1727ko Hitzarmena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

1727ko Hitzarmena edo Kapitulazioa, Gipuzkoak eta Bizkaiak Espainiako (Gaztelako) Koroarekin urte horretako azaroaren 8an sinatutako hitzarmena izan zen.[1] Hitzarmena bost urtetik gora iraundako elkarrizketen azken emaitza izan zen, kostaldera eta Pirinioetara aduanak eramateko Filipe V.aren Errege Agindua 1722an bertan behera geratu zenetik,1718ko matxinatuei barkamena eman (1726), eta hura hitzartu arte.

Gaztelako Koroaren eta mendebal kostaldeko bi euskal lurraldeen arteko hitzarmenak elkar ulertzeko oinarri instituzionalak ezarri zituen, hamarkada luzez iraun zutenak, 1839 arteko status quo berria, eta akordio (kapitalulazio, nork esaten duen) horren lehendabiziko produktua Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren sorrera izan zen.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filipe V.aren 1722ko Errege Dekretuko lehen orrialdea, aduanak lehengoratuz

Espainiako Ondorengotza Gerran, euskal lurraldeek Filipe V.ari lagundu zioten, frantses Borboia, baina nafar leinukoa, Nafarroako Henrike III.aren dinastiakoa (Frantziako Henrike IV.a). Aukeraketa horrek, baina, ez zituen Gaztelako Koroako euskaldunak salbatu Utrechteko Itun kaltegarritik (1713): gutxienez bi mendez luzatzen zen Ipar Atlantikoan nabigatu eta arrantza egiteko tradizioak kolpe gogorra hartu zuen.[2] Bestalde, Euskal Herria lurralde frankoa zen, kostaldean aduanarik gabea eta Gaztelako Koroarentzat ia antzua diru sarreren aldetik. Mendebaldeko euskal lurraldeetako diputazioek, estatus horri eusteko, Madrilen argudiatzen zuten lugorria zutela, labore lur eskasekoak zirela, baita erresumaren periferian eta, ondorioz, mugako lurralde gatazkatsuan egotea ere.

1717ko Filipe V.aren Errege Aginduak kostaldera eta Pirinioetara lekualdatu nahi izan zituen Ebroko euskal aduanak, baina gutxira Madrilgo Errege Gortean ohartu ziren diru sarrerak eskasagoak zirela lehen baino. Gainera, Berwickeko duke frantsesak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba okupatu zituen 1719 uda bukaerarako, Lauko Aliantzaren Gerran. Herritarrak asaldatuta zebiltzan bertako agintariekin, beren interesak defendatzen huts egin zietelakoan, eta aldundietako ordezkariek zein erregeak, deseroso, lehengoratu egin nahi zuten egoera nolabait, baina erreforma batzuk aplikatuz.

1719ko abenduaren 6an, Filipe V.ak eta Elisabet Farnesio emazteak Alberoni kargugabetu zuten, haren politikaren porrotak hauspotuta. Gaztelako Koroa Frantziako Koroara hurbiltzen hasi zen orduan. Politika aldaketa José Grimaldo estatu kontseiluko buru berriak, ordezko ministro nagusiak, bultzatu zuen eta, hurbilketa horren seinale, 1721eko martxoan adiskidetasun hitzarmen bat sinatu zuen Frantziarekin, ondorioz bi Borboi dinastien arteko ezkontza josiz; printzesen elkartruke bat egin zuten Bidasoako Konpantzia uhartean 1722ko urtarrilaren 9an.[3] Gaztelako Errege Gorteko ministro aldaketak eta Borboien aliantza berriak Bizkai eta Gipuzkoako ordezkariekiko elkarrizketen bidea hobetu zuen.

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

José Patiño, Gaztelako Koroaren 1727ko negoziatzailea

1722ko abenduan, Koroak atzera egin zuen ofizialki aduanak kostaldera eramateko asmoan (praktikan 1719an bertan), 1717ko Errege Agindua bertan behera utziz. Artean, baina, egoera instituzional berria nolakoa izango zen definitu gabe zegoen. Lurralde horietako diputazioen ordezkariak Madrilgo gortean elkarrizketetan hasi ziren. Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak zeinek bere aldetik negoziatu arren, urte batzuk lehenago, hiru aldundiek Ignazio Loiolakoa deklaratu zuten elkarren santu zaindaritzat, era horretan haien arteko lotura puntu sendo bat ezarriz. Ondorioz, San Ignazioren Kongregazioa sortu zuten, Espainiako Errege Gortean elkarrekin negoziazio puntuak adostu eta, koroaren aurrean, indarra egiteko lobby bat.

Espainiako Koroaren asmo zentralizatzailearen eztabaida gai nagusia kontrabandoa zen, euskal lurraldeetan oso handia zelakoan. Baionatik tabakoa ugari sartzen zen (Virginia motakoa), eta kontrabandoko kakaoa barra-barra zebilen (herbeheretarrek kontrabandoz Brasildik Europaratua). Koroak horretarako konponbide bat bilatzen zuen. Jarrerak hurbiltzearen seinale, koroaren eta mendebal kostaldeko bi euskal lurraldeen arteko elkarrizketaren azken aurreko ondorioa 1718ko matxinatu atxilotuak libre uztea izan zen, 1726an.

Hitzarmenaren arabera, aduanak Ebrora itzuli ziren, baina trukean hiru lurraldeotako ordezkariek kontrabandoaren kontrako ikuskatzaile lanak haiek egitea proposatu zuten. Gipuzkoa izan zen gogotsuena negoziazioetan, Felipe Agirre eta Manuel Antonio Zuaznabar ordezkari buru zituela.[1] Gipuzkoak, gainera, aurrea hartu zien beste lurraldeei, Venezuelarekin zuzenean arituko zen konpainia baten sorrera proposatuz: Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia. Hurrengo urtean, 1728an, Gipuzkoa probintziako Batzorde Bereziak berretsi egin zuen José Patiñorekin hitzartutakoa.[1]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzarmenak berretsi egin zuen Gaztelako Koroan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak zuten aparteko estatusa eta administrazio eta bizitza publikoa zein pribatua kudeatzeko zuten autonomia, baina Gaztelako (Espainiako) Koroaren alde lan eginez eta ekimena hartuz, nabarmenen hurrengo urtean sortuko zen Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren bidez; Konpainiak ondo gorpuzten zuen Gaztelako Koro Borboiaren asmo merkantilista, Europako antzeko ereduen arabera moldatua.[1] Status quo berria 1839 arte luzatu zen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d (Gaztelaniaz)  «Tercer Centenario del Traslado Aduanero de 1717 y de la Matxinada de 1718 | Museos y Patrimonio | Museos y Patrimonio | Gipuzkoa Kultura» www.gipuzkoakultura.eus http://www.gipuzkoakultura.eus/index.php/es/museos-y-patrimonio/51-museos-y-patrimonio-2/2531-tercer-centenario-del-traslado-aduanero-de-1717-y-de-la-matxinada-de-1718.html. Noiz kontsultatua: 2018-09-24 .
  2.   Arbex, Juan Carlos «Los bacalaos y el Tratado de Utrecht: un conflicto entre potencias con el peor desenlace» Itsas Memoria (Donostia) 8: 782-787 https://untzimuseoa.eus/images/itsas_memoria_08/32_im8_juancarlosarbex.pdf .
  3. (Ingelesez)  Kamen, Henry (2001) Philip V of Spain: The King who Reigned Twice Yale University Press 132. orrialdea ISBN 0300087187 https://books.google.es/books?id=htkqJr0SThsC&pg=PP4&lpg=PP4&dq=Philip+V+of+Spain:+The+King+who+Reigned+Twice+kamen&source=bl&ots=CJHegeffQI&sig=e8iDJOdEpJm2jKQ6Lbpt49r-8fw&hl=en&sa=X&ei=H_xYVO_mN9HUauuLgIgB&redir_esc=y#v=snippet&q=San%20Sebastian&f=false. Noiz kontsultatua: 2018-10-08 .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  «Tercer Centenario del Traslado Aduanero de 1717 y de la Matxinada de 1718 | Museos y Patrimonio | Museos y Patrimonio | Gipuzkoa Kultura» www.gipuzkoakultura.eus http://www.gipuzkoakultura.eus/index.php/es/museos-y-patrimonio/51-museos-y-patrimonio-2/2531-tercer-centenario-del-traslado-aduanero-de-1717-y-de-la-matxinada-de-1718.html .

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]