Paradigmaren aldaketa
Paradigmaren aldaketa (batzuetan ere zientzia iraultza deitua) teoria zientifiko nagusien barruan oinarrizko ideiak aldatu direla adierazten duen esapidea da, lehendabizikoz 1962an Thomas Kuhn-ek The Structure of Scientific Revolutions (Zientzia iraultzen egitura) liburu ospetsuan erabilia. Khun-ek termino hau zientzia naturalen kasuetara mugatu zuen arren, denborak aurrera egin ahala gizarte zientzietara ere hedatu da.
Kuhn-en arabera, paradigma da "zientzalariek beraiek partekatzen dutena" (The Essential Tension, 1977). Baina paradigma ez da soilik indarrean dagoen teoria, baizik eta hura biltzen duen munduaren ikusmolde osoa eta horregatik suertatzen diren ondorioak ere.
Beraz, betiere Kuhn-en ustetan, paradigmaren aldaketa, edo zientzia iraultza, gertatzen da zientzalariek akatsak topatzen dituztenean guztiek onetsitako zientzian, une horretarako aurrerapen zientifikoa ekarri duen paradigman alegia. Paradigma guztiek dauzkate akatsak, Kuhn-ek dioenez, baina hutsegite apaltzat eta onargarritzat hartzen dira, edo, besterik gabe, ez dira kontuan hartzen edo ez dira jorratzen.
Indarrean dagoen paradigmaren aurka akats nahikoak pilatzen direnean, diziplina krisian sartzen da, Kuhn-en aburuz. Krisialdian, ideia berriak, agian lehenago baztertuak suerta zitezkeenak ere, proposatzen dira konponbideak bilatzeko. Azkenik, paradigma berri bat osatzen da, sustatzaile berriak dituena, eta borroka intelektual bat gertatzen da paradigma zaharraren eta paradigma berriaren sustatzaileen artean. Esate baterako, XX. mendearen hasieran, James Clerk Maxwell-en ikusmolde elektromagnetikotik eta Albert Einstein-en ikusmolde erlatibistara igarobidea ez zen ez lasterra ez barea izan. Izan ere, talde bakoitzak datu enpirikoez eta argudio erretoriko zein filosofikoez osaturiko "eroasoak" egiten zituen, azkenean erlatibistak irabazle atera zirela. Max Planck-en aipu bat erabiliz, Kuhn-ek azaldu zuen nola burutzen zen aldaketa: "egia zientifiko berri bat ez da gailentzen aurkariak konbentzituz eta argia ikustaraziz, baizik eta aurkariak hiltzen direlako eta belaunaldi berrian ezaguna suertatzen delako."
Paradigmen aldaketen adibideak zientzia naturaletan [aldatu]
- Kopernikoren heliozentrismoa onestea, Ptolomeoren kosmologia geozentrikotik.
- Biogenesia onestea, hau da bizitza oro bizitzatik datorrela dioena (omne vivum ex ovo). XVIII. mendean hasi eta Pasteurrekin amaitu zen, bizitza berez sortzen zela zioenaren aurrean.
- Erlatibitatearen teoria onestea, Albert Einstein-ek proposatua, James Clerk Maxwell-en elektromagnetismoa ordezteko, edo fisikari dagokionez, Isaac Newton-ek proposatutakoa.
- Mekanika kuantikoa onestea, mekanika klasikoa eraberritu zuena.
- Plaken tektonika onestea, eskala handiko aldaketa geologikoak azaldu ahal izateko.
- Datatze absolutuak onestea.
- Lavoisier-en erreakzio kimikoak onestea, errekuntza azaltzen zuen flogistoiaren teoria ordezteko (Kimika Iraultza).
- Darwinen hautespen naturalaren teoria onestea, Lamarck-ena eta aurrekoagokoa zen kreazionismoa ere ordezteko.
- Mendelen legeak onestea, XX. mendearen hasieran pangenesia ordezteko.