Noam Chomsky

Wikipedia, Entziklopedia askea
Noam Chomsky
Noam Chomsky
Noam Chomsky Vancouver hirian (Kanada), 2004. urtean.
Datu pertsonalak
Izen osoa Avram Noam Chomsky
Jaio 1928ko abenduaren 7a
Philadelphia, Pennsylvania ( Ameriketako Estatu Batuak)
Webgunea www.chomsky.info http://www.chomsky.info/ www.chomsky.info

Avram Noam Chomsky (Philadelphia, Pennsylvania, Ameriketako Estatu Batuak, 1928ko abenduaren 7a) hizkuntzalaria, filosofoa, zientzialari kognitiboa eta aktibista da. Massachusettsko Teknologia Institutuko hizkuntzalaritza irakasle emeritua da, eta XX. mendeko hizkuntzalari garrantzitsuenetako bat. 1957ko Syntactic Structures lanarekin, gramatika sortzailearen lehen teorialaria izan zen; hizkuntzalaritza eskola horrek sintaxia hizkuntzen ikerkuntzaren erdigunean kokatu zuen, eta jakintza horretara erabateko iraultza ekarri.

Massachusettsko Teknologia Institutuko campus honetan du bulegoa Chomskyk, Hizkuntzalaritza eta Filosofia Sailean.

Chomskyren hizkuntzalaritzak norbanakoak hizkuntzaz jabetzeko duen bideari buruzko teoria berri bat aurkeztu du, eta hizkuntzaren sakoneko egitura eta oinarriei azalpena bilatu nahi die. Hizkuntzaren ikuspegi innatista batez (hizkuntza gizakiaren jaiotzezko gaitasuna da), gramatika giza sistema kognitibo bereizitzat du. Halaber, «hizkuntzaren organo» baten eta gramatika unibertsal baten existentzia aldezten du. Horregatik eta giza zientziei egindako beste ekarpen askorengatik, XX. mendeko zientzialari ospetsuenetako bat da.

Bere ekarpen zientifikoez gainera, Chomsky oso ezaguna izan da ekintzaile politiko gisa Vietnamgo gerraz geroztik. AEBen kanpo politika —hala nola Israelgo estatuari buruzkoa— ohiko jomuga ditu mundu osoan argitaratzen diren artikulu eta saiakera-liburuetan. Chomskyk bere pentsamoldea tradizio liberal erradikalaren baitan kokatzen du, sozialismo libertarioaren barruan. Anarkosindikalismoaz interesa agertu du, bereziki Espainiako Gerra Zibileko kolektibizazioetan garatutakoaz. IWW sindikatu iraultzaileko kide da. Egoera politikoaz egiten dituen analisi zorrotzek eragin nabarmena dute mundu osoko ezkerreko mugimenduetan.

Chomskyren ekarpenak

Gramatika sortzailea

Esan bezala, Chomskyk sortu zuen 1957an gramatika sortzailea izenarekin mundu osoan ezaguna den hizkuntzalaritza eskola berria. Chomskyren ustez, hizkuntza deitzen dugun gertaera ez da gizartean dagoen zerbait —fenomeno soziala, beraz—, baizik eta gizakiaren burmuinaren funtsezko ezaugarria, gizaki orok sortzez duen zerbait. Bestela, nekez ulertuko litzateke haurrak (haur guztiek, arraza eta herrien gainetik), bizpahiru urteko epe labur batean, hizkuntza bezalako ezagutza sistema bat halako ahalegin berezirik gabe bereganatzea.

Hizkuntzaren datuak analogiaren bidez azaltzen ez direnez, beste nolabaiteko argudioak erabili behar dira datu horien berri emateko. Gramatika sortzailearen ustez, hizkuntza guztiek funtsean eredu berari jarraitzen diote eta hizkuntzetako gramatika guztiek baldintza zehatz eta jakin batzuen azpian eraikitzen dira, nolabait ere hizkuntzaren funtsezko ezaugarritzat har daitezkeenak. Ezaugarri, hastapen edo baldintza horiek (uztardura, mugadura, kategoria isilak, etab.) unibertsalak dira eta hizkuntza naturalen nolakotasuna zedarritzen dute. Printzipio horiek burmuinean daude eta heredatu egiten dira. Besoak hazten ikasten ez den bezala, ez da hitz egiten ere ikasten; gizarte baldintza jakin batzuk gertatuz gero, hizkuntza hazi egiten baita haurrarengan. Azken batean, umeak hizkuntza baten (edo batzuen) azaleko ezaugarriak baizik ez ditu ikasi behar: hiztegia, arau jakin batzuk, eta abar.

Eztabaida luzeak sortu dituzten formulazio teoriko horiek hizkuntzalari sortzaileek hainbat hizkuntzatan egin izan dituzten azterketetan oinarritu dira; azterketa horien formulazioa Chomskyk berak egin du, logika, matematika eta gaur egungo komunikazio sistemetan erabiltzen diren baliabideez baliatuta. Horrela, lehenengo formulazioa Syntactic Structures (Sintaxi egiturak) liburuan egin zuen 1957an, gramatika sortzaile-bihurtzaile baten eredua erakutsi eta teoriaren oinarriak jarri zituena. Bere teorien bigarren formulazioa Aspects of the Theory of Syntax (Sintaxi teoriaren gaiak) liburuan egin zuen 1965ean. Hirugarren eredu bat proposatzen du Lectures on Government and Binding (1981, Uztardura eta gobernuari buruzko hitzaldiak) lanean, eta orain garatzen ari da beste bertsio bat Knowledge of Language: Its Nature, Origin, and Use (1986, Hizkuntzaren ezagutza: haren natura, jatorria eta erabilera) eta Barriers (1986, Hesiak) liburuak idatzi zituenez geroztik. Idazlan horiek guztiek Ameriketan, Europan eta Asian arrakasta handia izan dute, eta Chomskyren teorien inguruan aldeko nahiz kontrako beste zenbait eskola sortu dira. Beti aitortzen da, haatik, Chomskyren nagusitasuna.

Chomsky, 2003. urteko Munduko Gizarte Foroan (Porto Alegre).

Bestelakoak

Chomskyren lanak bestelako hainbat alderdi ditu: ezagunak dira XX. mendeko filosofo ezagunenekin izan dituen eztabaidak, gero zenbait liburutan islatzen direnak (Descartesen hizkuntzalaritza, Hizkuntza eta adimena, Hizkuntzari buruzko hausnarketak, eta abar). Politikan, berriz, Ameriketako Estatu Batuetako kanpo arazoetako politika gogor salatzen du, eta inperialismoaren aurkako hainbat testu idatzi du. Atxilotu ere egin dute horregatik zenbait aldiz.

Bibliografia

Ikus Noam Chomskyren bibliografia

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Noam Chomsky Aldatu lotura Wikidatan