Adjektibo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Gramatikan, adjektiboa izenari lagundu eta nolako den adierazten duen hitza da, izenari buruzko ñabardurak ematen dituen elementua da. Beraz, adjektiboa ere izen-sintagmaren osagai nagusietakoa da. Determinatzaileak izenaren erreferentzia zehazten duen bezala, adjektiboak, gehienetan, izenaren ezaugarri bat ematen du aditzera, izenaren kualitate bat. Horregatik, adjektiboei «kalifikatzaile» ere deitzen zaie. Izenetik eskuinera kokatzen diren adjektiboei (txiki, gorri, luze...) izenondo deritze. Izenlagun hitza, berriz, izenaren aurretik doazen adjektiboetarako erabiltzen da (herriko, larruzko, idazteko, zure, Maddiren...).

Hizkuntza gehienek, baina ez guztiek, dauzkate adjektiboak. Ez daukatenek beste hitz-mota batzuk, gehienetan aditzak, erabiltzen dituzte funtzio semantiko bera betetzeko; esaterako, "handia izan" esan nahi duen aditz bat eduki dezakete eta, "etxe handia" adierazteko, "handia den etxea" esaten dute.

Adjektiboaren zeregina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adjektiboaren zeregina, beste edozein aldarazlerena bezala, izenaren erreferentzia murriztea da. Gizon izenak diren gizon guztiei erreferentzia egiteko balio du. Baina gizon gazte esatean, gizonen multzo handi horretatik batzuk bakarrik hartzen dira gogoan. Alegia, gizon gazteen multzoa gizonena baino askoz mugatuagoa da, gizon zaharrak ere, gizon izanik, ez baitira gizon gazteak.

Adjektiboaren kokagunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz adjektiborik gehienak izenaren eskuinean kokatzen dira, izenaren ondo-ondoan:

  • Elefante HANDI bat agertu zen.
  • Neska EDER horrek ireki digu atea.
  • Bost disko MERKE erosi ditugu.

Adibide horietan ageri diren izen-sintagmetan adjektibo bana dago. Denak izenaren eskuinera. Horixe izango da, hain zuzen, hitz bat adjektibo den ala ez erabakitzeko erabil daitekeen irizpide nagusia:

  • Gazte ESKUZABAL asko dago Euskal Herrian.
  • Mutil GAZTEak behar dituzte lantegi horretan.

Adibide horietako izen-sintagmetan, gazte hitza ageri da. Lehenbiziko kasuan, izena da, eskuzabal adjektiboaren ezkerretara ageri baita. Baina bigarrenean, adjektiboa da, mutil izenaren eskuinera kokatua baitago, izen hori aldaraziz.

Izenaren ezkerrean jartzen diren adjektiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, adjektiboak izenaren eskuineko aldea hartzen du. Badira adjektibo batzuk, hala ere, hainbatetan izenaren ezkerrean aurkituko ditugunak: -tar eta -dun.

-tar atzizkiaz osatutako adjektiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arau orokor gisa, -(t)ar atzizkiaz osatutako adjektiboak izenaren ezkerrean jartzekoak dira; halaxe egin da euskararen tradizio osoan, baita XX. mendean ere:[1][2][3][4]

  • joan den mendeko gipuzkerazko bizkaitar idazlea

Salbuespen gisa, -(t)ar atzizkiaz osatutako adjektiboak izenaren eskuinean jartzekoak dira pertsona izenen ondoan:[4]

  • Pernando Amezketarra, Gorbatxov errusiarra, Jordaens flandestarra, Maritxu sunbildarra.

Eta, orobat salbuespen gisa, onargarria da izenaren eskuinean jartzea izenak ezkerrean osagarri askotxo duenean:[4]

  • makina bat margolan eder egin duen Donostiara ezkondutako pintore estatubatuarra.

-dun atzizkiaz osatutako adjektiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-dun atzizkiaz osatutako adjektiboak, berriz, nahiz eta batzuetan ezkerrean erabiltzen diren, euskararen tradizioan izenaren eskuinean agertu izan dira gehienbat (ume hiztuna, jende jakituna, apaiz diruduna...). Beraz, izenaren eskuinean jartzea da erabilera hobestekoa (aulki besoduna).[2][5]

Adjektibo bat baino gehiago ager daiteke izen-sintagman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenaren erreferentzia murriztea da adjektiboaren zeregina izen-sintagmaren barruan. Baina adjektibo baten ondoren beste bat jar daiteke, eta haren ondoren beste bat, eta horrela, behar diren adina. Horrela erantsitako adjektibo bakoitzak izenaren erreferentzia gero eta murritzago izatea dakar. Adibidez, liburu izenak liburu guztien multzoa besarkatzen du. Liburu zahar-ek, multzo hori murriztu egiten du. Eta multzo hori oraindik murritzago gerta daiteke beste adjektibo bat erantsiz. Adibidez, liburu zahar merke, edo liburu zahar merke eder. Azkena eransten dugun adjektiboak ezkerreko multzo osoa «harrapatzen» du, eta, horrela, izenaren erreferentzia murrizten. Hemen, hala ere, arazoa izan liteke adjektibo horiek zein hurrenkeratan joan behar duten erabakitzea: Liburu gorri merkea ala liburu merke gorria?, adibidez. Ez dago irizpide argiegirik. Hala ere, zenbait joera soma daitezke. Esaterako, neurriaren eta kolorearen artean, normalena kolorea lehenbizi eta neurria gero ematea da. Baina alderantziz ere egin daiteke, zer esan nahi den. Liburu gorri lodia / Liburu lodi gorria.

Adjektiboen juntadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adjektiboak juntaturik ere egon daitezke. Juntatutako adjektiboak elkarren parean daude horrelakoetan, ez aurreko atalean bezala:

  • Liburu ZAHAR eta ATSEGINAK ikusi ditugu.
  • Ikasle JATOR eta ALAIAK bildu ziren.

Haien ordez, beste egitura hauek ere aurkitu daitezke:

  • Liburu zaharrak eta atseginak
  • Ikasle euskaldunak eta greziarrak

Baina bi azken adibide bezalakoetan anbiguotasuna gerta daiteke, aurrekoetan ez bezala. Izan ere, azken horiek interpretazio bat baino gehiago izan dezakete:

  • Ikasle euskaldunak eta greziarrak ( = ikasle euskaldunak eta ikasle greziarrak).
  • Ikasle euskaldunak eta greziarrak ( = greziarrak eta ikasle euskaldunak).

Adjektiboaren hedakuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adjektiboak ere, izenak bezala, bere inguratzaileak har ditzake. Ez izenak adina, baina batzuk bai: maila-adberbioak esaterako, edo mugatzailea (izen-predikatuetan). Beste adjektibo batek aldarazia ere egon daiteke. Horregatik, Izen-sintagma dagoen bezala, onartu behar da badela Adjektibo-sintagma ere.

Adjektiboa adjektiboaren aldarazle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain arte, ikusi da izen-sintagmaren barruan adjektibo bat baino gehiago ager daitekeela. Baina adjektibo horietako lehenbizikoak izen-sintagmaren ardatz den izena aldarazten du, bigarrenak, berriz, [izena+adjektibo] multzoa, eta, horrela, azkena arte. Baina gerta daiteke bi adjektibo aurkitzea eta bietariko batek bestea aldaraztea eta ez, egiazki, zuzenean izen-sintagmaren ardatza edo ezkerreko [izena + adjektiboa] multzo osoa. Adibidez, soineko urdin argia esatean, argi adjektiboa ez dagokio zuzenean soineko-ri, urdin-i baizik. Alegia, soinekoa ez da argia; argi adjektiboa, urdin-i dagokio, argia urdina da. Urdina iluna edo argia izan daiteke.

Maila-adberbioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adjektiboa, zenbait adberbio bezala, maila-adberbioz lagundurik ere ager daiteke. Hauek dira arruntenak: oso, aski, biziki, arrunt, txit, nahiko, dezente, izugarri, benetan, egiazki, erabat, guztiz, honen, horren, hain, … Maila-adberbio horiek adjektiboaren ezkerretara agertzen dira. Eta [izena + adjektibo] hurrenkera denean, izen-sintagmetan gertatu ohi den bezala, maila-adberbio horiek izenaren ezkerretara ageri ohi dira:

  • OSO neska galanta
  • GUZTIZ liburu aproposa
  • NAHIKO mutiko langilea
  • HAIN lan zaila

Konparazio-perpausek funtzio bera betetzen dute, maila-adberbioen zeregina, alegia:

  • ZU (zaren) BEZAIN neska galanta.
  • HAU BAINO liburu aproposagoa da hura.
  • ANDONI BEZAIN mutiko langilea da Joseba.

Maila adierazteko beste bideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maila-adberbioak hitz lokabeak dira. Baina, euskaraz, badira beste bi bide behintzat adjektiboak adierazten duena mailakatzeko:

  • -EN, -AGO eta -EGI

Hiru horiek atzizkiak dira. Adjektiboei eta adberbio batzuei eransten zaizkie, superlatiboa, konparatiboa edo larregitasuna adierazteko.

  • Adjektiboak errepikatzea

Bide hau superlatiboak eratzeko baliatzen da: eder-ederra esatean eta oso ederra esatean, funtsean gauza bera esaten da. Idazkerari dagokionez, kontu izan esapide horietan bi osagaien artean marratxoa idatzi behar dela.

  • Atzizki txikigarriak eta handigarriak

Beste atzizki batzuk ere badira adjektiboaren esanahia nolabait aldarazten dutenak, txikigarri gisa nahiz handigarri moduan.Sail horretakoak dira -txo, -ño, -xka, -xko, -kote, -tzar eta antzekoak. Atzizki horiek izenei ere erants dakizkieke: herrixka, etxetxo, andereño, etab.

Adjektiboak badu lekua izen-sintagmatik kanpo ere: predikatu osagarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adjektiboaren kokagune tipikoa, izen-sintagman duenaz kanpo, predikatu osagarriarena da. Predikatu osagarria deitzen duguna perpausaren subjektuari lotura-aditz baten bidez erlazionatua agertzen da. Lotura-aditz ohikoenak IZAN eta EGON dira. Predikatu osagarria adjektiboak osatua dagoenean, adjektibo-sintagma bat dela esan ohi da. Adjektibo-sintagma horren ardatza adjektiboa da. Ardatz-elementu horretaz gainera, mugatzailea ager daiteke. Adjektiboak, bere aldetik, maila-aditzondoa eraman dezake. Beraz:

  • Etxe hori ITSUSIA da (itsusi + a) Adj mg
  • Gizon hori OSO JAKINTSUA da (oso + jakintsu + a ) maila Adj mg
  • Ardo pixka bat edatea ON(A) da (on + (a) ) Adj mg
  • Bizikleta hori GARESTIEGIA da (garesti + egi + a ) Adj maila mg

Subjektuari buruzko predikatu osagarriak ez ezik, objektuari buruzkoak ere badira. Halakoak, hala ere, adjektibo-sintagma baino gehiago izen-sintagma izan ohi dira, eta aditzak ere objektua eskatzen dutenetakoa izan behar du: HARTU, IZENDATU, BIHURTU, etab. Adibidez:

  • Etsaiak LAGUN hartuta dabil aspaldian.
  • Gizon hori ALKATE izendatu dute.

Era horretako predikatu osagarriak mugagabean joan ohi dira.

Mugatzailea noiz agertzen da predikatu osagarrian?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpausaren subjektua izen-sintagma arrunta denean, ohikoena adjektibo-sintagma mugatzaile eta guzti agertzea da. Hori da etxe hori ITSUSIA da, gizon hori OSO JAKINTSUA da, ardo pixka bat edatea ON(A) da, bizikleta hori GARESTIEGIA da adibideetan ikusten dena. Hala ere, lotura-aditza IZAN izan beharrean beste bat bada –EGON, JOAN eta horrelakoak–, orduan nahiko normala da adjektibo-sintagmak osatzen duen predikatu osagarri hori mugatzailerik gabe ematea:

  • Liburu horiek merke daude denda honetan.
  • Edurne beti oso dotore etorri ohi da eskolara.

Horrelakoetan, batzuetan zalantza izan daiteke ea adjektibo-sintagma dugun ala adberbio-sintagma. Baina kontuan hartzen bada sintagma horiek subjektuarekin nolabaiteko lotura dutela –adibidez, azken adibideko perpausean oso dotore sintagma ez dagokio etorrerari berari, Edurneri baizik–, predikatu osagarri direla esan behar da. Horrenbestez, dotore-k adjektibo izaten segituko du. Baina, hori bai, mugagabean emateko joera dago IZAN-ez kanpoko beste aditzak daudenean tartean. Baina perpausaren subjektua perpausa bada –hurrengo adibidean bezala–, orduan adjektiboa mugatzailerik gabe ager daiteke:

  • Neronek esatea ez da eder.

Horrelako perpausetan eder izan ‘komeni izan’-en baliokide dirudi. Badira, bestalde, zenbait adjektibo (libre, preso, eta beste bakarren bat) mugagabean agertu ohi direnak normalki:

  • Libre nago azkenean.
  • Libre da nahi duzuna esatea.

Badira, azkenik, mugagabean agertzeaz gainera, izen-sintagmaren barnean agertzen ez diren adjektiboak: gai, zilegi eta haizu:

  • Ez naiz gai horrelako gauza bat egiteko.
  • Ez da zilegi inor hiltzea.

Baina ez:

  • *Ez naiz gaia horrelako gauza bat egiteko.
  • *Ez da zilegia inor hiltzea.

Eta izen-sintagmaren barnean ere ez da aurkituko horrelakorik:

  • *Pertsona gai bat behar dugu. (cf. Gai den pertsona bat behar dugu.)
  • *Gauza zilegiak bakarrik egin behar dira. (cf. Zilegi diren gauzak bakarrik egin behar dira.)

Horrek esan nahi du, berez, gai, zilegi eta antzekoak ez direla egiazko adjektiboak. Hitz horiek tratatzeko biderik egokiena aditz-multzo berezien lehen osagaitzat hartzea litzateke. Hots: gai izan, zilegi izan, haizu izan eta antzekoak egiazki aditzak izango lirateke, nor izan, gauza izan, komeni izan, ados izan eta abar bezalaxe.

Adjektiboa eta zenbatzaile-sintagma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen-sintagmaren barnean, izen neurgarriekin, zenbatasunezko zehaztapena ezartzen duen zenbatzaile-sintagma ager daitekeen bezala, zenbait adjektibo ere –bereziki, neurria adierazten dutenak: luze, zabal, handi, sakon, etab.– zenbatzaile-sintagmaz horniturik ager daiteke:

  • Bi metro luze da mahai hori.
  • Zapata hau bestea baino bi zentimetro zabalago da.

Era horretako adjektibo-sintagmak ez dira izen-sintagmaren barnean kokaturik agertzen, predikatuaren barnean baizik:

  • ?Mahai bi metro luze bat jarri dute jangelan.
  • ?Zapata bi zentimetro zabalago hauek gustatzen zaizkit.

Horrelakoak izen-sintagma baten barruan txertatu behar baditugu, izenlagunen bidea hartu behar dela dirudi; alegia, -KO atzizkia erantsi behar zaie:

  • Bi metro luzeko mahai bat jarri dute jangelan.
  • Bi metro zabalagoko zapata hauek gustatzen zaizkit.

Edo erlatibo baten bidez ere sarraraz daitezke izen-sintagman:

  • Bi metro luze den mahai bat jarri dute jangelan.
  • Bi zentimetro zabalago diren zapata hauek gustatzen zaizkit.

BESTE[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen izen-sintagmaren osagai gisa sarritan ikusten den elementua. Hitz hau zein kategoriatakoa den jakitea ez da erraza. Badirudi ber (bera, berau, …) hitzarekin baduela zerikusirik. Hain zuzen, hitz horren kontrakoa edo izango litzateke. Gizon bera esatean, nolabait aipatua edo den gizona aipatzen da. Beste gizona esatean, berriz, guztiz alderantzizkoa da. Beti izenaren ezkerretara doa. Zenbatzailerik baldin bada, joera du zenbatzaileen aurretik kokatzekoa:

  • Etxeko beste bost gizon haiek.

Beste agertzen bada, izen-sintagmak mugatzaileren bat izan behar du, edo zenbatzaileren bat:

  • *Beste gizon etorri da.
  • Beste gizon hura etorri da.
  • Beste gizon bat etorri da.

Beste bi gizon etorri dira.

  • Beste gizona etorri da.

Izenordain gisa ere –beraz, inolako «hornidurarik» gabe– erabil daiteke ergatiboan edo datiboan:

  • BESTEK izan ohi du beti errua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia (1993): Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia. 155. orrialdea.
  2. a b Ibon Sarasola (1997): Euskara batuaren ajeak. Donostia: Itxaropena. 88-89. orrialdeak.
  3. Xabier Alberdi Larizgoitia eta Ibon Sarasola Errazkin: Euskal estilo libururantz. 237-238. orrialdeak.
  4. a b c Xabier Alberdi Larizgoitia (2002): «-tar atzizkia: oraingo zenbait erabilera berri eta tradizioa».
  5. Xabier Alberdi Larizgoitia eta Ibon Sarasola Errazkin: Euskal estilo libururantz. 257-258. orrialdeak.