufrimendua eragin, agintari bosniarrak behartzeko eskari serbiarrak betetzera.[37] Serbiarrak Sarajevo inguruko muinoetan kokatu ziren, tropak eta artilleriarekin batera, gerra modernoaren historiako setio luzeenari hasiera emanez, ia lau urtez luzatuko zena.

Su-eten asko sinatu ziren, baita gero apurtu ere, aldeetariko batek abantaila zuela pentsatu zutenean. Nazio Batuek, behin eta berriro, baina arrakasta askorik gabe saiatu zen gerra gelditzen eta bake plan desberdinek oso eragin txikia izan zuten.

1992[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosnia-Herzegovinako lehen biktima nor izan zen eztabaidan dago, bosniar, kroaziar eta serbiarrek aldarrikapen desberdinak baitituzte. Bosniar eta kroaziarrek, independentzia aldarrikapenaren osteko lehen biktimak Suada Dilberović eta Olga Sučić izan zirela kontsideratzen dute, bakearen aldeko martxa batean zeuden bitartean identifikatu gabeko serbiarrek hil zituztelarik, Alderdi Demokratiko Serbiarraren kontrolpean zegoen Holiday Inn hotel batetik su eginez.[38][39][40] Serbiarrek, aldiz, Nikola Gardović dute lehen biktimatzat, Sarajevoko Alde Zaharrean (Baščaršija) zebilen ezkontza-prozesio batean zegoela (senargaiaren aita zen) hil zutelarik, erreferendumaren bigarren egunean, 1992ko martxoaren lehenean.[41]

1991ko irailak 19an, Jugoslaviako Herri Armadak (JNA) tropa gehiago mugitu zituen Mostar inguruetara, ekintza hori lekuko gobernuak gaitzetsi zuelarik. 1991ko urriaren 13an, Republika Srpskako presidentea izango zenak, Radovan Karadžićek, Bosnia eta bosniar musulmanen etorkizunari zuen ikuspuntua adierazi zuen: Egun pare batean besterik ez, Sarajevo desagerturik egongo da eta bostehun mila hildako egongo dira, hilabete batean musulmanak deuseztatuak izango dira Bosnia eta Herzegovinan[42]

"Serbia gabe, ezer ez zen gertatuko, guk ez daukagu baliabiderik eta ez ginen gai izango gerra egiteko"

Radovan Karadzic, Republika Srpskako presidente-ohiak, Republika Srpskako asanbladari, 1994ko maiatzak 10-11[43]


1992ko urtarrilak 7an, Prijedor-eko udalbatzako kide serbiarrak eta Alderdi Demokratiko Serbiarreko (SDS) herri-batzarren presidenteek, Prijedor Udalerriko Herri Serbiarraren Batzarra aldarrikatu zuten eta aurreko 1991ko abenduaren 19an bidalitako aginduak bete. "Bosnia eta Herzegovinako Ezohiko Egoeretako Herri Serbiarraren Organo Antolakunde eta Jarduerak" plan bat eman zion SDSari, Bosnia eta Herzegovinan udalerriak hartzeko, krisi batzordeak sortzeko planekin batera.[44] Milomir Stakić gero ICTYk zigortuko zuena bosniar eta kroaziarren aurka eginiko gizateriaren aurkako krimen masiboengatik, batzar horretako presidente aukeratu zuten. Hamar egun beranduago, 1992ko Urtarrilaren 17an batzarrak onartu zuen Prijedor udalerriko zonalde serbiarrak Bosniako Krajina lurralde autonomoari lotzea, aparteko estatu serbiarra sortzeko etnikoki serbiarrak ziren lurraldeetan.[45]

1992ko urtarrilak 9an, Bosniako Batzar Serbiarrak deklarazio bat onartu zuen, Bosnia eta Herzegovinako errepublika serbiarra aldarrikatzen zuena ("SR BiH")[21] 1992ko otsailak 28an, SR BiHko konstituzioak deklaratzen zuen errepublikako lurrek "Lurralde Autonomo Serbiarretako, Distrituetako edo Bosnia eta Herzegovinako beste entitate etniko serbiarretako lurrak" hartzen zituztela "baita serbiar herria gutxiengoan dauden lurraldeak ere, bere aurka Bigarren Mundu Gerran eginiko genozidioaren erruz" eta Jugoslaviako zati zela aldarrikatzen zuen. 1992ko abuztuaren 12an, SR BiHko izena, Republika Srpskara (RS) aldatu zen.[44]

1992ko martxo, apiril eta maiatzean, eraso bortitzek hartu zuten lekua Bosnia ekialdean eta herrialdeko ipar mendebaldean. Martxoan, SDSko buruzagiek eginiko erazoek, JNA ohiaren Bigarren Buruzagitzako ofizialekin batera, Bosnia ekialdera eraman zituzten estrategikoki garrantzitsuak ziren posizioak hartu eta komunikazio eta informazio blokeo bat gauzatzeko. Eraso horiek zibil askoren heriotza eta zauritzea ekarri zituzten.[46]

Prijedor eskualdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992ko apirileko 23an, Alderdi Demokratiko Serbiarrak erabaki zuen inter allia unitate serbiar guztiak momentuan hasteko lanean Prijedor udalerria hartzeko, JNArekin koordinatuz. 1992ko apirila bukaeran, serbiar polizia etxe klandestino batzuk sortu ziren udalerrian eta 1,500 serbiar armatu baino gehiago zeuden prest erasoan parte hartzeko.[45]

Serbiar indarren kontrolpean zeuden Kroazia eta Bosnia-Herzegovinako lurraldeak. ICTYk Slobodan Miloševići leporatu zion Serbia Hedatua sortu nahi izatea, serbiarrak bizi ziren Bosnia eta Kroaziako lurraldeekin, ez-serbiarrak lurraldeetatik deportatuz.

SDSko serbiar politikariek prestaturiko botere-hartzearen deklarazioa Prijedor irratian irakurri zen botere-hartzearen ondorengo egunean eta egunean zehar errepikatu zuten. Apirilak 29-30eko gauean, herria hartu zuten. Segurtasun publikoko langileek eta erreserbako polizia Cirkin Polje-n batu zen, Prijedor-eko udalerriko zati zena. Serbiarrak bakarrik zeuden bertan eta batzuk uniforme militarrak zituzten. Bertako herritarrek, udalerriaren kontrola hartzeko agindua zuten eta bost taldetan banatu ziren. 20 pertsona inguruz osaturiko talde bakoitzak buruzagi bat zuen eta eraikin jakin batzuetako kontrola irabazteko agindua zuten. Lehen taldea, udaletxea hartzearen arduraduna zen, bigarrena polizia etxe nagusiarena, hirugarrena epaitegiarena, laugarrena bankuarena eta azkena postetxearena.[45]

Agintari serbiarrek kontzentrazio esparruak ezarri zituzten, baita erabaki nortzuk izan beharko zitezkeen horiek kudeatzeko arduradunak.[45] Keraterm lantegia 1992ko maiatzak 23/24ean ezarri zen esparru modura.[45] Omarska esparrua, meatze-gunea zena, Prijedor herritik 20 km-tara kokaturik zegoen eta agintari serbiarren arabera,bertan 3.334 pertsona egon ziren preso 1992ko maiatz bukaeran (maiatzak 26 eta 30 artean). Horietatik 3.197 bosniakoak ziren eta 125 kroaziarrak.[45] Trnoplje esparrua izen bereko herrixkan eratu zen 1992ko maiatzak 24ean. Esparrua alde guztietatik armada serbiarrak zaintzen zuen eta metraileta-habiak eta postu oso ondo armatuak zeuden kokaturik perimetroan esparrurantz begira. Zenbait mila pertsona zeuden esparruan preso, horietatik gehiengo handia bosniar musulmanak eta beste batzuk, kroaziarrak.[45]

ICTYk (Jugoslavia ohierako nazioarteko epaitegiak) ondorioztatu zuen politikari serbiarren botere-hartzea estatu-kolpe ilegala izan zela, askoz arinago prestatu eta koordinatu zena, serbiar purua zen udalerria sortzeko helburuarekin. Asmo hauek ez ziren inoiz ezkutukoak izan eta serbiar polizia, armada eta politikarien ekintza koordinatuarekin ekin zitzaion erasoari.[45]

Jugoslaviako Herri Armadaren hedapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Serbiaren kontrolpean zegoen Jugoslaviako Herri Armada (JNA) gutxienez herrialdearen %60a hartzeko gai izan zen maiatzaren 19an baino lehen, Bosniakoak ez ziren ofizial eta tropen erretreta ofizialaren data.[47] Honen arrazoi nagusia, tropa bosniar eta kroaziarrak baino antolaketa eta armamendu hobea zutelako da. Konposizio etniko nahasia zuten guneak ere erasotu zituzten: Doboj, Foča, Rogatica, Vlasenica, Bratunac, Zvornik, Prijedor, Sanski Most, Kljuc, Brčko, Derventa, Modrica, Bosanska Krupa, Bosanski Brod, Bosanski Novi, Glamoc, Bosanski Petrovac, Cajnice, Bijeljina, Višegrad eta Sarajevoko zenbait gune serbiarrek kontrola hartu eta bosniako eta kroaziarrak bota zituzten guneak bihurtu ziren. Etnikoki homogeneoagoak eta borroka handietatik kanpo geratu ziren lurraldeetan ere, ez-serbiarrak kanporatu zituzten, adibidez, Banja Luka, Bosanska Dubica, Bosanska Gradiska, Bileca, Gacko, Han Pijesak, Kalinovik, Nevesinje, Trebinje eta Rudon. Era berean, Bosnia-Herzegovina erdialdeko guneetan (Sarajevo, Zenica, Maglaj, Zavidovici, Bugojno, Mostar, Konjic e.a.) serbiar biztanleriak egin zuen ihes, serbiarrek kontrolpean zituzten guneetara migratuz.

1992ko ekainean, UNPROFORek, Nazio Batuen babeserako indarra, jatorriz Kroazian hedaturik zegoena, bere agintaritza Bosnia eta Herzegovinara hedatu zuen, hasieran Sarajevoko nazioarteko aireportua babesteko. Irailean UNPROFORen rola laguntza humanitarioa eta honen banaketa Bosnia Herzegovina osoan babestera ere zabaldu zen, baita errefuxiatu zibilak babestea ere, Gurutze Gorriak hala eskatzen zuenean.

Defentsa Kontseilu Kroaziarraren botere-hartzea Bosnia erdialdean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosnia-Herzegovinan eragiten zuten oso ondo armaturiko indar serbiarren presioaren ondorioz, indar kroaziar nagusiak –HVO (Defentsa Kontseilu Kroaziarra)– helburu nagusia kontrolpeko guneak defendatzetik, Bosniar armadaren kontrolpean zeuden guneak erasotzera pasa zen. Uste da honen arrazoia, aurretik, 1991ko martxoan, Slobodan Milošević eta Franjo Tuđman presidenteek sinaturiko Karađorđevoko itunaren ondorio izan zela, bertan Bosnia Kroazia eta Serbia artean banatzea adostu baitzen.

Hau lortzeko, HVOko indarrek Defentsa Indar Kroaziarrak (HOS) talde armatuaren disidentzia baztertu eta armada bosniarra menderatu beharko zuketen, eurek nahi zuten lurraldea gobernu bosniarraren kontrolpean baitzegoen. HVOk, Kroaziako Errepublikako militarren laguntza handiarekin eta serbiarren laguntza materialarekin, zibil bosniarrak erasotu zituen Herzegovina eta Bosnia erdialdean, bosniakoak bizi ziren lurraldeetan garbiketa etnikoa aurrera eramanez.

1992ko Grazeko akordioak banaketa sakona eragin zuen komunitate kroaziarraren barnean eta talde bereizia indartu zuen, bosniarren aurkako gatazkara eramanez. Batasunaren aldeko lider kroaziarretariko bat Blaž Kraljević izan zen, Defentsa Indar Kroaziarrak (HOS) talde armatuaren burua, zeinak Kroaziar abertzaleak ziren, baina HVO ez bezala, bosniarrekin kooperazioa guztiz bultzatzen zuten.

1992ko ekainean, garrantzia-puntua Novi Travnik eta Gornji Vakufera mugitu zen, non kontrola lortzeko HVOren saiakerei aurre egin zieten.

1992ko ekainaren 18an, HVOk ultimatuma eman zion Novi Travnikeko Lurralde Defentsa Bosniarrari, existitzen ziren Bosnia-Herzegovinako instituzioen desagerpena, Herzeg-Bosniako Kroaziar Komunitatearen agintaritzaren ezarpena, azken honekin aliantza sortzea, Lurralde Defentsa HVOren azpian ezartzea eta errefuxiatu musulmanak egoztea eskatzen zituelarik bertan, dena 24 ordutako epean. Erasoa ekainak 19an hasi zen, eskola eta postetxea eraso eta kaltetuz.[48] Kroaziarrek Gornji Vakuf 1992ko ekainaren 20an erasotu zuten baina erasoak kale egin zuen. Askoz ekipamendu urriagoa zuten indar bosniarrek, bi frontetan borrokan zeudenak, gai izan ziren kroaziarrak egotzi eta lurra irabazteko fronte guztietan. Denbora honetan, bere posizio geografikoa zela-eta, Bosnia indar kroaziar eta serbiarrez zegoen inguraturik alde guztietatik. Ez zegoen armak edo janaria inportatzeko erarik. Bosnia salbatu zuena, bere azpiegitura industriala izan zen, produkzio militarrera bideratu ahal izan zuena.

1992ko abuztuan, HOSeko Blaž Kraljević burua hil zuten HVOko soldaduek, bosniar eta kroaziarren artean aliantza osatzea helburu zuen talde moderatuaren indarrak asko ahuldu zirelarik.[49]

Egoera gogorragoa egin zen 1992ko urrian, indar kroaziarrek zibil bosniarrak erasotu zituztenean Prozor-en, euren etxeak errez eta zibilak erailez. Jadranko Prlić salaketaren arabera, HVOko indarrek Prozor herriko eta inguruko herrixketako biztanleria musulmana garbitu zuten.[23]

1992ko urrian serbiarrek Jajce herria hartu zuten eta bertako biztanleria kroaziar eta bosniarra kaleratu zuten. Herri honen galeraren arrazoi nagusia kroaziar eta bosniarren arteko laguntza-eza eta tentsio hazkorrak izan ziren, bereziki aurreko lau hilabeteetan.

1993[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Republika Srpskaren lurralde-aldarrikapenak 1993ko urtarrilean. Serbiarrak urdinez daude margozturik, bosniakoak berdez eta kroaziarrak laranjaz. 1981eko erroldaren Bosnia-Herzegovinako banaketa etnikoan oinarriturik. Zonalde koloregabetuak aldarrikapenetatik kanpo daude.

1993ko urtarrilaren 8an serbiarrek Bosnia-Herzegovinako errepublikako lehen ministrordea hil zuten, bera aireportutik zekarren NBEko konboia gelditu ondoren.[50]

1993ko gertakari gehienak bosniar eta kroaziarren arteko gerran jazotakoak izan ziren. 1993ko urtarrilean indar kroaziarrek Gornji Vakuf erasotu zuten berriro, Herzegovina Bosnia Erdialdearekin lotzeko asmoarekin.[23]

1993ko otsailaren 22an, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 808 ebazpena onartu zuen, "nazioarteko lege humanitarioaren urraketa garrantzitsuen erantzule diren pertsonak auzipetuko lituzkeen nazioarteko auzitegi baten ezarpena" posible eginez.

Maiatzak 15-16an serbiarren %96ak Vance-Owen bake planaren aurka bozkatu zuen. Vance-Owen bake planaren porrotaren ondoren, zeinaren helburu nagusia herrialdea hiru zonalde etniko desberdinetan banatzea zen, gatazka armatu batek egin zuen eztanda bosniar eta kroaziarren artean, kontrolpean zuten Bosnia osoko lurraldearen %30ean. Bake plan hau izan zen gatazkaren hedapena bultzatu zuen faktoreetariko bat, bake planaren prestatzailetariko batek, Lord Owen, ez zuelako agintari kroaziar moderatuekin negoziatu (bosniarrekin batzearen aldekoak) baizik eta elementu muturrekoagoekin (banatzearen aldekoak zirenak).[51]

1993ko maiatzeko 25ean Jugoslavia Ohierako Nazioarteko Auzitegi Kriminala (ICTY ingelesezko izenetik) eratu zen Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluko 827 ebazpenari jarraituz.

1993ko apirilean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 816 ebazpena onartu zuen, kideak ziren estatuei Bosnia-Herzegovinaren aire-eremua itxiera betearaztea eskatzeko. 1993ko apirilaren 12an NATOk Deny Flight Operazioa jarri zuen martxan aire-eremuaren itxiera hau betearazteko.

Gornji Vakufeko bonbardaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gornji Vakuf Lašva haranaren hegoaldean dagoen herria da, garrantzia estrategiko handiena duena, Bosnia erdialderako bidean baitago. Novi Travniketik 48 kilometrotara dago eta Vitez-etik ordubetera, armaturiko ibilgailu bat gidatuz gero. Kroaziarrentzat oso lotura-puntu garrantzitsua zen Lašva harana eta Herzegovina artean, biak Herzeg-Bosniako Kroaziar Komunitateak bere lurralde modura aldarrikatzen zituenak. Indar kroaziarren bonbardaketek Gornji Vakuf-eko gune historiko ekialdetarraren gehiengoa desegin zuten.[48]

1993ko urtarrilaren 10ean, Gornji Vakuf-eko gertakariak hasi baino lehen, Defentsa Kontseilu Kroaziarreko (HVO) buru zen Luka Šekerijak, sekretupeko eskaera militarra bidali zien Tihomir Blaškić koronela eta Dario Kordići mortero jaurtigaiak eskatuz, Vitezeko arma-fabrikan eskuragarri zeudenak.[48] Gornji Vakuf-eko borrokak 1993ko urtarrilaren 11an hasi ziren, kroaziarrek bonba bat bidalita bosniarrek kuartel nagusi modura erabiltzen zuten hotelera. Borrokak eztanda egin zuen eta gau horretan bertan artilleria kroaziarrak gogor erasotu zuen herria.[48]

Su-eten negoziazioetan HVOren eleduna zen Andrić koronelak, Bosnia-Herzegovinako Errepublikako Armadako (ARBiH) indarrek armak utzi eta HVOren kontrola onartzeko eskatu zuen, kasu egiten ez bazuten Gornji Vakuf osoa suntsituko zuenaren mehatxua eginez.[48][52] ARBiH-k ez zituen HVOren eskaerak onartu eta erasoak bere horretan jarraitu zuen, honen ondoren, indar kroaziarrek bosniar musulmanak sarraskitzen jarraitu zuelarik Bistrica, Uzričje, Duša, Ždrimci eta Hrasnica inguruko herrietan.[53] [54] Lašva haraneko garbiketa etnikoak iraun bitartean, armada kroaziarrak HVOrekin batera, herria zazpi hilabetez inguratu zuen eta artilleria astunarekin erasotu zuen, baita beste arma batzuekin ere (tanke eta frankotiratzaileekin). Nahiz eta kroaziarrek aipatu Gornji Vakuf-eko erasorako arrazoi modura, Britbat konpainia britainiarraren buruak esan zuen ez zegoela inolako gerlari santu musulmanik (edo Mujahidinak) Gornji Vakufen. Bonbardaketen ondorio modura, ehunka pertsona hil eta zauritu ziren, gehien bat zibil bosniar musulmanak.[48]

Lašva haraneko garbiketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zibil bosniarren aurkako Lašva haraneko garbiketa etnikoa Herzeg-Bosniako Kroaziar Komunitateko agintaritza politiko eta militarrak prestatu zuen 1992ko maiatza eta 1993ko martxoa artean. HVOk borrokari hurrengo apirilean ekin zion, 1991ko azaroan kroaziar nazionalistek ezarritako helburuak lortzeko asmoarekin.[22] Lašva haraneko bosniakoek jazarpen politiko, erlijioso eta arrazagatikoa pairatu zuten,[55] nahita diskriminatuak zirelarik lurraldeko biztanleria zibilaren aurkako eraso orokor baten testuinguru orokorrean,[56] jazarpenaz gain, erailketa masiboak, bortxaketak, kontzentrazio esparruetan kartzelatzeak eta jabetza pribatu eta leku kulturalen suntsitzea ere pairatu zituzten. Ondoren, bosniarren aurkako propagandak hartu zuen txanda, bereziki Vitez, Busovača, Novi Travnik eta Kiseljak herrietan. 1993ko apirilean jazotako Ahmićiko sarraskia izan zen Lašva haraneko garbiketa etnikoaren gailurra, zibil bosniar musulmanak masan erailez ordu gutxi batzuetan. Biktima gazteena hiru hilabete zituen umea zen, sehaskan zegoela tiroz hilda eta zaharrena, 81 urteko emakumea. Bosniar gobernua eta kroaziarren arteko gatazkan egon zen sarraski handiena izan zen.

Jugoslavia Ohierako Nazioarteko Epaitegi Kriminalak (ICTY) kroaziar agintari politiko eta militarren aurka emandako epai askotan arautu zuen krimen hauek gizateriaren aurkako krimenak izan zirela, bereziki Dario Kordić-enean.[48] HVOren eraso anitzen frogak zeudenez, ICTYk ondorioztatu zuen Kordić eta Čerkez kasuan 1993ko apirila inguruan agintaritza kroaziarrak bazuela plangintza edo diseinu komun bat adosturik bosniakoak Lašva haranetik etnikoki garbitzeko. Dario Kordić, tokiko agintari politiko gisa, plangintza honen planifikatzaile eta akuilatzaile izan zen.[48] Sarajevon egoitza duen Ikerketa eta Dokumentazio Zentroaren (IDC) arabera, Lašva haraneko 2.000 bosniako desagertu edo erailak izan ziren epe horretan.[57]

Gerra Herzegovinan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herzeg-Bosniako Kroaziar Komunitateak Herzegovinako hainbat udal-gobernu eta zerbitzuren kontrola hartu zuen, tokiko agintari bosniarrak alde batera utziz. Herzeg-Bosniak komunikabideen kontrola hartu zuen eta ideia eta propaganda kroaziarra ezarri zituen. Sinbologia eta txanpon kroaziarra ere jarri zuten eta curriculum eta hizkuntza kroaziarrak sartu zituzten eskoletan. Bosniar eta serbiarrak gobernu postuetatik eta negozio pribatuetatik egotzi zituzten; laguntza humanitarioa ere bosniako eta serbiarren desabantailerako banatzen zen; bosniarrak bereziki jazarriak ziren. Haietako asko kontzentrazio esparruetara deportatu zituzten.

1993ra arte, Defentsa Kontseilu Kroaziarra (HVO) eta Bosnia-Herzegovinako Errepublikako Armada (ARBiH) elkarren ondoan egon ziren indartsuagoa zen Republika Srpskako Armadaren (VRS) aurka egiten Bosnia-Herzegovinako zenbait gunetan. Nahiz eta gatazka armatua egon eta Totic-en bahiketa moduko jazoerek HVO eta ARBiH arteko erlazioak tenkatu, kroaziar eta bosniarren arteko aliantzak iraun zuen Bihać (Bosnia ipar-mendebaldea) eta Bosanska Posavina-n (iparraldea), non bien indarrak serbiarrenak baino askoz urriagoak ziren.

ICTYren Naletilić-Martinović kasuko epaiaren arabera, HVOko indarrek Sovici eta Doljani herriak erasotu zituzten 1993ko apirilaren 17an, Mostarretik iparralderantz, 50 kilometrotara kokaturik zeudenak.[19] Erasoa, HVOren ofentsiba zabalago baten parte zen, Jablanica hartzeko helburua zuena, bosniar musulmanek zonaldean kontrolaturiko herri nagusia. HVOko komandanteek Jablanica hartzeko bi egun beharko zituztela aurreikusi zuten. Soviciren kokalekuak garrantzia estrategiko handia zuen HVOrentzat, Jablanicako bidean baitzegoen. ARBiH-entzat, aldiz, Risovac-eko ordokirako sarrera zen, Adriatikorantz joateko baldintza egokiak sor zitzakeena. HVOren eraso handiagoa, Jablanica helburu zuena 1993ko apirilaren 15ean hasi zen. Artilleriak Soviciko goiko aldea suntsitu zuen. Armada bosniarrak aurre egin zuen, baina egun horretako arratsaldeko bostak inguruan, Soviciko ARBiH-ko komandantea errenditu egin zen, gelditzen ziren 70-75 soldadu ingururekin batera. Guztira, 400 bosniar musulman zibil atxilotu zituzten. Dena dela HVOren Jablanicaranzko bidea gelditu egin zen su-eten bat negoziatu zenean.[19]

Mostarreko setioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mostarreko zubia HVOko indarrek eraitsi arte.
Mostarreko zubia eraitsi ondoren, zubia berreraikia izan baino lehen jarritako behin-behineko zubia.

Mostar ekialdea inguratu zuten HVOko indarrek bederatzi hilabetez eta egindako bonbardaketen ondoriz hiri historikoaren gune zabalak larriki zuten, baita hiriko sinbolo zen Stari Most ospetsua suntsitu ere.[23]

Mostar, mendebaldeko gunea, zeina HVOko indarrek zuten kontrolpean eta ekialdekoan, ARBiH-k kontrolpean zuena. Dena dela, armada bosniarraren koartelak mendebaldeko Mostarren zituen, Vranica izena zuen eraikinean. 1993ko maiatzaren 9ko lehen orduetan, HVOk Mostar erasotu zuen artilleria, mortero, arma astunak eta arinak erabiliz. Kroaziar Defentsa Kontseiluak Mostarrera zihoazen errepide guztiak zituen kontrolpean eta sarrera galarazten zien nazioarteko erakundeei. Mostar irratiak, aditzera eman zuen bosniar guztiek eskegi beharko zuketela leihoetatik bandera zuri bat. HVOren erasoa oso ongi planifikatu eta prestaturikoa izan zen.[19]

HVOk hiriaren mendebaldeko zatia hartu zuen eta milaka bosniar kanporatu zituen ekialdeko aldera.[23] HVOren bonbardaketek Mostar ekialdearen gehiengoa suntsitu zuten. JNAk Carinski, Titov eta Lucki zubiak eraitsi zituen, Stari Most alde batera utzita. HVOko indarrek, inguruko indar txikiagoekin batera, bosniakoen exekuzio, garbiketa etniko eta bortxaketa masiboak egiteari ekin zioten, kontrolpean zuten mendebaldeko Mostar eta inguruetan. Era berean, gobernuaren kontrolpean zegoen, Mostar ekialdea bonbardaketa gogorrekin erasotu zuten. Kanpaina hauen ondorioz, milaka pertsona zauritu eta hil ziren.[23]

ARBiH-k Neretva 93 izeneko operazioa abiarazi zuen 1993ko irailean HVO eta Kroaziako armadaren aurka, Mostarreko setioari amaiera eman eta Herzegovinako lurraldeak berriro hartzeko, Herzeg-Bosniako Kroaziar Errepublikaren eskuetan zeudenak.[58] Bosniar agintariek operazioa geldiarazi zuten, Grabovica eta Uzdol herrietan zibil eta gerra-preso kroaziarren aurkako erasoen berri izan zutenean.

HVO-ren agintariek (Jadranko Prlić, Bruno Stojić, Milivoj Petković, Valentin Ćorić eta Berislav Pušić) eta Kroaziako armadako ofiziala zen Slobodan Praljak ICTYk epaituak izaten ari dira, gizateriaren aurkako krimenak, Genevako konbentzioaren urraketa larriak eta gerrako usadio edo arauen haustu izanaren akusaziopean.[23] Dario Kordić, Bosnia erdialdeko kroaziarren buru politikoa, Bosnia erdialdean gizateriaren aurkako krimenak (garbiketa etnikoak, bereziki) egin izanagatik kartzelatu zuten, 25 urteko zigorrarekin. ARBiH-ko buruzagia zen Sefer Halilovići gerrako arau eta usadioen urraketak egitea egotzi zioten, Neretva 93 operazioan jazotako gertakarien erantzule nagusi modura, baina epaiketan errugabe irten zen.

Zibilak babesteko asmoarekin, UNPROFORen papera oraindik eta gehiago hedatu zen 1993ko maiatzean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Sarajevo, Goražde, Srebrenica, Tuzla, Žepa eta Bihać inguruan maiatzak 6an 824 ebazpenean izendatu zituen babeslekuak babesteko. 1993ko ekainak 4ean Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak 836 ebazpena onartu zuen UNPROFORek bortxa erabili ahal izatea babesleku horiek defendatzeko lanean.[59] 1993ko ekaineko 15ean, Sharp Guard operazioa izenarekin, Adriatikoaren itsas-blokeoa ezarri zuten NATOk eta Europar Batasunak. Ondoren, blokeo hau 1996ko ekainak 18an amaitu zen, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako armen bahitura amaitzearekin batera.[59]

1994[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994ko fronteak, kroaziar eta bosniarren arteko gerra bukatu ondoren.

Markaleko sarraskia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994ko otsailaren 5ean, Sarajevok bere setio osoko eraso hilgarriena jasan zuen, Markaleko lehen sarraskia deritzona. 120 mm-tako mortero jaurtigai batek jendez lepo zegoen Markale merkatuaren erdian jo zuen, 68 pertsona hilaz eta beste 144 zaurituz.

Otsailak 6an, orduko Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia Boutros Boutros-Ghalik NATOri eskatu zion aire-erasoen eskaerak berehala aurrera eramateko.[60] 1994ko otsailak 9an, Ipar Atlantikoko Kontseiluak baimena eman zion Europa Hegoaldeko Indar Aliatuen (CINCSOUTH) burua zen Jeremy Boorda almirante estatubatuarrari -NBEk hala eskatuta- Sarajevo inguruan zeuden eta, UNPROFORen arabera, zibilen aurkako erasoak egiteko erabiliak izandako mortero posizioen kontra egiteko.[59][61] Greziak bakarrik egin zion uko aire erasoak babesteari, baina ez zuen proposamenaren aurka egin.[60] Era berean, kontseiluak serbiarrei ultimatuma bidali zien Sarajevo inguruko arma astun guztiak otsailak 20-21 arteko gauerdian kentzeko. Otsailak 12a izan zen Sarajevok biktimarik gabe igaron zuen lehen eguna.[60]

Washingtongo akordioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosniar eta kroaziarren arteko gerra ofizialki 1994ko otsailaren 23an amaitu zen, HVOko komandantea zen Ante Roso eta ARBiHeko burua zen Rasim Delić jeneralek su-etenerako akordioa sinatu zutenean Zagreben. 1994ko martxoaren 18an, bi aldeek, Kroazia eta Bosnia-Herzegovinako errepublikek ordezkaturik, bake-akordioa sinatu zuten Washington DC eta Vienan, Ameriketako Estatu Batuek bultzaturik. Washingtongo akordioak bosniar eta kroaziarren arteko gerrari amaiera eman zion eta bosniar eta kroaziar indarrek kontrolpean zuten lurraldea batu eta hamar kantonamendu autonomotan banatu zuten, Bosnia-Herzegovinako Federazioari hasiera emanez.

Honen ondorioz, gerran parte hartzen zuten aldeak hirutik bi izatera pasa ziren, Bosnia-Herzegovinako Federazioko Armada (HVO, Kroaziar Defentsa Kontseilua eta ARBiH, Bosnia-Herzegovinako Errepublikako Armadak osaturik) alde batetik eta Republika Srpskako armada (VRS), bestetik.

UNPROFOR eta NATO[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1994ko otsailaren 28 NATO era aktiboan sartu zen gerran, bere hegazkinek lau hegazkin serbiar bota zituztenean Banja Lukan, azken hauek NBE-k ezarritako zonaldeko aire-eremuaren itxiera urratu zutenean.[62]

1994ko marxoaren 12an, Nazio Batuen Babeserako Indarrak, UNPROFORek (United Nations Protection Force), lehenengoz eskatu zion NATOri aire-babesa baina hurbileko aire babes hau ez zen hedatu, zenbait atzerapen egon baitziren onartze prozesuan.[63] Martxoak 20an medikuntza-hornigai eta medikuz osaturiko lehen konboia heldu zen Maglaj-era, 100.000 biztanle zituen hiria, 1993tik setiopean egon zena eta AEBetako hegazkinetatik botatako janari hornigaiaz bizirauten egon zena.[60] Bigarren konboia, ordea, bahitua eta arpilatua izan zen.[60]

1994ko apirilaren 10 eta 11an UNPROFORek aire erasoak eskatu zituen Goraždeko babes eremua babesteko. Honen ondorioz Goraždetik hurbil zegoen aginte postu serbiar bat bonbardatu zuten bi F-16 hegazkinek..[59][60][63] NATOk hala egiten zuen lehen aldia izan zen historian.[60] Honen ondorioz, NBEko 150 langile bahitu ziren apirilaren 14ean.[59][63] Apirilaren 16an, Sea Harrier britainiar bat bota zuten indar serbiarrek, Goražden.[60] Hurrengo egunean, apirilaren 15ean, Goražde inguruko gobernu bosniarraren lerroak hautsi ziren. [60]

Apirilaren 29 inguruan, indar serbiarrek soldadu atal daniar bat (Nordbat 2, Bosnia eta Herzegovinan baketze lanetan zebilela Tuzlan finkaturiko UNPROFOReko batailoi nordikoko zati modura) erasotu zuten, daniarrak suediarrek zuten zaintza postu bat (Tango 2) askatzera joan zirenean, postua serbiarren Šekovići brigadaren (Kalesija herrixkakoa) artilleria suaren pean baitzegoen. Dena den, segada barreiatu zuten daniarrek atzera su eginez, ondoren Bøllebank operazioa izenarekin ezagutuko zen ekintzan.

Maiatzaren 12an, Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak, bosniarren aurkako arma bahitura altxatzea erabaki zuen, baina Bill Clinton presidenteak atzera bota zuen eskaera.[64] Aldiz presidenteak hurrengoa onartu zuen: 1994ko urriaren 5erako serbiarrek ez bazuten Kontaktu Taldearen proposamena onartzen, orduan Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan eskatuko zuela bahituraren amaiera.[65]

Abuztuaren 5ean, UNPROFORRek eginiko eskaerari jarraituz, NATOko hegazkinek Sarajevoko baztertze gune barruan zegoen itu bat erasotu zuten, Sarajevotik hurbil zegoen armak biltzeko gune batetik armak hartu ondoren. [59] 1994ko irailaren 22an, NATOko hegazkinek airez erasotu zioten tanke serbiar bati, UNPROFORek hala eskatuta.[59]

Azaroaren 12-13an AEBk alde batetik altxatu zuen Bosniaren gobernuaren aurka zuen arma bahitura.[65][66]

Operation Amanda, daniarren agindupeko UNPROFOR misioa izan zen, Gradačac-etik hurbil zegoen zaintza postu bat hartzeko helburua zuena, 1994ko urriak 25ean.[67]

Azaroaren 19an, NATOk Kroazian zuen aire-babes sistema Bosnia Herzegovinara ere zabaldu zuen, NBEko indarrak babesteko asmoarekin.[59] Azaroak 21ean, NATOko hegazkinen Udbinako aerodromoa erasotu zuten, serbiarrek kontrolpean zuten Kroaziako lurretan kokatua, aerodromo horietatik Bihac ingurura egin ziren erasoei erantzunez.[59] Azaroaren 23an, NATOko bi hegazkinen aurka lurretik airerako misilen jaurtiketari aurre eginez, Otoka inguruko (Bosnia-Herzegovinako ipar mendebaldean) radarrak airez erasotu ziren.[59]

1995[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Srebrenicako sarraskia», «95eko Uda operazioa», «Ekaitza operazioa» eta «Daytongo akordioa»
Frontearen egoera 1995eko abuztuan. Kolore biziagoz, aurretik eginiko 95eko Uda eta Ekaitza operazioen ondoren bosniar eta kroaziarrek eginiko aurrerapenak. ██  Bosniakoak ██  Kroaziarrak ██  Serbiarrak
Ezkerretik eskuinera eserita: Slobodan Milošević, Alija Izetbegović eta Franjo Tuđman azken bake akordioa sinatzen Parisen 1995eko abenduaren 14ean.

Gerrak 1995 gehienean jarraitu zuen.

1995eko uztailean, Bosniako Serbiar Errepublikako armadaren (VRS) indarrak, Ratko Mladić generalaren agindupean zeudenak, Srebrenicako NBEren "zonalde segurua" okupatu zuten eta ondoren Srebrenicako sarraskia izenarekin ezagutuko zen gertakarian 8.000 gizonezko hil zituzten (emakume gehienak bosniarren kontrolpean zegoen lurretara egotzi zituzten eta batzuk bortxatu eta hil zituzten).[68] NBEko babeserako indarrek (UNPROFOR), bertan 400 soldadu nederlandarrek ordezkaturik, ezin izan zuten saihestu VRSko indarrek herria hartu izana eta osteko sarraskia.[69][70][71] ICTYk gertakaria "genozidio" gisa definitu zuen Krstić kasuan.

VRSko indarrek, Srebrenicakoaz gain, beste zenbait sarraski nagusi egin zituzten 1995ean zehar: Tuzlako sarrasia, Srebrenicako sarraskia eta Markaleko bigarren sarraskia.

Azken sarraski horren ondoren, NATOk aire erasoak baimendu zituen serbiar azpiegitura eta unitateen aurka, Deliberate Force operazioa izena eramango zuen ekintza sortari ekinez.

Bestalde, akordio kroaziar-bosniarrari jarraituz, indar kroaziarrek mendebaldeko Bosnian eragina izan zuten 95eko Uda operazioa eta, abuztu hasierako Ekaitza operazioarekin Krajina serbiarraren kontrola hartu zuten, VRSren kontrolpean zeuden Bosnia mendebaldeko zenbait lurrekin batera. Tartean, Bosnia Mendebaldea onartu gabeko estatua okupatu eta Bihaćeko setioari amaiera eman zioten, hiria indar bosniarren kontrolpean zegoen arren, indar serbiarrek inguratuta baitzegoen.

Honekin batera, kroaziar eta bosniarren arteko aliantzak gerran aurrea hartu zuen lehenengoz, Bosnia mendebaldeko zonalde handiak hartuz operazio desberdinetan, garrantzitsuenak Mistral operazioa eta Sana operazioa izan zirelarik. Horrela, indar horiek, Bosniako Serbiar Errepublikako hiriburua, Banja Luka lur-erasoz mehatxatzeko gai izan ziren.

Ondoren, nazioarteko komunitatearen presiopean Milošević, Izetbegović eta Tuđman negoziazio mahaian eseri ziren eta azkenean gerra 1995eko azaroaren 21ean sinaturiko Daytongo akordioarekin amaitu zen. Bake hitzarmenaren azken bertsioa 1995eko abenduaren 14ean sinatu zen, Parisen.

Gerraren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerraren izaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bosniako gerra, eremu zabalago bateko ezegonkortasun politikoaren ondorio izanik (Jugoslaviaren desegitea) eta inguruko herrialde ziren Kroazia eta Serbiaren parte-hartzea kontuan hartuta, eztabaidagai izan zen gerraren izaera, hau da, gerra zibila edota erasotze-gerra izan zen, inguruko herrialdeek Bosnia erasotuz sorturikoa. Steven Burg eta Paul Shoup akademikoen iritziz:

« Hasieratik, Bosnia-Herzegovinako gerraren izaeraren interpretazioak, kontraesankorrak izan zen. Hauek ez zeuden bakarrik datu objektiboetan oinarriturik, baita hauek adierazten zituztenen interes politikoetan ere.  »

—Steven Burg eta Paul Shoup, The War in Bosnia Herzegovina[72]

Alde batetik, Bosniako gerra ikus zitekeen "gerra zibilen adibide argi eta garbi modura - hau da, boterea partekatzeko orduan ados jartzeko ezintasuna duten taldeen arteko barne-gerra gisa".[72]

David Campbell akademikoa, aldiz, oso kritikoa da "gerra zibila" terminoa erabiltzen dutenekin, termino horrekin askotan berak "berdintze morala" deritzona gertatzen delako, hots, alde guztiek "basakerien erru bera izatea" eta "serbiar beldur sinesgarriak azpimarratzen dituzte euren ekintzen oinarrizko arrazoi modura".[73]

« Gerra zibilaren azalpenari aurre eginez, bosniako, hainbat kroaziar, mendebaldeko politikari eta giza-eskubideen aldeko hainbat erakundek adierazi dute gerra, serbiar eta kroaziarrek hasitako erasotze-gerra izan zela, Karađorđevo eta Grazeko itunetan oinarriturikoa, serbiarrek gerra zibila izan zela uste duten bitartean.  »

—Steven Burg eta Paul Shoup, The War in Bosnia Herzegovina[72]

Bosniako serbiar eta kroaziarrek hurrenez hurren Serbia eta Kroaziaren babes politiko eta militar zabala izan zuten aldetik eta, Bosniak izandako onarpen diplomatikoak eragina izan du gatazka nazioarteko modura adierazteko orduan. Burg eta Shoup-ek adierazi moduan:

« Nazioarteko diplomazia eta legearen ikuspegitik, Bosnia-Herzegovinaren independentzia aitortzearen erabakiak eta Nazio Batuen Erakundeko kide gisa onartzeak ekarri zuen gerra Serbia eta Kroaziak eragindako kanpoko erasotze-gerra modura definitzea. Serbiaren kasuan, non argiago ikusten den, Bosniako Serbiar Errepublikako Armada, armada jugoslaviarraren de factoko agindupean egon zen, eta beraz, berau kanpo-erasotzearen tresna besterik ez zen izan. Kroaziaren kasuan, indar erregular kroaziarrek Bosnia-Herzegovinaren lur-osotasuna bortxatu zuten, hau erasotze-gerra bat izan zenaren ikuspuntua indartuz.  »

—Steven Burg eta Paul Shoup, The War in Bosnia Herzegovina[72]

Sumantra Boseren aburuz, aldiz, posiblea da Bosniako gerra zibil modura definitzea, serbiar eta kroaziar nazionalistek egiten duten irakurketarekin bat egin beharrik gabe. Bere ustez, "bortxa gertakari gogorrak 'kanpo' gertakari eta indarrek eragin zituzten bitartean, barneko gizartea ere oso loturik egon da indarkeria horretan" eta ondorioztatzen du "erlatiboki zentzu gehiago duela Bosnian jazotako 1992-95 arteko gatazka 'gerra zibil' modura izendatzea - nahiz eta zalantzarik gabe gerrak Bosniako lurrez gaindiko dimentsio garrantzitsua izan."[74]

2010ean, Ejup Ganić bosniar komandantea atxilotu zuten Londresen, ustezko gerra krimenen harira Serbiak eginiko estradizio eskaera bati erantzunez. Timothy Workman epaileak, aldiz, Ganić aske uztea ondorioztatu zuen, Serbiaren eskaerak "motibazio politikoak" izan omen zituelako. Bere erabakian, Bosniako gerra nazioarteko gatazka armatu gisa definitu zuen, Bosniak 1992ko martxoaren 3an independentzia aldarrikatu zuela argudiatuz.[75]

Mary Kaldor-ek, Bosniako gerra berak gerra berri modura izendatzen dituen gatazken adibide gisa definitu zuen; gatazka hauek ez dira ez zibil ez estatuen arteko bezala klasifikatzen, bi gerra-moten ezaugarriak baitituzte.[76]

Biktimak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ICTYko demografia unitateak zenbaturiko biktimak[77][78][79]
Guztira
104.732
Bosniakoak c. 68.101
Serbiarrak c. 22.779
Kroaziarrak c. 8.858
Beste c. 4.995
Zibilak guztira
36.700
Bosniakoak 25.609
Serbiarrak 7.480
Kroaziarrak 1.675
Beste 1.935
Soldaduak guztira
68.031
Bosniakoak 42.492
Serbiarrak 15.298
Kroaziarrak 7.182
Beste 3.058
Sarajevoko Ikerketa eta Dokumentazio Zentroak (RDC) zenbaturiko biktimak
(2009ko ekainean emandako datuak)[80]
Guztira
97.214
Bosniakoak 64.341 %66,2
Serbiarrak 24.726 %25,4
Kroaziarrak 7.602 %7,8
Beste 547 %0,5
Zibilak guztira
39.685
Bosniakoak 33.071 %83.3
Serbiarrak 4.075 %10,2
Kroaziarrak 2.163 %5.4
Beste 376 %0,9
Soldaduak guztira
57.529
Bosniakoak 31.270 %54,4
Serbiarrak 20.649 %35,9
Kroaziarrak 5.439 %9,5
Beste 171 %0,3
baieztatu gabe 4.000

Gerrak eragindako hildako-kopuruaren kalkuluak eztabaida handi samar eta oso politizatuak sortu dituen gaia da.[81] Izatez, desadostasun handia dago biktima kopuruarekin, 25.000 eta 329.000 artean aldatzen delarik berau, iturriaren arabera. Arrazoietako bat, gerrako biktima nor izan daitekeenaren definizio kontraesankorrak daudela da. Ikerketa batzuek ekintza militarrek eragindako biktima zuzenak bakarrik kontatzen dituzte, beste batzuk biktima ez-zuzenak ere kontatzen dituztelarik, esate baterako, gerrak eragindako baldintza gogorren (hotza, gosetea, gaixotasunak edo beste istripu batzuk) ondorioz hildakoak. Jatorrizko kopuru handiagoaren beste arrazoietariko bat hildako batzuk birritan edo hirutan kontatzen zirelako da, zerrenda zibil eta militarretan, ez baitzegoen zerrenden koordinazio sistematikorik gerra garaian; kopurua egokitzeko, RDC eta ICTYren unitate demografikoa lanean egon dira zerrenda desberdinetako hildakoen errepikapenak konpontzen.[11]

1994an, Cherif Bassounik, gerra krimenak ikertzen zituen NBEko aditu-komisioaren buruak, 200.000 hildako inguru egon zirela estimatu zuen.[82] Steven L. Burg eta Paul S. Shoup-ek idatzitakoaren arabera [83]:

« 200.000 (edo gehiago) hildako, zauritu eta desagertuen kopurua maiz aipatzen zen Bosniako gerrari buruz eginiko albisteetan, 1994 arte. 1995eko urrian kaleraturiko Osasuna eta Giza-Ongizatearen Komiteko Osasun publikoko Institutu Bosniarraren buletinak armada bosniarraren kontrolpean zeuden lurretan 146.340 hildako eta 174.914 zauritu egon zirela esan zuen. Mustafa Imamovic-ek 144.248 hildakoko kopurua eman zuen (esposizio eta goseaz hil zirenak barne), gehien bat musulmanak. Gurutze Gorriak eta UNHCRk ez dute, dakigunaren arabera, gerraren zehar egondako hildako eta zauriturikoen kopururik eman. 1995eko azaroko CIAren memorandum batek 156.500 hildako zibil estimatu zituen (denak 10.000 izan ezik bosniar eta kroaziarren kontrolpean egondako lurretan), Zepa eta Srebrenicako barrendegietako 8.000 eta 10.000 arteko desagertuak zenbatu gabe. Txosten honetan hildako zibilen kopuruak askogatik gainditzen du txosten berean agertzen den 81.500 hildako militarren kopurua (45.000 gobernu bosniarraren aldekoak; 6.500 bosniar kroaziarrak; 30.000 bosniar serbiarrak).  »


Obermayer et al. eginiko ikerketak 176.000-an ezartzen du biktima kopurua eta Ewa Tabeau-ren ikerketak (Hagako Epaitegiko fiskalaren bulegoa) 104.732tan ezartzen du biktima-kopuru minimoa.[77][78][79] Bertan, adierazten du zenbakiak ez direla "nork nor hil zuen" modura interpretatu behar, milaka serbiar hil baitzituen serbiar armadak Sarajevo, Tuzla eta beste zenbait hiri multietnikoren setioan, bonbardaketan.[84] Txosten honen egileek esaten dute hildako kopurua pixka bat handiagoa izan daitekeela.[77][85]

2007ko ekainaren 21ean, Sarajevoko Ikerketa eta Dokumentazio zentroak Bosnia-Herzegovinako gerrako ikerketa zabalena argitaratu zuen, hurrengo izenburuarekin: Hildakoen liburu Bosniarra - Bosnia-Herzegovinako hildako eta desagerturiko 97.207 hiritarren izenen datu-basea. Nazioarteko aditu-talde batek ebaluatu zituen aurkikuntzak kaleratu baino lehen. 240.000 datu baino gehiago bildu, prozesatu, egiaztatu, konparatu eta ebaluatu zituen nazioarteko aditu-talde batek, nazionalitate guztietako 97.000 biktima baino gehiagoko kopurua emateko. Ikerketak erakutsi du 97.207 biktimetatik gehienak[86] bosniakoak zirela (%66), serbiarrak (%25), kroaziarrak (%8) eta beste nazionalitate batzuetako (albaniarrak, ijitoak...) kopuru txiki batzuk atzetik zituztelarik.[87] Era berean, bosniarrek galera zibil oso handiak pairatu zituzten (%83), serbiar (%10) eta kroaziarrekin (%5) alderatuz gero. Gainera, biktima bosniarren %30-a gutxienez emakumezkoak eta umeak izan ziren.[80]

2008ko irailaren 23an Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 63. sesioan eginiko adierazpenetan Haris Silajdžić, Bosnia eta Herzegovinako delegazioko buruak esan zuen "Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen datuen arabera, 200.000 pertsona erail zituzten, tartean 12.000 ume, 50.000 emakumeraino bortxatu zituzten eta 2.2 milioi pertsonek bere etxea utzi behar izan zuten. Hau, bosniar genozidio eta soziozidio egiaztagarria izan zen."[88]

Kroaziar eta bosniarren arteko gatazkako biktimak ikuspuntu etnikotik lantzen duen estatistika argirik ez dago. Ikerketa eta Dokumentazio zentroak emandako datuetatik (Bosniako gerra orokorretakoak direnak) batzuk har daitezke, gatazka bosniar-kroaziarra jazo zen lurraldeetakoak hain zuzen, hurbilpen bat egiteko. Datu hauen arabera, Bosnia erdialdean dokumentaturiko 10.448 hildakoetatik (soldadu eta zibilak) gehienak bosniakoak (%62) ziren, kroaziarrak (%24) eta serbiarrak (%13) atzetik zituztelarik. Gornji Vakuf eta Bugojno udalerrietako 1.337 hildako dokumentatuak ez daude Bosnia erdialdeko biktima modura kontatuta (Neretva errekako lurraldekoak baizik) nahiz eta udalerriak Bosnia erdialdean kokatuta dauden (Gornje Povrbasje lurraldean hain zuzen). Gornje Povrbasje-ko biktimen %70-80 bosniakoak ziren, gutxi gora behera. Neretva ibaiko lurraldean, 6.717 hildakorekin, %54 bosniakoak ziren, %24 serbiarrak eta %21 kroaziarrak. Lurralde hauetako biktimak gehien bat -baina ez bakarrik- bosniar eta kroaziarren arteko gatazkaren ondorio izan ziren. Hein txikiago batean, serbiarrekin izandako gatazkak ere bere pisua du estatistiketan. Esate baterako, hainbat serbiar erail zituzten kroaziar indarrek 1992an, Čipuljić herrixkan, Bugojno udalerrian.[89]

Era berean, nazioarteko tropen artean baja aipagarriak egon ziren, UNPROFOReko 320 soldadu inguru hil ziren Bosniako gatazkak iraun zuen bitartean.

UNCHRek adierazi zuen Bosnia eta Herzegovinako gatazkak 2.2 milioi pertsona behartu zituela euren etxeak uzten, Europan Bigarren Mundu Gerraren ondoren desplazatu gehien eragin dituen gatazka izanik.[14]

Gerra-krimenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garbiketa etnikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garbiketa etnikoak sarritan jazo ziren gerran zehar. Honen barruan, nahi ez zen talde etnikoaren intimidazio, kanpora bidaltze behartuak edota hilketak zeuden, talde etnikoaren arrasto fisikoak kendu edota suntsituz, hala nola, gurtzeko tokiak, hilerriak eta eraikin historiko eta kulturalak. Matjaž Klemenčič eta Mitja Žagar adituen arabera, "Nazionalista etnikoak ziren politikarien ideiek, zeintzuk Bosnia eta Herzegovina lurralde etniko homogeneotan birrantolatzea zuten helburu, ezinbestean etnikoki nahasiak ziren lurraldeen banaketa zekarren, hauek gune serbiar, kroaziar eta musulman bihurtzeko".[15]

ICTYren hainbat ebazpen eta salaketen arabera, indar serbiar [90][91][92] eta kroaziarrek [19][48][93] garbiketa etnikoa eragin zuten, euren agintaritza politikoak planifikatua izan zena, etnikoki puruak ziren estatuak (Bosniako Serbiar Errepublika eta Herzeg-Bosniako Kroaziar Errepublika) sortzeko. Gainera, serbiar indarrek sarraskia eragin zuten Srebrenican gerra amaieran.[94] 1995eko CIAren txosten baten arabera, serbiar indarrak izan ziren gerran eginiko gerra-krimenen %90-aren erantzule.[9]

HVOren eraso anitzen frogetan oinarrituz, ICTYk ebatzi zuen Kordić eta Čerkez kasuan 1993ko apirilerako, agintaritza kroaziarrak bazuela komuneko diseinu edo plana sorturik eta buruturik Lašva Harana etnikoki bosniarrez garbitzeko, Bosnia erdialdean. Dario Kordić, tokiko agintari politikoa, izendatu zen garbiketa etniko horren planifikatzaile eta eragilearen errudun.[48]

Genozidioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Srebrenica-Potočari-ko genozidioaren biktimen oroigarri eta hilerria
Gorpuak lurpetik ateratzen Srebrenican, 1996

Bosnia-Herzegovinak Serbia eta Montenegroren aurka 1993an eginiko genozidio salaketa bati jarraituz, Nazioarteko Justizia Auzitegian epaiketa egin zen. Nazioarteko Justizia Auzitegiak (ICJ) 2007ko otsailaren 26an kaleraturiko epaiean eta gerraren izaera era ez-zuzenean nazioartekoa zela aitortuz, Serbiak Republika Srpskako indarrek eginiko genozidioaren ardura zuzenik ez zuela izan adierazten da. Hala ere, epaiaren arabera, Serbiak ez zuen indar serbiarrek eragindako genozidioa ekiditeko ezer egin eta ez zituen genozidioa eragin zuten norbanakoak zigortu edota epaitu, bereziki Ratko Mladić jenerala.

Kroazian zegoen AEBetako enbaxadoreak 1994ko otsailaren 8an Etxe Zurira bidalitako telegrama batean genozidioa gertatzen ari zela adierazi zen. Telegramak Sarajevoren aurkako "bonbardaketa jarraitu eta bereizi gabekoa" (Karadžićen indarrek eragindakoa) eta Bosnia iparraldeko talde gutxituek "alde egin zezaten behartzeko saiakera modura" jasaten zuten jazarpena aipatzen ditu genozidioa gertatzen ari zenaren adibide modura.[95] 2005ean, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuak erabaki zuen "Serbiar oldartze eta garbiketa-etnikoen polikak betetzen duela genozidio terminoaren definizoa".[96]

Nahiz eta serbiarrek aldi berean eta Bosnia-Herzegovinako leku desberdinetan eragindako hainbat mota desberdinetako gerra-krimenetako frogak egon, bereziki Bijeljina, Sarajevo, Prijedor, Zvornik, Banja Luka, Vixegrad eta Fočako sarraskietan, Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaileen arabera, bosniar musulmanak ezabatzeko intentzio jakinarekin egin zen eta genozidio kontsidera daitekeen sarraski bakarra Srebrenicakoa izan zen, 1995ean Bosnia ekialdean jazotakoa. Auzitegiak ebatzi zuen 1992-1995 artean eginiko krimenak, gizateriaren aurkako krimen modura deskribatu daitezkeela nazioarteko legearen arabera, baina ekintza hauek ez zutela berez, genozidioa suposatzen.[97] Auzitegiak erabaki zuen, 2006ko Montenegroren independentzia deklarazioaren ostean, Serbia zela kasuan erantzule bakarra, baina "iraganean garaiko edozein ekintzen ardura, Serbia eta Montenegro estatu batuaren erantzukizuna" zela.[98]

Masa-bortxaketa eta zapalketa psikologikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Bosniako gerran zehar alde guztietakoek emakumeak bortxatu, bereziki serbiarrek emakume katoliko eta musulmanak erasotu zituzten.[99] Bortxaturikoen kopuruen estimazioak 20.000 eta 50.000 artekoak dira.[100]

Eraso hauen ondorioz emakume eta neskek pairaturiko arazoen artean ginekologikoak, gaixotasun fisiko eta psikologikoak, nahi ez ziren haurdunaldiak eta sexu-transmisiozko gaixotasunak egon ziren. Bizirik atera ziren askok orain ere deseroso/frustratu/nazkaturik sentitzen dira gizonezkoekin, sexuarekin eta harremanekin; biztanleria edo gizarte baten hazkunde eta garapena baldintzatuz. Gizarte musulmanetan ohikoa den moduan ezkongabeak ziren emakumezko gehienak birjinak ziren bortxatuak izan zirenean, oraindik trauma handiagotuz. Masa-bortxaketak batez ere Bosnia ekialdean egin ziren, Fočako sarraskian alde batetik eta Grbavican bestetik, Sarajevoko setioak zirauen bitartean.

Serbiar soldaduek emakume eta neskak atxilo-esparruetan edukitzen zituzten, bizi-baldintza guztiz antihigienikoetan bizitzera beharturik zeudelarik, tratu txarrak jasaten zituzten bitartean, tartean behin eta berriz bortxatua izatea. Polizia edo militar serbiarrak atxilo-esparru hauetara joan, emakumezko bat edo gehiago aukeratu, kanpora eraman eta bortxatu egiten zituzten. Guzti hau bistara egiten zen, tokiko agintari serbiarrek, bereziki indar polizialek, horren berri zutelarik, baita parte-hartze zuzena ere batzuetan. Fočako polizia-indarren burua, Dragan Gagović, identifikatu zuten atxilo-esparruetara emakumeak bortxatzen joaten zen gizonetako bat modura. Hainbat bortxatze-esparru zeuden Fočan, tartean, "Karamanen etxea" deiturikoa. Bertan bahiturik zeuden bitartean, emakumezkoak etengabe bortxatzen zituzten. Emakumezko horien artean, adin txikikoak ere baziren, 12 eta 14 urteko gazteak zirelarik batzuk.[36][101][102]

Bereziki emakumezko bosniako musulmanak erasotu zituzten, bortxatzea izanik serbiarrek bosniakoei nagusitasuna eta garaipen erakusteko modu bat. Esate baterako, Dragoljub Kunarac gerra kriminal zigortuak edo bere agindupeko gizonek aukeraturiko neska eta emakumeak sistematikoki eramaten ziren soldaduen basera. Bertan, neska eta emakumeak, zeintzuk Kunarac-ek zekien zibilak ziren, bortxatzen zituzten soldaduek edo Kunarac berak. Soldadu serbiarrek, atxilo-esparruetatik hainbat emakumezko musulman hartzen zituzten eta haiekin izatera behartzen zuten zenbait denborarako, bortxatua izateko.[36]

Radomir Kovač-ek, bera ere ICTYk gerra krimenengatik zigortua, lau emakumezko zituen bere etxean bahiturik eta horietatik hiru behin eta berriz bortxatzen zituen, bosniar gizarte zibilaren aurkako erasoa indartuz. Kovač-ek bere lagunak ere gonbidatzen zituen bere etxera, batzuetan haiek ere emakumezkoak bortxatzea baimenduz. Gainera, Kovač-ek hiru emakumezko saldu egin zituen. Saldu baino lehen, emakumezko horietako bi beste soldadu serbiar batzuen eskuetan jarri zituen, azken hauek hiru astez behin eta berriz hauek bortxatu ondoren itzuli zizkiotelarik bueltan. Azken horietako emakume bat saldu egin zuen eta bestea ezagun baten eskuetan utzi zuen.[36]

Auzipetzeak eta prozedura legalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Radovan Karadžić, Republika Srpskako presidente ohia, gaur egun gerra krimenengatik epaitzen ari dira.

Jugoslavia Ohierako Nazioarteko Epaitegi Kriminala (ICTY, ingelesezko sigletatik) 1993an eratu zen NBEren gorputz modura, Jugoslaviako gerretan egindako krimenak aztertu eta egileak auzipetzeko. Epaitegia Hagan (Herbehereak) dago kokatuta.

Lege-adituen arabera, 2008rako, 45 serbiar, 12 kroaziar eta 4 bosniako gerra krimenen egile modura kondenatu zituen ICTYk Balkanetako gerrekin lotuta.[10] Serbiar eta kroaziarrak salatu eta kondenatu zituzten gerra krimen sistematikoak (estrategia baten barruan) egitearen arduradun modura, bosniakoak norbanakoek eginiko gerra krimenengatik zigortu zituztelarik. Gerra garaiko serbiar agintaritza ia osoa, tartean Biljana Plavšić,[103] Momčilo Krajišnik [91] eta Duško Tadić[104] gerra krimen eta garbiketa etnikoa egin izanagatik epaitu eta zigortu zituzten. Radovan Karadžić, Republika Srpskako presidente ohia, gaur egun epaitzen ari dira.[105] Era berean, Ratko Mladić general militar nagusia epaitzen ari dira ICTYn, Sarajevoko setioa eta Srebrenicako sarraskiarekin loturik.[106] Garaiko Serbiako presidentea, Slobodan Milošević, gerra krimenen erantzule modura akusatu zuten, tartean Genevako itunaren hauste larriak, gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa,[107] baina 2006an hil zen epaiketa amaitu baino lehen.[108] Zenbait kroaziar goi-mailako aagintari batzuk (Dario Kordić) ere zigortu zituzten gerra krimenak egiteagatik, beste batzuk (Jadranko Prlić, Bruno Stojić, Slobodan Praljak, Milivoj Petković, Valentin Corić, eta Berislav Pušić) oraindik epaitzen ari direlarik. Alija Izetbegovićen heriotzaren ondoren, ICTYk jakinarazi zuen bera gerra krimenak egin zituenaren susmoak zeudela eta beraz ikerketapean egon zela; dena den, fiskalak ez zuen froga nahikorik aurkitu Izetbegović bizirik zegoen bitartean akusisazio bat osatzeko.[109] Genozidioa da serbiarren aurka eginiko akusazio gogorrena. Kroaziarren kasuan, gizateriaren aurkako krimenekin (garbiketa etnikoa), genozidioaren ondoren akusaziorik altuena, jaso zituzten zigorrik handienak. Bosniarren kasuan, jasotako zigorrik larrienak Genevako itunaren hausturarekin loturiko gerra krimen desberdinak izan ziren.[110]

Berradiskidetzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004ko abenduaren 6an, Boris Tadić serbiar presidenteak Bosnia-Herzegovinan barkamena eskatu zuen serbiar herriaren izenean krimenak jasan zituen jendeari.[111]

« Denok eskatu behar diogu barkamena batak besteari, eta nik izan behar badut hala egiten lehena, hemen nago.  »

Boris Tadić, serbiar presidentea, [111]

Ivo Josipović kroaziar presidenteak 2010ko apirilean eskatu zuen barkamena bere herrialdeako Bosniako gerran izan zuen paperagatik. Trukean, Haris Silajdžić Bosnia eta Herzegovinako presidenteak Kroaziarekin erlazioak hobetu zituen, nahiz eta serbiarren kasuan aurrekoan hala ez egin.

« Biziki damu dut Kroaziako errepublikak lagundu izana gaur egun oraindik zamatzen gaituzten jendearen sufrimendu eta banaketa osatzen.  »

—Ivo Josipović, Kroaziako errepublikako presidentea, Bosnia-Herzegovinako parlamentuaren aurrean., [112]

2010eko martxoaren 31n serbiar parlamentuak adierazpena onartu zuen "1995eko uztailean Srebrenicako biztanleria bosniakoaren aurka eginiko krimena erarik eta gogorrenean gaitzetsiz" eta biktima guztiei barkamena eskatuz, hala egiten duen lehen adierazpena izanik lurraldean. Adierazpenaren bultzatzailea Boris Tadić presidentea izan zen, aurrera eraman zuena nahiz eta politikoki oso gai eztabaidatua izan. Aurretik, giza-eskubideen aldeko taldeek eta alderdi ez-nazionalistek bakarrik bultzatu zituzten halako neurriak.[113]

Mapen galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bosniako gerra Aldatu lotura Wikidatan
Indar armatuak
Gertakariak eta operazioak
Entitate politikoak

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) ICTY: Conflict between Bosnia and Herzegovina and the Federal Republic of Yugoslavia
  2. (Ingelesez) ICJ: The genocide case: Bosnia v. Serbia - Ikus VI. zatia, 235-241 orriak.
  3. (Ingelesez) ICTY: The attack against the civilian population and related requirements
  4. (Ingelesez) [http://www.icty.org/x/cases/naletilic_martinovic/tjug/en/nal-tj030331-e.pdf ICTY: Naletilić and Martinović verdict – A. Historical background}}
  5. Silber, L (1997), Yugoslavia: Death of a Nation. Penguin Books, 185. orr.
  6. (Ingelesez) Roger Cohen, New York Times:CONFLICT IN THE BALKANS: THE OVERVIEW; NATO PRESSES BOSNIA BOMBING, VOWING TO MAKE SARAJEVO SAFE. 1995eko abuztuaren 31a
  7. (Ingelesez) [Richard Holbrooke, To End a War, 1999 Modern Library: New York 102. orr.]
  8. (Ingelesez) AEBetako Defentsa departamendua:Dayton Peace Accords on Bosnia
  9. a b (Ingelesez) Roger Cohen, New York Times: C.I.A. Report on Bosnia Blames Serbs for 90% of the War Crimes
  10. a b (Ingelesez) New York Times – Karadzic Sent to Hague for Trial Despite Violent Protest by Loyalists [1]
  11. a b Ewa Tabeau, Jakub Bijak: War-related Deaths in the 1992–1995 Armed Conflicts in Bosnia and Herzegovina: A Critique of Previous Estimates and Recent Results. European Journal of Population [2]
  12. (Ingelesez) Reuters:Research halves Bosnia war death toll to 100,000
  13. (Ingelesez) U.S. Department of State:Review of European Security Issues
  14. a b (Ingelesez) Jolie highlights the continuing suffering of the displaced in Bosnia
  15. a b (Ingelesez) Matjaž Klemenčič; Mitja Žagar; The former Yugoslavia's Diverse Peoples: A Reference Sourcebook ABC-CLIO: Santa Barbara, Kalifornia 2004. 311. orr.
  16. http://books.google.com/books?id=rN5bt0iMYuoC&pg=PA220
  17. (Ingelesez) Nazio Batuen Erakundea: The prosecutor of the tribunal against Slobodan Milošević: Amended Indictment
  18. http://books.google.com/books?id=NlRD4yaHrEYC&pg=PA279
  19. a b c d e (Ingelesez) ICTY: Naletilić and Matinović verdict
  20. http://books.google.com/books?id=_RSi4WL0RP8C&pg=PA12&lpg=PA12
  21. a b http://books.google.com/books?id=ZzYznOEiZmcC&pg=PP1137
  22. a b c (Ingelesez) CTY: Blaškić verdict
  23. a b c d e f g ICTY: Jadranko Prlić, Bruno Stojić, Slobodan Praljak, Milivoj Petković, Valentin Ćorić & Berislav Pušić
  24. Damjan de Krnjevic-Miskovic: Alija Izetbegovic, 1925–2003
  25. (Ingelesez) http://www.guardian.co.uk/comment/story/0,3604,688310,00.html The Guardian: America used Islamists to arm the Bosnian Muslims]
  26. a b Duro Kozar: Oslobodenje-Svijet
  27. Mirko Pejanović:Through Bosnian Eyes: The Political Memoir of a Bosnian Serb 86. orr.
  28. Vjesnik: Je li Tuta platio atentatorima po pet tisuća maraka
  29. Lara J. Nettelfield: Courting Democracy in Bosnia and Herzegovina: The Hague Tribunal's Impact in a Postwar State 73. orr.
  30. Nigel Thomas, Krunoslav Mikulan, Darko Pavlović. The Yugoslav Wars: Bosnia, Kosovo and Macedonia 1992–2001 Osprey Publishing, 2006
  31. Srebrenica – a 'safe' area Gerra dokumentaziorako institutu holandarra.
  32. Helena Smith, Greece faces shame of role in Serb massacre, The Observer, 2003ko urtarrilak 5
  33. Nacional: Šveđanin priznao krivnju za ratne zločine u BiH
  34. United States Institute of Peace, Dayton Implementation: The Train and Equip Program, 1997 iraila.
  35. (Ingelesez) ICTY: Blagojevic and Jokic judgement
  36. a b c d (Ingelesez) ICTY: Kunarac, Kovač and Vuković judgement
  37. (Ingelesez) ICTY: Greatest suffering at least risk
  38. http://books.google.com/books?id=ACvJHam2_-oC&pg=PA284
  39. http://books.google.com/books?id=Rx-1MdUlzaUC&pg=RA1-PA221
  40. http://books.google.com/books?id=xWKjSc0ql3cC&pg=PA190
  41. http://books.google.ca/books?id=ACvJHam2_-oC&lpg=PA291&ots=E3y7XK_f5A&dq=Nikola%20Gardovi%C4%87&pg=PA291#v=onepage&q=&f=false
  42. Helsinki Committee for Human Rights in Serbia:A statement at the seventh biennal meeting of the International Association of Genocide Scholars
  43. Human Rights Watch:Weighing the Evidence 32. orr.
  44. a b http://sim.law.uu.nl/sim/caselaw/tribunalen.nsf/db2e2884b11f7cbbc125720a007af60b/8cc6f2501fe7c551c12571fe004d31cd?OpenDocument
  45. a b c d e f g h ICTY: Milomir Stakić epaia
  46. Nazio Batuen Erakundea. CCPR Human Rights Committee. "Bosnia and Herzegovina Report"
  47. Pessimism Is Overshadowing Hope In Effort to End Yugoslav Fighting
  48. a b c d e f g h i j ICTY: Kordić and Čerkez verdict
  49. Sarajevo, i poslije, Erich Rathfelder, München 1998 [3]
  50. LeBor, Adam. Complicity With Evil Yale University, 2006.
  51. Angus Macqueen and Paul Mitchell, The Death of Yugoslavia
  52. SENSE Tribunal: Poziv na predaju
  53. SENSE Tribunal: Ko je počeo rat u Gornjem Vakufu
  54. SENSE Tribunal: "James Dean" u Gornjem Vakufu
  55. ICTY (1995): Hasierako akusazioa Lasva Haraneko lurraldean jazotako garbiketa etnikoa dela-eta - Bigarren zatia
  56. ICTY: Miroslav Braloren zigor epaiaren laburpena
  57. IDC: Novi Travnik, Vitez, Kiseljak eta Busovačako biktimen estatistikak
  58. The Yugoslav Wars: Bosnia, Kosovo and Macedonia 1992–2001
  59. a b c d e f g h i j NATOren manuala: Gatazkaren eboluzioa
  60. a b c d e f g h i Bethlehem, Daniel L. Weller, Marc: The 'Yugoslav' Crisis in International Law
  61. Carnes, Mark Christopher: American national biography 29. orr.
  62. Economides, Spyros & Taylor, Paul(2007)."Former Yugoslavia", United Nations Interventionism, 1991–2004, 89. orr. New York: Cambridge University Press.
  63. a b c A/54/549 txostena
  64. Foreign Policy of the United States Simone, 1. liburukia 186. orrialdea
  65. a b Foreign Policy of the United States Simone, 1. liburukia 187. orrialdea
  66. Los Angeles Times 1994ko otsailaren 13a U.S. Will Honor Bosnia Arms Embargo
  67. Tanke daniarrak gerran
  68. ICTY: Krstić epaia
  69. UN Srebrenica immunity questioned
  70. Gertakarien txostena, www.vandiepen.com
  71. "Under The UN Flag; The International Community and the Srebrenica Genocide" Hasan Nuhanović, pub. DES Sarajevo, 2007, ISBN 978-9958-728-87-7
  72. a b c d (Ingelesez)  Burg, Steven L.; Shoup, Paul S. (2000), The War in Bosnia-Herzegovina: Ethnic Conflict and International Intervention, New York: M. E. Sharpe, 190–191. orrialdeak, ISBN 1563243091, http://books.google.com/books?id=-4eKmp_qu_QC&lpg=PP1&pg=PA190#v=onepage&q&f=false .
  73.   Campbell, David (1998), «Metabosnia: Narratives of the Bosnian War», Review of International Studies 24 (2): 261-281 .
  74. (Ingelesez)  Bose, Sumantra, Bosnia after Dayton: Nationalist Partition and International Intervention, Londres: C. Hurst & Co., 21. orrialdea, ISBN 1850655855, http://books.google.co.uk/books?id=__l4ZQo_qnQC&lpg=PP1&pg=PA21#v=onepage&q&f=false .
  75. Serbiako Gobernua Ejup Ganić-en aurka kasua. Timothy Workman. 2010eko uztaila.
  76. (Ingelesez)  Kaldor, Mary, New and Old Wars: Organised Violence in a Global Era, Cambridge: Polity Press, ISBN 0745638635, http://books.google.co.uk/books?id=__l4ZQo_qnQC&lpg=PP1&pg=PA21#v=onepage&q&f=false .
  77. a b c ICTY: THE 1992-95 WAR IN BOSNIA AND HERZEGOVINA: CENSUS-BASED MULTIPLE SYSTEM ESTIMATION OF CASUALTIES UNDERCOUNT
  78. a b ICTY – Casualties
  79. a b New War Demographics Feature on the ICTY website
  80. a b Research and Documentation Center: Rezultati istraživanja "Ljudski gubici '91-'95"
  81. (Ingelesez)  Nettelfield, Lara, Sex, Drugs, and Body Counts: The Politics of Numbers in Global Crime and Conflict, Cornell University Press, 159-187. orrialdeak, ISBN 0801476186, http://books.google.co.uk/books?id=HmkhqVRxVNIC&lpg=PP1&pg=PA159#v=onepage&q&f=false .
  82. (Norvegieraz (Bokmål)) "102.000 drept i Bosnia", NRK-ko albisteak, 2004ko azaroaren 14a
  83. The War in Bosnia-Herzegovina: Ethnic Conflict and International Intervention Steven L. Burg eta Paul S. Shoup
  84. OTP – Casualties of Bosnian War
  85. Hagako Epaitegia, http://www.icty.org/sid/10591
  86. RDC – Biktimen ikerketaren emaitzak – 2007ko ekaina
  87. Bosniaren "Hildakoen liburua", 2007ko ekainaren 23a
  88. Haris Silajdžić doktoreak eginiko adierazpenak, Bosnia eta Herzegovinako delegazio-burua. Batzar Nagusiaren 63. sesioan., Laburpena, 2008ko irailak 23.
  89. RDC – Ikerketaren emaitzak (2007) – Giza-galerak Bosnia eta Herzegovinan 1991–1995 [4]
  90. ICTY: Fiskala, Vujadin Popovic, Ljubisa Beara, Drago Nikolic, Ljubomir Borovcanin, Radivoje Miletic, Milan Gvero, eta Vinko Pandurevic aurka Aipua, ingelesez: In the Motion, the Prosecution submits that both the existence and implementation of the plan to create an ethnically pure Bosnian Serb state by Bosnian Serb political and military leaders are facts of common knowledge and have been held to be historical and accurate in a wide range of sources.]
  91. a b ICTY: Radoslav Brđanin epaia
  92. ICTY Tadic kasua: Epaia Aipua ingelesez: Importantly, the objectives remained the same: to create an ethnically pure Serb State by uniting Serbs in Bosnia and Herzegovina and extending that State from the FRY [...] to the Croatian Krajina along the important logistics and supply line that went through opstina Prijedor, thereby necessitating the expulsion of the non-Serb population of the opstina.
  93. ICTY: Fiskala, Jadranko Prlic, Bruno Stojic, Slobodan Praljak, Milivoj Petkovic, Valentin Coric en Berislav Pusic-en aurka Aipua, ingelesez: Significantly, the Trial Chamber held that a reasonable Trial Chamber, could make a finding beyond any reasonable doubt that all of these acts were committed to carry out a plan aimed at changing the ethnic balance of the areas that formed Herceg-Bosna and mainly to deport the Muslim population and other non-Croat population out of Herceg-Bosna to create an ethnically pure Croatian territory within Herceg-Bosna.
  94. "ICTYren presidentearen, Theodor Meron-en hitzaldia Potočari-ko hilerrian, [5]
  95. Galbraith-en Telegrama, Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Saila
  96. AEBetako Senatuaren iritzia adierazten duen erresoluzioa, Srebrenicako sarrasiaren gainean.
  97. (Ingelesez) Sense Tribunal: SERBIA FOUND GUILTY OF FAILURE TO PREVENT AND PUNISH GENOCIDE
  98. Auzitegiko presidentearen adierazpena
  99.   Booth, Ken (2011), The Kosovo tragedy: the human rights dimensions, 73. orrialdea, ISBN 9780714650852 .
  100. "Sexual and Gender-Based Violence in Conflict: A Framework for Prevention and Response". Nazio Batuen Erakundeko Gai Humanitarioen koordinaziorako bulegoa. 2008. http://ochaonline.un.org/News/InFocus/SexualandGenderBasedViolence/AFrameworkforPreventionandResponse/tabid/4751/language/en-US/Default.aspx.
  101. The Society for Threatened Peoples (GfbV): Documentation about war crimes – Tilman Zülch
  102. Radovan Stankovicen aurkako epaiketaren transkripzioa
  103. Biljana Plavšićen aurkako epaiketa 27 urteko kartzea zigorra ezarri zioten.
  104. Duško Tadićen aurkako epaia
  105. Radovan Karadžić-en akusazioaren bigarren bertsio zuzendua
  106. Ratko Mladićen akusazio zuzendua
  107. BBC News: ilosevic charged with Bosnia genocide
  108. BBC News:Milosevic found dead in his cell
  109. The Independent: Bosnian leader was suspected of war crimes
  110. ICTYren kasuak, akusazioak eta prozedura legalak
  111. a b BBC News: Serb leader apologises in Bosnia
  112. CBC: Croatian president apologizes to Bosnia over war
  113. "Serbian Declaration on Srebrenica Massacre an Imperfect but Important Step", International Center for Transitional Justice