Eslovakia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Eslovakiar Errepublika
Slovenská republika
Eslovakiako bandera
Bandera

Eslovakiako armarria
Armarria

Nazio ereserkia:
Nad Tatrou sa blýska
Eslovakia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Bratislava
48°09′N 17°07′E / 48.150°N 17.117°E / 48.150; 17.117
Hizkuntza ofiziala(k) Eslovakiera
Gobernua
Presidentea
Lehen Ministroa
Errepublika parlamentarioa
Ivan Gašparovič
Iveta Radičová
Independentzia
Txekoslovakiaren zatiketa
1993 urtarrilaren 1
Eremua
• Guztira
• Ura

49.035 km² (123.)
arbuiagarria
Biztanleria
• Zenbatespena(2001)
• Dentsitatea

Herritarra

5.379.455 (109.)
111 biztanle/km² (88)

eslovakiar
Dirua Euroa (EUR)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
CET (UTC +1)
CEST (UTC +2)
Interneteko domeinua .sk
Telefono aurrezenbakia +4201
1 1997 arte +42, Txekiarekin partekatua.

Eslovakia Europa erdialdeko estatu itsasgabea da. Mugakideak dira Txekia eta Austria mendebaldean, Polonia iparraldean, Ukraina ekialdean eta Hungaria hegoaldean. Eslovakia Europar Batasuneko kide da.

Hiri nagusiak: Bratislava, Banska Bystrica, Komarno, Kosice, Nityra, Nove Zamky, Piestany, Presov, Trnava. Erlijioak: katolikoak % 64,5, ateoak % 8,5 protestanteak % 8,5, ortodoxoak % 4, beste batzuk % 17,5.

Orografia eta klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko Karpatoetako mendiek hartzen dute Eslovakiako eremu gehiena. Lautadak hego-mendebaldean (Bratislava eta Komarno, Danubio ibaiaren haranean) eta hego-ekialdean (Michalovce) daude. Tatra mendiak daude erdialdean: Tatra Garaiak iparraldean (2.663 m); Tatra Behereak hegoaldean (2.045 m). Vah, Hron eta Hornad dira ibai nagusiak, eta Danubio ibaiak osatzen du, hegoaldeko tarte luze batean, Eslovakiaren eta Hungariaren arteko muga. Klima kontinentala da, gogorragoa mendialdean lautadetan baino (-1,6 Â°C batez beste neguan, 21 Â°C batez beste udan).

Biztanleak eta gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovakiako biztanleen % 85 eslovakiar jatorrikoak dira (eslovakiarrak eslaviar herrietako bat dira), baina badira beste talde etniko batzuk ere: hungariarrak (biztanle guztien % 10 inguru), ijitoak, txekiarrak, ukrainarrak, poloniarrak, etab. Hizkuntza ofiziala eslovakiera da (sartaldeko eslavieraren adar bat, txekieraren antz handikoa), nahiz eta hungariera ere askoz hitz egiten den. Eslovakiako biztanle gehienak hiri eta herrietan bizi dira. Biztanle-dentsitatea 111 biztanlekoa da kilometro karratuko. Adinka, berriz, honela dago banatuta Eslovakiako biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 20, 15-64 urte bitartekoak % 69, 65 urtetik gorakoak % 11. Bizi-itxaropena 74,9 urtekoa da.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eslovakiako lehendakariak legebiltzarreko botoen hiru bosten bere alde izan behar ditu lehen bozketan hautatua izan ahal izateko. Eslovakiako legebiltzarra edo parlamentua Kontseilu Nazional deritzon ganbera bakarreko erakundea da, lau urtetik behin aukeratzen dena, eta 18 urtetik gorako guztien sufragio unibertsalez hautaturiko 150 diputatuz dago osatua. Lehendakariak izendatzen du gobernuburu izango den lehen ministroa, eta bien artean hautatzen dituzte gobernuko ministroak. 18 urtez gorako gizonezkoek urtebeteko soldadutza egin behar dute. Emakumezkoek ere egin dezakete soldadutza, nahi izanez gero. Administrazio-gaietarako lau eskualde bereizten dira Eslovakian: Mendebaldeko Eslovakia edo Zapadoslovensky, Ekialdeko Eslovakia edo Vychodoslovensky, Erdialdeko Eslovakia edo Stredoslovensky eta Bratislava.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehengo Txekoslovakiatik bi estatu berrietarako trantsizioa erraztearren, Eslovakiako eta Txekiako gobernuek diru bakarra izatea, aduana-batasuna eta bien arteko muga irekirik edukitzea erabaki zuten. Azkeneko bi puntuak errespetatu badira ere, 1993ko otsailaren 8rako (urte horretako urtarrilaren lehenean banatu ziren ofizialki bi estatuak) hasi ziren nor bere dirua erabiltzen, bi estatuen arteko etengabeko ezinegonen erakusgarri. Hasieran, bi diruek balio bera zuten, baina Eslovakiako koroak balioaren % 10 galdu zuen 1993ko uztailean. Aldi berean, heren bat jaitsi zen bi herrialdeen arteko merkataritza. Poloniarekin eta Hungariarekin merkataritza libreko eremu bat osatzea adostu zuten arren, 1993ko lehen sei hilabeteetan ez ziren konpondu bi estatuen arteko merkataritza-arazoak. Nazio burujabe bilakaturik, Eslovakiak lortu zuen nazioartean ezagutu eta errespeta zezaten, baina, horrekin batera, Txekiak baino askoz ekonomia ahulagoa zuen. Txekoslovakiako kide zela, Eslovakiak aurrekontu federalaren % 10 eta BPGaren % 25 baizik ez zuen jartzen. Atzerapen horren zergatiak ulertzeko, kontuan izan behar da, lehenik, Eslovakia oso berandu industrializatu zela (1948tik aurrera hasi ziren lehen industriak) eta, bigarrenik, mendekotasun handia zuela bai Sobietar Batasunarekiko, bai Europaren ekialdeko beste herrialde batzuekiko. Hori zela-eta, 1990 inguruan, inguru horretako erregimen komunistek porrot egin zutenean, ukaldi gogorra jasan zuen Eslovakiako ekonomiak.

1991-1992an Eslovakiako industria-ekoizpena ia erdira jaitsi zen. 1994aren erdialdera langabezia-tasa % 15 ingurukoa zen, eta inflazioa % 14koa. Hala ere, 1991 ingurutik hasita, nazioarteko enpresekiko harremanak areagotu egin dira. Hala, Volkswagenek inbertsio handiak egin zituen automobilaren industrian, Bratislavan, eta Steel izeneko enpresa estatubatuarrak Kosiceko altzairugintzako enpresa erraldoian (herrialdeko enpresa garrantzizkoena, ia 25.000 lagun enplegatzen zituena) finkatu zuen bere interesa. Aipatutako horietaz gainera, kimikaren sektorea, ehungintza, eraikuntza eta beiragintza dira Eslovakiako industria-sektore garrantzizkoenak.

Merkatu-ekonomiara igarotzeko egin behar izan ziren pribatizazio-prozesuek, dena den, arazoak izan dituzte, askotan, enpresa handien berregituraketa korapilatsuekin. 1995etik aurrera, Eslovakiak emaitza onak izan ditu makroekonomiaren ikuspuntutik. Hala ere, mendekotasun handiegia du oraindik energia-inportazioekiko (batez ere, Errusiari erosten dio).

Nekazaritza-gaiei dagokienez, laboreak, azukre-erremolatxa, patatak, fruituak eta barazkiak dira aipagarrienak, eta baita abere-hazkuntza ere (zerriak, abelgorriak, hegaztiak). Merkataritzak, zerbitzuek eta meatzaritzak pisu arinagoa dute, Eslovakiako ekonomian, industriak eta nekazaritzak baino. Nolanahi ere, ateratzen diren mineralen artean, aipatzekoak dira lignitoa, beruna, zinka, kobrea, burdin mea, magnesita eta gatza.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Eslovakiako historia

Egungo Eslovakiako lurraldean K. a. 450 ingurutik, zeltak finkatu ziren. Erromatar garaietan hainbat gotorleku eraiki ziren Danubioz haratago. Hor, germaniarren kontra borrokatu ziren II. mendetik aurrera.

Eslaviarrak V. mendean etorri ziren. Nitrako printzerria VIII. mendean sortu zen, eta haren agintariak, Pribinak, lehendabiziko eliza kristaua eraiki zuen 828an. Moraviarekin bat eginda, Zirilo eta Metodio misiolari ortodoxoek bisitatu zuten lurraldea 863an.

X. mendean Hungariarrek bereganatu zuten emeki egungo Eslovakiako lurraldea. Bi mendetan Nitrako printzerria bezala, autonomia izan zuen Hungariako Erresuman barnan. Etnia-osaketa anitzagoa bilakatu zen hainbat etorrerarekin: alemaniarrena XIII. mendean, valakiarrak XIV.ean eta juduak. Mongoldarren inbasioa (1241) eta ondorengo gosetea zirela eta, populazio galera handia pairatu behar izan zen. Nolanahi ere, Erdi Aroko Eslovakian hiriak ugaritu ziren. XV. mendean lehen unibertsitatea fundatu zuten Bratislavan, baina berehala ere itxi zen.

Otomandar Inperioak Hungaria aldera jo eta Buda hiria hartu ondoren XVI. mendearen hasieran, Hungaria Bratislavari begira jarri zen, eta 1536tik erresumako hiriburua bihurtu zen. Edonola ere, otomandarren eta habsburgotarren aurkako borroketan lurraldea, batik bat landa eremua, suntsiturik gertatu zen. XVIII. mendean, turkiarrek Hungariatik alde egindakoan, Eslovakiaren garrantzia behera joan zen, nahiz eta Bratislavak 1848 arte jarraitu zuen hiriburua izaten.

1848ko iraultzan, eslovakiarrek Austriako enperadorearen alde egin zuten, Austriako monarkiako hungariar eremutik sezesioa bereganatu nahian, baina ez zuten arrakastarik izan. Austro-Hungariar Inperioaren garaian (1867-1918), Hungariako erdian egonda, hungariarrek bultzatutako magiarizazio prozesua jasan behar izan zuten eslovakiarrek.

Lehen Mundu Gerraren ostean, Eslovakiak zein Bohemiak eta Moraviak estatu bat osatu zuten, Txekoslovakia, Trianongo Itunean eta Saint Germaingo Itunean mugak berretsita. Gerra arteko garaian, Txekoslovakiako estatu demokratikoak eta oparoak Alemaniaren eta Hungariaren tirria errebisionistei aurre behar izan zien, harik eta 1939an Adolf Hitlerrek Txekia okupatu zuen. Nazien presiopean, Eslovakiak independentzia aldarrikatu zuen. Txontxongilo-erregimena bilakatu zen Eslovakiako estatua Hirugarren Reichen eskuetan, eta 1944an erresistentzia armatua sortu zen. Gerran, herrialdeko judu gehienak kontzentrazio-zelaietan amaitu ziren Holokauston. Bigarren Mundu Gerraren ostean, alemaniar eta hungariar franko Eslovakiatik aterarazi zituzten. Gaur egun ere, kanporatze horrek gorabeherak sortzen ditu Hungariako estatuarekin.

Estatu-kolpe bat zela medio (1948), Sobiet Batasunaren itzalpean etorri zen Txekoslovakia. Herrialdea Varsoviako Itunaren indarrek okupatu zuten 1968an, Alexander Dubcek hasitako liberalizazio-prozesua bortizki amaitzeko. Hurrengo urtean, Txekiar Errepublika Sozialista eta Eslovakiar Errepublika Sozialistaren batasuna bihurtu zen Txekoslovakia.

Komunismoa 1989an bukatu zen Txekoslovakian. Herrialdea, berriz, desegin zen bi estatutan: 1992ko uztailean, Eslovakiak estatu burujabea aldarrikatu zuen. Udazken horretan, Vladimir Meciar eslovakiarrak eta Vaclav Klaus txekiarrak federazioaren amaiera burutzeko xehetasunak adostu zituzten. 1993ko urtarrilaren 1etik bi estatu dira. Biak, beste batzuekin batera, 2004ko maiatzean Europar Batasunean sartu ziren.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Eslovakiaren banaketa administratiboa

Eslovakia 1949tik 8 eskualdetan (kraj) banatzen da, eta eskualdeok 79 barrutitan (okres) banatzen dira.

Slovakiakrajenumbers.png
Zbk. Eskualdea Eslovakieraz Hiriburua
1 Bratislava eskualdea Bratislavský kraj Bratislava
2 Trnava eskualdea Trnavský kraj Trnava
3 Trenčín eskualdea Trenčiansky kraj Trenčín
4 Nitra eskualdea Nitriansky kraj Nitra
5 Žilina eskualdea Žilinský kraj Žilina
6 Banská Bystrica eskualdea Banskobystrický kraj Banská Bystrica
7 Prešove eskualdea Prešovský kraj Prešov
8 Košice eskualdea Košický kraj Košice

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Eslovakia Aldatu lotura Wikidatan