Iraizketa
Iraizketa substantzia toxiko eta metabolismoaren hondakinen kanporaketa animalien gorputzetik ahalbidetzen duen prozesu biologikoa da. Hondakin horiek odoletik kendu eta kanporatu egiten ditu iraitz-aparatuak, baina iraizketa prozesuan izerdi-guruinek, birikek eta gibelak ere parte hartzen dute.
Metabolismoaren ondorioz sortzen diren molekulen artean aipagarrienak karbono dioxidoa -CO2- (gluzidoen katabolismoan sortutakoa) eta urea, azido urikoa eta amoniakoa (proteinen katabolismoan agertzen direnak) egoten dira, besteak beste. Molekula hauetako batzuk, gainera, oso toxikoak dira.
Giltzurrunek eta iraitz-aparatuak, orokorrean, substantzia horiek odoletik kendu eta kanporatu egiten dituzte gernuaren bidez. Baina -horretaz gain- onuragarriak diren baina kontzentrazio handian dauden beste substantzia batzuk ere (esaterako, soberan dauden ura -H2O- eta ClNa) eliminatu egiten dituzte.
Iraitz-aparatuaren zeregin nagusia, hitz batez, barne-ingurunearen garbiketan datza.
Iraizten diren substantziak [aldatu]
- karbono dioxidoa metabolismo zelularrean sortzen da, glukosaren katabolismoaren ondorioz. Molekula hori odolaren bitartez eta zirkulazio aparatuaren bitartez biriketara iristen da. Bertan, arnasaren bidez, kanporatu egiten da.
- konposatu nitrogenatuak proteinen katabolismoan sortzen dira eta, odola eta zirkulazio aparatuaren bidez giltzurrunetara iristen dira. Bertan xurgatzen dira eta urarekin batera kanporatzen dira gernuarekin (giltzurrunetan odola garbitzen baita)
- amoniakoa da proteinen katabolismoaren hondarra arrainengan eta ur gezatako ornogabe askorengan. Animalia hauen iraitz-aparatuak molekula toxiko hori kanporatzen du.
- azido urikoa da hegaztiek, narrastiek eta intsektuek kanporatzen duten proteinen katabolismoaren hondakina
- urea da ugaztunek eta anfibioek proteinen katabolismoaren ondorioz sortzen duten molekula (gibelean sortzen da amoniakotik abiatuta), gernuaren bidez kanporatzen dutena
Ureaz gain, ugaztunek azido urikoa ere iraizten dute, base nitrogenatuen katabolismoan sortzen dena
Iraizketan parte hartzen duten organoak [aldatu]
Ugaztunek iraizketa burutzen dute hainbat organoren bitartez:
- izerdi-guruinak: izerdiarekin hondakin metabolikoen %10a kanporatzen dute.
- birikak: arnasketa zelularrean sortutako CO2 kanporatzen dute
- gibela: behazunarekin ateratzen ditu hainbat hondakin toxiko
- giltzurrunak: iraitz-aparatuaren organo nagusiak. Odola garbitzen dute, horren hondakin toxikoen iragazketa hautakorra burutuz.