Katon Maior

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Marko Portzio Katon (latinez Marcus Porcius Cato) (K. a. 234 - K. a. 149) Erromako politikaria izan zen, Censor, Sapiens, Priscus, edo Maior goitizenak jaso zituena. Azken hau Katon Minor (bere hereniloba) bereizi ahal izateko.

Haren familia jatorri plebeiokoa zen, zein kargu publikoetan aritzeagatik noblezia irabazi zuen. Valerio Flakoren babespean, Erromara joan zen eta kuestor (K. a. 204), edil (K. a. 199), pretor (K. a. 198) eta kontsul (K. a. 195) izendatu zuten.

Moral publikoaren ikuskatzaile zorrotza izan zen. Lex Oppia, zein Bigarren Gerra Punikoan luxua murrizteko abian jarri zen, bertan behera utzi zutenean, Katonek kontra egin zuen. Sardinian eta Hispanian ere bere moral zorrotza erakutsi zuen.

K. a. 191an, Siriako Atioko III.aren kontrako gerran, Termopileko batailan paper garrantzitsua jokatu zuen Katonek, horregatik ospe militarra eskuratuz. Geroztik buru belarri murgildu zen Erroma barneko kontuetan, batez ere hautagaien jokaera ikuskatzean. Katonek sortutako izpiritu honen ildoan, Eszipion Afrikano eta Eszipion Asiatiko epaitu ziren ustelkeria leporatuta. Eszipion Afrikano absolbitu zuten Hanibalen kontrako garaipenak gogoraraziz, baina Erromatik kanpo erretiroa hartu behar izan zuen.

Katoren zeregin nagusia, ordea, Erromara etorri berri zen kultura helenikoari aurre egitea izan zen. Kultura honek erromatarren ohitura sinpleak iraultzeko arriskua ekarri zuen. Zentsor aritu zenean, su eta gar borrokatu zuen inbasio hori. Militarren eta senatarien zerrendak zorrotz baino zorrotzago ikuskatzen zituen, baliozkoak ez direnak bota zaitezen.

Luxuaren kontrako arautegia zorroztu zuen. Apaindura pertsonalen gaineko zerga martxan jarri zuen, batik bat emakumezkoen kasuetarako. K. a. 181ean, lex Orchia babestu zuen, zeinek ikuskizunetako publikoaren kopurua murrizten baitzuen. K. a. 169an, lex Voconia ere babestu zuen, zeinek emakumeen zilegizko aberastasuna ikukatzen zuen.

Aldi berean, ubideak eta estoldak eraiki, berritu eta zaindu zituen. Ur publikoaren erabilera pribatua ere zigortu zuen. Bidea oztopatzen zuten etxeak eraitsi zituen.

Zentsor aritu zenetik (K. a. 184tik) ez zuen berriro kargo publikorik hartu. Nolanahi ere, Senatuan ospe handiko hitzaldiengatik nabarmendu zen. Bakoren mistorioen aurrean aztoratu zen, ohitura helenistikoen indarra ikusita. Atenasek filosofoak (Karneades, Diogenes eta Kritolao) enbaxadore bidali zituenean, berehala eskatu zuen haien kanporatzea, ikusmolde arriskutsua zutelako salaketapean.

Bere azken eginkizun publikoa Kartagoren kontrako gerra bultzatzea izan zen. Kartagok berreskuratutako ahalmen ekonomikoak txundituta, etsai tradizionalaren erabateko suntsipena behin eta berriro eskatu zuen.

Katonen ikuspuntutik, bizitza diziplinan oinarritzen zen. Senar gogorra, aita zorrotza eta maisu ankerra izan zen. Bizitza publikora bertute berberak eraman zituen, eta erromatarren ikusmoldetik, Katon ohitura zaharretako eredua izan zen beti.

Idazkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Origines
  • De agri cultura
  • Orationes
  • De re militari
  • De lege ad pontifices auguresque spectanti
  • Praecepta ad filium
  • Historia Romana litteris magnis conscripta
  • Carmen de moribus
  • Apophthegmata

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Astin, A. E. (1978), Cato the Censor, Oxford: Clarendon Press
  • Dalby, Andrew (1998), Cato: On Farming, Totnes: Prospect Books, ISBN 0-907325-80-7
  • Goujard, R. (1975), Caton: De l'agriculture, Paris: Les Belles Lettres
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Katon Maior Aldatu lotura Wikidatan