Hamas
| Hamas حركة المقاومة الاسلام |
|
|---|---|
| Small hamas logo.gif | |
| Buruzagia | Khaled Mashaal, Ismail Haniyeh |
| Egoitza nagusia | Gaza |
| Ideologia politikoa | Islamista, Panarabiarra eta antisionista |
| Nazioarteko afiliazioa | Palestina |
| www.palestine-info.com | |
Hamas (Arabieraz: حركة حماس; akronimoa: حركة المقاومة الاسلامية, edo Harakat al-Muqawama al-Islamiyya edo "Erresistentzia islamikoaren mugimendua") erakunde politiko-militar palestinarra da. 2006ko hauteskundeetan, gobernua eskuratu zuen, parlamentuan nagusitasuna lortuta. 2007ko ekainaz geroztik, Gazako eremu guztiaren kontrolpean dago, Fata eta Palestinako aginte nazionaleko indarrak garaituz. Israelekin aurkakoa eta hari armez aurre egitearen aldekoa da. Hamas izena ez da laburdura, ezizena baizik (euskaraz "garra, lehia bizia").
Hamas taldea 1988an sortu zen, eta Musulman Anaitasunetik kanpo hazi eta zabaldu zen, Gazan erlijio, gizarte eta heziketa lanetan ari zen talde batetik. Hamasen eta Musulman Anaitasunaren arteko harremana ona da eta bi taldeak erakunde bakartzat har daitezke. Hamaseko lehen buruzagia Shaykh Ahmad Yassin izan zen, eta Intifadarekin, israeldarren aurka abiarazi zuten protesta ekinaldiarekin, sendotu zen talde gisa. Hamasek ez zuen inolako hitzarmenik egin nahi Israelekin. Erakundearen hamaikagarren artikuluak dio inolako alderdik ez duela Palestinako lurra emateko eskubiderik; hamahirugarrenak, berriz, jihad-a dela Israeli aurre egiteko bide bakarra, eta nazioarteko bake konferentziak eta gainerako neurriak "denbora alferrik galtzea" direla. Hamasen jihadak palestinar moderatuen aurkako ekintzak egin ditu (PAEko kideen aurka gehien bat), Israelen aurkako erasoez gainera. Hamasen estatutuetan argi eta garbi adierazita daude Mendebaldearen eta juduen aurkako sentimenduak, eta Koranetik ateratako aipuak erabiltzen dira artikulu askotan.
Hamas gizarte laguntzarako taldea eta borroka taldea da aldi berean. Palestinarren bizimodua eta heziketa hobetzeko plangintzetan, lanbide heziketan, osasungintzan eta enplegua bilatzeko zereginetan hartzen dute parte. Hamaseko ekintzaile suizidak eta aktibistak bizia Jainkoaren alde ematea ekintzarik handiena dela sinesten duten talde berezi bateko kideak dira.
1994ko maiatzean Palestinako Agintaritza Nazionala sortu zenean, Hamasek gerra zibilari ekingo ziola egin zuen mehatxu, Israelen aurka borrokan jarraitzeaz gainera. Hurrengo egunetan, Tel Aviven, 22 pertsona hil ziren autobus bat leherrarazita, eta Israelek Hamaseko ehunka ekintzaile atxilotu zituen. Hamasek palestinar gehienen babesa dauka.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.