Espeleolaguntza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Riesendingeko erreskatea (Bavaria, 2014).
Riesendingeko erreskatea (Bavaria, 2014).

Espeleolaguntza esaten zaio kobazuloetan gertatutako istripu edo ezbeharrei aurre egiteko erreskate teknika bereziari.[1]

Espeleosorosleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurpeko erreskatean aritzeko aldez aurretik esperientziadun espeleologoa izan beharra dago (progresioan, instalazioan, autosorospenean eta lehen arreta arloan autonomoa); hortik aurrera, espeleolaguntzan prestakuntza orokorra jasoz, espeleosorosle kualifikatu bihurtzen dira. Horien artean arlo konkretuetan sakontzen duten espezialistak ere badaude: medikuntza, desobstrukzioa, komunikazioa, espeleourpekaritza...[2] Azken diziplina hau bereziki zaila eta arriskutsua da, Tailandiako Tham Luang kobazuloko erreskatean agerian geratu denez.[3]

Espeleosorosle gehienak bolondresak dira, nahiz eta profesional batzuek ere badauden: indar armatuen eta suhiltzaileen erreskate taldeetan espeleosorosle unitate bereziak egoten dira. Koba barruko lanetan, denek batera jarduten dute Espeleolaguntza Koordinatzailearen aginduetara.[4]

Logistika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Espeleo Laguntza taldearen erreskate ariketa (Artekonako leizea, Galdames, 2010).
Euskal Espeleo Laguntza taldearen erreskate ariketa (Artekonako leizea, Galdames, 2010).

Lurpeko erreskateak oso gutxi dira (mendian gertatzen diren erreskateen aldean, adibidez) baina haien logistika konplikatuak pertsona eta baliabide askoren mobilizazioa eskatzen du, eta arreta mediatiko handia erakartzen dute.[5]

Orokorrean, lurpeko erreskateen lehen arreta tokian tokiko Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzatik bideratzen da. Teknikoek eginiko balorazioaren ondoren, talde profesionalek konpontzeko gai diren edo ez ikusten da (lurpeko istripu gehienak leize sarreran eroritako pertsonenak dira, polizia edo suhiltzaile brigada txiki batek burutzeko modukoak). Istripua koba barruan bada, berriz, tokiko espeleosorosle bolondresak mobilizatu behar izaten dira; eta erreskatea burutzea konplikatua izan ezkero, inguruko espeleolaguntza taldeak ere mobilizatu ohi dira.[4]

Erreskateen logistika orokorra tokian tokiko Babes Zibileko erakundeek koordinatzen dute, eta zati handi batean kanpo lanak dira (garraioak, erosketak, aterpeak, komunikazioak, janaria, argi indarra, gestioa...); koba barruko lanen kudeaketa, berriz, espeleolaguntza taldeen esku egoten da.[6]

Kontrol Postua EEL-aren simulakroan (Gesaltzako lizuna, Araotz 2013).
Kontrol Postua EEL-aren simulakroan (Gesaltzako lizuna, Araotz 2013).

Operatiboki, espeleolaguntza taldea Kontrol Postu (KP) batetik kontrolatzen da, hurbilen dagoen herrian ezarri ohi dena. Kobazuloaren sarreran Ahoko Postua ezartzen da (AP). KP eta AP irratiz komunikatuta egoten dira, eta AP-tik kobazulo barruarekin komunikatzeko sistema desberdinak erabiltzen dira, kobazuloaren morfologia eta istripuaren lekuaren distantziaren arabera. Koba barruan, KP-aren aginduz, espeleosorosleak 6-8 pertsonatako talde txikietan banatzen dira, bakoitza ibilbidearen zati baten kargu eginez, eta zaurituak igaro beharko dituen oztopoak instalatzeko ardurarekin (tirolinak, polipastoak, kontrapisuak...).[7]

Iraupenari buruz, lurpeko erreskate operazio ez oso konplikatu bat 2-3 egunez luzatu daiteke. Horregatik, logistika taldeak sorosle bakoitzaren kontrola eraman behar du: non dagoen, zenbat ordu daramatzan lanean, noiz deskantsatu behar duen. Espeleolaguntzan oso zorrotz errespetatzen diren arauen arteko bat hauxe da: zauritua ateratzea bezain garrantzitsua dela istripu berririk ez gertatzea.[8]

Espeleolaguntza taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Espeleo Laguntza taldearen erreskate ariketa (Artekonako leizea, Galdames, 2010).
Euskal Espeleo Laguntza taldearen erreskate ariketa (Artekonako leizea, Galdames, 2010).

Espeleolaguntza taldeak tokian tokiko espeleologoen elkarteek eratutako azpitalde bereziak dituzte. Euskal Herrian, hiru egitura nagusi ditugu:

Gorago esandako moduan, ohikoa da talde hauen arteko kolaborazioa: bai urteroko formakuntza saioetan (ikastaroak,[9] simulakroak[10]), baita erreskate errealetan ere.[11] Ez da arraroa izaten, baita ere, hemengo bolondresek atzerritik etorritako laguntza eskariei erantzutea, adibidez Intimachay (Peru)[12] edo Tham Luang (Tailandia)[13] erreskateetan gertatu bezala.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahoko Postua Marcel Loubensen istripuan (Lepineux leizea, Izaba 1952).
Ahoko Postua Marcel Loubensen istripuan (Lepineux leizea, Izaba 1952).

II Mundu Gerraren ostean espeleologiak loraldia izan zuen. Espedizioen ugaritzeak, eta esplorazio tekniken hobekuntzak, deskubrimentu gero eta sakonagoak ekarri zituen, eta horrekin arrisku handiagoa. Munduko espeleolaguntzaren historiako lehen itua Euskal Herrian ezarri zen, Izabako herrian hain zuzen ere: 1952an Marcel Loubensek San Martin Harriko leizean izandako istripua.[14]

Loubensen erreskatearen bilakaera dramatikoak (gorpua ezin izan zuten atera, bi urte geroago arte[14]), lurpeko erreskate tekniken gabezia larria erakutsi zuen: begi bistan geratu zen istripu baten kasuan kanpoko erreskate taldeek ezin zutela laguntzarik eman, eta arazoa espeleologoek eurek konpondu beharra zutela. Soluzioa ez zen berehala etorri: urte askoan, espeleologoek ez zuten kontatu istripu kasuan ateratzeko aukerarekin, eta agian horregatik espedizio askotan apaiza zuten lagun.[15]

Erreskatea antolatzeko lehen mugimenduak 1960 hamarkadan egin ziren: 1962an Bruselan I Espeleolaguntza Kongresua ospatu zen.[16] Espeleologia taldeek ariketak egiten hasi ziren (1966, Aralarko Vizcaíno leizean[17]). 1967an Zuberoa-Biarno inguruan espeleolaguntza elkartea eratu zen (SS64), eta 1969an Arphidiako koban (Zuberoa) femurra hautsitako espeleologo bat erreskatatu zuten.[18] 1971ean Felix Ruiz de Arkauteren istripu eta heriotza ere espeleolaguntza bultzatzeko arrazoi sendoa izan zen.[19] 1977an Pirinio Atlantikoen departamendua SS64 diruz laguntzen hasi zen (ordura arte sorosleek bere poltsikotik ordaintzen baitzituzten gastuak) eta urte berean SSF erakundea sortu zen, frantziar estatuko espeleolaguntza taldeak koordinatzeko.[20]


Kontrol Postuko materialen gunea, Galdameseko Udaletxean (Artekona 2010).
Kontrol Postuko materialen gunea, Galdameseko Udaletxean (Artekona 2010).

1984an, Bizkaiko GAES taldeak Rasinesen (Kantabria) istripua izan zuen: Pierre Boissard urpekaria hil zen sifoi baten esplorazioan, Red del Silencio kobazuloan. Haren gorpuaren erreskatea SSF taldearen koordinaziopean egin zen: nazioarteko 150 bat espeleologok parte hartu zuten, eta ohatilak 12 kilometrotako bidea egin zuen 36 ordutan. Bizkaitarrek han ikusitako antolakuntza eta maila teknikoa eredu bezala hartu zuten, eta hori izan zen EEL-en ernamuina.[21]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Espeleosocorro» http://www.fnespeleo.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  2. Spéléo Secours Français. «Moyens humains et matériels» https://www.speleo-secours.fr/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  3. British Cave Rescue Council. «Tham Luang Nang Non Cave, Thailand» http://www.caverescue.org.uk/ (Noiz kontsultatua: 2017ko uztailaren 7a).
  4. a b Euskal Espeleologoen Elkargoa. «Euskal Espeleo Laguntza (EEL)» http://euskalespeleo.com/ (Noiz kontsultatua: 2017ko uztailaren 7a).
  5. Euskal Espeleologoen Elkargoa. «Aranagako istripua» http://euskalespeleo.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  6. Eusko Jaurlaritza. «Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak asteburu honetan egingo du urtero Galdameseko haitzulo batean burutzen duen erreskate simulazioa» https://www.irekia.euskadi.eus/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  7. Gastón, Mario. «Espeleo-socorro; los rescates más complicados del mundo, en el territorio secreto del planeta» http://www.barrabes.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  8. GARCIA ORTIZ, JE; GARCIA MONTES, M. ARRIBA HERRERO, M. «ASISTENCIA EXTRAHOSPITALARIA EN DEPORTES DE AVENTURA» http://cibermayo2017.enfermeriadeurgencias.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  9. Otxola Espeleologia Taldea. «CURSO DE PRIMEROS INTERVINIENTES» http://otxola.blogspot.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  10. Dulanto, Diego. «SIMULACRO DE RESCATE EN EL "SOLENCIO DE BASTARAS" (Huesca) 1y 2 de junio de 2013» http://descendedor.blogspot.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  11. Dulanto, Diego. «RESCATE EN LA TORCA DE ARTEKONA. Galdames (Bizkaia)» http://descendedor.blogspot.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  12. Euskal Espeleologoen Elkargoa. «Regreso espeleosocorristas EEL» http://euskalespeleo.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  13. Ibarrola, Martin. «Veinte buceadores espeleólogos de Francia esperan luz verde para ir a Tailandia» https://www.elconfidencial.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  14. a b Labeyrie, Jacques. (2012). Les découvreurs du Gouffre de la Pierre Saint-Martin.. Paube: Cairn.
  15. IPV. (1964). La expedición de 1954. Cambiando de rumbo. In: Grupo Espeleológico de la Institución Príncipe de Viana. Larra. Sima de San Martín.. Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia, 21-37 or..
  16. Santesteban, Isaac. (1975). «Esquemas y técnicas de rescate» Kobie (Bilbo) (6): 190..
  17. Santesteban, Isaac. (2006). Memorias de un espeleólogo. Sahats, 49 or..
  18. Queffelec, Corentin. (1978). Jusqu’au fond du gouffre. Tome 2. Arcora, 54-83 or..
  19. Bizkaiko Espeleologia Taldea. (1972). «Noticiario» Kobie (Bilbo) (4): 96..
  20. GOMEZ, Ruben. DOUAT, Michel. (1989). «Tribut à l’exploration... 20 années de spéléo secours à la Pierre» ARSIP Buletina (Santa Grazi) (16).
  21. Euskal Espeleologoen Elkargoa. «Historia» http://euskalespeleo.com/ (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]