Ezer Weizman
Ezer Weizman (hebreeraz: עֵזֶר וַיצְמָן, Ezer Vaytsman; Tel Aviv, 1924ko ekainaren 15a - Caesarea, 2005eko apirilaren 24) israeldar militar eta politikaria izan zen. Israelgo 7. presidentea izan zen 1993tik 2000ra.
Chaim Weizmann Israelgo lehen presidentearen iloba zen. Bigarren Mundu Gerran Royal Air Forceko borroka-pilotua izan zen. 1944 eta 1946 artean Irgun talde armatu sionistako kide izan zen. Haganahko borroka-hegazkinak ere gidatu zituen 1948ko Arabiar-israeldar Gerran. Israelgo aire armadako burua izan zen 1958 eta 1966 artean. 1967an, Sei Eguneko Gerran egiptoar hegazkinak suntsitu zituzten aireko erasoak zuzendu zituen. 1969an armadatik erretiratu zen.
Eskuineko Gahal alderdiko kidea izan zen, eta Levi Eshkolek Garraio ministro izendatu zuen. 1977tik 1980ra Defentsa ministro izan zen Menahem Begin-en gobernuan. 1984an Yahad alderdia sortu zuen eta Gai arabiarretako eta Zientzia eta teknologiako ministro izan zen.
1993an Legebiltzarrak Israelgo presidente aukeratu zuen eta 1998an berrautatu zuten. 2000. urtean dimititu zuen, ustelkeriagatik akusatuta.