Afrika, Asia eta Hego Amerikako Herrien Elkartasunerako Erakundea
Afrika, Asia eta Hego Amerikako Herrien Elkartasunerako Erakundea | |
---|---|
Datuak | |
Mota | mugimendu politikoa eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundea |
Herrialdea | Kuba |
Historia | |
Sorrera | 1966ko urtarrila |
webgune ofiziala |
Afrika, Asia eta Hego Amerikako Herrien Elkartasunerako Erakundea (gaztelaniaz: Organización de Solidaridad de los Pueblos de África, Asia y América Latina edo OSPAAAL) 1966ko urtarrilaren 12an sortu zen, Habanan, Konferentzia Trikontinentalean (edo Hiru Kontinenteetako Konferentzia). Mugimendu haren helburua zen inperialismoaren eta neoliberalismoaren aurka eta giza eskubideen alde borrokatzea.
Konferentzia Trikontinentala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konferentzia Trikontinentala (Asiako, Afrikako eta Hego Amerikako Herriekiko Elkartasun Konferentzia) 1966ko urtarrilaren 3tik 15era iragan zen, Habanan. 82 herrialdetako 500 ordezkari eta 200 behatzaile bildu ziren han.
Erabakiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konferentzia hartan sortu zen Afrika, Asia eta Hego Amerikako Herrien Elkartasunerako Erakundea (OSPAAAL).
Konferentzia hartan hainbat erabaki hartu zituzten, OSPAAAL sortzeaz gain:
- Kubari sostengua ematea blokeo denboran
- Vietnami elkartasuna
- Amerikako Estatu Batuak etsai nagusi gisa izendatzea
Ben Barkaren eragina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konferentzia haren antolaketaren arduradun nagusia zen Mehdi Ben Barka Marokoko politikari ezkertiarra. Itxura guztien arabera, konferentzia hura antolatzeagatik bahitu zuten Parisen, pare bat hilabete lehenago. Geroztik desagertuta dago. Bahiketa haren ondorioz, konferentzia haren ospea eta hedapena asko mugatu ziren, eta bigarren konferentzia, berez 1968an Kairon antolatu behar zena, bertan behera gelditu zen.
OSPAAALen funtzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]OSPAAALek harremanak izan zituen mundu osoko sindikatuekin eta elkartasun taldeekin. Kanpaina bizia egin zuen Vietnamgo gerraren eta Amerikako Estatu Batuetako presidente Richard Nixonen aurka. Horrekin lotuta, herrien arteko elkartasuna aldarrikatu zuen, Vietnam, Kanbodia eta Laosen alde. Halaber, AEBek Kubari ezarritako enbargoaren kontra ere aritu zen.