Burkina Faso
| Burkina Faso | |||
|---|---|---|---|
|
|||
| Goiburua: Unité-Progrès-Justice (Unitatea, Progresua, Justizia) |
|||
| Nazio ereserkia: Ditanyè (l'Hymne de la Victoire) |
|||
| Hiriburua (eta hiri handiena) |
Uagadugu 12°22′N 1°31′E / 12.367°N 1.517°EKoordenatuak: 12°22′N 1°31′E / 12.367°N 1.517°E |
||
| Hizkuntza ofiziala(k) | Frantsesa1 | ||
| Gobernua
Errepublikako Presidentea
Kontseiluko Presidentea |
Errepublika parlamentarioa Blaise Compaoré Tertius Zongo |
||
| Independentzia Frantziatik |
1960 abuztuaren 5 | ||
| Eremua
• Guztira
• Ura |
274.200 km² (74) % 0,1% |
||
| Biztanleria
Herritarra |
15746232 (61) 14017262 57,4 biztanle/km² (145) burkinafasoar burkinabè |
||
| Dirua | CFA Frankoa (XOF) |
||
| Ordu eremua | UTC (UTC +0) | ||
| Interneteko domeinua | .bf | ||
| Telefono aurrezenbakia | +226 |
||
Burkina Faso edo Burkina Mendebaldeko Afrikako estatu itsasgabea da. Sei herrialderekin egiten du muga: Malirekin iparraldean, Nigerrekin ekialdean, Beninekin hegoekialdean, Togo eta Ghanarekin hegoaldean eta Bolikostarekin hegomendebaldean. 274.200 km²-ko azalera du eta 2009ko zenbatespenaren arabera 15.746.232 biztanle ditu. Hiriburua Uagadugu da.
Lehenago Volta Garaia deitzen zen herrialde hau, baino 1984ko abuztuaren 4ean hartu zuen oraingo izena Thomas Sankara presidentearen erabakiz. "Burkina Faso"k "jende justuaren lurra" esan nahi du More eta Dioula hizkuntzetan (Dioula hizkuntzan "Faso"k "aberri" esan nahi du eta More hizkuntzan "Burkina"k "jende justua"). 1970 eta 1980ko hamarkadetan ezengorkotasun politiko handia egon zen bertan eta 1990eko hamarkadan alderdi anitzeko hauteskundeak antolatu ziren. Urtero ehunka mila landa langilek Ghana edo Bolikostarako bidea hartzen dute lan bila. Bertakoei Burkinabé deitzen zaie.
Eduki-taula |
Geografia [aldatu]
Burkina Fason bi paisaia mota daude:
- Herrialdeko zatirik handiena penezabaldi hedatu bat da, erliebe leun eta ondulatua eratzen duena, muino bakan batzuekin. Hauek kanbriaurreko mendigune baten azken arrastoak dira.
- Hego-mendebaldea hareharrizko mendigune bat da. Hemen dago Tenakourou mendia (749 m), Burkinako gailurrik gorena. Mendigunea inguratuz amildegi handiak daude (garaienak 150 metro ingurukoak dira).
Burkina Fasoko batez besteko altuera 400 metrokoa da eta punturik garaienetik baxuenera dagoen aldea ez da 600 metro baino handiagoa. Oso herrialde laua da, beraz.
Hidrografia [aldatu]
Herrialde idorra izan arren, nahiko ibai-sare handia du, hegoaldean batez ere. Hiru arro nagusienak Volta, Komoé eta Niger ibaienak dira.
Burkina Fasoren lehengo izena, Volta Garaia, herrialdea zeharkatzen duten hiru ibaietatik dator:
- Mohoun ibaia, lehen Volta Beltza izena zuena.
- Nakambe ibaia, lehen Volta Zuria izena zuena.
- Nazinon ibaia, lehen Volta Gorria izena zuena.
Volta Beltza eta Komoé dira urte osoan zehar ura eramaten duten Burkinako ibai bakarrak.
Niger ibaiaren arroak herrialdearen %27a hartzen du. Ibaiadar nagusienak Beli, Gorouol, Goudebo eta Dargol dira, baino urtaroen araberako errekak dira eta urtean 4-6 hilabetez baino ez dute urik eramaten. Hala ere uholde arriskua izaten da.
Horretaz gain hainbat laku daude: Tingrela lakua, Bam lakua, Dem lakua eta Oursi, Beli, Yomboli eta Markoye putzu handiak.
Historia [aldatu]
Afrikako mendebalde osoan bezala, Burkina Fason gizakia aspaldi finkatu zen. Ehiztari-biltzaileak herrialdeko ipar-mendebaldean kokatu ziren (K. a. 12.000-5.000). Nekazarien lehenbiziko kokaleku iraunkorrak K. a. 3.600-2.600 bitartean agertu ziren. Burdina, keramika eta harri leunduaren erabilpena K. a. 1500 eta 1000 bitartean garatu zen.
Dogondarren aztarnak Burkina Fasoko iparralde osoan daude. Eskualdea K. a. XV. mende inguruan utzi zuten, Bandiagarako amildegietan finkatzeko. Burkina Fasoko lurraldeak Songhai Inperioaren garaian garrantzi ekonomiko handia izan zuen.
Kolonizazio garaian, Erresuma Batua eta Frantziaren arteko lehia handia izan zen Afrikako alde horretan. 1896an Uagaduguko Mossi erresuma Frantziako indar militarrak garaitua izan zen, eta Frantziako protektoratu bilakatu zen. Mendebaldeko eta ekialdeko eskualdeak 1897an erori ziren hainbat kanpaina militarren ondoren. 1898rako, egungo Burkina Fasoko lurraldearen gehiena konkistaturik zegoen, nahiz eta zenbait eskualdetako kontrola oso finkoa ez izan. Erresuma Batuarekin adostutako itunean, 1898ko ekainaren 14an, lurralde banaketa hitzartu zen bi potentzia kolonialen artean, eta haien arteko mugak ezarri ziren. Tokian tokiko komunitate zein botere politikoen aurkako borroka jarraitu zuten frantziarrek bost urtez. 1904an, Mendebaldeko Afrikako Inperio Kolonial frantziarra berrantolatu zen. Bakean zegoen Volta ibaiko arroa Goi-Senegal eta Niger (Haut-Sénégal et Niger) probintziaren barnean sartu zen, Bamako hiriburu zuela.
Lehen Mundu Gerran, 1915-1916an, egungo Burkina Fasoko mendebaldean eta Maliko ekialdean gobernu kolonialaren aurkako matxinada armatua sortu zen: Volta-Bani Gerra. Frantziarrek, azkenean, altxamendua zapaltzea lortu zuten, baino desegigo handiak pairatu zituzten eta historiako indar kolonialik handiena bildu behar izan zuten. Iparraldean ere oposizio armatua piztu zen, eta tuaregek zein Dori eskualdeko aliatuek gobernuarekin izandako su-etena hautsi zuten. Lehen Mundu Gerra bukatutakoan, matxinada gehiagoren beldurrez, egungo Burkina Fasoko lurraldea Haut Sénégal et Niger probintziatik atera zuten, administrazioa hurbilagoa izan zedin. Orduan, errepideak eraikitzeko ekimena jarri zen abian, eta kotoiaren landaketa bultzatu zen esportazioari begira. Asmo horiek, ordea, porrot egin zuten, eta 1932an lurraldea Boli Kosta, Mali eta Nigerren artean banandu zen.
Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan sortu ziren kolonialismoaren kontrako istiluei erantzuna eman nahian, 1947ko irailaren 4ean Volta Garaia berriz ezarri zen, 1932an zituen mugekin. 1958ko abenduaren 11n, autodeterminazioa lortu zuen, eta errepublika bihurtu zen, Franko-Afrikar Erkidegoaren barnean (La Communauté Franco-Africaine). Independentzia osoa 1960an eskuratu zuen. Herrialdeko aurreneko estatu-kolpea 1966an gertatu zen. Gobernu zibila 1978an itzuli zen. 1980ko hamarkadan estatu-kolpe gehiagoren ondoren, herrialdeak Burkina Faso izena hartu zuen. Egungo presidentea, Blaise Compaoré, 1987an lortu zuen boterea, estatu-kolpe baten bidez.
Banaketa administratiboa [aldatu]
Burkina Faso 13 eskualdetan banatuta dago:
- Boucle du Mouhoun (Dédougou)
- Cascades (Banfora)
- Erdialdea (Uagadugu)
- Erdialde-Ekialdea (Tenkodogo)
- Erdialde-Iparraldea (Kaya)
- Erdialde-Mendebaldea (Koudougou)
- Erdialde-Hegoaldea (Manga)
- Ekialdea (Fada N'gourma)
- Hauts-Bassins (Bobo Dioulasso)
- Iparraldea (Ouahigouya)
- Plateau-Central (Ziniaré)
- Sahel (Dori)
- Hego-Mendebaldea (Gaoua)
Hauek 45 probintzia eta 301 departamentutan banatuta daude.
|
|||||||||||||||||||||||
