Bernardo Rossellino
Bernardo di Matteo del Borra Gamberelli, ezagunagoa Bernardo Rossellino modura (Settignano, Florentziako Errepublika, 1409 - Florentzia, 1464) italiar eskultorea eta arkitektoa izan zen, Antonio Rossellinoren anaia.
Biografia [aldatu]
Albertiren ikasle eta laguntzaile izan zen, eta haren planoei jarraituz, Florentziako Rucellai jauregia eraiki zuen 1445-1450 urteetan. Erromako Venezia jauregia egin zuen 1455. urtean, eta, Pio II.a Piccolomini Aita santuaren aginduz, Pienzako artzapezpikuaren egoitza eraiki zuen.
Pizkundeko hileta-eskulturaren eraberritzailetzat hartua da: aipagarria da Leonardo Bruniri eginiko hilobia (Santa Croce, 1444), berrikuntza nagusien eredutzat. Izan ere, ez da eskultura soila, arkitektura eta eskultura batzen dituen obra bat baizik. Elizako hormari itsatsita dagoen kapera moduko bat da, arkitektura molde klasikoez osatua (garaipen-arku bat du, besteak beste); marmol gorria, beltza eta zuria erabili zituen, eta polikromia horrek monumentuaren kutsu klasikoa azpimarratzen du. Arkitektura-osagaiei dagokienez, Albertiren eragina da nagusi: bi zutabe korintoar ditu, inposta banari eta puntu erdiko arku bati eusten diotenak. Arkuaren atzean ageri da obra guztiko erreferentzia erlijioso bakarra, aingeruez inguraturiko Ama Birjinaren irudi bat, hain zuzen. Aipatzekoa ere bada Villana Zorionekoari eginiko hilobia, Santa Maria Novella basilikan (1452).
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.