Pyotr Nikolaievitx Wrangel
Pyotr Nikolaievitx Wrangel, errusieraz Барон Пётр Николаевич Врангель (Novo-Aleksandrovsk, Lituania, 1878 - Brusela, 1928) errusiar jenerala izan zen. Errusiarren eta japoniarren arteko gerran parte hartu ondoren Lehen Mundu Gerran borrokatu zen.
1917. urteko iraultza piztu zenean Krimeara erretiratu zen eta sobietarren aurka jardun zuen Denikinen gudarostearekin batean. Poloniarren eta sobietarren arteko gerra-garaian berriro antolatu zuen Krimean gudarostea (1920), Dnieper ibaiaren inguruak eraso zituen eta Ekaterinoslav (egungo Dnipropetrovsk) eta Mariupol konkistatu zituen. Poloniako gerra amaitu zenean, ordea, sobietarrek gogor ekin zioten Wrangeli eta honek Krimearantz egin zuen atzera. Gudaroste sobietarrak Perekopeko istmoa bereganatu zuenean, 120 gerra-ontzi bildu zituen eta aliatuen laguntzaz Konstantinoplarantz abiatu zen 135.000 pertsonarekin batean, 70.000 soldadu barne.
1921. urtean Frantziak eta Ingalaterrak uko egin zioten Wrangeli laguntza emateari, baina 1925 arte ez zuen borroka eten. Urte horretan bere gudarosteko estatu nagusia desegin zuen, Jugoslavia ohitik irten zen eta Belgikara erretiratu zen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.