Ignazio Loiolakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau San Ignazio Loiolakoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Loiola (argipena)».
Ignazio Loiolakoa
Ignazio Loiolakoa
Datu pertsonalak
Izen osoa Eneko Oinaz Loiolako
Eneko Lopez Loiolako
Jaio 1491ko abenduaren 24a
Loiola, Azpeitia
 Gipuzkoa (Euskal Herria)
Hil 1556ko uztailaren 31
Erroma (Aita Santuen Lurraldea)

Eneko Oinaz Loiolako, batez ere San Ignazio Loiolakoa[1][2] santu izenaz ezaguna (Loiola, Azpeitia, Gipuzkoa, 1491ko abenduaren 24a - Erroma, Aita Santuen Lurraldea, 1556ko uztailaren 31) militar eta erlijioso euskalduna izan zen, San Frantzisko Xabierkoa nafarrarekin batera Jesusen Konpainiaren sortzailea.

1521eko maiatzaren 20an zauritu zuten, Iruñeko setioan, Gaztelako armadaren zerbitzura nafar eta frantses indarren aurka borrokan ari zela (gaur egun, zauritu zuten lekuan bertan dago San Ignazio basilika). Sendatzeko garaian erlijio testuak irakurtzen hasi zen, eta soldaduaren bizimoduaz hausnartu zuen.

Eliza Katolikoaren santua da, 1622ko martxoaren 12an Gregorio XV.a aita santuak Frantzisko Xabierkoarekin batera santifikatu zuenetik. Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindaria da.

XVII. mendean, Azpeitian, haren omenezko santutegia eraiki zuten: Loiolako Santutegia.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindia euskara baturako emandako 66. arauari (Santutegiko izen ohikoenak) jarraikiz, Ignazio da santuaren izena euskara jasoan, eta ez Inazio edo Iñaxio. Gipuzkera herrikoian erabiltzen dira azken bi forma horiek; herri-mintzairako dialektalismoak dira.

Sortzez, Eneko Lopez Loiolako zuen izena.[3] Garai hartan ohikoa zen izenak hizkuntza batetik bestera itzultzea, eta euskarazko Eneko izenaren ordain gisa gaztelaniaz Iñigo erabiltzen zen. Latinez idaztean, ordea, Enecus forma baliatu zuen behin, eta aurrerago, latinezko forma ustez jatorrago bat hartu zuen, Ignatius, funtsean Eneko izen bera zela pentsatuta.[4][5] Hortik dator Ignazio. Deiturari dagokionez, Lopez Rekaldeko dela ageri da Jesusen Lagundiko zenbait dokumentutan, kopista baten erruz dirudienez. Berak, ordea, bizitza osoan Lopez Loiolako deitura erabili zuen.

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere gurasoei esker (Beltran Ibañez Oinazko eta Marina Saenz Likonako) Gipuzkoa eta Bizkaiko jatorri zaharreneko noblezia ezagutu zuen. Hala, bada, bere arbasoetako batzuk Gaztelako Erresumako erregeen arma-zerbitzura izan ziren (behin baino gehiagotan Nafarroako Erresumako monarken aurka), eta Goi Erdi Aro garaian zehar herrialdea suntsitu zuten Bandoen Gerra ankerretan ere parte hartu zuten. Honi dagokionez, historiak Gil Lopez Oñazkoa eta Juan Perez Loiolak bere bost anaiekin batera 1321ko Beotibarko guduan izan zuten egiteko garrantzitsua nabarmentzen du: une horretatik aurrera, Ignazio Loiolakoaren familiak Gaztelako Erresumaren alde jarri baitzen. Haien hurrengo oinordekoak, Beltran Ibañez Loiolakok, halaber, Andaluziako mairuen aurkako muga-borroketan parte hartu zuen. Honela, Gaztelako nobleziarekin zituen loturak tarteko, familiak Gaztelaren geroarekin izan zuen kezka argi gelditu zen. Azkenik, 1457an Enekoren aitona (Juan Perez Loiolakoa) Henrike IV.a Gaztelakoa eta Gipuzkoako udalerrien anaitasunaren aurka lehiatu ziren ahaide nagusien aurka ezarri zuen erbesteratze luzea mairuen mugetan jasan zuen, eta errege beraren aginduz Loiolako dorre handi trinkoa erautsi eta honen gainean adreiluz, arkuz eta kutsu mudejar nabarmena zuten trazuz osatutako gorputza altxatu zen.

Eneko zazpigarren eta azken semea izan zen, eta, dirudienez, bere aitaren (Beltran jauna) lehendabiziko asmoa semea ibilbide eliztarrean barneratzea zen. Hala, baliteke Enekok tontsura Azpeitian bertan jaso izana. Edonola ere, Enekoren gurasoek euren semea jaioterrian arnasten zen giro fededun eta erlijiosoan hezi zuten, hamabi edo hamahiru urte bete zituen arte. Bestalde, urte horietan zehar, lurraldeko usadio eta ohituren jabe ere egin zen.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1506. urte inguruan Eneko morroi gisa Gaztelako Arevalo udalerrira joan zen, 1495az geroztik Errege-erregina Katolikoen kontulari nagusi zen Juan Velazquez de Cuellarren zerbitzura. 1517an kontulariak kargua utzi zuen arte, Loiolatarren seme txikienak Arevalo eta Valladoliden Gaztelar Gortearen giroa ezagutzeko aukera izan zuen. Halaber, oso gainetik izan bazen ere, Errege-erregina Katolikoen eta haien kontseilarien inguruan sortu zen giro literario eta musikazalean murgiltzeko aukera ere izan zuen. Edozein modutan ere, badakigu Enekok Arevalon udalerrian "oso eskribau on" izatera iritsi zen arte bere idazkera landu zuela. Orobat, badakigu San Pedroren omenezko poema baten errima osatu zuela eta ordu txikitan musika lardaxkatzen zuela. Era berean, ordukoa da zaldun-liburuekiko zaletasuna, eta, bereziki, Amadis de Gaularen 1508ko moldapenarekiko zaletasuna, Ignaziok berak Camarari egindako memorietan aipatu zuenez "haiek goitik behera ulertu" arte.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ignazio Loiolakoak idatzitako testu garrantzitsuena 1548ko Gogo jardunak da (Ignaziok latinez idatzia: Exercitia spiritualia, Luis Egiak 1972an euskaratua). 28 – 30 egunean egiteko jardunak dira, fede katolikoaren esperientzia pertsonala areagotzeko asmoz pentsatuak.

Horrez gainera, zazpi mila gutun baino gehiago idatzi zituen bere bizitzan, gaztelaniaz. Aipagarria da bere autobiografia ere.

Ignazio Loiolakoaren omenez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kaleak eta auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Ignazioren martxa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «San Ignazioren martxa»

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindia: 66. araua: Santutegiko izen ohikoenak.
  2. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  3. Euskaltzaindia: «Eneko», Euskal Onomastikaren Datutegia.
  4. (Gaztelaniaz) Verd, Gabriel María (1976): «El 'Íñigo' de San Ignacio de Loyola», Archivum Historicum Societatis Iesu, Institutum Historicum Societatis Iesu, 45. bol, 95-128.
  5. (Gaztelaniaz) Verd, Gabriel María (1991): «De Iñigo a Ignacio. El cambio de nombre en San Ignacio de Loyola», Archivum Historicum Societatis Iesu, Institutum Historicum Societatis Iesu, 60. bol, 113–160

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ignazio Loiolakoa Aldatu lotura Wikidatan