Kronstadteko matxinada
Kronstadteko Matxinada, sobietar itsasgizonek hasi berri zegoen Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboaren gobernuaren aurka egindako altxamendua izan zen. Errusiar lurretan Boltxebikeen agindupearen aurka eginiko azken matxinada handia izan zen. Matxinada 1921eko martxoko lehen asteetan hasi zen Kronstadt hirian, Kotlin uharteko (Finlandiako golkoan) ontzi gotorlekuan. Historikoki, Kronstadt, errusiar flotaren base gisa erabili izan da, San Petersburgotik 58km-ra aurkitzeagatik.
Sorrera [aldatu]
Errusiako Gerra Zibila amaitzean, Errusia lur jota zegoen. 1920 eta 1921eko lehorteek, eta azken urteetako goseteak hondamendiaren aurretik ikusi gabeko mugetara eraman zuten. Urriko Iraultzaren osteko urteetan, izurriteek, goseteek, borrokek eta exekuzioek izugarrizko krisi ekonomiko eta sozial ekarri zuten, 20 milioi biztanle pasaren bizia eramanez. Beste milioi batek Errusia utzi eta Armada Zuriarekin bat egin zuten Wrangel Jeneralaren agindupean, ekialde urrunera joan eta modu hontan gerraren hondamenditik ala jazarpenetik ihes egiteko. Egoera honek altxamendu (Tambov-eko matxinada) eta grebak sortarazi zituen. Hiri zonaldeetan, bat-bateko hainbat greba sortu ziren, eta otsaila bukaerarako Petrogrado (San Petersburgo) greba orokorraren ateetan aurkitzen zen. Gauzak honela, otsailaren 26an, Petrogradon gertatutako ekintzei erantzunez, Petropavlovsk eta Sevastopol itsasontzietako tripulazioak larrialdiko bilera bat egin eta hirira ordezkaritza bat bidaltzea adostu zuen, grebaren inguruko mugimenduei buruz informazioa lortzeko. Bi egun beranduago, ordezkaritza itzultzean, gainontzekoei grebari buruzko informazioa eman zieten, itsasgizon guztiak mugimenduaren alde azaldu zirelarik gobernuak greba egindakoen aurka erakutsitako errepresioagatik.