Jokin Altuna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Altuna III.a» orritik birbideratua)
Altuna III.a

Jokin Altuna, 2018ko abuztuan
Izen osoa: Jokin Altuna Altuna
Jaiotza data: 1996ko martxoaren 27a (28 urte)
Jaioterria: Amezketa (Gipuzkoa)
Pilotaria
Modalitatea: esku huskako pilota
Egungo enpresa: Aspe
Postua: aurrelaria
Altuera: 1,80 m
Pisua: 71 kg
Debutatze data: 2014ko ekainaren 24a
Debutatze pilotalekua: Astelena (Eibar)

Jokin Altuna Altuna, pilota arloan Altuna III.a deituraz ezaguna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996ko martxoaren 27a)[1] esku huskako pilotari profesionala da. Aurrelari aritzen da, Aspe enpresarekin. Txikitatik nabarmendu izan da, erasoko joko ikusgarria baitu, oldarkorra, irudimentsua, intuiziozkoa; ez du oso kolpe bortitza, baina kolpe mota guztiak teknika apartaz egiten ditu, eta eskuinez jotzen duenean bizi ateratzen zaio pilota.[2][3][4] Trebetasun berezia du errematea norantz egingo duen ezkutatzeko, eskumuturrarekin azken unean aldatu egiten baitu pilotari ematen dion noranzkoa.[5][6] Profesionaletan 2014ko ekainaren 24an debutatu zuen, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan, Titin III.a handiaren aurka.[7] Lehen Hezkuntza ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean.[8]

Kirol ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Profesionaletan debutatu zuenetik bost hilabete betetzerako, lehen finala jokatu zuen: Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketa, Iñaki Artolaren aurka.[9] Artola gailendu zitzaion, 22-8.[10] Profesionaletan egindako lehen urtebetean asko hobetu zuen defentsan (bereziki ezkerrez, debutatu berritan hutsunerik handiena zuen hartan), eta gorputzez indarra eta eusmena hartu zituen (debutatu berritan laster nekatzen zen, urtebete lehenago pneumotoraxa izan baitzuen, 2013ko uztailaren 17an egin zioten ebakuntzaz sendatua);[4] horri esker, 2015eko uda bikaina izan zen Altunarentzat, eta aurretik udako torneoetako bi finaletara iritsi eta galdu eta gero, irailean San Mateokoa irabazi zuen, Merino II.a lagun zuela, Olaizola II.a eta Urrutikoetxea 22-21 mendean hartuta.[11]

2016ko udan aurrelaririk hoberena izan zen, eta 2016ko lau eta erdiko txapeldunordea. Finalerdietan Aimar Olaizola (lau eta erdiko txapelketa nagusi gehien irabazi duena) kanporatu eta gero,[5] finalean 22-21 galdu zuen Oinatz Bengoetxearen aurka. 2017ko lau eta erdiko txapelketa nagusian, ordea, txapelduna izan zen, finala Mikel Urrutikoetxeari 22-21 irabazita.[12]

2018an eskuratu zuen orain arteko bere garaipenik handiena: Buruz Buruko Txapelketa Nagusia irabazi zuen, finalean 22-14 Olaizola II.a mendean hartuta.[13] Ustekabea izan zen Altuna hain gazterik finalera iristea. 2019an, kale egin zuen gero txapelduna izango zen Irribarriaren aurka (Irribarria Altuna baino gazteagoa da), eta 2020. urtean, faboritoa izanik ere, finala galdu zuen Erik Jakaren kontra.[14] Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusian, aldiz, bosgarren urtez jarraian, finalera iritsi zen,[15] bai eta txapela irabazi ere.

2020an, Mariezkurrena II.a atzelaria lagun, Binakako Txapelketa Nagusiko finalerdietara heldu zen; finalerako sailkatzeko garaipen bakarrera geratu ziren.[16] Gero, Buruz Buruko Txapelketa Nagusian, Altuna txapeldun izan zen, finalean Rezusta 22-5 mendean hartuta.[17]

Kirol lorpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusiko finalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Txapelduna Txapeldunordea Tantoak Pilotalekua
2018 Altuna III.a Olaizola II.a 22-14 Bizkaia
2020 Jaka Altuna III.a 22-20 Bizkaia
2021 Altuna III.a Rezusta 22-05 Bizkaia
2023 Elordi Altuna III.a 22-18 Bizkaia

Lau eta Erdiko Txapelketa Nagusiko finalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Txapelduna Txapeldunordea Tantoak Pilotalekua
2016 Bengoetxea VI.a Altuna III.a 22-21 Ogeta
2017 Altuna III.a Urrutikoetxea 22-21 Bizkaia
2018 Ezkurdia Altuna III.a 22-17 Nafarroa Arena
2019 Ezkurdia Altuna III.a 22-16 Nafarroa Arena
2020 Altuna III.a Jaka 22-09 Bizkaia
2021 Altuna III.a Laso 22-20 Bizkaia
2022 Ezkurdia Altuna III.a 22-21 Bizkaia

Binakako Txapelketa Nagusiko finalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Txapeldunak Txapeldunordeak Tantoak Pilotalekua
2022 Altuna III.a - Martija Laso - Imaz 22-20 Bizkaia

Abestia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eugeni Alzibarrek Jokin izeneko abestia sortu zuen, Altuna III.ari idatzia.[18]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Altuna debutará ante Titin III», Aspepelota.com, 2014-05-30.
  2. Jon Eskudero: «Tolosaldeko uzta oparoa»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2014-06-20.
  3. «Altunak eta Urruzolak datorren asteartean debutatuko dute Eibarren», EITB.com, 2014-06-19.
  4. a b (Gaztelaniaz) Joseba Lezeta: «Jokin Altuna lleva la pelota en los genes», Diario Vasco, 2014-06-24.
  5. a b Imanol Magro Eizmendi: «Oinatz Bengoetxea, Asegarceko pilotaria: “Ez diot beldurrik finala galtzeari”», Berria, 2016-11-22.
  6. (Gaztelaniaz) Enrique Echavarren: «Oinatz Bengoetxea: “Altuna tiene una habilidad especial para esconder la pelota a la hora de rematar”», Diario Vasco, 2016-11-22.
  7. (Gaztelaniaz) Joseba Lezeta: «Victoria de Altuna III y derrota de Urruzola en los debuts de Eibar», Diario Vasco, 2014-06-24.
  8. «Jokin Altuna pilotari eta Lehen Hezkuntzako ikasleak irabazi du Buruz Buruko Pilota Txapelketa Nagusia - Berriak - Mondragon Unibertsitatea» www.mondragon.edu (Noiz kontsultatua: 2019-03-11).
  9. Joseba Lezeta: «Altuna-Artola Promozio mailako finala Donostian jokatuko da», Diario Vasco, 2014-11-17.
  10. Ander Gartzia: «Etorkizun oparoko txapela», Berria, 2014-11-23.
  11. Asier Imaz: «Jokin Altuna: "Gauza asko dauzkat hobetzeko"», Tolosaldeko Ataria, 2015-10-01.
  12. «Jokin Altuna estu nagusitu zaio Urrutikoetxeari (21-22)» Berria 2017-11-19 (Noiz kontsultatua: 2017-11-19).
  13. «Altunarentzat da txapela» Berria 2018-05-27 (Noiz kontsultatua: 2018-05-27).
  14. Etxeberria, Julen. ««Polita da Eriken aurka aritzea, baina desatsegina berak galtzea nahi izatea»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
  15. Etxeberria, Julen. «Altuna, nagusitasunez finalera» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-22).
  16. (Gaztelaniaz) G. Vico, Igor. «Peña II-Albisu, finalistas del Parejas» Deia 2021-05-02 (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  17. Eskudero, Jon. «Altuna III.a, buruz buruko txapeldun bigarren aldiz» Berria 2021-06-21 (Noiz kontsultatua: 2021-06-21).
  18. [1]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]