Zelai Basatiak

Koordenatuak: 48°48′23″N 40°15′50″E / 48.8063858°N 40.263965°E / 48.8063858; 40.263965
Wikipedia, Entziklopedia askea
Zelai Basatiak
Motaeskualde historiko
Geografia
Map
Koordenatuak48°48′23″N 40°15′50″E / 48.8063858°N 40.263965°E / 48.8063858; 40.263965

Zelai Basatiak (ukraineraz: Дике Полеtranslit.: Dyke Pole, errusieraz: Дикое Полеtranslit.: Dikoye Polye, polonieraz: Dzikie pola, lituanieraz: Dykra, latinez: Loca deserta edo campi deserti inhabitati) Ukrainako eskualde historikoa izan zen, muga argirik gabea eta biztanle gutxikoa. Azov itsasoko eta Itsaso Beltzeko kostaldeetako estepa pontikoan zegoen, mendebaldean Dniester eta ekialdean Don eta Khopior ibaien artean, eta iparraldean Kiev hiria zuena. Terminoa XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako Poloniar-Lituaniar Batasunaren dokumentuetan erabili zen.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zelai Basatiak (berez polonieraz: Dzikie Polie) toponimoa Guillaume Le Vasseur de Beauplan ingeniari eta kartografo militarrak Poloniar-Lituaniar Batasunerako egindako 1648ko mapetan agertzen da. Zelai Basatiek ez zuten inoiz izan denek onarturiko eta eztabaidaezineko mugarik. Nicolaes Witsen holandarraren mapan, 1697an, Dzikie Polie izena Donets ibaiaren gainean agertzen da. 1701eko irailaren 3an, Txembarreko 26 noblek Dikova Polya eskualdean lurrak eta basoak banatzeko eskaera aurkeztu zuten.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualdea aipatzen duten lehen dokumentu historikoen arabera (Herodoto eta beste historialari batzuk), Itsaso Beltzaren iparraldean eszitiarrak bizi ziren. Populazio-dentsitate eskasak eta zaintzapeko mugarik ez izateak herri nomaden igarobidearen edo espedizioen mende jartzen zituen, ekialdetik mendebalderako migrazioetan, Asiatik Europara.

Zelai Basatietako estepak nekazaritzarako, abeltzaintzarako eta artisautzarako egokiak zirenez, Kieveko Rusak eskualdea kolonizatzeari ekin zion. Hala ere, herri nomaden (hala nola, khazariarrak, petxenegoak, kumandarrak, tartaroak) etengabeko erasoaldien oztopoa aurkitzen zuten. Haren defentsarako, Kievetik, Txernihivetik eta Kieveko Ruseko beste hiri batzuetatik espedizio militarrak antolatu eta zaintza-dorreak eraikitzen zituzten.

XIII. mendearen lehen erdian Batu Khan mongolak iritsi ondoren, Urrezko Hordako gobernua ezarri zen. Mongolek 1362. urtera arte mantendu zuten eremuaren kontrola, hau da, Algirdasek Ur Urdinetako guduan garaitu zituen arte. 1399an, Vitautasek bere ondorengoak, Vorskla ibaiko guduaren ondorioz, Hordaren eta Temür Qutlugh kanaren aurrean eskualdeko kontrola galdu zuen. 1441ean, Zelai Basatien mendebaldeko sekzioa- Jedisan- Krimeako khanerriaren kontrolpean geratu zen, XVI. mendetik aurrerako Otomandar Inperioaren estatu-txotxongilo bilakatuko zena. Muravako eta Iziumgo ibilbideek, Krimeako tatariarrek Moskuko Dukerri Handian sartzeko bide nagusietako bi, eskualdea zeharkatzen zuten. Krimear eta Nogaien erasoaldiak denbora luzez gertatu ziren eslaviar ekialdeko lurretan. Hauek, Krimeako tatariarrak, moskutarrak, lituaniarrak eta nogaiak aurre eginez jarri zituztenak, eskualdean suntsipen eta despopulazio handia eragin zuten.

Doneko kosakoek, Dnieperreko kosakoek, Khopiorreko kosakoek eta beste kosako batzuek lurraldea okupatzeko egoera hori aprobetxatu zuten. XVI. eta XVII. mendeetan, Moskovia tatariarren hedapenari eusteko bidea hartzen saiatu zen, indargune- eta abatis-lerroak edo -sistemak eraikiz. Moskoviarentzat, gobernurik gabeko espazio hori arazo bat izaten zen, ihes egindako jopuentzako babesleku bat baitzen. Zaporizhiako kosakoak Dnieperreko Khortytsia uhartetik jaisten ziren eta Itsaso Beltzeko kostaldeak suntsitzen zituzten, eta otomandarrak kostaldea gotortzera behartu zituen Kara Kerman edo Khadjibey bezalako plazekin.

Errusiarrek 1560ko hamarkadan Oriol, Novosil eta Dankoven gotorlekuak eraiki zituzten. 1580ko eta 1590eko hamarkadetan, berriz, Livni, Voronezh, Jelets, Kromi eta Belgorodeko hegoaldeko babesa eraiki zituzten. Hiri berri hauetako kolono gehienak zerbitzukoak ziren,[1] eta beste batzuk gobernuak soldadutzara erakarritakoak. Horretaz gain, espero zen beren biziraupenaz nekazaritza-lanekin arduratzen ziren kolonoak (ekoizpenaren zati bat Estatuaren zerga zen), eta, hau ezinezkoa zenean, Moskutik "ogiaren soldatarekin" mantentzen ziren. Horrela, odnodvortsi izeneko klase nekazari-militar pribilegiatua sortu zen. Hasiera batean, lurren jabea bera arduratuko zen laborantzaz, baina, pixkanaka-pixkanaka, odnodvortsytarren lurretan ezarri ziren nekazari-eskulanak iritsi eta egoera aldatu zen zen.

XVII. mendean, antzinako defentsa lerroa (Tulako lerroa deitua) ez zen nahikoa izan tatariarren eta otomandarren erasoaldiak oztopatzeko eta horren hegoaldean kokatu ziren errusiar kolonoak babesteko. Hori dela eta, 1636an hasi ziren eraikitzen hurrengo hogei urteetan okupatuko zuen linea berria, honako hiri hauek osatuko zutena: Ojtirka (1654), Olxan (1645), Volni Kurgan (1640), Jomtizhsk (1640), Karpov (1646), Bolkhov (1646), Korotxa (1638) eta beste asko. Gero linea Tambovera aurreratuko zen, eta han urte beretan eraikitako Simbirskeko lineari lotuko zitzaion. Mendebaldeko eremua etorkin boluntarioekin populatzen zen bitartean, ekialdekoa iparralderago zeuden derrigorrezko immigrante militarrekin populatzen zen.

Polako-lituaniarrak zein errusiarrak Belgorodeko hegoaldean kolonizazioa azkartzen ari ziren, eta 1640rako Poltava inguruko zonaldearen kolonizazioa amaitua zegoen, estepa tatariarren eta Dnieper ibaiaren eskuineko ertzeko populazio sedentarioaren arteko espazioa itxiz. Errusiak Ukrainako ezkerraldea asimilatu ondoren, gainerako Zelai Basatien kolonizazioak indar berria hartu zuen (Sudzha, Bilopilia), eta, ondorioz, lerro berri bat proiektatu zen Donetseraino, nahiz eta ez zen ia eraiki, 1681etik Iziumgo kosako armada askeak hartzen baitzuen eremua. Eskualde berri horietara lekualdatu ziren, erruso-turkiar gatazkek suntsitutako Dnieper ibaiaren eskuinaldetik joandako herriak kolonizatzeagatik. Petri I.aren eta bere ondorengoen agindupean, errusiarrak eskualdean pixkanaka ezartzeko politikarekin jarraitu zuen , XVIII. mendearen bigarren erdian Katalina Handiak Krimeako otomandar eta tatariarren aurka zuzendutako gatazka armatu batzuen ondoren Novorosija edo Errusia Berria izenarekin erabat asimilatu arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. S. F. Plátonov, Полный курс лекций по русской истории. San Petersburgo: 1997, 209. orr, 210.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Oleksa Gaivoronski, Повелители двух материков. — Киев-Бахчисарай, tomo 2, 2009. ISBN 9789662260038
  • Andrei Dobroliubski, Кочевники на западе причерноморских степей в Х-XVIII веках (историко-археологическое исследование). — Автореферат дисс. … доктора исторических наук. — San Petersburgo, IIMIK RAN, 1991. — 34 orr.
  • Denis Dokubajev. Сборник карт Николаса Висхера. — «Мир музея», 11. alea/ 2015.
  • Vadim Kargalov, На степной границе. — Mosku: Nauka, 1974.
  • Vadim Kargalov, Оборона южной границы Российского государства в первой половине 16 столетия. — Leningrad, 1977.
  • K. E. Kozubski Атаман Харько и его наследие. — «Казачий Архив», n.º 5/ 2003.
  • Konstantin Kudriaxov, Половецкая степь: Очерки исторической географии. — Mosku: OGIZ-Geografgiz, 1948. — 162 orr.
  • A. A. Novoselski, Борьба Московского государства с татарами в XVII веке., 1948.
  • Andrei Papkov Порубежье Российского царства и украинских земель Речи Посполитой (конец XVI-первая половина XVII века) Belgorod: Konstanta, 2004. — 352 pp. — ISBN 5-902711-02-9.
  • juri Butenko, Дикое Поле в период раннего средневековья (середина V - середина XI вв. н. э.). Karkhiv: Litera Nova, 2014, 560. orr.
  • Jakov Solodkin, О происхождении топонима «Дикое поле». Briansk: Editorial Estatal de Briansk, 1996
  • Vera Ulianova, Село, где крестьяне «тарханили». — «Мир музея», n.º 11, 2015.
  • Gábor Kármán, Lovro Kunčević, The European Tributary States of the Ottoman Empire in the Sixteenth and Seventeenth Centuries

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]