Antzinako Erromako erlijioa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Vetii etxeko lararium edo etxe-santutegia, Pompeian.

Antzinako Erromako erlijioa denboraren poderioz aldatuz joan zen. Jatorrizkoa inguruko etruskoen bezalakoa zen, gero greziar jainkoak erromatartu zituzten eta, azkenean, kristautasuna nagusitu eta jainko tradizionalak ordezkatu zituen.

Jatorrizko erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo erromatarren bizitzan alde publiko eta pribatuak zeharo bereiziak ziren eta, era berean, gurtza pribatu eta publikoa bereizten zituzten.

Etxeetan, derrigorrezkoa zen etxeko izpiritu edo jainkoak (lareak, maneak eta penateak) gurtzea, familia desagertu ez zedila etxeko sua babesten zutelako. Pater familias apaizaren ezaugarriak zituen eta errituak etxeko lararium edo santutegian egiten zituzten[1]. Etxeko jainko hauek ugariak ziren, behintzat etxeko-lanak beste. Horrela, Fabulinus, Farinus eta Locutius hitz egitea irakasten zuten; Rucina, Messia, Tutulina, Terensis, Apulino, Tellumo vervactor, Tellumo occator edo Tellumo Messor nekazaritzaz arduratzen ziren edo Flora edo Silvanus abelzaintzaz. Maneak hildakoen arimak ziren, errausketa.[2] eta gero infernura joaten zirenak. Izpiritu edo jainko kaltegarriak ere baziren, adibidez Laverna lapurren jainkosa zen. Mamuak ere beldurgarriak ziren oso.

Gurtza publikoaren apaiz gorena Pontifex Maximus izan zen, Erromako kargu nagusienetariko bat zena. Errituak zuzentzeaz gain, egutegia eta jaiak ere finkatzen zituen. Jainko bakoitzak bere apaizak zituen, flamen izenekoak. Horrela Martek Flamen Martialis, Kirinok Flamen Quirinalis edo Jupiterrek Flamen Dialis izeneko apaizak zituzten. Jainkoei santutegiak (Aedicula) eta tenpluak (Templum) eskaini zizkioten, normalean jainkoaren estatua eta batzutan inguruko lurraldeen jabetza zituztenak. Etruskoen tradizioetan oinarrituak, igarleak edo augureak beso luzekoak ziren oso. Hauek hegaztien hegaldiak edo animalien erraiak ikertzen zituzten jainkoen mezua asmatzeko.

Erromako fundatzailea zen Romulo jainkotu ondoren, Jupiter eta Marterekin hirukote osatu zuen. Greziarren eraginpean, hau aldatu eta Jupiter, Junon eta Minerva kapitoliotar hirukotea osatu zuten. Inperioan enperadoreek gurtza inperiala hedatu zuten eta horietako asko jainkotu zituzten[3].

Erromatar erlijioaren helenizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Erromatar mitologia»

Lurralde berriak konkistatu ahala, erromatarrek ohitura eta jainko berriak hartu zituzten. Frigiatik Zibele[4] edo Antzinako Egiptotik Isis eta Osiris ekarri bazituzten ere, jainko gehienak Greziatik ekarri zituzten; horrela Afrodita Venus, Apolo Febo, Ares, Marte edo Poseidon Neptuno bataiatu zituzten.

Erromatar genealogia Kaosekin hasi zen, seme bi, la Gaua eta Erebo (Herio), zituen anabasa. Hauek Amor sortu zuten eta honek, era berean, Argia eta Eguna. Gero Lurra (Tellus/Gea) eta Zerua (Urano) sortu zituen.

Zuhaitz genealogiko luze baten ostean, Jupiter agertu zen, jainko gorena eta jainko eta gizakien aita[5]. Junon bere emaztea zeruen eta ezkontzaren babeslea zen. Zeruetan ere, Vulkano, suaren jainkoa, Minerva, jakinduria eta gerraren jainkosa eta Febo, argia, poesia eta musikaren jainkoa, bizi ziren. Vesta, etxeko jainkosa, eta Merkurio, jainkoen mezularia, beste jainkoak biltzea zuten helburu.

Kristautasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatar Inperioaren azken aldian kristautasuna erlijio nagusi bilakatu zen eta antzinako paganismo ordezkatu zuen Konstantino I.a Handia kristautasunera aldatu zenean. Hasieran, klase xeheen erlijioa besterik ez zen eta gurtza inperiala borrokatu zuenez kristauak jazarriak izan ziren. Hala ere, Milango Ediktua eta gero onartua izan zen eta Teodosio I.a Handiaren Tesalonikako Ediktuak erlijio ofizial izendatu zuen, antzinako gurtza debekatuz[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Orr, D. G. (1978), «Roman domestic religion: the evidence of the household shrines», Aufstieg und Niedergang der römischen Welt (Berlin) II, 16 (2): 1557‑91 .
  2.   de Coulanges, Fustel (1866), La cité antique: étude sur le culte, le droit, les institutions de la Grèce et de Rome, Paris: La Hachette et cie, http://remacle.org/bloodwolf/livres/Fustel/intro.htm .
  3.   Fishwick, Duncan (1991), The Imperial Cult in the Latin West: Studies in the Ruler Cult of the Western Provinces of the Roman Empire, 1, Brill Publishers, ISBN 90-04-07179-2 .
  4.   Turcan, Robert (1989), Les cultes orientaux dans le monde romain, Histoire, Les Belles lettres, 454. orrialdea, ISBN 978-2-251-38001-8 .
  5.   Turcan, Robert (1998), Rome et ses dieux, Vie quotidienne, Hachette éditions, 288. orrialdea, ISBN 978-2-01-235307-7 .
  6.   MacMullen, R. (1997), Christianity and Paganism in the Fourth to Eighth Centuries, Yale University Press, ISBN 0-300-08077-8 .
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Antzinako Erromako erlijioa Aldatu lotura Wikidatan