Izaba
|
Izaba |
||
|---|---|---|
|
|
||
| Izen ofiziala | Isaba <> Izaba | |
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Zangozako merindadea Erronkariko ibarra |
|
| Alkatea | Ángel Luis de Miguel Baratze (Ezka, indep.) |
|
| Herritarra | izabar | |
| Koordenatuak | 42°51′0″N 0°55′0″W / 42.85°N 0.91667°WKoordenatuak: 42°51′0″N 0°55′0″W / 42.85°N 0.91667°W | |
| Eremua | 147,40 km2 | |
| Garaiera | 803 m | |
| Distantzia | 98 km Iruñera | |
| Posta kodea | 31417 |
|
| Biztanleria | 507 bizt. (2012) | |
| Dentsitatea | 3,44 bizt./km² | |
| 1. Euskaltzaindiaren onomastika datutegia | ||
Izaba[1] Nafarroako ipar-ekialdean dagoen udalerri mugakoa da, Zangozako merindadean kokatua eta Erronkariko ibarraren herririk populatuena.
2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, herriak 507 biztanle ditu.
Eska-Zaraitzu Hondakin Solidoen Mankomunitatea, zaborra biltzeaz arduratzen da Izaba eta eskualdeko beste hainbat herritan.
Eduki-taula |
Inguru naturala eta kokapena [aldatu]
Mugakideak [aldatu]
Izaba Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Zuberoa eta Aragoiko Huesca probintziako mugaren ondoan. Nafarroako hiriburutik 98 kilometrora, Izaban Nafarroako eta Euskal Herriko mendirik garaienak daude, Lakhura (1.877m), Txamantxoia (1.941m) eta Hiru Erregeen Mahaia (2.426m).
Mendebaldean Uztarroze, hegoaldean Urzainki, ekialdean Anso (Huesca) eta iparraldean Santa Grazi (Zuberoa) eta Ereta (Biarno) mugakide ditu.
Klima eta landaredia [aldatu]
Udalerri zabala denez eta altuera aldeak dituenez, Izabak klima ezberdinak ditu. Haranaren behealdean eta udalerriaren hegoaldean, klima azpimediterraneoa da; haranaren iparraldean, berriz, klima azpiatlantiarra da; eta udalerriaren iparraldean (gunerik menditsuenean) mendialdeko klima (Larra-Belaguan) daukate. Itsasoaren mailako altuera aldeengatik, batez besteko balioak ere aldakorrak dira kokagunearen arabera. Tenperatura 4 eta 10 gradu artekoa eta prezipitazioak 1.000 eta 2.000mm bitartekoak dira. Urteroko egun euritsuak 120 eta 160 artekoak dira, eta azarotik apirilera elurra maiz egiten du.
Udak nahiko lehorrak izaten dira haranean (klima azpimediterraneoaren eragina dela eta), baina mendietan prezipitazioak ugariak dira urte osoan zehar. Urtarorik euritsuenak udaberria eta udazkena dira. Neguan, udalerriko mendietan metro eta erdiko elurra pilatzen da, (2009ko neguan, ordea, bi metro baino gehiago pilatu ziren mendi garaienetan).
Jatorrizko landaredia pinuek, pagoek eta haritzek osatzen zuten. Pinudiak, Belabartze, Maze, Txamantxoia eta Lapakitza mendietan zeuden. Pagadiak, berriz, mendi horien behealdeko gune laiotzetan, eta hariztiak, azkenik, udalerriaren hegoaldeko gune epelagoetan. Lekurik bakartuenetan nahiko ondo gorde dira baso horiek, baina artzainen eta almadiazainen mendeetako jarduerak erdira murriztu du Izabaren jatorrizko basoen azalera.
Estazio meteorologikoa [aldatu]
Herriguneko gunerik altuenean, ur-gordailuaren ondoan eta itsasoaren mailatik 843 metrora, Espainiako Meteorologi Agentziak jarritako estazio meteorologikoa dago.[2]
Auzoak [aldatu]
Udalerria sei auzotan banatuta dago: Izarjentea, Mendigatxa, Barrikata, Bormapea, Burgiberria eta Garagardoia.
Belagua [aldatu]
Belaguako bazterra eta mendatea Zuberoarako bidean kokatuta daude, Izabako iparralderako irteeran, alde batean, Txamantxoia eta Ezkaurre mendiak, eta, bertzean, Kartxela, Lapakiza eta Lakhura dituela. Belaguara Izaban hasten den NA-1370 errepidea hartuta heltzen da.
Belaguako mendateak bertzaldean dagoen Santa Grazirekin lotzen du.
Historia [aldatu]
Izabako udalerrian, Erronkariko trikuharri gunerik garrantzitsuena dago, Arrako, Sakulo, Roitzu eta Belabartzeko trikuharriak. Udalerria XIX. mendearen erdialdean udalerri independente bihurtu arte, Erronkariko ibarreko herrietako bat izan zen. XIII. eta XIV. mendeetan, Izaba ibarreko herririk jendetsuena zen, baina 1427ko sute handiak, herrian zeuden 270 etxeen gehienak suntsitu zituen (baita San Zipriano eliza zaharra ere), eta suteak erre gabeko etxeak, hamarren bat baino ez ziren izan. Elizan Erronkariko artxibo nagusia gordetzen zen eta 1523an egondako beste sute batek artxiboa ere suntsitu zuen.
XVI. mendearen amaieran, zailtasun handiekin, Izabak, aurreko mendean izandako biztanleria berdintzea lortu zuen. Izabarrek urteroko petxa ordaintzen zuten, ibarreko bizilagun guztiek bezala, eta 1412an Nafarroako erregeak izabarrak kapare izendatu zituenean, Bardeetako lurren eta Erlantz eta Arra mendien erabileraren gaineko eskubidea lortu zuten. Mugatik gertu egonik, salgaiek ordaindu beharreko zergen kontrolerako tokia zegoen Izaban eta baita Erdi Aroan eraikitako gaztelua. Gazteluari buruzko idatzizko lehen dokumentua 1265. urtekoa da.
1375etik aurrera, Izabako alkatea, Gardeko, Uztarrozeko eta Urzainkiko alkateekin batera, "Hiru Behien Zerga" ordaintzeaz arduratu zen. XVIII. mendearen amaieran, Eska ibaiaren urak erabiltzen zituen irina ekoizteko errota, ospitalea eta bola zituen herriak. Izabako alkatea erregeordeak izendatzen zuen, herritarren proposamena jarraituz, eta alkatea laguntzen zuten erregidoreak herritarrek zuzenean izendatzen zituzten.
XVIII. mende hasierako Independentzia gerran, bolbora eta armagintza lantegia eraiki zuten herrian, eta 1813an frantsesek Iberiar penintsulatik ihes egitean herritik igarotzean, lantegiari su eman, eta herri guztiko etxe gehienak suntsitu ziren. Ondorengo hamarkadetan herria berreraiki eta 1847an gerra aurreko tamaina berreskuratu zuen berriz ere, 178 etxe. XIX. mendearen erdialdean, udalerri independente bihurtzean, Izabak, 2.000 errealeko zuzkidura zuen eskola, bola, irina ekoizteko bi errota, orraziak eta oihalak ekoizten zituzten bi lantegi, eta beste hainbat tailer txiki zeuzkan. Elizako abadea eta sei onuradunak herritarren artean izendatzen ziren.
1920ko hamarkadan, Izaban hiltegi modernoa, garbileku estalia, Guardia Zibilaren kuartela eta teileria zeuden.
Demografia eta biztanleria [aldatu]
| 1897 | 1900 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1975 | 1981 | 1991 | 1999 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 982 | 992 | 925 | 795 | 914 | 806 | 664 | 642 | 558 | 551 | 533 |
Izaba Erronkariko ibarreko herririk jendetsuena da, eta 2008ko erroldaren arabera 487 pertsona bizi ziren herrian. XX. mendearen hasieran hasitako biztanleri galerak jarraipena izan du XXI. mendearen hasieran, eta pixkanaka herritarren batez besteko adina hazten ari da, 65 urtetik gorako izabarrak biztanleriaren herena baino gehiago ziren azken erroldan.
2008ko erroldaren arabera, 22 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %4,55 (Nafarroako batezbestekoaren azpitik).
2010ean Izabak Vaugn (New Mexico) herri txikiarekiko senidetze prozesua abian ipini zuen. Izan ere, XX. mendeko hasieran 100 bat izabarrek inguru haietara emigratu zuen, artzain ibiltzeko nagusiki, eta hainbat herri hartan gelditu ziren. Gaur egun ere pertsona horien ondorengoak han bizi dira.
Ekonomia [aldatu]
Lehen sektorea [aldatu]
Historikoki lehen sektorea izan zen udalerriko jarduera ekonomiko nagusia, baina gaur egun zerbitzu eta turismoak nekazaritza ordezkatu dute. Izaban, hainbat ostatu eta hotel daude, negu garaiko eski denboraldian ehundaka eskiatzaileek erabiltzen dituztenak. Hotel horietako bat Nafarroako gobernuarena zen, baina 1989ko abuztuan lehiaketa publikoa antolatu eta enpresa pribatu batek hartu zuen hotelaren kudeaketa.
Lehen sektorea basogintza eta abeltzaintzan oinarritzen da, eta nekazaritza beti izan da bigarren mailako jarduera. 1891ean 808 hektarea baino ez ziren lantzen Izaban, eta kopuru hori ia erabat desagertu da XX. mendearen amaieran lantzen diren lurrak 100 hetkareara murriztu dira. Landatzen diren laboreen artean, patata eta zerealak daude. Abeltzaintzaren garrantzia urteak igaro ahala gutxitu den arren, oraindik ere milaka abelburu daude Izaban, 1891ean 11.722 ardi zeuden, 1950ean 13.621, eta 1980an 3.911 ardi.
Herrigunearen inguruko basoetako zuhaitz gehienak pinu basatiak dira (baso azaleraren %74), horrez gain, pagoak basoen azaleraren %20 hartzen dute. Urtean 4.000 metro kubiko egur ateratzen dira Izabako basoetatik, ia dena pinuetatik ateratako egurra.
Industria [aldatu]
Nafarroako gobernuak industrialdeak sustatzeko sortutako Nasuinsa elkartearen ekimenez, industrialde txiki bat eraiki zen Izabako herrigunetik gertu XX. mendearen amaieran. Eraikuntza lanak 1999an hasi eta urtebete geroago urbanizatzea amaitzean, enpresen pabilioiak eraikitzen hasi ziren (2000an). Industrialdea herriko enpresentzat eta tailer txikientzat eraiki zen eta Otsagabiko errepidearen ondoan dago.
Azalera guztira: 3.738 m2
Lursailen azalera: 1.675 m2
Ondarea [aldatu]
Idoiako santutegia [aldatu]
Idoiako baseliza edo santutegia herrigunetik 900 metrora dago mendebalderantz, herriko hegoaldeko sargunetik abiatuta harrizko bide eder batetik joanez.
Barrualdean XVIII. mendeko erretaula barrokoa dago, erdialdean Idoiako Andra Mariren irudi gotikoa daukala, XIII. mendekoa.
Baselizaren ondoan etnografia museo txiki baina interesgarria dago.
San Zipriano eliza [aldatu]
Elizaren eraikitze data zehatza ez dakigu zein den, baina badakigu XIV. mendean bazela izen bereko baseliza txiki bat gaur egungo San Zipriano eliza dagoen kokagune berean. Gaur egungo eliza altuera handiko nabe bakar batez eta pentagono itxurako aurrealde zabal batez osatua dago. XVI. mendearen hasieran eraiki zen, eta nerbio zuzen eta izar gangez estalia dago. Antzinako eliza 1427ko sute baten ondorioz suntsitu zen eta gaur egun eliza zahar horren aztarna zaharrak daude.
Kanpoaldean kanpaidorrea eta horma sendoak nabarmentzen dira, eta eliza barruan, egile ezezaguna duen errataula nagusia. Erretaularen polikromia 1583. eta 1587. urteen artean egin zuten Becerril Campos eta Simon Perez Cisneros margolariek. Erretaula nagusiaz gain, elizaren barruan tamaina txikiagoko San Frantzisko Xabierren erretaula barrokoa eta San Joseren erretaula errokokoa ikus daitezke.
Irudiei dagokienez, elizaren barruko harlanduan landa irudi barrokoak daude, XVII. mendean egindakoak. Gaspar Leonek 1553an egindako zilarrezko gurutzea eta XVI. mendeko kalizak elizaren barneko bestelako osagaiak dira. Elizan dagoen organoa, estilo barrokoan eraiki zuten, eta XX. mendearen amaieran berriztu zuten.
Arrakoko Andra Mariaren baseliza [aldatu]
Arrakoko Andra Mariaren baselizak laukizuzen itxurako oinarria dauka eta ertzdun gangez estalita dago. Eraikuntzaren barruan, baselizari izena ematen dion ama birjinaren irudia gordetzen da. Irudia XV. mendean egin zuten estilo gotikoan.
Politika [aldatu]
Udal hauteskundeak [aldatu]
1995etik Izabako aiza-bulgua edo udaleko burua Ángel Luis de Miguel Baratze da. 2007an de Miguel burua zen Ezka (Agrupación Electoral Ezka) hautesle elkarteak Udaleko zazpi zinegotzietatik lau lortu zituen taldeak, eta hortaz gehiengo osoa udalean. Baliogabeko botoak 5 izan ziren (emandako guztien %1,42) eta 20 boto zuri izan ziren (botoen %5,78). Abstentzioa %15,67koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Agrupación Electoral Ezka | 197 | 4 |
| Larra Taldea | 129 | 3 |
2011n Ezka izan zen aurkeztutako zerrenda bakarra. 179 boto eta 7 zinegotziak erdietsi zituen. De Miguelek segitu zuen alkate karguan.
Aiza-Bulgua [aldatu]
Udaletxea XIX. mendearen bigarren erdian altxatu zen eta hiru zatiz osatuta dago. Lehen zatia, mugarrien gainean eutsitako eta harlankaitzez egindako arkudun atari batek osatzen du, eta gainontzeko bi zatiak margozturik daude. Udala alkateak eta sei zinegotzik osatzen dute. Izabako udaleko idazkaria Uztarrozeko idazkari ere bada.
- HELBIDEA: Izarjentea auzoa, 1
Izabako alkateen zerrenda [aldatu]
1979tik herriko alkateak hautesle elkarte independenteetako kideak izan dira:
| 2011 | Ángel Luis de Miguel |
| 2007 | Ángel Luis de Miguel |
| 2003 | Ángel Luis de Miguel |
| 1999 | Ángel Luis de Miguel |
| 1995 | Ángel Luis de Miguel |
| 1991 | Domingo Ros |
| 1987 | Gabriel Zalgizuri |
| 1983 | Carlos Anaut |
| 1979 | Miguel Ignacio Garcés |
| 1975 | Orestes Tapia |
Euskara [aldatu]
Nafarroako gobernuak onartutako Vascuencearen Foru Legearen arabera, Izaba eremu mistoko udalerria da, eta hori dela eta hizkuntza ofizialak euskara eta gaztelania dira. 2001ean egindako erroldaren arabera, herritarren %14,54k zekien euskaraz hitz egiten.
Izaban udalerrian Erronkarieraz jaiotzez hitz egiten zuen azken hiztuna 1976. urtean zendutako Katalin-Garde etxeko Antonia Anaut izan zen.
Oroipenaren etxea [aldatu]
Erronkari eta Baretoseko ibarrek (Bearno) "Pax Avant" izeneko egitasmoa abian ipini dute, Piriniotako alde bietako elkarlana sustatuz. Ekimen hauen barruan "Oroipenaren etxea" izeneko museoa zabaldu zuten 2008an herrian, ibaxaren historia, ohiturak eta berezko euskalkia, erronkariera, azaltzen dituena.
Azpiegitura eta garraioak [aldatu]
La Tafallesa izeneko autobus konpainiak Uztarroze eta Iruñea batzen dituen linea ustiatzen du. Lineak bi zerbitzu dauzka norabide bakoitzean, eta honako ibilbidea:
- Uztarroze - Izaba - Urzainki - Erronkari - Garde - Burgi - Esa - Xabier - Zangoza - Ledea - Irunberri - Nardoze - Ibargoiti - Elo - Noain - Cordobilla eta Iruñea
Jaiak eta ospakizunak [aldatu]
Izabako herriko jaiak Donejakueren omenez ospatzen dira uztailaren 24tik uztailaren 28ra bitartean.
Izabar ezagunak [aldatu]
- Cipriano Baratze (1641-1702), misiolari jesuita.
- Ubaldo Uhalde (-1967), Izabako gizonezko azken erronkariera euskalkiaren hiztuna.
- Antonia Anaut (-1976) Izaba udalerriko azken erronkariera euskalkiaren hiztuna.
- Bernardo Estornes Lasa (1907-1999), euskal idazlea.
- Mariano Estornes Lasa (1909-), euskal idazlea.
- Jose Estornes Lasa (1913-), euskal idazlea.
- Pedro Miguel Etxenike (1950-), fisikaria.
Ikus, gainera [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
Kanpo loturak [aldatu]
- (Gaztelaniaz) Izabako udal webgunea
- (Gaztelaniaz) Izabari buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Izabako kaleak Google Street View-n.
- (Gaztelaniaz)"Isaba recupera su huella en el Far West"
| Erronkaribarko herriak | ||
|---|---|---|
|
Bidankoze • Burgi • Erronkari • Garde • Izaba • Urzainki • Uztarroze |
||