Mary Leakey
Mary Leakey, jaiotza-izenez Mary Douglas Nicol (Londres, Ingalaterra, 1913ko otsailaren 6a - Nairobi, Kenya, 1996ko abenduaren 9a) britainiar paleoantropologoa izan zen.
Biografia [aldatu]
11 urte zituela sortu zitzaion antropologiarako grina, Frantzia hegoaldeko Cro-Magnongo gizonaren haitzulo famatua bisitatu zuenean. Londresen antropologia eta geologia ikasi ondoren, harrizko tresna eta lanabesetan aditua bilakatu zen. Ingalaterran bertan hainbat indusketatan parte hartu eta 1931n kultura klaktoniarrari buruzko ikerlan bat gidatu zuen Essexen. Urte haietan hasi zen Louis Leakey antropologoaren Afrikako espedizioetara joaten, eta 1936an harekin ezkondu zen.
1959an 1.750.000 urte baino gehiago zituen Zinjanthropus boisei (ondoren Paranthropus boisei deitutakoa) espeziearen burezurra aurkitu zuen Olduvaiko haitzartean, Afrikako hominidoen antzinatasun handia frogatuz. 1975ean Homo generoko masailezurra eta hortzak aurkitu zituen, 3.750.000 urtekoak, eta lau urte geroago, 1979an, ordu arte ezagutzen ziren hanka biko hominido baten aztarna fosildu zaharrenak, 3.600.000 urtekoak.
Lan handi eta zorrotz baten zati bat, "Olduvaiko haitzartea" (1971), eta Afrikako paleontologia eta historiaurreari buruzko idazlan ugari argitaratu zituen. "Iragana ezagutaraziz" izenburuko autobiografia argitaratu zuen 1984an.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.