West End (Londres)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Koordenatuak: 51°30′48″N 0°07′43″W / 51.51333°N 0.12861°W / 51.51333; -0.12861

Regent Street-ek egiten duen kurba dotorea, Piccadilly Circus-etik ikusia

West End aisialdi eta erosketetarako auzo nagusia da, eta Europako erosleku nagusia da, beste hainbat hiribururen aurretik (Paris, Madril, Milan edo Berlin). Bertako leku nabarmenen artean dago Trafalgar Square, Nelson-en zutabea erdi-erdian duela; plaza hori ezaguna da, besteak beste, National Gallery margolan-museoa bertan dagoelako, eta, horrez gain, Londresen manifestazio asko eta asko egiteko aukeratu ohi den plaza delako. West End-en dago Oxford Street erosketa-kale ospetsua ere. Azken kale hori zeharkatzen du Regent Street etorbide dotoreak, elektronika, jostailu, ordenagailu edota Hi-Fi produktuetan espezializatua, eta famatua, besteak beste, bertan Eguberrietan pizten dituzten argiengatik. Regent Street-etik behera joanez, kalea kurbatu egiten da Piccadilly Circus plaza famatura iritsi aurretik. Zalantzarik gabe, Londresek dituen bihotz ugarietako bat da Piccadilly Circus, bere neoi-iragarki erraldoiekin eta jendearen etengabeko joan-etorriekin.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezin da aipatu gabe utzi Londresko ikur bereizgarri bilakatu den Parlamentuaren eraikina, berez "Westminsterreko jauregia" izena duena. Tamesis ibaiaren ertzean eraikia da, 1860ko hamarkadan. Mundu osoan ezaguna da jauregi honen erloju-dorrea, zeinak, jende askok uste duenaren kontra, ez baitu "Big Ben" izena. Berez, Big Ben da dorre horren barruan dagoen kanpaiaren izena.

Parlamentutik oso hurbil dago kokatuta Westminster abadia. Bertan koroatzen dituzte Ingalaterrako errege-erreginak, eta bertan daude, era berean, haietako askoren hilobiak. Ikusi gabe utzi beharko ez litzatekeen tokia da, beraz.

Westminsterreko Jauregia: ezkerreko aldean, Victoria Tower; eskuinekoan, Clock Tower (erloju-dorrea), barruan Big Ben daukana.

Parlamentuaren jauregiaren ondoan dago, halaber, Whitehall hiribidea, gehienbat gobernuaren eta administrazioaren eraikinez osaturikoa. Eraikin horietako bat da Foreign Office, edo Kanpo Arazoetarako Ministerioa. Bere sotoetan daude "Cabinet War Rooms" izenekoak; hots, britainiar gobernuak Bigarren Mundu Gerran bilerak egiteko erabilitako gela multzoa. Bertatik egiten zuen Winston Churchillek Alemaniako gerra-hegazkinek Ingalaterraren kontra abian jartzen zituzten erasoen jarraipena. Gela horiek gaur egun ikusgai daude publikoarentzat.

Whitehall hiribidearen aldamenean dago, halaber, Downing Street, eta kale horretako 10. zenbakian dauka egoitza ofiziala Erresuma Batuko Lehen Ministroak.

Buckingham jauregia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buckingham jauregia ere West End auzoan dago. Ezaguna den bezala, Buckingham jauregia da Erresuma Batuko errege-erreginek Londresen daukaten egoitza ofiziala, Viktoria erreginaren garaiaz geroztik. Erregina Buckinghamen bizitzen ari den denboraldietan (beste egoitza batzuk ere bai baititu: adibidez, Sandringham jauregia, Norfolken, eta Balmoral jauregia, Eskozian), Erresuma Batuko bandera ipintzen dute jauregiko bandera-makilean. Beraz, jauregiaren goialdean bandera jarrita baldin badago, erregina Londresen dagoen seinale.

Gaur egungo Buckingham jauregia da XVIII. mendearen hasieran Buckingham-eko dukeena zen etxe bati ondorengo mendeetan egin zaizkion zabaltze-lanen eta eranskinen emaitza. Jauregiaren fatxada nagusia, mundu guztian ezagun dena, 1913an Aston Webb-ek eginiko eraberritze eta birmoldaketa lanen ondorioa da. Buckingham jauregiak duen ikusgairik entzutetsuenetakoa da jauregizainen aldaketa ekitaldia. Jauregia barrutik ikus daiteke, abuztu eta irailean. Ikusgai dagoena jauregiko Estatu Gelak dira.

Londresen aldirietan dauden beste bi errege-egoitza dira Windsorreko gaztelua eta Hampton Court jauregia.

Soho[aldatu | aldatu iturburu kodea]

West End-ean Soho ezaguna ere aurki dezakegu, pub, jatetxe, kafetegi, antzerki, zinema eta bestelako lokalek osatutako zonaldea. Sohoa gay-komunitatearen bizilekua ere bada, eta zine eta telebista produkzio asko burutzen dira bertan. Covent Garden-en Izarren kalea aurki daiteke, Hollywood-eko Ospearen Pasealekua ordezkatzeko sortutakoa.

Auzo honetan daude, halaber, Mayfair, Green Park eta Bond Street.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: West End (Londres) Aldatu lotura Wikidatan