Agosti Xaho
Wikipedia(e)tik
Agosti Xaho Lagarde (Atharratze, Zuberoa, 1811ko urriaren 10a - Baiona, Lapurdi, 1858ko urriaren 23a) euskal kazetari, idazle, legegizon, hizkuntzalari eta politikaria izan zen. Bere pentsamoldea, ezkerreko euskal nazionalismo baten lehen aurrekaritzat hartzen da. Erromantiko sustsua zen. Euskaldunen jatorriaren eta historiaren inguruko hainbat kontakizunen asmatzaile izan zen, hala nola "Aitorren elezaharra".
Oloroeko apaizgaitegian bigarren hezkuntza bukatu ondoren, 1831n Parisera joan zen ikasketak jarraitzera. Parisen, legeez gainera, ekialdeko hizkuntzak ikasi zituen. Handik lasterrera sanskritoa eta euskara lotu nahi zituen saio bitxi bat idatziko zuen. Parisetik Okzitaniako Tolosara bizitzera joan eta Revue des voyants aldizkaria sortu zuen. Iduri duenez, aldizkarian agerturiko informazio zenbaitek arazoak ekarri zizkion eta hala, Tolosatik alde egin eta Zuberoara itzuli behar izan zuen.
1835ean, Hego Euskal Herria Lehen Gerra Karlistan sartua zela, Nafarroa Garaira bidaiatu zuen, eta handik bildutako esperientzietatik Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques ("Nafarroara bidaia euskaldunen matxinadaren garaian") idatzi zuen, 1836an. Tomas Zumalakarregi generalarekin liluratua zegoen, eta liburuaren atal batean bera eta general karlistaren arteko elkarrizketa baten berri ematen du, zihurrenik asmatua. Urte hartan bertan "Études grammaticales sur la langue euskarienne" idatzi zuen, bertan "Zazpirak-bat" kontzeptuaren lehen agerraldia emanez, bai eta bukatu gabe argitaratu zen hiztegi elelauduna ere (euskara, frantses, gaztelera eta latina).
Dagoeneko Baionan bizi zela, L'Ariel (1844) eta Uskal-Herriko Gaseta (1848) aldizkariak sortu eta politikari lanetan aritu zen Alderdi Errepublikanoan. Departamenduko kontseilu nagusiko kide izateko hautatu zuten 1849-1851 bitartean. 1848ko Baionako iraultzan buruzagi aritu zen. Louis Napoleonek 1851n estatu kolpea eman zuenean, Xahok Hegoaldera ihes egin behar izan zuen. Gasteizen bi urtez egon zen bizitzen, eta handik Baionara itzuli zenean hizkuntza gaietan soilik aritu zen, jardun politiko oro debekaturik baitzuen.
1858ko urriaren 24an hil zenean, euskal hiztegi batean ari zen lanean. Esan izan denez, euskaldun bati eginiko lehen hileta laikoa Agosti Xahorena izan zen. Hiletako predikua irakurtzeaz Elisée Reclus anarkista ospetsua arduratu zen.
Eduki-taula |
[aldatu] Lanak
[aldatu] Saiakera
- Azti-begia, Agosti Chaho Bassaburutarrak Ziberou herri maitiari Parisetik igorririk beste hanitchen aitzindari arguibidian goiz izarra (1834)
- L'espagnolette de S. Louis, Agonie du Parti Révolutionnaire en France y Lettre a Jacques Laffitte (1840)
- Histoire primitive des Euskariens-Basques (1840-1847) Belzunzeko kondearekin elkarlanean. Atal batean Aitoren elezaharra ematen da.
- Philosophie des religions comparées (1846)
[aldatu] Narrazio eta nobelak
- Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques (1830-1835)
- Lelo ou la Navarre il y a 500 ans (1848)
- Safer ou des houris espagnoles (1854)
- Biarritz entre les Pyrénées et l'ocean. Itinéraire pittoresque (1855)
[aldatu] Hizkuntzalaritza lanak
- Etudes grammaticales sur la langue euskarienne Anton Abadiarekin elkarlanean (1836)
- Dictionnaire basque, français, espagnol et latin, d'aprés les meilleurs auteurs classiques et les dictionnaires des Academies française et espagnole (1856) M letra arte.
[aldatu] Bilduma
- Azti-begia eta beste izkribu zenbait (1992, Elkar)
[aldatu] Kantua
- Kantutegia (2006, Susa)


