Siux

Wikipedia, Entziklopedia askea
Talde etniko infotaulaSiux

Motatribu eta etnia
Hizkuntzadakota

Siuxa[1] Ipar Amerikako jatorrizko etnietako bat da. Europarrak iritsi baino lehen, siuxak lurralde zabal baten jabe ziren. Gaur egun, 170.100 gizaki inguru dira[2]. Haien jatorrizko hizkuntza siux hizkuntza da.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siux izena ojibweraren ottawa dialektoko naadowesiwag izenetik dator. Segur aski, izen horrek «atzerritar hizkuntza» (hau da, «erdara») esan nahi du; Kanadako frantsesean nadoüessioüak forma hartu zuen izen horrek, eta kolonoen ingelesean, berriz, nadouessioux forma. Hortik laburtuta sortuko zen siux izena.

Beraz, siux izenaren jatorria ojibwa indiarren exonimo bat dateke.

Siux taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza familia bereko tribu askok osatzen dute siux herria: assiniboin, crow, dakota, hidatsa, iowa, kansa, mandan, missouri, oglala, omaha, osage, oto, ponca. Hauek dira hiru talde nagusiak:

  • Ihanktowan-ihanktowana ("amaieran dagoen herria"), yankton-yanktonai edo nakota: Minnesotan.
  • Teton edo lakota: siuxen artean mendebaldekoenak.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1780an, 10.000 inguru zirela uste da eta 1849an, 20.000, nahiz eta, europarren kontrako borroketetan batzuk hil ziren, 1881ean, 25.000 zirela uste da.

1910ean, zenbaki zehatzagoa eduki zen; 28.600 inguru.

1956an eta ikerketa garrantzitsu baten ostean, honako datuak atera ziren; AEB-etan 31600 siux bizi ziren. Horietatik, 24.000 Teton, 4.600 Santee, eta 3.000 Wiciyela ziren.

2001ean, 124.551 pertsona zeuden rol tribalean inskribatuta. Bertan, guraso bat siux tribukoa bada, pertsona inskriba daiteke. 23.00 Sante eta Wiciyela ziren (horietatik, 19.000k hizkuntza hitz egiten zuten). Eta 20.000 lakota (horietatik, 6.000k bakarrik hitz egiten zuten bere hizkuntza).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Siuxen lurraldea, 1770 arte (berde ilunez) eta gaur egungo erreserbak (laranjaz).

Siuxak Ipar Amerikako iparraldean bizi ziren, Aintzira Handien inguruan, baina XVII. mendean algonkinek handik bota zituzten, eta erdialdeko ordokietara aldatu ziren. Hasieran nekazariak ziren baina gero pixkanaka ehiztari nomada bilakatu ziren; bisontearen ehiza zuten bizibide nagusia. Zaldiaz baliatu aurretik txakurra erabiltzen zuten garraiorako eta ehizarako.

XVII. mendearen erdian espainiarren bidez zaldiaz baliatzen hasi ziren, eta horrek aldaketa handiak ekarri zituen haien bizitzan. Taldea zuten oinarrizko gizarte antolamendua, aginpidea buruzagi baten eta agure batzorde baten esku zegoela. Siuxak gerrariak ziren, eta gerrako balentrien arabera neurtzen zuten gizonaren ausardia. Eguzkiaren dantza zuten erlijiozko ospakizunik garrantzitsuena.

XIX. mendearen hasieran zuriak siuxen lurraldeetan sartzen hasi ziren eta 1815eko, 1825eko eta 1851ko hitzarmenen bidez siuxen lurraldearen zati handi bat bereganatu zuten, eta Dakota, Nebraska eta Montanako erreserbetan bizitzera behartu zituzten. Mende horretan etengabeak izan ziren siuxen eta zurien arteko gerrak. 1875ean Hego Dakotako Black Hillsen urrea aurkitu izanak kolono asko erakarri zituen, eta burdinbidea eraikitzeko lanek bisontea desagertzea ekarri zuten. Orduan areagotu ziren zurien eta siuxen arteko gatazkak. Hodei Gorri, Zaldi Ero, Gall eta, batez ere, Zezen Eseri buruzagien agindura siuxek gogor eraso zioten Estatu Batuetako armadari Little Big Horngo guduan eta Custer jenerala hil zuten. Sherman jeneralak sarraski handia egin zuen Wounded Kneeko guduan; siuxak garaitu zituen, eta erreserbetan bildu.

1973an, American Indian Movement taldeko 300 bat indiarrek Wounded Knee hiria hartu zuten, beren eskubideak aldarrikatzeko. Gaur egun 50.000 siux bizi dira erreserbetan.

Siux ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]