Euskokantabrismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Euskokantabrismoa historia eta antropologia arloko teoria bat da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia probintziak, kantabriar lurraldeei loturik, erromatarren zapalkuntzari aurre egin zioten lurralde garaitugabeak izan zirela zioena.[1] Hainbat mendez oso teoria arrakastatsua izan ondoren, XVIII.-XIX. mendeen bitartean baztertu zen, oinarri historikorik ez duelako.[2][3]

Euskokantabrismoak greziar eta erromatar iturri klasikoetan aipaturiko Kantabria eskualdean sartzen zituzten gaur egungo Kantabria eta Euskal Herriko ipar-mendebaldeko hiru probintziak. Horrela, lurralde horietako euskaldunek (Iberiako jatorrizko biztanleak baitziren, euskokantabristen ustez) aro klasikoan kantabriarrei egozten zitzaien ausardia eta beste hainbat ezaugarri zituztela esaten zuen teoria horrek, eta horregatik probintzia horiek trataera berezia merezi zutela, Antzinako Erregimeneko espainiar eta frantses monarkien barruan.[4] Estatu horietako gobernu zentralaren aurrean foruak defendatzeko erabili zen euskokantabrismoa, eta bereziki garrantzi handia izan zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruak Espainiako gobernu zentralaren aurrean defendatzeko argudiotzat.[3]

Era berean, euskokantabrismoak zioen hiru probintzia horiek Nafarroako Erresuman sartuta izatea bitarte bat izan zela, lurralde hori gaztelaua zela berez, eta hiru probintziek Gaztelako koroarekin berezko lotura zutela.[5]

Euskokantabrista nagusien artean, aipatzekoak dira Esteban Garibai, Manuel Larramendi, Agosti Xaho, Martinez de Zaldibia eta Jeanne-Phillippe de Bela.

Nahiz eta euskokantabrismoa gorenean zen garaian zenbait autore teoria horren aurka agertu (hala nola Arnaud Oihenart), indar handia izan zuen Euskal Herriko gizartean, eta adituen artean euskokantabrismoa erabat baztertu eta gero ere indar horri eutsi zion. Hala ere, pixkanaka, zientziaren argitan atzenduz joan zen, eta adibidez Sabin Aranak 1888an guztiz onartua zuen euskaldunak espainiar peto-petotzat hartzen zituen teoria autonomiazale horren oinarri eza:[6]

« Es bien sabido que el origen de la raza euskeriana desconócese hasta hoy por completo; su lengua carece de hermanas y de madre conocida.

Jakina da eusko arrazaren jatorria zeharo ezezaguna dena gaur egun; haren hizkuntzak ez du senide eta ama ezagunik.

 »

[aldatu] Erreferentziak

  1. Karmele ARTETXE: «Egungo euskoiberismoari buruzko zenbait ohar», Euskonews & Media, 54. zenbakia, 1999.
  2. Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Vasco-cantabrismo: Historia», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  3. a b Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Vasco-cantabrismo: Auge y ocaso del vasco-cantabrismo», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  4. Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Vasco-cantabrismo», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  5. Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Vasco-cantabrismo: Desplazamiento del cantabrismo», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  6. Idoia ESTORNÉS ZUBIZARRETA: «Vasco-cantabrismo: Fin del vasco-cantabrismo», Auñamendi Eusko Entziklopedia.

[aldatu] Ikus, gainera

Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak