Donostiarra
Donostiarra Donostiako (Gipuzkoa) traineru bateratua da. Kaiarriba arraun-taldeak du traineru hori kudeatzeko ardura.
Klubaren traineruan eta arraunlarien jantzietan zuria da kolore nagusia, horixe baita historikoki Donostia arraunean bereizi izan duen kolorea. Jantzietan, urdina ere ageri da, zuriarekin batera. Donostiarra Bandera antolatzen duen taldea da.
Eduki-taula |
[aldatu] Aurrekariak
Historikoki Donostia hiriko traineruak lehiakorrak izan dira, bai arraun tradizionalean, arrantzale-kofradiek eratutako traineruen garaian (hirugarrena da Kontxako Banderaren irabazleen zerrendan), bai eta arraun modernoan ere; hiriko arraun-talde bakoitzak bere trainerua eratu eta traineru donostiar bat baino gehiago uretaratzen zirenean ere maila ona ematen zuten (1981 eta 1994 bitartean, Kontxako Banderaren 14 edizioetatik 9 aldiz lortu zuen Donostiako traineru batek lehen 4 postuetan sailkatzea, eta 14 edizio horietako zortzitan bigarren traineru donostiar bat izan zen Bandera lehiatzen). Egoera horrek 1990ko hamarkadaren amaiera eta hurrengo hamarkadaren hasiera arte iraun zuen. Izan ere, Donostiako klubak batzuetan trainerua osatu ezinik ere geratu baitziren. Horren ondorioz, emaitzak eskasten joan ziren, eta donostiar arraunlariak ere nahi baino errazago joaten ziren hiritik kanpo arraun egitera.
[aldatu] Traineru bateratuaren sorrera
Irtenbideren bat eman nahian-edo, hiriko baliabide eta ekimenen indarra batu eta traineru bateratua eratu behar zela kontsideratu zen. Udalaren inplikazioa lortu ondoren, harekin hitzarmena eratu zuten klub historikoek, eta horrala sortu zen, 2007ko amaieran, Donostiako traineru bateratua: Donostiarra. Horretarako espreski klub berria sortu zen: CDR Kaiarriba (klubari izen ofizial hori eman zitzaion, arautegiak ez baitzuen uzten Donostiarra izeneko kluba sortzen). Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak taldeek ordezkaritza paritarioa zuten klub berriaren zuzendaritzan, Iñaki Arana lehen lehendakaria izanik.
2008 denboraldian Luis Mari Etxart izan zen entrenatzailea, eta kirol-bilakaerari ondo ez iritzita, Jose Ramon Mendizabal Mendi entrenatzailea ekartzeko proposamena egin zen. Horrek tirabirak sortu zituen Ur-Kirolak eta Donostia Arraunen eta udalaren artean. Zuzendaritzako ordezkaritza paritarioaren eraginez, berdinketan oinarritutako blokeoa zegoen erabakiak hartzeko orduan. Blokeo horrek eramanda, udalak hitzarmena hautsi eta enfoke berri bat bultzatzea erabaki zuen.
2009 hasieran, hitzarmen berria eratzea lortu zen udalarekin: lehengo bi klubez gainera, Club Deportivo Fortuna ere gehitu zen, eta herritarrei bazkide izateko aukera eman ondoren, berdinketak eragotziko lituzkeen zuzendaritza eratu zen: bina kide dute zuzendaritzan Ur-Kirolak eta Arraunek, beste bi bazkide-masa berriak, eta bat Fortunak. Alberto Goitia izendatu zen lehendakari berria.
[aldatu] Palmaresa
Donostiako traineruek garaipen hauek lortu dituzte historian zehar. Donostiarra izendapenarekin lortutakoak 2008tik aurrerakoak dira:
- 14 Kontxako Bandera: 1879, 1883, 1887, 1889, 1890, 1891, 1892, 1894, 1897, 1915, 1918, 1920, 1922 eta 1950
- 2 Espainiako Traineru Txapelketa: 1945 eta 1992
- 1 Euskadiko Traineru Txapelketa: 1992
- 1 Federazio Liga[1]: 2003
- 3 Gipuzkoako Traineru Liga KAE-1: 2003, 2010 eta 2011
[aldatu] Sailkapenak eta urteko bestelako datuak
| Urtea | Kontxa | Liga | GipTx | EusTx | EspTx | Trainerua | Entrenatzailea | Patroia | Babesle nagusia |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 2008 | 8. | KAE 1 Liga: 7. | 7. | - | - | Kiriko | Luis Mari Etxart | Ander Iriarte | Construcciones Moyua |
| 2009 | 7. | KAE 1 Liga: 7. | 7. | 7. | - | Lugañene/Donostiarra[2] | Mendi | Asier Lopez | Ez zen nagusirik izan[3] |
| 2010 | 8. | KAE 1 Liga: 5. | 7. | - | - | Torrekua [4] | Mendi | J.M. Lujanbio | Ez zen nagusirik izan[5] |
| 2011 | 4. | KAE 1 Liga: 4. | 4. | 8. | - | Torrekua | Mendi | Arkaitz Diaz | Ez zen nagusirik izan[6] |
[aldatu] Presidenteak
[aldatu] B trainerua
Donostiarraren B ontzia klubaren bigarren urtean uretaratu zen lehen aldiz, 2009an.
| Urtea | Traineru Liga | Trainerua | Entrenatzailea | Patroia |
|---|---|---|---|---|
| 2009 | KAE 2 Liga: 11. | Koruko Ama / Lugañene | Manu Roteta | Andoni Lizaso |
| 2010 | KAE 2 Liga: 8. | Lugañene | Joxan Jauregi | Xabier Goienetxea |
| 2011 | KAE 2 Liga: 8. | Lugañene | Joxan Jauregi | Xabier Goienetxea |
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Oraingo KAE-1 Ligaren baliokidea.
- ↑ Bigarren ontzi hau, SDR Castrok utzia, erosi egin zen denboraldi amaieran, eta Torrekua izena eman zitzaion.
- ↑ 2009ko babesleak: Casino Kursaal, EgunOn, TeleDonosti, Eventos, ASM.
- ↑ Kontxako Banderan Lugañene traineruarekin atera ziren.
- ↑ 2010eko babesleak: EuskoAuto - Toyota, Druck, Casino Kursaal, EgunOn, CC LaBretxa, Kutxa.
- ↑ 2010eko babesle berak, eta Martin Berasategi.
[aldatu] Ikusi gainera
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Donostiarraren webgune ofiziala
- KAE-ARC Ligaren webgunea Klubaren urtez urteko sailkapenak eta plantillak ageri dira
- (Euskaraz) Tornozulotik (Donostiarrak arraunean) Donostiako arraunketari buruzko bloga