Daewoo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Daewoo (hangul 대우, hanja 大宇 , euskaraz "Unibertso handia" ) Hego Korear enpresa taldea zen. Enpresa hau 1967ko martxoaren 22an Kim Woo-choongek sortu zuen eta Park Chung-heeren gobernuaren politika eta laguntza ekonomikoei esker azkar dibertsifikatu zen auto, itsasontzi, arma eta gai elektronikoen ekoizle moduan. Bere garairik onenean herrialdeko bigarren chaebol (enpresa multzo) bilakatu zen, Hyundairen atzetik. Konpainiaren dibertsifikazioak zorpetze handia eragin zion, eta Asiako finantza krisiaren eztandarekin jasanezina bihurtu zen haren egoera, ekonomiaren eta finantzen ikuspegitik. Daewook 1999an porrota aitortu zuen, eta haren egoerak bultzatuta Kim Dae-jungen gobernuak esku hartu behar izan zuen. Gobernuak chaebola bertan behera utzi zuen, eta haren filial guztiak beste enpresa batzuei saldu zizkien, Koreako ekonomiak porrot egitea saihesteko asmoz. Kim Woo-choongek Hego Koreatik alde egin zuen eta 2005 arte ez zen bueltatu. Epaitua izan ostean, 10 urteko kartzela zigorra ezarri zioten "kontabilitate iruzur" eta "kapital-ateratze" delituengatik.

Mundu osoan ezagunena den Daewoo auto marka GM Daewoo izenera aldatu zen 2002an, General Motors konpainiak kontrola eskuratu zuenean. Nahiz eta konpainia batzuek oraindik ere Daewoo izena mantendu, horietatik bat ere ez dago izen bereko talde ohiarekin erlazionatuta.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Daewoo-ren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seulen dagoen Daewoo-ren egoitza nagusi ohia orain erabilpen anitzeko gunetzat erabiltzen da.

Antzinako Daewoo Group egoitza nagusia (Orain Seoul Square eraikina).

Daewoo Seul-go Yonsei Unibertsitatean Ekonomia Zientziatan lizentziaturiko Kim Woo-choong-ek enpresaburu gazteak sortu zuen 1967ko martxoaren 22an. Woo-choong-ek 5 langilez osaturiko oihal enpresa bat jarri zuen martxan honetarako 5 milioi woneko mailegua eskatu zuelarik (trukean, garaiko 9.000 euro). Hala ere, Daewoo azkar asko hazi zen Park Chung-hee buru zuen gobernuaren politika ekonomikoei esker. Honek, Hego Koreako ekonomia bultzatzeko enpresa taldeez (chaebol) osatutako eredu ekonomikoa sustatu nahi zuen. Honekin batera, Daewook sektore ezberdinetan kontratuak eta laguntza publiko ugari lortu zituen. Lehenengo urteetan bere jarduera ekonomikoa oihalen negozioan oinarritu bazuen ere, 1973an Hego Korear gobernuak diru-laguntza publikoak jasotzeko ezinbestekotzat jo zuen bere jarduerak dibertsifikatzea. Ondorioz, Okpo ontziola erosi zuen. Aurrerantzean gobernuaren eskakizunpean porrota ekonomikoa ezagutzen zuten entrepresak berrerosten hasi zen eta horrela negozio ezberdinetan murgildu zen, eraikuntza eta armen industrian, besteak beste. Era berean, Ekialde Ertainan azpiegitura eraikuntzak burutu zituen lehenengo enpresetariko bat bilakatu zen.

1978an, Daewoo-k Saehan Motor auto ekoizlea erosi zuen eta Daewoo Motor izenarekin berrizendatu zuen, Hyundai eta antzeko beste talde batzuekin lehian hasi zelarik. Merkatu nazionalean merkatu kuota lortzeko helburuaz, 1983an General Motors-ekin elkarte misto bat eratu zuen eta horrela Daewoo LeMans (Opel Kadett) eta Daewoo Tico (Suzuki Alto) kostu baxuko auto utilitarioak produzitzen hasi zen.

Hego Koreako ekonomiaren liberalizazioarekin batera, Daewook nazioarteko hedapen erraldoiari ekin zion, bere fabrikazio zerbitzuak kostu baxuan eta lan-esku merkean eskainiz. Ontzi, merkantzia-ontzi eta petrolio-ontzien sektoreetan, Hego Korear gainerako ontziolek bezala, mundu mailan merkatu-kuota handia lortu zuen prezio-dumping eginez eta gobernuaren diru-laguntza erraldoiei esker, ekoizpen kalitatea eta aurrerapen teknologikoa Europako ontziolen azpitik bazegoen ere. Bestalde, Daewoo Motor Australia eta AEBetara iritsi zen eta Altzairuko Harresiaren gainbeheraren ostean, Ekialdeko Europan eta Ekialde Ertainean filialak irekitzean munduko seigarren auto ekoizlea bihurtu zen.

Bere hedapenean izan zuen konfiantzagatik 1992an General Motors-ek Daewoo Motors-en zuen parte-hartzea erosi zuen horrela konpainia independentea bilakatuz. 90ko hamarkadan zehar, familia negozio bezela kudeatutako dibertsifikazio masibo eta integrazio bertikaleko sistemaren ondorioz zorpetze handia ezagutu zuen Daewoo-k. Bere egoera ez zen batere aldatu Hego Koreara demokrazia heldu zenean, Kim Woo-choong Koreako Industria Federakundeko presidente hautatua izan zelako. Garai hartan Daewoo herrialdeko bigarren taldea zen, bere menpe 20 partzuergo eta 320.000 langile zituelarik munduan barrena.


Daewoo-ren porrota[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997an Asiako finantza krisiak eztanda egin zuen eta “Asiako lau tigre” zeritzon ekonomiei eragin zien, Hego Korea hauen artean zegoelarik. Gobernuko presidente zena, Kim Dae-jung, defizita murrizteko helburuaz erreforma ekonomikoak dekretatu zituen eta enpresei emandako maileguak murriztu zituen Nazioarteko Diru Funtsak berme gurutzatuak ezabatzera estutu zuenean. Daewoo bere hedapenerako gehien zorpetu zen enpresetariko bat izan zen eta ezin izan zituen eskatutako maileguak itzuli.

Urte bete geroago, taldeak 369 milioi euroko galerak izan zituen, baina Hyundai edo Samsung enpresen arazo ekonomikoak beste talde batzuenekin konparatuta Daewoo enpresak erosten jarraitu zuen eta aktibo defizitarioak saltzeari uko egin zion. Chaebol-aren arazo finantzarioak Hego Korear ekonomia porrotera eraman zezakeen, honek Barne Produktu Gordinaren %5 suposatzen zuelako eta bere enpresek 150.000 hegokorear enplegatzen zituelako.

1999 Daewoo Leganza.jpg

Dae-jung-en gobernuak konpainian esku-hartzeko zenbait neurri aurreikusi bazituen ere, azkenean ez zuen berreroste planik habian jarri. Erabakia herrialdeko gainerako industri-taldeei bidalitako mezutzat jo zen hauek euren desinbertsioak azkartzeko. Daewoo-k merkatuak %30eko interes tasako epe laburrerako bonoekin bete zuen baina aipatutako neurriak kale egin zuen eta taldeak ezin izan zuen bere zorra berregituratu. Daewoo 1999ko abuztuaren 26an itxi zen eta administrazioak enkantera atera zituen inbertsore nazional eta nazioartekoentzat taldeko enpresa subsidiario defizitarioak, Daewoo-ren hartzekodunei ordaintzeko. Daewoo Motor-ek 2000n aitortu zuen bere porrota eta hilabete gutxira General Motors-ek bere kontrolarekin egin zen.

Daewoo-ren sortzailea, Kim Woo-choong, mailegu berrietara sarbidea edukitzeko eta kaudimen-gabezia estaltzeko taldearen kontuak faltsutzeagatik, "kapital-ateratze" eta "zerga-iruzurrengatik" epaitua izatea ekiditeko asmoz Frantziara alde egin zuen 1999ko azaroan. Woo-choong 2005ean bueltatu zen 10 urteko kartzela zigorra betetzeko eta 22.000 milioi dolarreko isuna ordaintzeko. [[Fitxategi:Daewoo City Bus.jpg|200px|thumb|left| Daewoo aldiriko autobusa Lahore, Pakistanen

Porrotaren ondorengo enpresak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Daewoo izena mantentzen duten enpresa ugari daude oraindik ere, baina ez dira modu gurutzatuan jarduten. Hauen artean arrakastatsuena gailu elektronikoak ekoizten dituen Daewoo Electronics da. Baina badira beste batzuk, hala nola, Daewoo Engineering & Construction (eraikuntza), Daewoo Shipbuilding & Marine Engineering (ontziola) edota Daewoo International Corporation (inbertsioak). Daewoo Logistics, lurren ustiakuntzan eta salgaien garraioan espezializatua dago. 2008an Madagascarren 1.3 milioi hektarea erosi zituen, herrialdearen %40a hain justu ere, bioerregaien, palma-olioaren eta artoaren laborantzarako. Aipatu hitzarmena urte bete geroago bertan behera laga zuen Andry Rajoelina herrialde afrikarraren presidente berriak. Daewoo Motor-i dagokionean, General Motors-ek taldearen izena aldatu zuen GM Daewoo-ren ordez. 2005etik aurrera, Europako eta Ekialde Ertaineko Daewoo-ren modelo guztiei Chevrolet izena ezarri zieten eta Ozeanian Holden izena hartu zuten. Soilik Hego Korean eta Vietnam-en mantentzen da Daewoo izena. Bestalde, Tata Motors-ek merkataritzako ibilgailuen modeloak erosi zituen.

Daewoo-ren konpainiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997ko krisiaren eztanda baino lehen Daewoo Hego Koreako bigarren konglomeratua zen eta 20 dibisio osatzen zuten. Garrantzitsuenak hauexek:

  • Daewoo Textile: oihalgintza zuen jarduera. Daewoo-ren hasierako konpainia.
  • Daewoo Motor: egun, GM Daewoo, auto ekoizlea da. Elkarte mistoa izan zen General Motors-ekin batera 1983tik 1992ra arte. Daewoo-ko konpainiaren akzio guztiak erosi eta estatubatuar multinazionaletik independentizatu zuen.
  • Daewoo Motor Sales: autoen alogera.
  • Daewoo Electronics: gailu elektronikoen eta ordenagailuen fabrikazioa. Bere jarduera mantentzen du egun.
  • Daewoo Heavy Industries: azpiegituren eraikuntza. Doosan taldeak erosi zuen Daewoo-ren porrotaren ostean.
  • Daewoo Shipbuilding & Marine Engineering: petrolio-ontzien, ontzien, hegazkinen, helikopteroen eta merkatal ibilgailuen fabrikazioa. Enpresa guztiz independentea da egun.
  • Daewoo Precision Industries: armagintza industria.
  • Daewoo Securities: finantza aseguruen konpainia.
  • Daewoo International: inbertsioak eta errenta aldakorra.
  • Daewoo Telecom: telekomunikazioak eta sistema informatikoak.
  • Daewoo Corporation: Asia eta Ekialde Ertainean azpiegituren eraikuntza.
  • Daewoo Development Co.: Munduan barrena hotelen kudeaketa. Hego Korean Hilton frankiziaren kudeaketa barne.
  • Institute for Advanced Engineering: ikerketa eta garapena.

Daewoo-ren garapenaren gakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hazkunde indartsua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste enpresari askok bezala, Chung Ju-yung (Hyundai) eta Lee Byung-chull (Samsung), Kim Woo-choong-ek abantaila handiak lortu zituen Park Chung-hee eta Chun Doo-hwan gobernuburu zen larderiazko erregimen politikoen politika ekonomikoekin. Hauek diru-laguntza ugari bideratu zieten Hego Korear enpresei euren negozioa sektore ezberdinetan dibertsifikatzearen truke. Onurarik handiena lortzeko, Kim-ek erakunde zentralizatua garatu zuen eta honen enpresa subsidiarioetan bere familiarrak jarri zituen zuzendari. Kim Woo-choong Daewoo zuzendu zuen beti konpainia, desmantelatua izan zen arte.

Daewoo-k 1997ko Asiako finantza krisira arte, Hego Korear ekonomiak ezagutu zuen hazkunde handia aitzakitzat hartuz, bere kapitala biderkatu zuen dibertsifikazioari, azpiegituren eraikuntzarako lortutako kontratuei eta inbertsoreak erakartzeko gaitasunari esker. Era berean, elkarte mistoak eratu zituen atzerriko enpresekin General Motors-ekin esaterako, nazioartean, europar eta estatubatuar merkatuetan, konparatuta kostu baxuagoko produktuekin beste Chaebol asko baino azkarrago hedatzea lortu zuelarik. Lan munduan, Daewook lan-esku merkea erabiltzen zuen baina demokraziarekin batera, zuzendaritza eta enplegatuen artean erlazio sistema bat habian jartzen lehenengoa izan zen. Zuzendari batzuk kate-ekoizpenean lan egin zuten denbora batez euren langileen lan baldintzak ezagutzeko eta era berean enplegatuei euren prestakuntza eta lanaren arabera goi mailako karguetara igotzeko aukera eman zitzaien. Hala ere, konpainiaren kontrol osoa Woo-chong familiaren esku jarraituko zuen.

Taldearen gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Daewoo-ren hazkundea, 80ko hamarkadatik aurrera batik bat, oso arriskutsua bilakatu zen zorpetze handia beharrezkoa zuelako. Hego Koreako gobernuak ekonomia esku-hartu zuen Chaebol-an alde babes-politika, mailegu merke eta diru-laguntza handiekin. Trukean, konpainiek gobernuak proposatutako inbertsioa hartu beharko zuten euren gain. Daewoo-ren kasuan gobernuak porrotan zeuden enpresan berreskuratzera behartu zuen eta taldearen ekoizpen maila kontrolatu zuen herrialdearen beharrizanaren arabera. Bestalde, merkatuaren liberalizazioa eta nazioarteko hedapena Daewoo-ren zorrak biderkatu zituen. Demokraziarekin batera adierazpen eta elkartze askatasunak onartu ziren enpresaren lan kostuak handituz. Greba ugari izan ziren lan baldintza hobeagoak eskatzeko, eta honek zuzenean eragin zion Daewoo-ri batez ere sektore errentagarriena zen ontziolei, zeintzuek 90ko hamarkadan galerak aitortu zituzten. Bestalde, Daewoo-ren nazioarteko salmentak murriztu ziren.

Nahiz eta zuzendutako ekonomia izan, Daewook bere negozioa dibertsifikatzen jarraitu zuen eta maila-politikoarekin harremanak mantendu zituen hazten jarraitzeko. Horrela bada, Woo-chung, Roh Tae-wooren kanpaina politikoa, kontratuen truke, ilegalki finantzatzeaz salatua izan zen. Hala ere, asiar finantza krisiaren eztandarekin batera, faboreak bukatu ziren.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Daewoo Aldatu lotura Wikidatan