Edukira joan

Aizpeako meategiak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Aizpea meategiak Zerainen (Gipuzkoa) dauden meategi eta meategi-instalakuntza historikoak dira. Bertan behera utzi zirenetik, hango instalazioek ia osorik iraun dute, eta gaur egun meatzaritzako egitura interesgarriak dira, historiaren erakusgarri. 2010eko otsailaren 2an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zituen, monumentu-multzo sailkapenarekin.[1]

Polborina galeria.
Aizpittako interpretazio zentroa.

Aizpea, Aitzurdin, Balsategi eta Amaizabal aldeetan iraganeko meatzaritzaren aztarna garbiak daude. Mea ateratzeko jarduerak aldaketa sakonak eragin zituen paisaian, eta hura amaitu zenean landaretzak hartu zituen bazterrak. Inguru honetan, antzinatik, aire zabalean edo galerietan erraz ustia zitezkeen material askotarikoak egon ziren. Burdina karbonatoa, mea gorria eta burdina peroxidodun tuparri-zain handi bat beti izan dira meatze honetako aberastasun nagusiak.

Aire zabaleko meategiak izan ziren lehenengo erauzte-sistema dokumentatuak, baina XX. mendean ondo sartu arte iraun zuten. Mende horren hasieran Amaizabal aldean lan egiten zen. Gero, 1930ko hamarkadan, Balsategi izeneko aldea ustiatu zen. Erabat aldatutako tokiak dira. Oraindik nabari daitezke mea-zainei ekiteko fronteak eta hondakindegi ugari. Hori guztia meategietako garraio-sistema desberdinekin lotuta zegoen. Garraio-sistema horiek meategien ingurua eta kiskaltze-labeak lotzen zituzten.

Mea gordinaren garraiatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Instalazio multzo horren egitekoa zen meategietako mea gordin guztia Aizpea izeneko lekura ekartzea, bertan tratatu eta prestatu behar baitzen.

Aizpea arrapala 1905en aurretik instalatu zen. Izatez plano bakarra da, angelua eginez elkartzen diren bi ataletan banatua. Gaur egun ere argi eta garbi ageri dira bi atalen trazadurak. Mazeletan trenbideetarako egin ziren lubakiak ere ikus daitezke, eta burualdeetako egiturek oso-osorik diraute. Azken horietan harlangaitzezko horma paraleloak daude, 3 metro dituzte luzetara eta beste horrenbeste gora.

The Cerain Iron Ore konpainiak 1907 aldera jarri zuen lurrun trena, mea garraiatzeko. Trenbideak kilometro eta erdiko luzera zuen. Orain trenbideko zelaigunearen zati handi bat nabari da, baina batez ere San Blas meategitik beheko arrapalaren goialderaino doan zatia oso garbi dago eta eroso ibil daiteke bertatik.

Aralar konpainiak mea garraiatzeko erabiltzen zuen trenbide estua 1930ko hamarkadan jarri zen, eta trenak 420 eta 425 koten artean egiten zuen ibilbidea. Makinetxea deritzon eraikinaren ondotik abiatzen zen eta Balsategiko aire zabaleko meatzetik kiskaltze-labeetaraino eramaten zuen mea. Bi kilometroko ibilbidea da eta ia osorik egin daiteke oinez. Trenbide horren amaieran hormigoizko plataforma bat egin zen, mea gordina biltegietara isurtzen zuen askaren gainean.

Mea gordina biltegiratzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mea gordinaren aska kiskaltze-labeak baino gorago dago, labeen irenspidearen parean eta 2,6 metro zabaleko hormigoizko plataformaren azpian. Bertaraino iristen zen trena eta bertatik bagonetek biltegira isurtzen zuten mea, karga bikoitzarekin, ezker eta eskuin. Askaren aldeetako bat lurraren kontra egin zuten. Beste aldeetan harlangaitzezko horma sendoak eraiki zituzten eta kantoietan harlanduak jarri zituzten indargarri moduan. Aurrealdeko hormak oinplano laukizuzena du, eta 4 metro inguruko garaiera. Barrutik ezponda dauka: oinean metro batetik gorako sakonera du, eta goian 0,53 metrokoa.

Mutur batean, 1. labearen aurrez aurre, deskarga-tunelak ia osorik dirau. Zurezko estalki terrazaduna dauka, eta arku erdizirkularreko sarrera. Mea gordinez betetako bagonetak tunelean zehar eramaten ziren errailen gainean labearen irenspideraino.

Erregaia biltegiratzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mea gordinaren askaren albo bati atxikita oinplano laukizuzeneko biltegi handi bat dago. Hormetako bat ageriko harlangaitzezkoa du eta gainerakoak, baita estalki terrazaduna ere, hormigoi armatuzkoak. Itxuraz ikatza estalki gainera botatzen zen, eta handik barrura isurtzen. Barrualdea gune bakarra da, deskarga-tunelaren funtzioa betetzen bide zuen, eta sarrera bakarra du, handia eta ateburuduna.

Kiskaltze-labeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzinako arragoak.

Askaren oinetan arragoak edo kiskaltze-labeak daude. Labe horiek XX. mendearen hasieran eraiki ziren, karbonatoak kaltzinatzeko eta horrela mearen metal-legea handitzeko. Geroago, Patricio Etxeberria industrialariak 1950ko hamarkadan obrak egin zituen baterian, labeen haizebidea hobetzearren. Birmoldaketei eta kontserbazio-egoera desberdinei egotzi beharreko diferentzia txikiak gorabehera, hiru labeek berdin-berdinak ematen dute, eta izan ere tipologia berekoak dira.

Hiru upel-labeak oin biribilekoak dira, kono-enbor formakoak, 10 m garai. Lehenengo biek 7,5 m-ko diametroa dute oinean eta hirugarrenak 8,3 m-koa.

Kanpotik harlangaitzezkoak dira, eta goian hormigoizko plataforma bana dute. Metalezko kable edo celloak dituzte, kiskaltzean hautsi ez zitezen. Barrualdea adreilu erregogorrez estalita daukate. Labe bakoitzak deskarga ahoak ditu labearen behealdean, denak ere arku apalduarekin eta metalezko ateekin.

Labe hauek jatorrian berezko tiroa zuten: tunel bana zuten behealdean, airea kanpotik hartzen zuen upelaren azpi-azpian. Tunelaren mutur banatan deskarga ahoen azpian instalatutako bi ataka metalikok kontrolatzen zuten tiroa. Labeetako bik, gainera, airea hartzeko tximinia antzeko hodi luze bat zuten, irenspidea estaltzen zuen metalezko kanpaiari ahokatua. Erdiko labean deskarga-plaza ageri da, piramide formako egitura, karga banatu eta errekuntza errazten zuen metalezko kono batekin.

Kiskalitako mea biltegiratzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Produkzio-kateari jarraituz, kiskalitako mearen biltegia dago labeen oinetan. Mea-biltegi horretan edukitzen zuten, aireko tranbiaren bidez garraiatzeko zain.

Harlangaitzez eta hormigoiz egindako sarrera hodi laukizuzen handi bat da. Biltegiak hiru izan bide ziren, arragoa bakoitzeko bat, harlangaitzezko hormen bidez banatuak. Aska horiek hormigoizko pasabide bana zuten gainean, labeetako deskarga-ahoekin lerrokatuak, biltegi bakoitzaren erdi parean. Bagonetak pasabide horien mutur batetik bestera igarotzen ziren, eta mea biltegi barrura isurtzen zuten, alboetara, eskuin eta ezker. Horrela kargaren banaketa homogeneoa bermatzen zen.

Askaren aurrealdean, hau da, labeetatik urrunen dagoen aldean, deskarga egiten zen metalezko 8 ahotatik. Hauek lau angeluko sekzioa duten kanoi txiki inklinatuak dira.

Aurrealdeko horma hori hormigoi-geruza lodi batez sendotuta dago, eta ez da bertikala, kanporantz nabarmen makurtuta dago, hustuketa errazteko. Metalezko tirantez osatutako egitura angeluar bat dago hormari eusten: metalezko 20 habe binaka jarrita. Gainera, egitura horrek eusten zien aireko kableko pertzak eskegita eramaten zituzten errailei.

Kiskalitako mea garraiatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aizpea meategietan aireko bi tranbia jarri ziren, baina inoiz ez ziren biak batera ibili. Lehenengoa 1905 baino lehen ezarri zen. Kiskalitako mea Mutiloako Barrenolara eramaten zuen. Bertan mea Compañía Minera de Mutiloa enpresaren trenean kargatu, eta Norteko burdinbideko Ormaiztegiko geltokiraino eramaten zuten. Kable horren irteerako geltokiaren hondarrak geratzen dira labeen ondoan, eta makina finkoa deitzen zitzaion etxearen aurriak.

Aralar sozietateak bigarren tranbia bat jarri zuen, Ormaiztegiraino zuzenean 4,5 kilometroko bidea egiten zuena. Tranbia horren irteerako geltokia, izatez, aska eta zamalanetako egitura besterik ez zen. Kable horretatik oraindik geratzen dira ibilbide osoan eraiki ziren pilareen oinak.

Eraikin osagarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meategietan badaude eraikin osagarriak. Makinetxea deritzon eraikina nabarmentzen da. Alemanen garaiko trenbidearen hasierako geltokia da. Kiskaltze-labeen ondoan ingeniarien etxebizitza eta bulegoa dago. Meategien eremu osoan, ustiapenaren lagungarri izan ziren beste eraikin batzuen hondakinak daude han eta hemen: kantina, bolborategiak, mantentze-lanetako lantegiak, tresnen biltegiak eta abar.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]