Claudio Coello

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Claudio Coelloren Forma Sakratuare gurtzea, (El Escorial)

Claudio Coello espainiar margolaria izan zen, jatorriz Portugalgoa (Madril, 1642 - 1693). Espainian konposizio barroko handiak egin zituen lehenetakoa izan zen eta Espainiako Urrezko Mendeko azken pintore handia. Honez gainera, erretratugile bikaina izan zen. 1686. urtetik aurrera, Karlos II.a Espainiako erregearen pintorea izan zen.

Hil ondoren, pintura-tradizio horrek mende bateko etenaldia izan zuen, harik eta Francisco de Goya y Lucientes jeinuak berpiztu zuen arte. Oso gazte zela Francisco Riziren lantegian hasi zen lanean.

Bere lanak dinamismo handikoak dira; atzealdean paisaia eta arkitektura-egiturak erakusten ditu, eta aurrealdean, berriz, tapizak eta errezelak. Pintzelkada trinkoa eta gozoa du eta kolore biziekin inguratzen ditu irudiak. Freskoak ere egin zituen, eta horiei esker trebatu zen gainera. Madrilgo Gurutze Santuaren elizaren presbiterioan, Jose Donosorekin batera lan egin zuen, eta harekin egin zuen adibidez, Toledoko katedraleko sakristia. Madrilgo Inperio Eskolan Ignazio santuaren bizitzako eszenak marraztu zituen, eta bertako sakristian lau horma-irudi; bestalde, El Paular Etxeko Errege-aretoko sabaia marraztu zuen.

Freskoez gainera, lehenengo urteetan erlijiozko koadroak marraztu zituen, besteak beste, San Agustinen Garaipena (1664), San Joan Ebanjelaria (1674) eta Magdalena (1682). Azken lan horretan, Riberak egin zuen bezalaxe, Andre Maria aingeruek daramatela erakutsi zuen Coellok, eta atzealdean paisaia izugarri bat ikusten da.

Bere eskolako kideek bezalaxe, behin baino gehiagotan marraztu zuen Sortzez Garbia. Gai horretako lanen artean, Lazaro Galdiano museoan gordetzen den lanean, argi eta garbi ikus daiteke Coellorentzat zein garrantzitsua zen koloreen behaketa eta azterketa.

Sortzez Garbiaren beste aldaera bat Madrilgo San Jeronimo elizan dago. Dena dela, Coelloren bi koadro nagusiak Santa Teresaren azken jaunartzea (Lazaro Galdiano museoa) eta Forma Sakratuaren gurtzea (El Escorial). Lehenengoan Alcantarako San Pedro ikus daiteke meza ematen, San Jose Calasanzkoa laguntzaile duela, eta Santa Teresa, berriz, estasian; atzealdean arkitektura-osagaiak eta errezelak daude apaingarri.

Claudio Coelloren erretratuak errealismo handikoak eta garai hartako pertsonaien galeria direla esan daiteke: Medinacelliko eta Pastranako dukeak, Bañoko kondea, Pueblako markesa, Albako dukearen semea, eta Claudio Coelloren beraren erretratua.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Claudio Coello Aldatu lotura Wikidatan