BRT Menditarrak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Baztan Rugby Taldea» orritik birbideratua)
BRT Menditarrak
Izen osoaBRT Menditarrak Rugby Taldea
HiriaLekaroz, Baztan
 Nafarroa, Euskal Herria
Sorrera1978an sortua
2001ean birsortua
Kirol zelaiaLekarozko ikastetxea
LigaEuskal Maila
2022-238.a (B multzoko 2.a)
Webguneawww.baztanrt.com
Taldearen koloreak Taldearen koloreak Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
Taldearen koloreak
 
Etxeko koloreak

BRT Menditarrak Nafarroa Garaiko errugbi kluba da, Baztango eta Ultzamaldeko jokalariz osaturik dagoena. 1978an sortu zen, Baztan Rugby Taldea izenarekin,[1] eta 1978-79ko denboraldian egin zuen debuta Gipuzkoako Ligan.[2] Etxeko partidak Lekarozko ikastetxeko errugbi zelaian jokatu ohi ditu.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztan Rugby Taldea 1978an sortu zen. Bultzatzaile nagusia Xabier Soubelet izan zen, errugbian aritu nahi zuten baztandar gazte batzuk elkartu zituena. Lehenbiziko partida Oronoz-Mugairiko San Martin eskolako zelaian jokatu zuten, Donibane Lohizuneko institutoko ikasle talde baten kontra; neurketa aise galdu arren, hirugarren denbora gogoangarria izan omen zen. Hurrengo bi partidetan, Atlético San Sebastián eta Zarautz taldeetako beteranoen aurka lehiatu ziren.[3][1]

1978-79 denboraldian, Gipuzkoako Ligan jokatu zuen; izan ere, garai hartan BRT eta CRUN ziren Nafarroa Garaiko errugbi talde bakarrak.[2] Jokalariek atorra berdea, galtza zuriak eta galtzerdi gorriak jazten zituzten eta, besterik ezean, Hernaniko Landare-Tokira joan behar izaten zuten etxeko partidak jokatzera. Lander Santamaria izan zen lehenbiziko presidentea, Xabier Soubelet entrenatzailea eta Rafa Olaizola kapitaina.[1] Baina, 1979-80 denboraldian berriz ere Gipuzkoako Ligan aritu ondoren,[4] taldea desegin zen.

1991ko taldea

Zazpi urteko itzalaldiaren ondoan, 1987an berpiztu zen Baztan Rugby Taldea. 1987-88an, denboraldi txukuna egin zuen Nafarroako Ligan, eta hirugarren postuan amaitu.[5] Urte haietan, Lino Plazaren ahaleginari esker, bai C.D. Arquitecturak, Espainiako txapeldunak, bai Espainiako errugbi selekzioak prestakuntza egonaldiak egin zituzten Gartzaingo Hotel Baztanen, eta baztandarrek punta-puntako talde horien aurka jokatzeko parada izan zuten.[6][7][oh 1]

Bigarren aldi hartan, BRTk Oronozko San Martin ikastetxeko zelaian jokatzen zituen etxeko partidak, 1991n Lekarozko ikastetxekora aldatu zen arte.[8] Gorabehera batzuk izan bazituen ere, kluba egonkortuz joan zen, eta Nafarroako azpitxapeldun atera zen 1989an[9] eta 1995ean.[10] Handik aitzina, ordea, jokalari eskasia izan zuen, eta 1997an desagertu zen.[11]

Lau urte geroago, 2001ean, berriz ere taldea osatzea lortu zuten. Baztandarrekin batera, Ultzamaldeko, Bertizaranako, Malerrekako eta Bortziriko errugbizaleak elkartu ziren, eta Ipar Euskal Herriko trebatzaile eta jokalari batzuen laguntza ere izan zuten. Lagun talde horren xedea, errugbian aritzeaz gain, eskualdeko haur eta gazteei kirol alternatiba bat eskaintzea zen: errugbia eta herri kirola. Baliabide handirik gabe, dena auzolanean eginez, aitzina egitea lortu zuten.[11][8]

2003-04 denboraldian, Nafarroako Liga irabazi ondoren, Lehenengo Nazionalera igo zen.[12] Gastuei aurre ahal izateko, Larraintzarko pilotalekuko gaupasa antolatzen hasi zen, eskualdeko gazteen artean arrakasta handia bildu zuena.[13] 2005ean, Lehenengo Nazionaleko C multzoko bigarren postuan geratu zen eta, ondorioz, Ohorezko B mailara igotzeko fasea jokatu zuen; lehenbiziko kanporaketan C.R. Sant Cugat talde indartsua egokitu zitzaion, eta kataluniarrak gailendu ziren.[oh 2][14]

Lekarozko ikastetxeko errugbi zelaia

Ondorengo urteak oparoak izan ziren, talde bat Lehenengo Nazionalean aritzeaz gain, bigarren taldeak Nafarroako Ligan (eta Euskal Ligan 2011tik aurrera) parte hartzen baitzuen. 2012an, Baztan Kirol Elkarteko errugbi sekzioa izatetik Menditarrak-BRT Rugby Taldea izatera igaro zen, Baztanen egoitza izanik baina Nafarroa mendialdeko kirolari ugarirekin.[8] Kirola haur eta gazteei hurbiltzeko asmoz, klubak eskolak eratu zituen Lekarozen eta Larraintzarren. Jokalari falta zela eta, ezin izan zitzaion eutsi senior mailako nesken taldeari; hala ere, aipagarria da Agurtzane Obregozo eta Saioa Jaurena baztandarrak Espainiako selekzioan aritu zirela.[15]

2013-14ko denboraldian, aurrekontu arazoak zirela-eta, uko egin zion maila nazionalean aritzeari eta Euskal Ligan parte hartu zuen;[16] eta baita txapelketa irabazi ere.[17] 2010eko hamarkadaren amaieran taldearen etorkizuna kolokan egon zen jokalari eskasiagatik, eta 2018-19 denboraldian Euskal Ligako bigarren mailara jaitsi zen. COVID-19 pandemiak ere estualdian jarri zuen kluba,[11] baina 2021-22koan indarberriturik itzuli zen, eta bigarren mailako txapela eskuratu.[18]

Palmaresa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken denboraldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denboraldia Liga[oh 3] Postua
2010-11 Lehenengo Nazionala B multzoko 7.a[20]
2011-12 Lehenengo Nazionala B multzoko 6.a[21]
2012-13 Lehenengo Nazionala 1 multzoko 4.a[22]
2013-14 Euskal Liga (A multzoa) 1.a[17]
2014-15 Euskal Liga (A multzoa) 5.a
2015-16 Euskal Liga (1. maila) 4.a
2016-17 Euskal Liga (1. maila) 6.a
2017-18 Euskal Liga (1. maila) 9.a
2018-19 Euskal Liga (1. maila) 9.a
2019-20 Euskal Liga (2. maila) B multzoko 2.a
2020-21 - -
2021-22 Euskal Liga (2. maila) 1.a
2022-23 Euskal Liga (1. maila) 8.a (B multzoko 2.a)

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. BRTren eta Arquitecturaren arteko partida 1988ko martxoaren 27an jokatu zen Oronoz Mugairin; madrildarrek 43 eta 4 irabazi zuten. Espainiako selekzioa 1988ko irailaren 22 eta 25 bitartean egon zen Baztanen; azken egunean, BRTren eta Saint-Jean-de-Luz Olympiqueren aurka jokatu zuen.
  2. Joaneko partida Lekarozen jokatu zen, eta Sant Cugatek 25 eta 26 irabazi zuen; itzulerako partidan ere Sant Cugat nagusitu zen, 38 eta 10.
  3. Euskal Ligako A multzoak 1. maila izena hartu du 2015-16an.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Tellechea. 30 años del Baztan Rugby Taldea. Diario Vasco egunkaria, 2008ko irailak 21, diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2019-4-15).
  2. a b 1978-79 denboraldia. Euskadiko Errugbi Federazioa, ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-6).
  3. San Millan, Pello. Urriko besta (oktoberfest) ta B.R.T.a.. Baztango Haizegoa, 2012ko urriak 9, baztangohaizegoa.wordpress.com (Noiz kontsultatua: 2022-9-2).
  4. 1979-80 denboraldia. Euskadiko Errugbi Federazioa, ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-6).
  5. 1987-88 denboraldia. Nafarroako Errugbi Federazioa, ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-6).
  6. El Arquitectura, campeón de España de rugby, juega hoy en Oronoz-Mugaire. Diario de Navarra, 1988ko martxoak 27 (Noiz kontsultatua: 2022-9-6).
  7. La Selección Española viene a entrenar a Baztán. Diario de Navarra, 1988ko irailak 17 (Noiz kontsultatua: 2022-9-6).
  8. a b c Menditarrak-BRT: 40 urtez errugbia bultzatzen. Pulunpe, 2018ko urtarrila, CC BY-SA 3.0, amezti.tok-md.com (Noiz kontsultatua: 2022-9-7).
  9. 1988-89 denboraldia. Nafarroako Errugbi Federazioa, ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-6).
  10. 1994-95 denboraldia. Nafarroako Errugbi Federazioa, ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-6).
  11. a b c Ekonomikoki irauteko, Baztango errugbi taldeak zozketa bat antolatu du. Iparraldeko Hitza, 2020ko maiatzak 29, iparraldekohitza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-9-7).
  12. 2003-04 denboraldia. Nafarroako Errugbi Federazioa, ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-7).
  13. Bere 40. Urteurrenean, BRT-Menditarrak errugbi taldeak gaupasa antolatu du berriz ere Larraintzarren. Pulunpe, CC BY-SA 3.0, 2019ko martxoa, amezti.tok-md.com (Noiz kontsultatua: 2022-9-7).
  14. Ohorezko Mailara igotzeko fasea jokatu du Baztan Rugby Taldeak. Ttipi-ttapa, 2005eko ekainaren 2a, erran.eus (Noiz kontsultatua: 2022-9-7).
  15. Purroy Cañada, Iñigo. Radiografía del rugby en Navarra (I): la situación de los cinco clubes. Diario de Noticias, 2021eko azaroak 16 (Noiz kontsultatua: 2022-9-8).
  16. Baztan Rugby Taldea Euskal Herriko ligan ari da. Ttipi-ttapa, 2013ko azaroak 28, erran.eus (Noiz kontsultatua: 2022-9-8).
  17. a b c 2013-14 denboraldia. Euskadiko Errugbi Federazioa, ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-8).
  18. BRT Menditarrak errugbi taldeari harrera egin diote Baztango Balleko Etxean. Ttipi-ttapa, 2022ko maiatzak 26, erran.eus (Noiz kontsultatua: 2022-9-9).
  19. Federación Navarra de Rugby: histórico. ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-2).
  20. 2010-11 denboraldia. Federación Española de Rugby, ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-7).
  21. 2011-12 denboraldia. Federación Española de Rugby, ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-7).
  22. 2012-13 denboraldia. Federación Española de Rugby, ferugby.es (Noiz kontsultatua: 2022-9-7).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]