Behotsik Orkestra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Behotsik Orkestra
Datuak
JatorriaEuskal Herria
Musika motaMusika klasikoa
Urteak2011 -
Informazio gehigarria
https://www.behotsik.eus

Behotsik Orkestra Bilbon egoitza duen gazte orkestra da, 2011n sortua. Gazte talde batek sortua eta sustatua izateagatik nabarmentzen da. 2012ko abenduaren 14an eman zuen bere lehenengo kontzertua, Bilboko Jesuitak Ikastetxean, Igor Giménez zuzendari zuela.

Ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behotsik Orkestra 2011ko abuztuan sortu zen Bilboko Koral Elkartean ikasten zuten lagun talde baten ideian oinarrituta. Beraien helburua musika egiten jarraitzea zen, baina batez ere, lagun giro atsegin batean egotea.

Bere sorreratik Igor Giménez izan da orkestraren zuzendari artistikoa, baina hainbat zuzendari gonbidatu izan ditu, hala nola, Ane Legarreta, Mikel Fernández, Pablo Puga, Aritz Labrador eta Joseba Berrocal.

Juan Crisostomo Arriaga, Ludwig van Beethoven, Jesus Guridi, Wolfgang Amadeus Mozart, Edward Elgar eta beste musikagile askoren lanak eskaini ditu orkestrak. Nagusiki musika klasikoa jotzen duen orkestra izan arren, beste hainbat musika mota jo izan ditu. Bilboko Errekalde auzoko Arraizpe Dantza Taldearekin batera, euskal dantza eta folklorea ildotzat zuen Euskal Herria Bizi ikuskizunean parte hartu zuten 2014. urtean, eta 2015ean, berriz, rock sinfonikoa jo zuten Behotsik Symphonic Rock Tour biran[1]. Aipatzekoa da ere 2016ko ekainean egin zuten A Disney Dream bira[2], non Disney faktoriako filme nagusietako musika birpasatzen zuten. 2018an, berriz, Aneguria rap abeslariaren Frambuesas y Palomitas diskaren grabaketan parte hartu zuten, baita honen aurkezpen kontzertuetan ere[3].

Behotsik Orkestrak nagusiki bere kontzertuak Euskal Herrian eman ditu, eta zehazki, Bilbo eta Bizkaian, bertako antzoki nagusietan jardun duelarik, hala nola, Bilboko Euskalduna Jauregian, Campos Eliseos Antzokian, Azkuna Zentroan, edo Barakaldoko Barakaldo Antzokian. Aipatzekoa da Aneguria rap abeslariarekin Bilbao BBK Live jaialdian eman zuten kontzertua, jaialdian parte hartzen zuen lehen orkestra bilakatuz.[4] Orkestrak Euskal Herritik kanpo ere jardun du, Madrilgo Vedruna Ikastetxe Nagusian eta Llanesko Kasinoan adibidez, baita Alemaniako Baden-Württemberg estatuko hainbat herritan ere, 2012 eta 2017 urteen artean EuroCamerata gazte orkestrarekin egindako biretan zehar.[5]

Orkestraren ibilbidean ongintzazko kontzertu ugari eman ditu. Stop Sanfilippo, Gure Señeak edo Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkartearen (AECC) aldeko kontzertuak eman ditu, eta 2015. urtetik aurrera Fair Saturday mugimenduan parte hartu du.

Orkestrak 2016ko irailaz geroztik Radio Euskadiko Graffiti saioan kolaboratu izan du, Urko Aristi eta Galder Pérezen gidaritzapean, musika klasikoa entzuleengana hurbiltzeko asmoarekin.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Correo, El. «Orquesta Behotsik» agenda.elcorreo.com (Noiz kontsultatua: 2019-07-11).
  2. (Gaztelaniaz) «La orquesta Behotsik anuncia su gira “A Disney dream”» Klassikbidea 2016-05-18 (Noiz kontsultatua: 2019-07-11).
  3. Aneguriaren "Frambuesas y Palomitas" diskoaren aurkezpena Behotsik orkestrarekin batera | Bilbo Hiria irratia. (Noiz kontsultatua: 2019-07-11).
  4. «Aneguria artistak orkestra sinfoniko bat eraman du BBK Liveren oholtzara» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-17).
  5. (Gaztelaniaz) «Orquesta Behotsik, gira alemana con EuroCamerata» Klassikbidea 2016-07-09 (Noiz kontsultatua: 2019-07-17).
  6. (Gaztelaniaz) «El paraguas musical de Behotsik vuelve a envolver Graffiti» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-07-17).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orkestraren webgune ofiziala