Sandro Botticelli

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sandro Botticelli
Sandro Botticelli
Botticelliren ustezko autorretratua Errege Magoen Gurketa margoan (1417).
Datu pertsonalak
Izen osoa Alessandro di Mariano di Vanni Filipepi
Jatorrizko izena Alessandro di Mariano di Vanni Filipepi
Ezizena Botticelli
Jaio 1445eko martxoaren 1a
Florentzia (Florentziako Errepublika)
Hil 1510eko maiatzaren 17a
Florentzia (Florentziako Errepublika)

Alessandro di Mariano di Vanni Filipepi, Sandro Botticelli bezala ezaguna (Florentzia, Florentziako Errepublika, 1445eko martxoaren 1a – Florentzia, Florentziako Errepublika, 1510eko maiatzaren 17a) Pizkundeko Quattrocentoko italiar margolaria izan zen, Florentziako eskolakoa.

Nahiz eta Boticelliren ospea XIX. mendearen amaierara arte baino ez zen berreskuratu, gaur egun, Udaberria edo Venusen jaiotza, besteak beste, margolanei esker bere marraren dohaina goraipatzen da, bere lanak Florentziako artelanen artean ezagunenetakoak izanik.

Bizitza eta obra

Florentzian lan egin zuen beti, Erromara egindako bidaia batean izan ezik; bidaia hartan "Moisesen bistona" margotu zuen Kapera Sixtinoan, bere garaiko maisu famatuenekin batera.

Botticellik harreman estua izan zuen Medicitarrekin; Medici zirkulua deitu zuteneko margolari gogokoena izan zen, eta Lorentzo Medicirentzat margotu zituen bere lan profano ospetsuenak ("Udaberria" , "Venusen jaiotza"). Baina XV. mendearen bukaeran Florentzian gertatu ziren gatazkek biziki asaldatu zuten margolaria. Hala, Lorenzo hil zenean (1492) eta haren seme Piero egotzi (1494), erabat desegin zen Botticelli maisu gogokoentzat hartu zuen mundu hura.

Lehen lanak Fra Filippo Lippiren eraginpean egin zituen: "Madonna Haurrarekin" asko egin zituen, Lippiren ereduari jarraituz. Nolanahi ere, Botticellirenak askoz arinagoak, finagoak eta bigunagoak dira. Ondorengoak dira Botticelliren lan nagusiak, "Udaberria" (1478 ing., Uffizi Galeria) eta "Venusen jaiotza" (1484 ing., Uffizi galeria). "Udaberria" margolanean antzinako mitoaren interpretazio guztiz harrigarria egiten du Botticellik. Mundu klasikoaren ikusmoldeak ez du zerikusirik berrogeita hamar urte lehenago Berpizkundeko gurasoek zutenarekin: haientzat bazen gizadi berri bat, harmoniazko perspektiba batetik ikusia, eta, antzinako eraikinak aztertuz eta neurtuz, haren legeak bilatu nahi zituzten. Botticelliren unibertso klasikoa, aldiz, berriz oroitzapen nostalgikoa da, ihesbide bat. Botticelliren estilo horrek "Venusen jaiotza" lanarekin jo zuen gorena, ile horailean gauzatzen dena bereziki.

Botticelli ezin zen aurrerago joan krisian sartzearen arrisku gabe. Eta krisia gertatu egin zen. Izan ere, jende gehienak ez zituen ulertu Botticelliren obra handiak. 1494an, Girolamo Savonarola, erlijio erreformaren bultzatzaile sutsua, obra horien kontra hasi zen predikatzen, eta Florentziako hiria gobernatzen zuen zirkuluaren paganismoaren gurtzaren kontra. Botticelli bera Savonarolaren jarraitzaile egin zen, eta esaten da bere koadro pagano asko erre zuela. Azken obrak, "Jaiotza mistikoa" (1501, National Gallery, Londres) eta "Santa Zenobiaren bizitzako eszenak" (1500-05 ing., museo askotan) adibidez, aurrekoen oso bestelakoak gertatzen dira, kolorearen intentsitate eta gogortasunean, eta orobat margolanen helburu moralizatzailean.

Botticellik bere garaikideengan izan zuen eragina ez zen bere lanak merezi zuenaren parekoa gertatu. Filippino Lippi ikasle gazteak bakarrik ulertu zuen Botticelliren estilo aristokratiko eta zaila. Era berean, ez zituen batere erakarri XVI. mende hasierako margolariak, Leonardo da Vincik, Michelangelo eta Rafaelek Florentzian abiarazitako manera berrietan interesatuak ordurako.

Botticelli Medicitarren gizarte minoritarioari lotutako humanismo aristokratikoaren arte figuratiboetako interpretea izan zen, Guirlandaioren arte burgesari eta Piero di Cosimoren errealismo fantastikoari kontrajarriko zitzaion idealismo poetikoaren aitzindari. Luzaroan ahaztua egon ondoren, XIX. mendearen amaieran berraurkitu zuten. Orduan sorrarazi zuen, britainiar artistengan bereziki, margolari prerrafaelista eta Art Nouveaukoengan, izugarrizko miresmena.

Irudi galeria

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sandro Botticelli Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak