Louis Armstrong

Wikipedia, Entziklopedia askea
Louis Armstrong

Louis Daniel Armstrong (New Orleans (AEB), 1901eko abuztuaren 4a - 1971ko uztailaren 6a) jazz musikari estatubatuarra. Kantari eta tronpeta-jotzaile bikaina izan zen eta munduko jazz-musikari garrantzitsuenetarikoa. Armstrong jazz-en historiako musikaririk berritzaileenetako bat izan zen, eta jazz musikaririk ezagunena. Jazz musika transformatu egin zuen bere nortasun eta trebeziari esker. Sormena, originaltasuna eta inprobisatzeko gaitasuna izan ziren bere ahalmen nagusiak. Hasiera batean, tronpetista jardun zuen eta horrela irabazi zituen ospea eta fama, baina geroago gehiago nabarmendu zen kantatzen. Armstrong eta haren bandak bost kontinenteak zeharkatu zituzten, baita arrakasta handia lortu ere.

Jazza Blusaren garai berean sortu zen , xx.mendearen hasieran. Jazz musikak bluesaren jatorri berdina du. Biak kotoi eta tabako ustiategietan lan egiten zuten esklabo afrikarren ohituretatik sortu ziren. Afrikako abesti tradizionalak eta erlijio-abestiak daude jazzaren jatorrian. Gehienetan taldean jotzen den musika da. Bere ezaugarri nagusia inprobisazioa izan da beti. Artistek melodia baten gainean momentuan asmatutako zatiak jotzen dituzte. Jazza sasoi hartan oso musika folklorikoa zen eta berak lortu zuen musika popularra bihurtzea.

Biografia

Louis Armstrong New Orleansen jaio zen, 1901eko abuztuaren 4an. Familian ez zegoen beste artistarik; beraz, hiriko kaleetan jarduten zuten taldeak entzunda piztu zitzaion musikarako grina. Aitak laster abandonatu zuen familia, Armstrong ume-umea zela. Ondorioz, amak askotan utzi behar izan zuen ahizparen, osabaren edo amamaren etxean. Halaber, umeentzako erreformategi batean bizi izan zen, eta bertako bandan parte hartu zuen. Bertan, lehendabizi, korneta jotzen ikasi zuen (tronpeta moduko bat), baina, geroago, erreformategiko zuzendariak beste musika-tresnaren bat jotzera animatu zuen, eta tronpeta hautatu zuen. Erreformategitik irtetean, hainbat ogibidetan aritu zen; besteak beste, ikatza eta esnea saltzen.

Aldi berean, Storivilleko kabaretetan artista gisa lanean hasi, eta nahiko ospetsu bihurtu zen. Bertan, Joe King Oliver korneta-jotzaile famatua ezagutu zuen. 1919. urtean, Louis Armstrong nahiko ezaguna zen, eta Kid Ory-ko orkestrako zuzendariak kontratatuta, New Orleanseko orkestra askotan jotzeko aukera izan zuen, baita Missisipi ibaian gora eta behera zihoazen baporezko ontzietan ere. Joe Oliverrek hiritik alde egin zuenean, haren lekua hartu zuen bandan, momentu hartan hiriko swing talde garrantzitsuena.

Lehenengo urratsak

1922an Amstrong Chicagora joan zen. Joe King Oliverrek bere Creole Jazz Bandean bigarren kornetista moduan aritzeko eskeini zion. Oliverren orkestra Chicagoko swing talderik onenetako bat zen. Garai hartan Chicagoko hiria jazzaren erdigunea zen. Orduantxe hasi zen Amstrongen izena jendearen artean zabaltzen eta ezaguna egiten. 1924an, Lillian Hardin-ekin ezkondu zen, Oliverren orkestrako piano-jotzailearekin. Eta emazteak berak animatu zuen Oliverrengandik banatzera, beste helburu batzuk lortzeko. Hortaz, New Yorkera joan zen. Amstrong-ek ordurako irabazita zuen izen onari esker, Fletcher Hendersonek, orduko New York-eko orkestra-zuzendari beltz onenak, bere bandarekin aritzeko eskaintza egin zion. Garai hartan, Armstrongek alde batera utzi zuen korneta, eta tronpeta jotzera aldatu zen, Hendersonen orkestrako beste musikariekin hobeto harmonizatzeko gogoz.

New Yorkera heldutakoan, musika irakurtzen ikasten hasi zen, eta, urtebetean, irauli egin zituen bere orkestra-kideen jotzeko era eta estiloa. Laster, blues kantari onenekin ere hasi zen grabatzen; adibidez, Bessie Smithekin. Sasoi hartan, grabazio independente ugari ere egin zituen hainbat musikarirekin; esaterako, Sidney Bechet-ekin edota, Clarence Williams piano-jotzailearekin.

The Hot Five and The Hot Seven

New Yorkeko esperientziaren ostean, Chicagora itzuli zen Lil-en orkestrarekin aritzeko, “Dreamland Ballroom” areto ospetsuan. Geroago, bere taldea osatu zuen: The Hot Five boskotea. Handik gutxira, beste bi musikari etorri, eta zazpikote bihurtu ziren: The Hot Seven. Bien bitartean, bestelako generoak ezagutzeko asmoz, zinemagintzari ekin zion. Hala, Ex Flame izeneko filma izan zen lehendabiziko lana 1932an. Zinemara egindako sartu-irtenaren ondoren, bere musika Europara eramatea erabaki zuen eta bira egin zuen Erresuma Batuan zehar. Urtebete geroago, berriro ere, kontinente zaharrera itzuli zen, eta Holandan, Danimarkan eta Norvegian eskaini zituen kontzertuak. Ospe handia lortu zuenez, Swing that music izeneko autobiografia argitaratu zuen 1936an. Pertsona garrantzitsu asko ezagutzeko aukera ere izan zuen. 1949an, esaterako, Pio XII. aita santuak harrera egin zion Vatikanoan.

Louis Armstrong and the All Stars

1940ko hamarkadaren erdialdean, hil arte haren ibilbide profesionala zehaztu zuen pausoa eman zuen. Izan ere, bere musika-taldeari izena aldatu zion: Louis Armstrong and the All Stars. Ordutik aurrera, mundu osoan egin ziren ezagun, Afrikan, Australian eta Japonian eskainitako emanaldiei esker. Disko asko grabatu zituzten eta arrakasta izugarria lortu zuten. Smallband Sides lanarekin hasi ziren eta 1970ean amaitu zuten, What a Wonderful World diskoa argitaratuz.

Armstrongen diskografiari so eginez gero, ospe handiko artistekin egindako kolaborazioak ere topa daitezke. Besteak beste, Duke Ellington, Oscar Peterson eta Ella Fitzgerald musikari handiekin batera grabatutako argitalpenak daude. Horrez gain, Blues Singers moduko talde ezagunekin ere lan egin zuen. Politikarako zuen grina ere ezin ahantzi daiteke. Arrazakeria gogor salatu zuen, eta Sobietar Batasunean eman beharreko kontzertu bat bertan behera utzi zuen, erregimen komunistaren aurka protesta egiteko.

Armstrongek hil arte jarraitu zuen tronpeta jotzen. Emanaldiak egiten jarraitu zuen, baina gero eta gutxiago, osasun-arazoak zirela eta. New Yorkeko Queens auzoan hil zen, lotan zegoela, bigarren bihotzeko batek jota. 69 urte zituen.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Louis Armstrong Aldatu lotura Wikidatan