Sebastian Urra Jordan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sebastian Urra Jordan

Bizitza
JaiotzaLizarra1832ko urtarrilaren 19a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaLeon1897ko ekainaren 25a (65 urte)
Jarduerak
Jarduerakapaiza eta politikaria
KidetzaHistoriaren Errege Akademia

Sebastian Urra Jordan (Lizarra, 1832ko urtarrilaren 19a - León, 1897ko ekainaren 25a) nafar apaiz eta politikari karlista izan zen.

Gaztaroa eta Ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizarrako Felipe Urra Saenz de Bikuña (1789-1855) eta Donostiako Manuela Francisca Jordan Iantziren (1797-1873) semea, Lizarran jaio zen 1832ko urtarrilaren 19an, Lehen Karlistaldia hasi baino urtebete lehenago. San Joan Bataiatzailearen parrokian bataiatu zuten urtarrilaren 20an.

Ikasketetan oso ongi egin zuen. Gramatika latinoa ikasi eta Iruñeko seminarioko katedretan matrikulatu zen. Bertan hiru urtez ikasi zuen filosofia eta “oso ongi” lortu zuen. Geroago teologiako sei urte ikasi zituen eta “bikain” lortu zuen lehenengo hiru urtetan eta “meritisimus” azken hirutan. 1854ko irailaren 23an apaiz ordenatu zuten, eta horretarako Aita Santuaren dispentsa lortu zuen adin kanonikoa betetzeko 16 hilabete falta baitzitzaizkion. Valentziako seminarioan jarraitu zituen ikasketak eta teologiako batxilergoa amaitu zuen Eucharistia verum est novae legis Sacramentum tesiarekin. 1856ko urtarrilaren 30ean, Lizarrako Santa Klara komentuko bikario eta konfesorea izendatu zuten, eta bertan egon zen 1857ko urriaren 23ra arte. Orduan, Iruñeko seminarioan logika eta metafisikako irakasle izendatu zuten eta filosofiako irakasle izan zen 1858-59 ikasturtean eta teologiakoa 1860 eta 1866 bitarte.

Severo Andriani Iruñeko apezpikuak 1860an adierazi zuen moduan, Urra “bizitza eta ohitura onak dituen eliz gizona da. Ez dugu interdikziorekin, irregulartasunekin, eliz zentsurarekin edota bestelako eragozpen kanonikoekin prozesatua egon denik jakin, horregatik guztiagatik nahi duen edozein duintasun edo kanongoa hartzeko gai da”.

Iruñeko seminarioan gerora diputatu eta karlista nabarmena izango zen Vicente Manterolarekin bat egin zuen ikasle zenean. 1833ko urtarrilaren 22an jaioa, Manterola 1846an Iruñeko seminarioan sartu zen eta latina irakatsi zuen 1858-1859 ikasturtean eta kanona 1861 eta 1862 bitarte, Urrak teologiako eskolak eman zituenean.

1866an Urra "El Semanario Católico Vasco-Navarro" egunkariko kolaboratzaileetako bat bezala agertzen da bere izenean artikulurik sinatu ez zuen arren. 1866ko urtarrilaren 1ean argitaratzen hasi zen Lizarrako El Amante de la Infancia adingabeen instrukzioei dedikaturiko aldizkarian ere kolaboratu zuen, eta bertan hainbat artikulu idatzi zituen.

Hirurogeiko hamarkadaren amaieran Urra apaiz izendatu zuten Lizarrako San Pedro parrokian eta ospea handia izan zuen. Besteak beste, Francisco Albizu Goldarazek bere ondasunen oinordeko unibertsala izendatu zuen 1873ko apirilean.

Gerra eta Erbestea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sebastian Urra Jordan

Bigarren Karlistaldia hasi zenean karlisten alderdiarekin bat egin zuen San Pedro parrokiako apaiza zen Joaquin Izkuerekin batera. Azken hau Estanislao Aranzadi Izkueren osaba zen. Urrak Karlos Borboikoa Veveyko etxean (Suitzan) izandako bileretan parte hartu zuen 1870eko apirilean, alegia, gertukoak zituen karlisten planak hasiera batetik. 1873ko uztailaren 25ean, etxea utzi behar izan zuen Lizarra liberalen esku erori zenean. Nafarroako Gobernu Batzordeak dimisioa eman ondoren, hura ordezkatu zuen Erresumako Foru Aldundiko kide bihurtu zen Sebastian Urra.

Probintziako diputatu gisa oso aktiboa izan zen. Antonio Pirala historialariak pertsona adimentsu eta trebea eta korporazio horren arima gisa aipatu zuen. Antza denez, behin esan zuen “ez da nahikoa foruak zin egin eta pankartak altxatu gero gerraren operazioetarako dirurik ez bada jartzen”. José Nakens kazetariak gerrako eliza buruzagi karlista nabarmenenen zerrendan sartu zuen eta Eustaquio Etxabe-Sustaetak diputatu gisa egindako zenbait jarduera aipatu zituen 1875ean zehar, besteak beste, Nafarroan Goi Mailako Hezkuntzako Batzordea eratzeko ahaleginak.

Bere lagunarekin, José Perula jeneralarekin, izandako gutun trukeak erakusten duen moduan Urrak aktiboki parte hartu zuen gerraren amaieran alderdi karlistak izan zituen barruko liskarretan. Simón Montoyak 1878ko azaroan Pirala historialariari bidali zion berriagatik ondorioztatzen da jeneral karlistak Urrarekin desadostasunak izan zituela bere troparen gastuak zirela eta, jeneralak harroputzaz jo zuen Urra bai eta “diputatua dela esaten ohi duen apaiz muxu handia” deitu ere.

Leongo Katedralean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sebastian Urra Jordanen liburua, "Religion y Moral"

1876ko otsaileko karlisten porrotaren ondoren, Aldundi karlista Frantzian erbesteratu zen eta urte hartako maiatzean Sebastian Urra Baionan bizi izan zen. Ez da ezaguna noiz itzuli zen erbestetik baina 1884an Leongo katedraleko xantre zen eta Leongo probintziako Historiako Erret Akademiako kide izendatu zuten. Erlijioa eta morala irakasle izan zen Leongo Escuela Normal Superior de Maestros institutuan. Gai horren testu liburu gisa Leonen argitara eman zuen Elementos de religión y moral liburua 1895ean. Madrilen argitaratutako liburuxkaren egilea ere bada, La creencia católica base de la actual civilización.

Leonen hil zen 1897ko ekainaren 25ean, 65 urterekin.