Bauhaus

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bauhaus eta Bere Eremua Weimar eta Dessaun1
UNESCOren gizateriaren ondarea
Bauhaus.JPG
Mota Kulturala
Irizpideak ii, iv, vi
Erreferentzia 729
Kokalekua AlemaniaAlemania
Eskualdea2 Europa eta Ipar Amerika
Izen ematea 1996 (XX. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Bauhaus (osorik, Staatliche Bauhaus) arte-, diseinu- eta arkitektura-eskola bat izan zen, Walter Gropiusek sortua Weimarren (Alemania) 1919n.

Gropius izan zen lehen zuzendaria, eta, geroago, Mies van der Rohe arkitekto maisuak zuzendu zuen. 1933.ean naziekin tratutan ibili zen Mies eskola itxia izan ez zedin; alabaina, azkenik itxi egin behar izan zuen naziek sortutako presio politiko eta ideologikoengatik.

Garai hartako zenbait artistak eman zuten eskola Bauhausen, hala nola Vasili Kandinski, Piet Mondrian, Paul Klee edo Laszlo Moholy-Nagyk.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1919an, Walter Gropius arkitekto alemaniarrak arte- eta lanbide-institutu bat sortu zuen Weimarren (Alemania), Bauhaus institutua, arte aplikatuen eskola baten eta akademia baten fusioz. Institutu berriaren programetan alde batera utzi ziren bai akademiaren tradizio historikoa bai lanbide-eskolaren manufaktura-metodologia. Bauhausek XIX. mendean artearen eta manufakturaren artean izan zen haustura gainditzeko ahalegina egin zuen, industria-produkzioaren arazoei aurre eginez, hala alderdi sozialean (manufakturaren kalitatea galtzea lan masifikatuan) nola alderdi espresiboan. Horrenbestez, hizkuntza komun bat eraikitzen saiatu zen, zeregin artistikoaren zuzeneko praktiken eta teknologia berrien eta gizabanakoaren behar fisiologiko eta psikologikoen azterketa metodologiko zehatzean oinarritua.

Europa osokoabangoardiako artistak lotu zitzaizkion proiektuari, eta itzal handiko arkitekto, eskultore eta pintoreak aritu ziren Bauhausen irakasle: Johannes Itten, Lyonel Feininger, Adolf Meyer, Oskar Schlemmer, Vasili Kandinski, Laszlo Moholy-Nagy eta Paul Klee, besteak beste, Josef Albers eta Marcel Breuerez gainera, eskolan bertan ikasitakoak biak. Ikastaroak hiru urte eta sei hilabeteko iraupena zuen. Materialen gaitasunei eta lantze-prozesuen ezaugarriei buruzko irakaspenei eta esperimentazioei sinbologia formalari buruzko ikasgaiak (ikuspena, irudikapena, konposizioa) gehitu zitzaizkien, alor askotako esperimentazioak modu organiko batez sintesi batera ekartzeko, zeinaren azken buruko adierazpenak -hots, arkitekturak- arazo estrukturalak eta apaingarriak konpondu beharko zituen.

Wassily aulkia –B3 aulkia ere deitua–, Marcel Breuer arkitektoarena.

Eskolak bere lanak erakusketa, hitzaldi, ikuskizun, liburu eta manifestuen bidez zabaltzeko era berritzaileak ingurune akademikoaren eta Weimarreko burgesiaren etsaitasuna piztu zuen berehala. 1925ean boltxevismoz akusatu zuten, eta Dessaura aldatu behar izan zuen Bauhausek. Walter Gropiusek, bere lantegiko beste irakasle eta ikasleen laguntzarekin, bere egitarauaren estandar analitikoen neurrira ebakitako eraikin bat egiteko aukera izan zuen horrela, funtzioen arabera hiru multzo nagusitan banaturik eraikina: lantegiak, ikasleen etxebizitzak eta ikasgelak, eta, agintariek hala eskatuta, Dessauko institutu teknikoko ikasgelak.

Hiru eraikinok, desberdinak fatxadan, bolumenean eta garaieran, igarobide baten bidez komunikatu zituen bulegoen aldearekin, eta loturazko hegal apal baten bidez areto nagusiarekin, antzokiarekin eta tabernarekin, multzo angeluzuzen orekatu bat osatuz. Eraikin-multzoaren parterik ikusgarriena lantegien eraikina da, non hormigoizko egitura kristalezko fatxada mehe batez estalia baitago hiru aldetan, eta altzairu beltzezko zerrenda meheen segida batez ildaskatua, halako eran non gorputz prismatikoak arinagoa eta gardenagoa ematen baitu. Eraikin hori ezinbesteko erreferentzia da Europako arrazionalismoaren historian: Bauhausen bilaketaren sintesi espresibo perfektua da.

Bauhausen garaian muturreraino eraman zen hirigintzaren eta gizarte-arazoen ikerketa, are egoera politiko gero eta itogarriagoaren erantzun gisa ere. 1928an, Gropiusek Hannes Meyeren eskuetan utzi zuen eskolaren zuzendaritza, eta 1932an agintariek institutua itxi eta irakasle guztiak kaleratu zituzten.

Geroxeago, Berlinen zabaltzeko ahalegina egin zuten, baina 1933an naziek behin betiko desegiteko agindua eman zuten. Irakasleetako batzuk Estatu Batuetara joan ziren.

1937an Moholy-Nagy New Bauhaus baten zuzendari izan zen Chicagon (1937-1938), alemaniar eskolaren programa eta metodologia berberarekin.

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Bauhaus


Arkitektura Artikulu hau Arkitekturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]