Maria Lazkanokoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Lazkanokoa

Bizitza
JaiotzaLazkao, 1593
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza1664 (70/71 urte)
Jarduerak
Lazkanoko Etxea

Maria Lazkanokoa edo Maria de Lazcano (15931664), Lazkaon jaioa, Lazkaoko Jaunaren alaba izan zen. Antonio Okendo amiral ezagunarekin ezkondu zen.

Gipuzkoako Lazkao herriko Lazkanotarren Etxekoa, familiaren maiorazkoaren oinordekoa izan zen eta matronazgo artistikoa burutu zuen, Euskal Herrian garaiko kasu bakarrenetarikoa izanik. Bere familia XVI. mendearen amaieratik Gasteizen auzotuta zegoenez, seguruenik Arabako hiriburuan jaio zen. Bere gurasoak Felipe Lazkanoko eta Arrietakoa, Lazkano Etxeko XII. jauna eta Elvira Sarria eta Abeziakoa ziren, familia arabar nobleetako kideak, 1592.urtean ezkondu zirenak. Aitaren aldetik, Felipe Lazkanokoaren, hau da, XI. jaunaren[erreferentzia behar] eta Maria Arrietakoaren biloba zen; amaren familiako adarra, berriz, Bartolome Sarria eta Abeziakora eta Maria Ortiz Zaratekora luzatzen zen. Sarria eta Abeziako familia, XVI.mende amaieratik, udaletxe botereetan agertzen hasi zen, errejidore edo prokuradore gisa.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lazkano leinuaren XVII.mendeko memorialek, haien etxearen aintzintasunaz hitz egiten dute, haren fundazioaz oroimenik ez dagoela esanez eta horretaz gain, 900 urte baino gehiagotan zehar haiek bildutako istorio eta eskrituren arabera, leinuak izen ospetsuak izan dituela azpimarratzen dute. Lazkanotarrak bando oinaztarraren ahaide nagusiak izan ziren eta Nafarroako zein Gaztelako Koroa zerbitzatu zuten, trukean ohoreak eta aberastasunak bilduz eta maiorazko aberats bat sortuz.

Horrela, belaunaldiz belaunaldi, ezkontza-politika trebe baten bitartez, beste familia boteretsu batzuekiko harremanak eta aliantzak estutu zituzten, Lazkanotarren ondarea handituz. Ezkontzaren erabilera honek ahalbidetu zuen familia oinaztarra, Aiara eta Mendoza arabar leinuekin, Loiola gipuzkoarrekin eta Manrique de Lara errioxatarrekin ahaidetzea. Gainera, XV.mendean Lazkanotarren eta Gaona familiaren arteko batura gertatu zen, Juan Lopez Lazkanokoaren eta Elvira Gaonatarren ezkontzaren bidez. Honi esker, leinuaren ondarea hedatu egin zen berriz ere, Kontrastako juargoak eta Ulibarri eta Alda, Korres eta Harana bere herrixkak barne hartuz eta aldi berean, Arabako indar oinaztar nagusia bihurtuz.

Aro Berrian zehar Lazkanotarrek gizarte-maila eta erregeen adiskidetasuna mantendu zuten, Fernando Katolikoak, Nafarroako Juan III.ak edo Felipe II.ak jaun oinaztarrei idatzi zizkieten gutunetan ikus daitekeenez. Koroarekiko hurbiltasun honen adierazle da oinordekoa den printzeari leialtasuna zin egitea, hurrengo testu honetan ikus daitekeen bezala:

«porque la dicha casa de Lazcano por su antigüedad y nobleza es una de las en que se juran los príncipes de hespaña embiando a ella su magestad un caballero[…] con orden y carta firmada de su nombre para el dueño y señor que a la sazón fuere de dicha casa para que en ella […] haga el pleito omenaje que se acostumbra […] y así mismo de le aviso por sus cartas en las ocasiones de casamientos de Príncipes y de sus muertes y de la de sus majestades y en las demás que se ofrecen escribir a los grandes […] de España».

Lehen urteak eta hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Lazkanokoa lehen alaba izan zen, bere ondoren Felipe, oinordekoa, Fausta Dionisia eta Elvira jaio zirelarik. Lazkanotarren jaraunslea izango zena, 1600. urteko uztailaren 19an jaio zen Korresen, eta Bujandako San Fausto elizan bataiatu zuten, gurasoek debozio handi baitzioten santu horri. Alaba nagusienak, Korres eta Gasteiz artean igaro zituen bere lehen urteak, XVII.mende hasieran, bere gurasoek Gipuzkoan kokatutako Lazkao herriko familia-jauregira lekualdatzea erabaki zuten arte. Herri honetan jaio zen Elvira, San Miguelgo parrokian bataiatu zuten eta Maria izan zen bere amabitxia.

1605.urtean haien aita hil ondoren, amaren zaintzapean geratu ziren anai-arrebak eta Felipek, maiorazkoa oinordetzan jaso zuen. Bere anaia, ordea, adinez txikia zen eta horregatik Maria Lazkanokoak Asturiaseko printzeari, etorkizunean Felipe IV.ena izango zenari, leialtasunaren zin egitea eta auzi-homenaldia sinatzen dizkio 1608.urtean. Honen bidez, hasten da erregearen eta Mariaren arteko harremana, bere bizitza osoan zehar luzatuko dena. 1609.urteko irailaren 6an Elvira Sarriakoa hil egiten da eta lazkanotar anai-arrebak zenbait senideren zaintzapean egotea eragingo du, izan ere, familiakoen artean zaintza hori lortzeko gatazka sortuko da, seguruenik nahi horren atzean, maiorazkoa kontrolatzeko desioa dagoelarik.

Maria Lazkanokoak inguru dotore eta oparo batean igaro zituen bere haurtzaro eta gaztaroa, familiako hatuak eta liburutegiak biltzen dituen inbentarioak adierazten duen bezala. Gurasoengandik oinordetzan hartutako liburutegiak, 70 liburu inguru zituen, jabeen gustu literarioen adierazle direnak, obra horien artean Suetonio, Zizeron, Terentzio edo Ovidio bezalako autore klasikoak zeuden eta baita Erasmo, Juvenal edo Luis Vives bezalako autore errenazentistak ere. Halaber, heriotza onari eskainitako obrak, zalduneria eta orden militarren liburuak, pikarokeria nobelak, gramatika eskuliburuak eta hiztegiak ere bazituzten haien bilduman. Maria Lazkanokoak, oinordetzan jasotako liburu horiei, beste 35 obra inguru gehitu zizkien, baliabide eta kultura-maila aberatsa zuten pertsonek soilik eskuragai zituztenak. Nobleziaren liburutegia osatzen zuten berezko obrak izan zituen Maria Lazkanokoak, bere jakinminaren eta literatura gustuaren adierazle direnak, besteak beste gai politikoen ingurukoak, latinez idatzitako klasikoak eta humanismo kristauaren lanak.

Liburutegi honetan, obra guzti horien artean, koaderno batzuk zeuden, lazkanotar seme-alaben hezkuntzarako erabiliak izan zirenak seguruenik, Juan Ybañez  Etxeberria batxilerrarenak, haien tutore izandakoa. Bere laguntzaz ikasi zuten irakurtzen eta idazten eta baita kenketak eta gehiketan egiten, eta gramatika, erretorika, errefrau eta astronomia ezagutzak ere lortu zituzten, garaiko emakumeentzat, baita nobleziakoentzat ere, ezohikoa zena. Maria Lazkanokoaren alfabetatzea, familiaren jauregian egin zen, gurasoek oinordekoaz gain, alabek ere hezkuntza jasotzea nahi baitzuten.

Bere gaztetasuna dokumentazioaren hutsuneak ezaugarritzen du, 1613.urterarte, hau da, bere ezkontza gertatu zener arte, ez baitago Mariari buruzko informaziorik. Erregimen Zaharrean emakumeek bi aukera nagusi zituzten: ezkontzea edo moja bihurtzea. Maria Lazkanokoak lehen aukera hautatzea beste aukerarik ez zuen, leinu noble batekoa izanik, alaben ezkontzak bermatzen zuelako etxearen jarraipena.

Ezkontza eta alarguntasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maria Ortiz Zarateren eta Iruñako apezpikuaren onespena jaso ondoren, 1613.urteko martxoaren 31an ezkondu ziren Maria Lazkanokoa eta Antonio Okendo San Migelgo parrokian. Une horretan Mariak 20 urte bete berri zituen eta bere senarrak, berriz, jadanik Okendoko Etxea oinordekotzan jaso zuenak, 35 urte zituen. Okendo Donostiako merkatari, armadore eta itsasgizon familia batekoa zen, bere leinuko etxea Manteo baserrian zuena, Ulia mendiaren magalean. Hortaz gain, zenbait lurren eta burdinolaren jabe ziren, eta parrokia bateko patronoak ez ziren arren, haien jatorri xumeak ez zuen Indietako merkataritzaren, armadako zerbitzuen eta ezkontzaren bidez aberastea ekidin.

Antonio Okendo eta Zandategi itsasgizona izan zen, aurretik bere aita eta aitona bezala eta 16 urte soilik zituela ontziratu zen eta era azkar batean lortu zuen armadaren eta baita Felipe III.aren eta Felipe IV.enaren konfidantza eskuratzea. Okendo Felipe IV.aren garaiko elite horretakoa da, bere tronuratzearekin Gorteko karguak zituen noblezia tradizionala ordezkatuko duena.

Maria Lazkanokoaren eta Antonio Okendoren arteko ezkontza bi munduren baturaren ikur den gertaera da: alde batetik, aspaldiko familia bandokideena, Lazkanotarrena hain zuzen, eta bestetik, probintzietako hiri-elite berriena, Okendotarrek irudikatzen zutena. Lotura honek bi ezkongaientzat abantailak zituen, Okendok bere meritu propioei bere emaztearen leinuaren aintzinatasuna gehitzen zion eta aldi berean, Maria Lazkanokoak, asko miresten zuten gizon batekin ezkontzeko aukera zuen, erregearengandik oso gertukoa zena. Ezkontza Okendo Gortean zegoela izan zen, Madrilen baitzegoen Kadizetik Espainia Berrira itsasoratuko zen ontzidia prestatzen eta bere ordez Juan Aguirrekoari eman zion boterea. Behin ezkonduta zeudela, Maria Lazkanokoa Donostiara, Enbeltran kalera, lekualdatu zen, bere amaginarrebarekin bizitzera, ezkondu berriek Trinitatean haien jauregia eraiki zuen arte. Ezkontza-etxea bikotearen proiektu bat izan zen arren, Okendo bertan ez egoteak,  argi uzten du eraikuntza-lanak Maria Lazkanokoak zuzendu eta behatu zituela. Hau izan zen, emakume lazkaotarrak bere bizitzan zehar aurrera aterako duen eraikuntzetan lehena.[erreferentzia behar]

1620.urtean jaio zen Donostian bikotearen lehen alaba, Teresa deitu zutena, Avilako Santuaren izenean. 1622.urtean jaio zen, Gipuzkoako hiriburuan hau ere, Antonio Felipe izeneko umea, horrela, Okendo eta Lazkanoren patronimikoak batuz bere izenean. Felipe III.ena erregeak bere aitari 1614.urtean Santiagoko abitua eman zion bezala, Antonio Felipek ere 1626.urtean jaso zuen.  

Afera ekonomikoetan Maria Lazkanokoak zuen gaitasuna urte hauetan hasten da argitara ateratzen. 1627.urtearen hasieran, bere amaginarreba hil ondoren, bere testamentuan Antonio Okendori Lasarte eta Zandategiko maiorazkoak uzten dizkio, baina baita Maria Lazkanokoak bere senarren izenean, era azkar batean ordainduko dituen zorrak ere. Urte horren amaieran, bere emazte eta seme-alabarekin denbora gehiago igarotzeko nahiak eragin zuen Okendo almiranteak erretreta eskatzea, geroago berriro armadara itzuli zen arren.

1607.urtean Lazkano familiaren maiorazkoa Felipek oinordekotzan hartu zuen, Baileneko Kondesarekin ezkondua zegoena. 1632.urtean, ordea, Felipe Lazkanokoa seme legitimorik gabe hil zen, bere ahizpa Maria oinordeko bihurtzen zuena, baina bere alargunari utzi zizkion bere ondasun guztiak eta horrek bi emakumeen aldeko gatazka eragin zuen. Eztabaida hori, era trebean konpondu zuen Maria Lazkanokoak, bere nebak utzitako zorrak (11.000 dukatu) ordaintzea hitzeman zuen eta horren truke bere ezkonarrebak, Feliperen legatuari uko egin zion. Gainera, bere bi alaben, Magdalena eta Isabelen zaintzaz arduratu zen, Isabel bere jauregian hartu zuelarik. Horrela, Lazkanoko andere berriak, oso aberatsa zen maiorazko bat jarauntsi zuen, ondasun eta jaun-eskubide ugari barne hartzen zituena, Gipuzkoan, Araban eta Errioxan. Eremu hauetan, lursail eta larre askoren jabe bihurtu zen. Gainera, jaun-eskubide horien bitartez, autoritate eta menperatzearen adierazle direnak eta parrokia batzuen patrono izateari esker, bere bikario eta onuradunak izendatzeko boterea lortu zuen eta baita haien hamarrekoen zati bat eskuratzeko eskubidea ere. Beste mota bateko ondasunak ere lortu zituen, esanahi sinbolikoa zutenak, erregearen-gutun, juramentu eta omenaldi-auziak, Lazkanotarrek Koroari egindakoak.

Ondare zabal hori zuzendu ahal izateko, 1633.urtean, bere senarrak azienda kudeatzeko beharrezko zen lizentzia sinatu zuen eta horretaz gain, Diego Kanbero errioxarraren laguntza izan zuen, bere kapilaua ere bazena. Kanbero oso garrantzitsua izan zen Maria Lazkanokoaren bizitzan, herentzia jaso zuenetik hil arte bere zerbitzura egon baitzen.

Maiorazkoa lortu eta urte gutxira, 1638.urtean, jauregi berri baten eraikuntzari hasiera eman zion Lazkaon, antzinako jauregia, mudejar estilokoa, oso zaharkitua eta umilegia zen bere noblezia-tituluaren errepresentazioa eta baieztatzea burutzeko. Familiaren antzinako orubea aukeratu zuen jauregi berria kokatzeko, antzinako dorrearen zimenduen gainean. 1646.urtean amaitu zen eraikuntza-prozesua eta lekuaren aukeraketak eta etxeak portadan zuen armarriak, jauregiaren sustatzailearen leinuaren jarraipenaren eta goratzearen helburuak argi uzten ditu.

Maria Lazkanokoaren anbizioak bere seme-alabengan ere ikus zitezkeen, bere alaba, Maria Teresa 1638.urtean Urbinako markesarekin ezkondu zen eta Antonio Felipe berriz, Salamankako unibertsitatean sartu zen zuzenbidea ikasteko asmoarekin, monarkiaren zerbitzura lan egiteko lehen pausua zena. Amaren desirak, ordea, zapuztu egin ziren 19 urte zituen eta ezkondu berria zen Maria Teresa hil zenean 1639.urtean eta hilabete batzuk geroago, bere senarra eta semea galdu zituenean Coruñan zeudela. Une horretan Okendo bere bizitzako puntu gorenean zegoen, armadako almirantea zen, Gerra Kontseiluaren kidea, Auñongo eta Bernicheseko komendadore eta Adaneroko jauna eta baita Santiago ordeneko zalduna ere.

Okendok hil aurretik xedatu zuen bere semeak ondorengo gabe geratuko balira, bere maiorazkoa Juana bere ahizpak jarauntsiko zuela, baina hau ere hilda zegoenez, Maria Okendok eskuratu zituen. Hala ere, azkenean Maria Lazkanokoak lortu zuen maiorazkoa, haien ahaidetasuna kontuan hartuz, adiskidetasunez konpondu baitzuten auzia. Bere senarrarengandik ondasun ugari jaso zituen oinordetzan: Sevillako eta Alburkerkeko zentsoak, Kadizeko zenbait etxe eta bertako bitxi eta margolanak besteak beste. Almiranteak bere emaztea testamentu-betearazle izendatu zuen Diego Kanberorekin batera, botere eta independentzia guztia eman zion, nahi izanez gero administratzaileari emandako eskubide kentzeko eskumenarekin. Bere ondasunen kudeaketa eta Lasarteko maiorazkoko errementeria eta erroten errentak ere uzten dio bere emazteari. Gainera, testamentuan, Okendok seme natural bat duela aitortzen du eta zaintzeko eskatzen dio; horrela, Maria Lazkanokoak bere senarra izandakoaren Miguel semea bere zaintzapean hartzen du eta badirudi urteekin maitatzera eta berarengan konfidantza edukitzera heldu zela, zenbait gestiotan Lazkano anderearen izenean aritu baitzen.

Maria Lazkanokoaren seme-alabak hilda zeudenez, santiagotarrekin ezkonduta zeuden Fausta eta Elvira bere arrebak bihurtu ziren maiorazkoaren ondorengoak. Fausta nagusiagoa zenez, oinordeko zuzena bihurtu zen, baina, Maria Lazkanokoa baino urte batzuk lehenago hil zen, ondorengotzarik gabe. Elvirak Juan, Diego, Felipe eta Baltasar Espina eta Lazkano semeak izan zituen, haien izekoaren oinordeko bihurtu zirenak. 1652.urteko urriaren 13an Maria Lazkanokoak bere leinuaren maiorazkoa birfundatu zuen, bere ondorengontzarentzako, nebaren herentziaren eta bere ondasun libreen bitartez.

Hil aurretik Okendo almiranteak bere emaztearekin Donostian jesulagunen ikastetxe bat fundatzeko nahia partekatzen zuen. Biak fundadoreak ziren arren, patronatoa Okendo Etxearena izan behar zela zehaztu zuen testamentuan eta 12.000 dukatu utzi zituen lan hori gauzatzeko, Maria Lazkanokok ostean, handitasuna miresten zuenez, beste 20.300 dukatu ere gehitu zizkion eraikuntzari. Azkenean, 1640.urtean fundazio-eskritura eman zioten, Konpainiarekin negoziazioetan ibili ondoren. Aberastasun handia erakutsi zuen ikastetxearen eraikuntzak, bereziki kontuan hartuta aldi berean karmelita oinutsien komentu bat fundatzen ari zela, bere alabaren eskariz Santa Teresaren deitura izan zuena. Karmelitei dohaintzan eman zien jauregi zaharra eta berria eraiki bitartean, Lazkaoko plazan bizitzen egon zen.

Bi fundazio horietaz gain, 1645.urtean, Lazkanoko Santa Ana komentua eratu zuen, san Bernardo ordenekoa, kasu honetan emakumezkoena. Eraikitze-prozesuan zegoen bitartean, 1655.urtean Maria Lazkanokoa, garaiko andere alargunetan ohikoa zen bezala, Segurako Sorkunde komentura erretiratu zen, 1657.urteko uztailera arte eta hemendik jarraitu zuen bere ondarea kudeatzen. Santa Anara lekualdatu zen urtea argi ez dagoen arren, 1658an jada bertan zegoen, komentuaren ondoko etxe batean, bere administratzailearekin batera. Komentuan erretiratuta egonda ere, Maria Lazkanokoak bere aziendaren eta eginbeharren erantzule izaten jarraitu zuen.

Bere iloba Isabelekin eta bere bi alabekin batera, Maria Lazkanokoak nobizia gisa hartu zuen abitua 1658.urteko maiatzaren 16an, Iruñeko gotzainaren onespenik gabe, oso gaixorik baitzegoen.  Egun batzuk geroago, apezpikuak baimena ematen dio bere nobiziotza bitartean bere ondarea kudeatzeko eta dotearen ohiko diligentziak egiteko agintzen du. Lazkanoko anderearen osasun txarrak ez zuen erabaki zuhurrak hartzea ekidin, komunitateari bere ondasun eta eskubide guztiak ukatzea exijitu baitzion, mojek dotean emandako ondasunak eta botoak egin ostean oinordetzan hartutakoa soilik jaso zezaketelarik.

Bere bizitzaren azken urte hauetan Maria Lazkanokoaren osasunak okerrera egin zuen eta oinez ibiltzeko zailtasunak izaten hasi zen. 1662.urtean idatzi zuen eskribau baten laguntzaz bere testamentua, alde batetik bere burua debozio maitatuenen eskuetan utziz, san Ignazio, santa Teresa, santa Ana eta san Bernardo besteak beste eta bere arima eta bere ahaideena salbatzeko mezak egitea aginduz. Azken ekintza honek, balio erlijiosoa izateaz gain, errepresentatiboa ere badu, bere aberastasunaren eta gizarte-mailaren adierazle delako. Honen ostean, bere ondorengotzaren auzia konpondu zuen, bere aberastasunak eta ondarea ahaideen artean banatu zituelarik, Diego Kanbero, bere administratzaileari ere dirua jarauntsiz.

Maria Lazkanokoak 1664ko martxoaren 6an botoak egin zituen san Bernardoren ordenean eta hurrengo egunean hil zen, 71 urterekin, bere gorpua Lazkaoko parrokiako leinuaren kaperan hilobiratu zutelarik, baina azkenean, bere testamentuan adierazi zuen bezala, Santa Anako kapera nagusian lurperatu zuten 1716an. Maria Lazkanokoak bere bizitza maiorazkoaren zaintzan eman zuen, bere seme-alabei emateko helburuarekin, haien heriotzak, ordea, familiaren ikurritza betearaztera bultzatu zuela dirudi: «Nemo ante obitum beatus» [«Inor ez zoriontsua heriotza baino lehen»].

Matronazgoa eta ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trinitate kaleko ezkontza-jauregitik hasita Maria Lazkanokoa Aintzinako Erregimenean sustapen arkitektonikoaren arloan zenbait emakumek gozatu zuten protagonismoaren adierazle bikaina da. Orokorrean salbuespen bat diren arren, botere-eliteen barnean obra artistikoen mezenas bilakatutako kasu ugari daude, bai Erdi Aroan eta baita Aro Modernoan ere. Murrizketaz eta mugaz betetako mundu batean Maria Lazkanokoa bezalako, emakumeek, sustapen artistikoa erabili zuten, onartua eta batzutan aintzatesia zen jarduteko modu gisa. Horrela sortzen da matronazgo deitutakoa, gizarte-maila altuko emakumeek egiten duten mezenasgo mota bat. Emakume hauek bultzatutako proiektuak, erainkuntzan haien parte-hartzea handia adierazten dutenak, gai erlijiosoekin lotuak daude, hileta-kaperak eta  komentuen fundazioak izan daitezkelarik, Lazkanoko anderearen kasuan bezala. Horrela, bere lana Lazkano leinuaren prestigioarekin eta arbasoek hasitako bidearekin burutzen da, hiru eragite nagusik bultzatuta: handikeriaren desioa, noble gisa finkatzea eta familia-oroimena betikotzea.

Matronazgoa burutzen zuten emakume hauetako batzuen papera, ordezkari edo jaurgoetako titular gisa, Maria Lazkanokoarena bezalako mezenasgo bat burutzea ahalbidetzen du, askoz hedatuagoa dena, giza-baliabide eta baliabide ekonomikoak lortzeko eta mobilizatzeko gaitasuna adieraziz eta emakume batzuek lortzera heldu ziren boterearen aitorpen nagusia izanez. Maria Lazkanokoaren figura oso interesgarria da ia mende bat aurretik egindakoak berdintzen dituelako, hau da, gainerako eliteek haien jaurgoetara estilo errenazentista dakarten bitartean, emakume lazkaotarrak Klasizismora bueltatzen da, barroko apaingarrira jotzen ari zen garai batean.

Emakume honek, proiektu hauek guztiak aurrera atera zituen bere leinuaren gorespena bilatuz, baina aldi berean bere buruarekiko mirespena sortuz  eta bere memoria  betikotzeko modua aurkituz. Hala ere, Maria Lazkanokoaren antzera, sustatzaile horietako askoren zeregina ahanzturan geratu da, artearen historialariek beren arreta gizonezkoen mezenasgoan jarri dutelako. Lazkano andereak bezala, beste emakume ahaltsu batzuek ere, askotan jaurgoen agintariak, komentuak eta jauregiak eraiki zituzten, benetako hiri-multzoak sortuz, leinu bateko kide gisa haien balioa erakutsiz, baina baita gizabanako gisa ere.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • BENITO CONDE, César Javier: Matronazgo y promoción artística de María de Lazcano y Sarría (1593-1664), XIV Señora de la Casa de Lazcano, en Guipúzcoa. Tesis doctoral. Vitoria-Gasteiz, 2021. 34-71/99-101 orr.
  • GARCÍA PÉREZ, Noelia, “La mujer en el Renacimiento y la promoción artística: estado de la cuestión”, Imafronte, 16.zbk,(2004), 81-90 orr.
  • OLMEDO SÁNCHEZ, Yolanda Victoria, “El mecenazgo arquitectónico femenino en la Edad Moderna”, in DÍEZ JORGE, María Elena (Ed.), Arquitectura y mujeres en la historia, Madrid, Síntesis, 2015, 243-249 orr.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]