Domenico Ghirlandaio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Zaharra eta bere iloba (1480 inguruan, Paris, Louvre Museoa)

Domenico Ghirlandaio (jaiotza-izena: Domenico di Tomaso Bigordi) italiar margolaria izan zen (Florentzia, 1449 - 1494). Ez zuen sekula utzi bere hiria, 1481-1482an Sixto IV.ak Erromara deitu zuenean izan ezik. Orduan margotu zuen Petri eta Andres apostoluen bokazioa (Kapera Sixtinoa).

Aita urregina zen eta girlandak egiten zituen nesken orrazkera apaintzeko. Semea ere urregintzan hasi zen, baina berehala igaro zen margolaritzara. Etxean lantegi bat zuen beste bi anaiekin batera, eta bertan ikasle izan zen, besteren artean, Michelangelo.

Lehen obretan, eklektizismo nabarmena igartzen zaio; Florentzian zabaldu ziren joera guztien esperimentatzaile izan zen. Ghirlandaioren gaztaroko lan nagusiak San Gimignanoko bi fresko dira, Santa Finaren bizitzako eszenak (1475). Fresko horietan kontagintzarako zuen dohaina ikus daiteke; bereziki azpimarratzekoa da pertsonaien nolakotasuna agertzeko zuen gaitasuna (hiletara doazenen jokamoldea, distraituak batzuk, hunkituak besteak, badira serioak eta irribarretsuak...). Kalitate horiek zirela-eta, merkatari eta bankari aberatsen maisu gogokoena bihurtu zen Ghirlandaio. Erroman ere egon zen (1481), zenbait fresko egiten, laguntzaile askorekin, Kapera Sixtinoan. Ghirlandaiok zenbait fresko sail egin zuen, besteak heste, Sassetti eta Tornabuoni familientzat: San Frantziskoren bizitzako eszenak, Santa Trinitako Sassettiren kaperan (1483-1485) eta Andre Mariaren bizitzako eszenak, Giovanni Tuornabuoni familiarentzat, Florentziako Santa Maria Novella elizako koruan (1486-1490). Obra hauek guztiz interesgarriak gertatzen dira XV. mendeko florentziar gizartearen erretratu direlako: Ghirlandaiok bizitza erlijiosoa eta publikoa nahasten ditu, pertsonaiak bere garaiko modaren arabera daude jantziak, eta bere bezeroen hazpegiak dituzte.

Giovanna Tornabuoniren erretratua

Artzainen adorazioa (1485), Santa Trinita elizako Sassetti kaperako aldarerako egina, guztiz esanguratsua da Ghirlandaioren obran: bertan agertzen da, aurreneko aldiz Florentzian, Portinari eta Hugo Van der Goesen eragina, artzainen errealismo zorrotzean bereziki.

Bere mendeko Florentzia eta bertan bizi ziren burgesak freskoetan irudikatu zituen (San Frantziskoren bizitza, Santa Trinità, Andre Mariaren eta San Joan Bataiatzailearen bizitza, Santa Maria Novella). Erretratua eta freskoa bateratu zituen; teknika berriak erabili zituen (ikuspuntua), Gizon zaharra haur batekin (1480 inguruan, Paris, Louvre Museoa) obrak erakusten duen bezala. Flandriar erretratuak bezain delikatua ez den arren, aipagarria da gainaldeen testuran eta aurpegien xehetasunetan ipintzen den arreta zorrotza. Alabaina, iparraldeko margolariek ez zuten inoiz adierazi Ghirlandaiok bezala haurraren eta aitonaren arteko harreman goxoa. Psikologikoki mintzatuz, argi eta garbi adierazten du lan honek bere italiar jatorria.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Domenico Ghirlandaio Aldatu lotura Wikidatan