Henri de Toulouse-Lautrec

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Toulouse-Lautrec
Toulouse-Lautrec
Datu pertsonalak
Izen osoa Henri Marie Raymond de Toulouse-Lautrec-Monfa
Jaio 1864ko azaroaren 24a
Albi (Tarn) (FrantziaFrantzia)
Hil 1901eko irailaren 11a
Saint-André-du-Bois (FrantziaFrantzia)

Henri de Toulouse-Lautrec (Albi, Tarn, 1864ko azaroaren 24a - Malromé gaztelua, Gironda, 1901eko irailaren 11a) frantziar margolari eta ilustratzailea izan zen. Pariseko gaueko bizitza, bereziki ikuskizun-girokoa, margotzeagatik nabarmendu zen.

Biografia eta obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toulouse-Lautrecen biografia ezagutu gabe ezin da haren artea ulertu. Izan ere, bizimodu guztiz berezia egin zuen, gaztetan izandako bi istripuk erabat baldintzaturik. Bi izterrezurrak hautsi, eta hezurretako gaitz ezin sendatuzkoa sortu zitzaion, eta, hala, betiko desitxuraturik, bere arazoak gainditu nahian, buru-belarri jardun zuen beti margolaritzan, baita krisialdi larrienetan ere. Gurasoak elkarren lehengusu-lehengusinak izanik, odolkidetasun horrek hezurretako gaixotasun larria eragin zion, eta ezin izan zen normal hazi; 1,52 metro altu besterik ez zen.

Gainerakoan, Toulouse-Lautrecen joera gaur egungo poeta eta artista handien joera bera da, gizarte burges guztiz mailakatu batean sorturik, gizarte zurrun horrekiko desadostasuna adierazi duten haiena. Izan ere, XIX. mendeko azken hogei urteetan, haustura bat izan zen formen eta ideien alorrean, zenbait jeniori esker, eta Toulouse-Lautrec izan zen jenio haietako bat. Bere drama pertsonalak adierazpen behar bortitz bat sortu zion, eta Toulouse-Lautrec izan zen gero espresionismo deitu zen joeraren oinarrietako bat.

Henri de Toulouse-Lautrec goi-mailako aristokraziako familia aberats batean jaio zen, Frantziako Albi hirian, eta, hala, aristokraziaren usadioetan hazi zen, kirol eta arterako zaletasunean. Henri gazteak, aitak eta osabak bezala, biziki maite zuen marraztea. 1878tik aurrera hasi zen marrazten buru-belarri, istripuek eragindako eritasuna ezin sendatuko zela ikusi zuenean.

1884an, Parisko Montmartre auzoko estudio batean jarri zen bizitzen. Hantxe eman zituen hurrengo hamahiru urteak, eta hantxe, Montmartreko gaueko bizitzan, aurkitu zituen bere margolanetarako gaiak. Leon Bonnaten estudioan hasi zen margolaritza lantzen, eta Frederic Cormonenean gero. Han ezagutu zuen Van Gogh (1886), eta baita Louis Anquetin artista ere. Aristide Bruant abeslaria eta enpresaburua 1875az gero adiskide zuen arren, Anquetin ezagutu zuenean sartu zen Toulouse-Lautrec Bruanten kafe-kabaretean ibili ohi ziren pertsonen zirkuluan. Handik aurrera, Lautrecek Montmartreko kafetegietan lan egin zuen, hango artistak eta gainerako pertsonaiak —besteak beste, prostitutak— margotzen.

Toulouse-Lautreceko kondesa, 1881-1883

Maneten eta inpresionisten eraginpean lan egin zuen Toulouse-Lautrecek hasieran. Hala, estilo horri jarraituz egin zuen 1883an bere amaren erretratu bat (Toulouse-Lautreceko kondesa, Albiko museoa). Baina, geroxeago, eta asko ibiltzen baitzen Van Goghekin (1886-1888 urteetan, batez ere), teknika puntillistaren aldera egin zuen hark hezala. Hain zuzen ere, Van Goghen erretratu zoragarri bat egin zuen pastel-margoez, Van Goghen beraren moduko margokera erabiliz (1887, M. N. V. Van Gogh, Amsterdam).

1890 aldera, betiko aldendu zen inpresionismotik, eta margolari independenteei lotu zitzaien (Renoir, Les Nabis). Izan ere, Toulouse-Lautrec beti izan zen teoria eta taldeen kontrakoa. Alabaina, margolari batek, Edgar Degasek, eragin erabakigarria izan zuen haren obran. Hark bezala, Toulouse-Lautrecek ere marrazkiaren adierazpen-indarrari ematen zion nagusitasuna, eta orobat hark bezala, modeloari eta giroari egokitzen zion beti teknika. Era berean, hari jarraituz egin zuen Toulouse-Lautrecek Parisko ohituren azterketa, eta gai "modernoen" aukera (La blanchisseuse, 1889, Paris, bilduma pribatua). Degasek bezala, kabareten eta prostituzio-etxeen mundua margotzen zuen, baina ez zen inoiz izan hura berain krudela eta gupidagabea. Bera ere bitxia eta barregarria izaki, Degasek baino hobeto ulertzen zuen gizakiaren zoritxarra, eta argi antzematen da hori haren koadroetan.

Jane Avril dantzaria, 1891-92 ing.

Montmartren urte asko egin ondoren, Champs-Elyséesetara joan zen bizitzera, baina gauero-gauero itzultzen zen tabernetan, kaberetetan eta putetxeetan edatera eta marraztera, lekua gordea izaten baitzuen beti haietan. Kabaret famatuenetan (Moulin-Rouge, Rat-Mort, Moulin de la galette...) gaueko ikuskarietako izarrak aurkitzen zituen, eta haiek margotzen zituen, duintasuna ematen dien bihozberatasun batez. Ikusle lizunak, proxeneta makurrak, halakoak bakarrik tratatu zituen gogorkeriaz bere koadroetan. Haiekin ez zuen errukirik.

Kankan dantzariak miresten zituen, batez ere Goulue deitzen zutena. Etengabe aztertzen zuen dantzaren erritmo bizia, gora egiten duten zangoena, hegan doan arroparena. Sarritan margotu zituen halaber, beste askoren artean, Chocolat dantzari beltza eta Jane Avril, Mélinite ospetsua (Jane Avril dantzaria, 1891-92 ing., Orsayko museoa). Prostituten eta haien munduaren inguruan ere zenbait maisulan egin zuen, likitsak eta aldi berean ironikoak eta ederrak.

Abeslari ospetsuak ere sarritan margotu zituen, eta baita zirkoko artistak ere. Antzerkiko premiereetara ez zuen inoiz huts egiten, eta, hala, modako antzezleak izan ziren haren litografietako gaietako bat, Sarah Bernhardt frantses antzezle famatua horien artean.

Toulouse-Lautrec, beti ere, marrazkilari guztiz trebea izan zen: lerro zorrotzak, lasterrak, adierazkorrak egiten zituen, siluetak iradokitzeko (Ohean, 1896 ing., Courtauld Inst., Londres). 1884an ilustrazioak egiten hasi zen, Victor Hugoren liburuetarako.

Etengabe marrazten zuen, edozein lekutan, edozein paper-puskatan. Haren marrazkiak pertsonaia definitzen zuen, beti ere modeloaren psikologia agertuz. Autoerretratuak berak ere karikatura lotsagabeak dira. Denborarekin, marrazki ausartek, konposizioaren zentzuak, japoniar estiloko soiltasunak, kartelaren maisu bihurtu zuten. Inprenta mekanikoa lau koloreko kartela egiten hasi zenean, iragarki-kartelen estilo iraultzaile bat sortu zuen Toulouse-Lautrecek. Moulin Rouge – La Goulue (1891) eta Aristide Bruant bere kabaretean (1891) kartelek izugarrizko ospea izan zuten, eta haien ondoren kartel-sail bikain bat etorri zen. Kartel horien planoen eta keinuen dinamismoari, laranja eta urdina, gorria eta beltza kontrajarririk osaturiko koloreen joko bikaina erantsi behar zaio.

Moulin Rouge – La Goulue kartela, 1891

Antzeko ausardia erabili zuen 1892tik aurrera egin zituen litografia ugarietan (Elles, 1896). Oso agerikoa du horietan japoniar estanpen eragina. Eskola eta taldeetan sartu gabe ere, Art Nouveauren ikerketen bidea ari zen Toulouse-Lautrec zabaltzen, eta orobat ari zen Sezesio estiloa iragartzen. 1892tik 1899ra, 300 litografia baino gehiago egin zuen. Osorik zaintzen zuen litografien prozesua: harriaren alea, paperaren kalitatea, probak. Bere gai gogokoenak erabili zituen haietan: antzerkia, zirkoa, lehiaketak, txirrindua. Egunkarietarako ere egiten zituen marrazkiak. Era berean, antzerkirako ere lan egin zuen, antzerkiko dekorazioen eta egitarauen maketak eginez.

Lehenengo erakusketa egin zuenean, 1893an, Maison Goupileko galerian, miresmen bizia sortu zuten Toulouse-Lautrecen lanek. 1895erako egina zuen artista handi baten ospea. Hala ere, gero eta gehiago edaten zuen, eta 1899an izan zuen lehen delirium tremensa. Neullyko osasun-etxe batean sartu zuten, eta han, buruz, koloretako arkatzak erabiliz, zirkoari buruzko marrazki-sail bat egin zuen. Haietatik hogeita bi argitaratu zituzten Manzi eta Joyantek 1905an, faksimil moduan (Zirkoko agurra, 1899, Hofer bilduma). 1899an zenbait obra bikain margotu zuen. Konposizioaren lerro zeharrek, gorri eta berde indartsuek, argi bizi-biziek, Toulouse-Lautrecen azken urteetako larritasuna eta etsimena agertzen dute. Elbarriturik, lantegia itxi behar izan zuen, eta, amarengana hurbiltzeko, Malromeko gaztelura joan zen, Girondara. Hantxe hil zen 1901ean.

Amak Albiko museoari eman zion berak bildua zuen semearen lan guztia: oihalak, marrazkiak, grabatuak. Maisulanen-sail bikaina osatzen dute obra horiek, Toulouse-Lautrecen obraren garrantziaren adierazgarri. Izan ere, grafismoaren indarra eta arrasto koloredunen zehaztasuna aldi berean izan ziren eragingarri Nabiskoen, Gauguinen eta Picassoren lanetan. Itzal berdeek eta urdinek, berriz, fauvisten eta espresionisten margolan ausartak iragartzen zituzten. Toulouse-Lautrec izan zen, eta horretan ez zuen lehiakiderik izan, XIX. mendearen bukaerako Montmartreren ikuspegiaren sortzailea. Eta mundu nahasi, makur horri, dimentsio lirikoa, epikoa ia, ematen asmatu zuen. eee muumuuu!!

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ambox notice.png Irudi bat handitzeko, klika ezazu gainean.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Henri de Toulouse-Lautrec

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]