Édouard Louis

Wikipedia, Entziklopedia askea
Édouard Louis

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakEddy Bellegueule
JaiotzaHallencourt1992ko urriaren 30a (31 urte)
Herrialdea Frantzia
Hezkuntza
HeziketaUniversity of Picardie Jules Verne (en) Itzuli
École normale supérieure
Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskola
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta editorea
Jasotako sariak

IMDB: nm6449175 Allocine: 690858 Edit the value on Wikidata

Édouard Louis, jaiotzez Eddy Bellegueule, (Abbeville, Frantzia, 1992ko urriaren 30a) idazle eta intelektual frantsesa da.[1][2] Ezagun egin zen argitaratu zuen eleberri autobiografikoen trilogiari esker. Bere liburuek sozialki deserosoak diren gaiak lantzen dituzte, hala nola arrazakeria, homofobia edo pobrezia. Hauek izan dira bere hiru libururik entzutetsuenak: Eddy Bellegueulekin bukatzea (En finir avec Edd Bellegueule), Indakeriaren historia (Histoire de la violence) eta Nork akabatu zuen gure aita (Qui a tué mon père).[3]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Édouard Louis Eddy Bellegueule izenarekin jaio zen 1992ko urriaren 30ean. Halere, 2013an 21 urte zituela bere izena aldatu zuen Édouard Louis bihurtuz . Frantziako iparraldean hazi zen, Hallencourt izeneko herri batean, Sommeko departamenduan. Herri horretan bere lehen eleberria girotu zuen. Louis gobernuaren laguntzekin sostengatutako familia txiro batean hazi zen: aita fabrika-langile langabea zen eta amak adinekoak zaintzen zituen.[3][4] Pobreziak, arrazakeriak eta alkoholismoak haurtzarotik inguratu zuten, baita indarkeriak ere, eta gai horiek jorratzen ditu bere literatura-lanean.[5]

Ondoko herri bateko kolegiora joan zen eta ikasle bereziki aparta ez bazen ere, antzerkirako grina gaztetik sentitu zuen. Horrexegatik prestatu zituen Amienseko lizeorako sarbide-probak, han antzerkiko espezializazioa ikas baitzezakeen. Behin lizeoan, bere institutua ordezkatu zuen Frantziako Lizeo-Bizitzaren Kontseilu Nazionalean. Historia ikasketak egin zituen Pikardiako Jules Verne Unibertsitatean. Bertan bereziki nabarmena izan zen Didier Eribon soziologo frantsesak nola eragin zuen.

Familian unibertsitatera joan zen lehen pertsona izan zen. Graduondoko ikasketei begira, Parisko Goi Mailako Arauzko Eskolako probak prestatu zituen. Hauxe da Frantziako unibertsitaterik prestigiotsuenetako bat. Bertan onartu zuten eta master titulua eskuratu zuen, Soziologian espezializatuz eta fakultatetik 2014an irten zen. Bere ikasketak bukatu zituen Parisko Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolan.[6]

2013an PUF Frantziako unibertstitate-argitaletxean zuzendu zuen Pierre Bourdieu. Intsumisioa ondare (Pierre Bourdieu. L'Insoumission en héritage) lan kolektiboa. Bertan, Pierre Bourdieuk nola pentsamendu kritikoarengan eta burujabetze-politikengan eragin zuen aztertu zuten zenbait egilek. 2014ko martxoan jakinarazi zuen argitaletxe horrekin batera Hitzak (Des Mots) giza- eta gizarte-zientzien inguruko liburu-sorta prestatuko zuela. Bilduma horretan konferentzien transkripzioak, elkarrizketak eta testu motzak agertuko ziren eta ekainean kaleratu zen lehen liburua, Michel Foucaulten inguruan (Foucault contre lui-même, François Caillaten eskutik). Georges Didi-Huberman, Leo Bersani eta Arlette Farge parte hartu zuten sortan.[7]

2014ko irailean Pikardiako Unibertsitatean izena eman zuen doktoretza-tesi bat prestatzeko Didier Eribonen zuzendaritzapean. Bi egile hauen lanetan sarri agertzen den gai bati zuzendu nahi izan zion tesia, hots, klase-iheslariei (transfuges de classe). Klase sozialez aldatzen diren pertsonen ibilbide eta bizipenak aztertu nahi izan zituen Louisek. Alta, ez dirudi tesia bukatu duenik.

Eddy Bellegueulekin bukatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Instituan bere klasekideek Édouard deitzen hasi zuten, Eddy soilik goitizena izan zitekeela uste baitzuten. 2013an izenez aldatu zenean behin ezizen izandakoa izentzat hartu zuen eta bere gurasoek emandako izena arbuiatu zuen. Horrez gain, abizena ere aldatu zuen eta hala, Jean-Luc Lagarcen Munduaren amaiera bakarrik (Juste la fin du monde) antzezlanaren protagonistaren izena eta lagun hurko baten bigarren deitura bereganatu zuen abizen bezala. Lagarceren antzezlan horretan gazte bat etxera itzultzen da senideei HIESA duela eta laster hilko dela aditzera emateko.

2014ko urtarrilean, 21 urte zituela, Eddy Bellegueulekin bukatzea eleberri autobiografikoa argitaratu zuen. Liburua komunikabideetan aipu eta eztabaida andana eragin zituen.[8][9][10] Izan ere, polemika ugari ere egon ziren liburuaren harira, batez ere bere familia eta ingurune soziala nola deskribitzen zituen ikusita.[11]

Liburua Frantzian gehien saldu zen lanetako bat izan zen, 200.000 kopia baino gehiago merkaturatu baitziren eta 20 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da jadanik eleberria.[12][13] Didier Eribonek liburuaren «egitandi handiaz» hitz egin zuen, eta Le Monde eta Les Inrocks Louis goraipatu zuten Thomas Bernhardi antza hartzen ziola esanez. Xavier Dolanek, berriz, «elkarrizketen egiazkotasun nahastezina, Édouard Louisek beti idatzi izan balu bezala» nabarmendu zuen.[14] Liburuak horrenbesteko oihartzuna izan zuen ezen Madrilen Eddy Fundazioa sortu zen LGTBI gazteentzat edota familia-indarkeriaren eta bullyingaren biktimentzat. Elkarte honen egitasmoa indarkeria-egoerak nozitu dituzten gazteak aterpetu eta babestea da.[15]

2014ko uztailean polemika bizia piztu zen Frantzian Louisek eta Geoffroy de Lagasneriek, bere lagun filososofoak, Libération egunkarian gutun bat argitara eman zutelako. Eskutitz horretan Marcel Gauchet, historialari eta soziologo kontserbadorea, Bloiseko historia jaialdian parte hartzearen kontra zeudela azaldu zuten. Adierazpen honek kritika eta komentario ironiko franko ekarri zizkien.

Biolentziaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2016 urtean, Éditions du Seuil argitaletxeak Biolentziaren historia kaleratu zuen, hots, Louisen bigarren eleberria. Aurreko liburuaren antzeko ezaugarriak erabiliz (adibidez, lehen pertsonaren kontakizuna edo esperientzia pertsonal gogorren islada), 2012ko Gabonetan sufritutako bortxaketa eta hilketa-saiakera azaltzen ditu istorioan.[15][16] Kontakizun honek errealitate deserosoak erakusten ditu, hala nola gizartearen arrazakeria, pobreziaren eta desberdintasunaren arbuioa edota familiaren urruntzea.[17] Liburu hau ere azkenean argitaratze-fenomeno bat bihurtu zen. Hala ere, lehenengo edizioa 2.000 alekoa izan zen, landutako gaiak zalantzak eragin zituen eta egile nahiz argitaletxearengan.[3] 2020an gertakarien epaiketa egin zen, erasotzailea 2016an identifikatu eta atxilotu ondoren. Hura bakarrik zigortu zuten lapurreta-delituagatik eta gainerako akusazioetatik libratu zen.[18]

Liburu honek bortxaren zergatiak eta ondorioak aztertzen ditu erasotzailearen bizipen pertsonaletan indarkeriaren erroak bilatuz. Hala, Louisek bere erasotzailearen bizia imajinatzen du eta bere haurtzaroa, pobrezia-bizipenak eta bazterketa-egoerak berreraikitzen ditu. Reda, bortxatu zuen tipoa, aljeriarra zenez Louisek Frantziako iragan koloniala aztertzen du. Egileak indarkeria ulertzen eta nolabait justifikatzen saiatzen da. Hori dela eta, liburuak kritika positibo zein negatiboak jaso zituen.

Nork akabatu zuen gure aita[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018ko maiatzean, hirugarren eleberria argitaratu zuen: Nork akabatu zuen gure aita (Qui a tué mon père), injustiziaren eta elite boteretsuek bultzatutako pobreziaren kriminalizazioaren aurkako manifestua. Bakarrizketa erabiliz, idazlearen aitaren istorioa kontatzen du. Idazlearen aita langile-familia txiro baten enegarren ondorengoa da eta bizitza osoan zehar jasandako bazterketak harengan izandako ondorio fisiko eta sozialak salatzen ditu Louisek.[19] liburu honek ere indarkeria forma ezberdinak azaleratzen ditu, batik bat, eliteen biolentzia politikoa, genero-indarkeria, aita-seme harremanaren dinamika biolentoak, indarkeria homofoboa...

Liburua, azken finean, baztertutako pertsonen zaurgarritasuna aztertzen du eta nola euren bizi-kalitatea gobernuaren politiken emaitza den. Hilabete batzuk beranduago, Martin Hirsch, funtzionari frantses eta gizarte-prestazio funts baten sortzailea, liburuaren erantzuna prestatu zuen Nola bere aita akabatu nuen (Comment j'ai tué son père) izenburuarekin.

Antzerkia eta zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken liburu honen argitalpenaren harira, Louis antzerki-lanei ekin zion. Horrela, liburu honen antzerki-moldaketak prestatu izan ditu Frantzia, Herbehereak, Alemania, Italia edo AEB bezalako herrialdeetan. Aipatu beharra dago ere, Louis Anne Carson poeta kanadiarraren itzultzailea izanik, bere antzerki-lanak moldatu egin dituela Frantzian. Halaber, Milo Rau eszenografoarekin batera 2022an aurkeztutako antzerki-lan bat idatzi zuen. Urte horretan Amsterdameko Nazioarteko Antzokian antzerki-jaialdi bat prestatu zen Louisen lanaren omenez eta bere libruetan girotutako hainbat antzezlan aurkeztu ziren.

2021ean aurkeztutako bi liburuetan modu argian ikus daiteke nola antzerkigintzak Louisen idazkerarengan eragin argia izan duen. Baina gainera, 2021ean jakinarazi zuen James Ivory zuzendariarekin batera prestatzen hasia zela bere eleberrietan oinarritutako telebista-serie bat Eddyren Amaiera (The End of Eddy) izenekoa. Horrez gain, Ken Loach zinemagile ingelesarekin batera beste proiektu batean parte hartzen du.

2021eko liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte honetan, Louisek bi eleberri argitaratu zituen. Batetik, Emakume baten borroka eta metamorfosiak (Combats et métamorphoses d'une femme) liburu motza izkiriatu zuen. Honek bere amaren garapen eta bizipenak azaltzen ditu eta nola bere bi senarren tratu txarrengandik urrundu zen bizi berri bat hasteko Parisen. Bestetik, Aldatzea: metodo bat (Changer.méthode) eleberri luzeago bat prestatu zuen berak bizitako eraldaketa guztiak azaltzeko. Liburu honetan klase-iheslari kontzeptuan sakontzen du eta autokritika zantzu argia dago.

Estiloa eta eraginak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Édouard Louisen lanak lotura argia du Pierre Bourdie edota Geoffroy de Lagasnerie pentsalarien estiloarekin. Izan ere, bere liburuetan ikus daiteke zelako garrantzia duten gizarte-bazterketak, meneratze-dinamikek eta pobreziak. William Faulknerren influentzia agerikoa da Louisen estiloak esaldien gainezarpena baitu bereizgarri eta hizkuntza-erregistro xumeak erabiltzen ditu. Alabaina, gehien eragin duen egilea Didier Eribon soziologo frantsesa izan da, Reimsera itzulera (Retour à Reims) maisulanarekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «En finir avec Eddy Bellegueule: chronique de la haine populaire», Review Marianne, 15 de febrero de 2014. Consultada el 13 de julio de 2014. «Louis signe un premier roman époustouflant, En finir avec Eddy Bellegueule, son patronyme originel.»
  2. Notice autorité BnF
  3. a b c VICENTE, ÁLEX. (8 MAR 2018). Édouard Louis: “Vivimos rodeados de violencia, pero la llamamos vida”. .
  4. En finir avec Eddy Bellegueule. .
  5. Eddy Bellegueule, phénomène litteraire à 21 ans. .
  6. Biography in Le Monde des Livres
  7. Eddy Bellegueule va aux PUF avec “des mots”. .
  8. L'Express, Marianne, Télérama, on France Culture, France 2 (from 39'), etc.
  9. Les deux visages d’Eddy Bellegueule. .
  10. «Finir avec Eddy Bellegueule» Seuil (Le Seuil).
  11. Edouard Louis: "Ce que j'écris dans 'Eddy Bellegueule' a été vécu". .
  12. Édouard Louis : "j'ai pris de plein fouet la haine du transfuge de classe". .
  13. New releases on top in january. .
  14. L'édito de Frédéric Bonnaud: Xavier Dolan et Edouard Louis, la possibilité d'une fuite. .
  15. a b Enric González. (2018-03-14). «Edouard Louis: "Comprendo al chico que me violó e intentó matarme"» www.elmundo.es.
  16. ISA CALDERÓN | He venido a hablar de tu libro: 'HISTORIA DE LA VIOLENCIA', de Édouard Louis. .
  17. Cañas, Gabriela. (2015-02-09). Édouard Louis: “Yo protegía a mis agresores homófobos”. ISSN 1134-6582..
  18. Kim Willsher. (2020-12-11). «Édouard Louis ‘in very bad way’ after man accused of his rape has charge dropped» the Guardian.
  19. Eusebio Val. (2019-09-11). «Edouard Louis: “Mi libro es un golpe de Estado contra la literatura”» La Vanguardia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]