Antero de Quental
Antero de Quental (Ponta Delgada, Azoreak, Portugal, 1842 - 1891) portugesezko olerkaria da.
[aldatu] Bizitza
Zuzenbideko ikasketak egin zituen Coimbrako Unibertsitatean. Gaztetan sozialismoaren eragin handia izan zuen, Proudhonen sozialismo utopikoarena, batez ere. Hala, sozialismoaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen Portugalen. Questão Coimbra deitutako eztabaidetan parte hartu zuen; eztabaida haietan idazle gazteek, Antero de Quental, Teófilo Braga eta Eça de Queiroz buru zirela, Portugalgo idazle eta pentsamolde zaharkituen aurka jardun zuten.
Gero, Quental Lisboara bizitzera joan zen, eta Lisboako Kasinoko Jardunaldi Demokratikoetan parte hartu zuen (1871); jardunaldi edo hitzaldi haien helburua literatura eta gizartea modernizatzea eta Europako kultura Portugalen sartzea zen; hori izan zen, hain zuzen, Antero de Quentalen gaztetako ahaleginen xede nagusia.
Bere bizitzaren azken aldian tuberkulosiak jo zuen; hala, bizitzaz etsita, budisten mistika panteistaren eta alemaniar pentsalari ezkorren eragina (Schopenhauerrena eta Hartmannena, bereziki) bere eginik, atsekabearen metafisika sortu zuen. Gizonak aske izateko zuen bide bakarra heriotza zela etsita zegoen, eta 1891n bere buruaz beste egin zuen.
Haren obra aipagarriak: Primaveras Românticas (1872), Odes modernes (1864), Sonetos Completos (1885), Carta autobiógrafica, Hino da manhã eta Elogio da morte.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.