Cotonou
Cotonou Beningo hiri nagusia da. Estatuko gobernuaren egoitza eta hiriburu ekonomikoa da, hiriburu ofiziala Porto Novo bada ere. Aireportua, trenbidea eta errepide nagusiak ditu, eta estatuko komunikabide nagusia da. Beningo hiru industriatik bi Cotonoun daude.
Hiria estatuko hego-ekialdean dago, Ozeano Atlantikoaren eta Nokoué aintziraren artean.
2006ko errolda-datuen arabera, 761.137 biztanle zituen, eta 79 km²-ko azalera; hau da, 9.635 biztanle/km²-ko dentsitatea. Hiria azkar hazi da (1960an, 70.000 biztanle besterik ez zuen), eta azkar hazten ari da mendebalderantz. Jotzen da hiriak gaur egun 1.200.000 biztanletik gora dituela.
Cotonouko portua Afrikako mendebaldeko portu handienetako bat da. Benin-Niger burdinbidearen bidez, hiria Parakou iparraldeko hiriarekin lotuta dago. Aireportuak estatuko hiri nagusiak lotzen ditu, eta Frantziarekiko komunikazioak ere baditu. Errepidez, Nigeria, Burkina Faso, Niger eta Togorekin lotuta dago.
Historia [aldatu]
XIX. mendearen hasieran, Cotonou arrantzale-herri txiki bat zen, eta Dahomeyko erresumaren mende zegoen XVIII. mendeaz geroztik. 1851n frantsesek hitzarmen bat sinatu zuten Dahomeyko Ghezo erregearekin, eta baimena lortu zuten merkataritza-postu bat ezartzeko Cotonoun. 1868an, beste itun baten bidez, Dahomeyk Frantziari eman zion lurraldea. 1883an, frantses armadak hiria hartu zuen, britainiarrek eskualdea menperatzea eragozteko. Geroztik, hiria azkar hazi zen.
Kanpo-loturak [aldatu]
- Cotonou-ca-bouge.net Le portal web de Cotonou (frantsesez)